emaitzak

06
Ira
2006

Adierazleak

Oporren aurreko azkenengo mezuan euskaltegien lanaren emaitzaz jardun nuen. Zer lortzen dugun, euskaltegiok normalizazioan zer paper jokatzen ari garen,...
Kasualitatez (karrajuaren boterea ez da handia ba!), iraileko lehenengo aste honetan HABEtik adierazleen zerrenda eta emaitza batzuk bidali dira euskaltegietara. Emaitzak denok edukiko dituzue euskaltegietan, beste baten heldu dakioke horri. Adierazleen zerrendari erreparatu diot oraingoan. Hemen daukazue (publikoa dela pentsatzen dut, beraz ez dut uste hemen jartzeko arazorik egongo denik):

1.- Adierazleak
Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen jarduera aztertzeko, honako adierazle kuantitatiboak hautatu dira:
 a) Talde-ratioa: aurrez-aurreko irakaskuntzan, taldearen iraupen-aldian izan den batezbesteko ikasle kopurua adierazten du. Ikasleei emandako orduen batura /(zati) talde orduen batura eginez lortzen da.
 b) Birmatrikula: datu honek adierazten du ikasturte bateko ikasleetatik zenbatek jarraitzen duen hurrengoan, eta ehunekotan adierazita ematen da. Jarraitze hori hiru aukeratan aztertzen da: edozeinetan, sarean eta euskaltegian.
  a. Edozeinetan: edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  b. Sarean: sare bereko edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  c. Euskaltegian: birmatrikulatze hori euskaltegi berean egin duten ikasleen ehunekoa adierazten du.
 c) Asistentzia: aurrez-aurreko irakaskuntzan adierazten du ikasle bakoitzak eman zaizkion eskoletatik zenbatetan parte hartu duen, hau ere ehunekotan adierazita.
 d) 100 ordu emanda lortu maila: urrats bat lortzeko, batez beste, ikasleei emandako zenbat ordu behar izan den adierazten da hemen. Emandako ikasle-orduen batura /(zati) lortutako urratsen batura eginez lortzen da. Ematen den kopurua absolutua da. Ondorioz, adibide gisara, Bizkaian guztirako laukian 0,56 azaltzen bada, honek adierazten du Bizkaiko euskaltegi eta zentroetan ikasleei emandako 100 orduko, batez beste, urrats baten erdia baino gehixeago gainditu dela, edo, bestela esanda, 178,6 ordu inguru behar izan dira batez beste urrats bat lortzeko.
 e) Ikasleen matrikula-orduen batezbestekoa: ikasleek egin dituzten matrikulen trinkotasuna adierazten du, matrikulen ordu teorikoen batura /(zati) matrikulen batura eginez lortzen da.
 f) Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan eta EGAko deialdi itxietan izandako emaitzen berri ematen da, honako datuak eskainiz:
  a. Euskaltegiko ikasle eta aurkeztu: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan edo EGAkoetan parte hartzeko izena eman dutenen kopurua adierazten da, ikasle bakoitza ikasturte horretan ikasten aritu den euskaltegi/edo zentro guztietan zenbatuz (eta ez azterketa egiteko izena eman zuen euskaltegi/zentroan soilik).Kopuru absolututan ematen da datua.
  b. Euskaltegiko ikasle eta gaindituen %a aurkeztuekiko: aurreko horietatik ehuneko zenbatek gainditu duen adierazten du.
  c. Gaindituen % ikasle guztiekiko: euskaltegi/zentroko ikasle guztiekiko mailaren bat gainditu duten ikasleen ehunekoa adierazten du.

Eranskin gisara eskaintzen dira ikasle-orduak eta talde-orduak, jardueraren, eta lagin bakoitzaren, neurria izateko

2.- Adierazleen denbora-esparrua
Arestian azaldu diren adierazle hauek bi ikasturtetan aztertu dira, eboluzioa ikusteko: 2004-05 ikasturtean eta 2005-06 ikasturtean. Azken honetan neguko jarduerari dagozkionak soilik, eta 2006ko uztailaren 18ko datuen egoerara mugatuta. Horregatik, eta amaierako jarraipena soilik biltzen den jardueratan (autoikaskuntzan, bereziki), hainbat ikasleren matrikulak batere ordurik gabe daude, eta agian urratsen bat gainditua eman zaio, mailen egiaztapenean parte hartu ahal izateko.

3.- Adierazleen jarduera-esparruak
Helduen alfabetatze-euskalduntzeko jarduera-eremu bakoitzean euskaltegiak izan dezakeen esku-hartzea maila ezberdinekoa denez, lau multzotan sailkatzen dira adierazle bakoitzeko datuak: autoikaskuntza, talde berezi, ohiko talde eta guztira.
Euskaltegietako datuak kudeatzeko aplikazioan kolektibo jakin bat duten talde guztiak talde berezitzat hartu dira (IVAP, IRALE, enpresa, guraso,…).
Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak izeneko adierazlearen kasuan ez dira bereiztu jarduera-esparru hauek, taula gehiegi ez luzatzearren.

4.- Adierazleen laburpenetarako multzoak
Euskaltegi-zentro bakoitzak bere datuak erkatu ahal izateko bidaltzen zaizuen taula honetan, honako multzotan laburbiltzen da euskaltegi/zentroen jarduera:
- lurraldeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den lurraldea.
- eskualdeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den eskualdea, helduen alfabetatze-euskalduntzean erabiltzen ditugun eskualdeak kontuan izanda. Horien berri datutegian bertan jasotzen da, eta hor ikus daiteke herri bakoitza zein eskualdetan dagoen kokatua. Hala ere bada eskualde bat (99), barnetegietako jarduera guztiak, bai negukoak eta bai udakoak, bereizteko erabili duguna, barnetegietan edozein eskualdetako ikasleak aritu ohi baitira.
- sareak: euskaltegi/zentro bakoitzak badaki zein saretakoa den, eta sare jakin batekoa izan ezean, federatu gabeenean dago txertatua.
- tamaina: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den herriaren biztanle-kopurua adierazten du:

  • 1: <5.000 biztanle
  • 2: 5.000-10.000 biztanle
  • 3: 10.001-25.000 biztanle
  • 4: >25.000 biztanle
  •  0: negu eta udako barnetegietako taldeak

Zer deritzozue? Gure lana baloratzeko eta ebaluatzeko adierazle egokiak dira? Nahikoa dira? Zerbait falta? Zerbait sobran?

Sindikatu edukia