23
Eka
2006

Euskaltegiak euskaldundu?

Azterketa eta ebaluazioaren sasoian gaude duda barik. Zer esana eman dute azterketek, blogosferan ere bai, irakasleak zein ikasleak gabiltza azterketak ahotan, duela urte pare batetik hona zer esan nagusi egin zaigu maiatz-ekain bueltan.

Azterketen kontu honez gain, beste kontu bat ere etorri zaigu azkenotan eskola mundutik. Eskolak ez duela euskalduntzen edo ez duela beharko lukeen adina euskalduntzen. Gazteek eskola-eredu desberdinetan lortzen duten euskara maila ez dela nahikoa izaten eta kanpaina ere jarri zen martxan. Kanpaina hau epaitegietara ere heldu da.

Eta azterketak bateko, eskolak euskaldundu ez euskaldundu besteko, euskaltegiok ere hizkuntzaren transmisiorako tresna garen partetik galdera gurera ekartzea otu zait: Euskaltegiak euskalduntzen du?

Lehenengo erantzun posiblea: Hori ezin da neurtu, oso zaila da,... Bai? Seguru? Ez dago euskaltegion emaitzak neurtzeko modurik? Une honetan zaila da, bai, adierazle batzuk egon daitezke hala ere.

  • Erroldetan eta datu estatistikoetan helduen artean euskararen ezagutzaren neurketak eta haren bilakaera. Euskararen datu basean edo Eustaten datu-bankuak ditugu besteak beste.
  • HABEk edo euskaltegiok daukagun informazioa: gainditze tasak, eskuratutako maila, euskara ikasten ibilitakoen kopuruak, ...
  • Eta bai, azterketen emaitzak. EGA, 1 eta 2 maila, edo HHEEen gainditze tasak urterik urte.

Datu bildumatxoa badago beraz, eta ikerketaren bat ere egin izan da. Duela ia 10 urte SIADECOk egin zuena adibidez. Zaila izango da neurtzea, baina ezin dela esateko atxakiarik ez dago nire ustez. Honek seguruenik bigarren erantzun posiblera eramango gaitu: Datuak ez dira fidagarriak, beste faktore asko daude,... Eta honi arrazoirik ez zaio faltako neurri baten. Dena dela, askotan horren atzetik beste gauza batzuk daudela uste dut: informazio hori ez dakigu tratatzen, beste datu batzuei erreparatzea errazago egiten zaigu (ikasle kopuruak, talde-orduak,...), edo akaso balizko ikerketa horren emaitzaren beldurra, hau da, geure buruari "azterketa" egitearena.

Ez nuke inondik ere helduen euskalduntzearen lana eta emaizak zalantzan ipini nahi. Baina gogoratu beharko genuke euskaltegiak hizkuntzaren normalizaziorako tresnak direla, eta, nire ustez, gure lanaren balorazioa hortik bideratu beharko litzateke: euskara gure herrian hizkuntza "normala" izan dadin zer lortzen ari gara? Gure ahalegina (pertsonala, ekonomikoa, soziala,...) emaitzen parekoa da?

Neuk ere ez dut ikerketarik egin, baina eskolaren kasuan Iñaki Martinez de Lunak Hiznet ikastaroaren blogean dioenak hausnartzeko bidea ematen digula uste dut:

Azkenik, euskararen irakaskuntzan eragiten dituzten baldintzen artean, gizartearenak ditugu. Asko errepikatu zaigu eta nahikoa ezaguna dugu eskolak bakarrik ez duela euskaldunduko; eta hori egi-egia da. Lehendabizi, sozializaziotik eratorritako imitazio mekanismoa dagoelako: alegia, neska-mutikoek familian, lagunartekoan, kalean, hedabideetan eta abarretan ikusten dutena barneratu ondoren, errepikatzen saiatzea; baita eurei erakargarriak zaizkien idoloen balio-eskala, janzkera, estiloa, portaerak eta, nola ez, hizkuntzaren erabilera ere (hizkuntza hautua, hizkera mota...). Eta gazte euskaldun gehienek eremu oso euskaldunetakoek izan ezik egun dituzten harreman sareak ia guztiz erdaldunak direla erreparatu behar dugu. Bigarrenik, euskaldundu den edo euskalduntzen ari den gazte jendeak euskara erabiltzeko gizarte baldintza egokiak aurkitu behar ditu, erabiltzen ez den hizkuntza herdoiltzen delako. Hirugarrenik, umeak euskalduntzeko herri honek hainbat ahalegin egin ondoren, hori lortu dutenei euskara erabiltzeko gizarte aukera gehiagorik ez ematea, plangintzaren ikuspuntutik, zentzugabea litzatekeelako.

Euskaltegiok zerbait egin dugu, bai, hainbat jende "euskaldundu" dugu, baina ikasitako hori euskaraz funtzionatzen duten eremu sozial batzuetara eroan ezin dugun bitartean ahalegin pedagogiko-didaktiko-metodologiko guztiek ez dute behar den besteko fruiturik emango, eta erraza izango da gure eta ikasleen ahalegin guztia "herdoiltzea", txikitan eskolak ikasitako ingelesa askori heldoildu zaigun modura.

Gure lana beraz, ez dezagun gaindituen tasetan bakarrik neurtu (adierazle horri baliorik kendu gabe hala ere), eta hasi gaitezen pentsatzen gure lana normalizazio-prozesuarekin integratzeko era baliagarriak zeintzuk izan daitezkeen. Eta horrek seguruenik hausnarketa, formazioa, prozesu honetako beste eragileekin elkarlana eta komunikazioa eta helduen euskara irakaslearen paperaren birdefinizioa ere ekarri beharko luke, hizkuntz-irakaslea izateaz gainera normalizazio-eragilea ere izatera. Eta inplikazio pedagogikoak ere bai, hizkuntza irakastearekin batera normalizatzeak dakartzakeenak.

Ez dut uste ez euskalduntzeagatik inork epaitegira eroango gaituenik, baina azterketa kolektiboa gainditu behar dugu, geuk eta geurekin dabiltzan guztiek. Eta azterketa hori ez da ekainean bakarrik egiten.

Habek Euskadi.net-en

Karrajua-(e)k 2006, Ekaina 29 - 15:05-(e)an bidalia.

 Habek Euskadi.net-en daukan ataletik datu hauek atera ditut. 2004-05 ikasturteko 1. eta 2. mailako eta EGAko azterketen emaitzak dira. Ondoriorik?

 

  Izena emandakoak 

 Idatzia gainditu dutenak 

Maila gainditu dutenak 

 Portzentajea

 1. maila 

           2.092  

   1.400  

      1.213  

58%

 2. maila 

           1.993  

   1.208  

      1.017  

51%

 

EGA 2005 deialdi itxiak

 

 

 

 

 

Izena emandakoak

Atariko-proba gainditu

Idatzia gainditu

EGA gainditu

 Portzentajea

1. deialdia

3.673

1.763

853

742

20%

2. deialdia

2.083

966

456

407

20%

Guztira

5.756

2.729

1.309

1.149

20%



Zurekin ados nago

Usaia (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Ekaina 29 - 17:43-(e)an bidalia.

Inguru euskaldun gabe azkenean ikasitakoa ahaztuko dugu, ez badugu erabiltzen behintzat. Azterketek askotan ez dute laguntzen euskaldutzen. Batzuek titulu bat atera nahi dute lan egiteko eta titulua ateratzen dutenean euskeraz ahazten dira, beharbada lanean erabiliko dute, baina bere bizitzan aukeran beti erderaz egingo dute. Nire lagun bati hori gertatu zaio, egon da urte osoa barnetegian eta azkenean nazkatuta bukatu da. Pena ematen dit. Ez dakit zer egin daitekeen.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia