Gaurko eguna, otsailak 21, Nazio Batuek Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatu dute, hizkuntzen aniztasuna eta ugaltasuna ospatu eta sustatzeko eguna. Ekarpen txiki batekin gatoz gu, Aitor gure kolaboratzaileari esker:
Aitorri ideia gustatu, eta dekalogo horrek euskarazko bertsioa (pdf) ere baduela, halako bat egitea polita izango zela pentsatu zuen. Maketazioaren egilearekin harremanetan jarri, eta gustura hartu zuen hark euskarazko bertsioa egiteko ideia. baita atoan egin ere.
Hemen behean duzue beraz HIzkuntzen irakunkortasuna bultzatu dekalogoa. Eskerrik beroenak Aitor Etxebarriari ideiagatik eta gurekin konpartitzeagatik, eta bereziki, Vigoko Frian Teis ikastetxeko Monica Muñozi, diseinuagatik eta lanagatik. Unha aperta ben grande para ti, Monica.
Lehengo asteko ArgianPetra Elserri egin zion elkarrizketa Uxue Alberdik. Petra alemaniarra jaiotzez, aspaldian Euskal Herriratu eta euskaldundu zaigu. Haren bizitza interesgarriaren pasarteen artean euskarekin izan zuen erlazioaz hitz hauek:
...nik euskararekin ez dut hemengo jende askok daukan harreman traumatikoa. Alderantziz, hitz bakoitzak, esaldi bakoitzak mundu bat eman zidan, eta eman zidan gaitasuna gauza gehiago esateko, jendearekin gauza gehiagori buruz hitz egiteko, testuak ulertzeko... Hasieran ez nuen ezer ere ulertzen, gero bat batean hasi nintzen entenditzen... eta erabat ezezaguna zitzaidan zerbait hasi zen irekitzen, lehen niretzat existitzen ez zen mundu bat.
Mundu berri bat zabaltzen da hizkuntza bat ikastearekin, ez da ideia berria, argudio ezaguna eta erabilia azkenotan, baita ikasten animatzeko edo matrikulatzeko kanpainetan ere. Euskarak lana topatzeko titulua baino zerbait gehiago eman dezake.
...ideologia eta atxikimendu identitarioen gainetik euskarak beste hizkuntzekin lehiatu beharra dauka hizkuntzen merkatuan, euskaldun eleanizdunak erakartzeko. Erantzun beharreko galdera hauxe da: Zer eskaintzen die euskarak euskaldunei, beste hizkuntzetan aurkitzea ezinezkoa zaiena?
(Ba al duzu erantzunik?)
Bertsolaritza eta nortasun-marka bat, adibidez. Eta ez dira gutxi! Baina bere buruan horietan ikusten ez duen euskaldunak (eta euskaldun askok erdaraz lasai egiten dute gehienetan, euskal sentimendua izanik ere) bestelako eskaintza bat beharko du euskararantz erakarria izateko. Ahaleginak eginda ere, ez dut hiritar xumeari erakargarri gerta litzaiokeen beste ezer aurkitzen, kontsumora emanda dagoen gure gizarte honetako parametroetan, behintzat.
Mundu berria agintzen dugu batetik, baina honantz arrimatzea nahi dugun horri Petrak bezain argi jakingo genioke mundu honetan -edo munduaren alde honetan- zer aurkitu duen azaltzen-saltzen?
Petrak aurkitu duenak edonorentzat balio dezake? Azaltzeko modukoa da? Ala Iñaki bezala, erantzuna topatu ezinik geratuko gara? Baieztapen sendo bezain anbiguo batean nonbait.
Akaso galdera horren subjektuan norbera jartzea izan daiteke abiapuntu. Zer eman dit niri?
Tradizioa deitzen zaio une edo okasio batean erritu modura errepikatzen den ekintzari. Iaz, honako egunean Kataluniara egin genuen salto eta handik ekarri genuen jeneroa. Aurtengoan, ustekabean, sasoi berean hango partera joan gara berriro eta handik hemengo diskurtsoetan nekez aurkitzen diren hitzekin bueltan etorri.
Blog hau edo Atoan jarraitzen duzuenok izan duzue honez gero Aprendre Llengües blogaren berri. Enric Serra i Casals blogariak UABeko Servei de Llengües-en dihardu, eta handik hizkuntzen ikuspegiaz eta ikaskuntzaz gogoeta eta albiste interesgarriak sareratzen dizkigu sarri eta polito. Ni jarraitzaile nau behintzat, eta hizkuntza ikasle. ;-)
Lehengo astean hain zuzen, arreta eman zidan mezu baten tituluak: Viure de cara a l'euskera(euskarari begira bizi), erreferentzia egin genuen Atoan-en hain zuzen ere. Enricek hizkuntz-aniztasuna zer den ondo daki, eta gure hizkuntzari erreferentzia egitea ez da harritzekoa. Baina mezua irakurrita, handik Kataluniatik idatzita, esan zituen batzuk hemen edo edonon aintzat hartzekoak egin zitzaizkidan, eta kolore berri batekoak ere bai. Eta haren baimenarekin mezua itzuli (edo) eta hona ekarri nahi izan dut. Kasualitatez Euskararen Nazioarteko Egunean.
Hona hemen mezua bada, Enricentzat besarkada handi batekin batera.
Euskarari begira bizi
Bellaterra Eskolara joan naiz gaur. Zer esanik ez seigarren mailako maistraren gonbidapena berehala onartu nuela; seigarreneko neska-mutilak Estatuko hizkuntzen aniztasuna lantzen ari dira-eta. Bi mezu bidali nahi izan dizkiet.
Lehenengoa: hizkuntza erromaniko guztietatik hurbil gaude, oso hurbil. Ez da onargarria adibidez galiziera edo aranera ia ahaleginik gabe ez ulertzea. Hain hurbil ditugun hizkuntza hauei guztiei ezin diegu geure burua itxi. Geure neba-arrebak, senideak eta familia ezagutu nahi ez izatea bezala izango litzateke hori.
Bigarrena: euskara ez da hizkuntza itxia, zaila, arrotza eta ezinezkoa, eta bertara hurbiltzeko ahalegina egin behar da. Ez jariotasunez hitz egiteko seguruenik, baina bai guretzat arrotzak izaten jarraitzerik nahi ez dugun hainbat erreferentzia hobeto ulertzeko.
Jakin nahi dugu Athletic-eko Etxeberria jokalariaren abizena katalanez "Casanova" esango litzatekeela; ulertu nahi dugu autobideetan ikusten ditugun Azkar kamioi urdin horiek "rapids" direla. Lehendakari hitzean "lehen" ('primer') identifikatu nahi dugu akaso; paseoa egin nahi dugu Kataluniako Pirinioko herrietan jakinda hango toponimo asko euskal jatorrikoak direla: Cerdanyako Ur-etik pasa 'aigua' esan nahi duela jakinda; Dorres aldera egin gero 'iturri'-tik datorrela jakinda (eta orduan beste era batera begiratuko diegu bertako iturrietako ur sulforosoei); Val d'Aran bisitatu nahi dugu jakinik Aranek horixe esan nahi duela, 'vall', eta 'val' eranskin okzitaniar hori erredundantzia baino ez dela.
Euskarari begira bizi nahi dugu, gure ingurua osatzen duten hizkuntza guztiei begira bezala. Hitzaldiaren zati bat Loreak Mendian izenaren analisi txikia egiten eman dut. Flors a la muntanya horiek hizpide hartuta, euskarak latinaren maileguetan fonema frikari ezpainkari-horzkari hori nola galdu ohi duen, flos hitzarekin kasu honetan; hitz egin dugu artikulua nola eransten zaion izenari, atzetik; deklinabideaz ere egin dugu berba (mendian, mendiko, mendira...), euskaran ez bezala, katalanean edo galizieran ez dagoena; euskarak duen hitz-ordena bereziaz hitz egin dugu ondoren (subjektua-objektua-aditza hizkuntza, japoniera, koreera, aimara edo ketxuera legez) eta euskararen jatorri bitxi eta eztabaidatuaz.... Hori guztia eta sintagma hori latinean jatorria duten bi izenek osatzen dutela, flos-ris eta mons-tis!
Poliki-poliki, a poc a poc, seigarreneko neska-mutilak biharko hiritarrak izango dira. Eta hiritar horiek euskarari begiratuko diote edo anomalia bati bezala, zerbait eskuraezina, ezinezkoa, hizkuntz-uniformitate errukigabearen marko batean fabrikako akats bati bezala... edo pertzepzioen putzu ordainezin bati bezala, muzin egin ezineko perspektiba multzoa, plazer eta jakintzaren iturri agortezin bati bezala.
Diplomazia britainiarraren artean nondik zabaldu da hori? Misterioa oraingoz. Akaso enpresako afari batean James Bond (hura ere Foreing Office-ko nominan dago, ezta?) hasi zen kontatzen Bilbon zebilela zapatofonotik abisatu ziotela han "basque" egiten zela, eta Guggenheim-eko kafetegiko terrazan jarrita dagoela galdez hasi zela "shaken, not stirred" nola eskatu behar den "in basque", eta hango pertsonalak ez zion jakin erantzuten, edo baten batek zerbait esan eta halaxe-edo eskatuta martinia barik kaña atera zioten basotubo batean... Badakizue, James hau ezinbestekoa da enpresako afariak animatzeko orduan. Pentsa zelakoa izan daitekeen diplomatiko britainiarrez betetako afaria bestela.
Diplomazia britainiarrak itzal handia du mundu honetan oraindik orain hala ere, eta King Charles Street-etik datorrenari kasu eman behar zaio, izan ere polito janzten du edozein albiste "diplomatiko britainiarren ustez..." batek, eta King Charlesek euskara munduko hardest language dela esaten badu, hardest language izateko puntu asko ditu, dudarik ez. Titular indartsua ematen du gainera.
Well, batzuei aspaldian lau haizetara zabatzeko deseatzen egon direna zabaltzeko "argumentum ad verecundiam" ederra jausi zaie esku artean (latina bai hizkuntza argia!), eta hortik "argumentum ad nauseam" izateko bidean laster jarriko digute, abilak izaten dira horretan gero! Honez gero "argumentum ex populo" bihurtu ez denean.
Tira, beste aldetik era askotako argumentum-ak zabaldu dira: zailtasunaren erlatibitatea, interesak, auctoritate horren auctoritate eskasa horrelakoak esateko... eta abar.
Edozelan ere, gauza bat ezin da ukatu, euskararen zailtasuna topikoa da, eta topikoa izanda errazagoa da hori pentsatzea kontrakoa baino. Eta, zailtasun hori nabarmentzeko interes batzuez gainera, zerk zabaldu du topiko hori? Horren atzetik honako zerbait egon daiteke?
Hizkuntza berezia, desberdina, propioa, eta apartatua izatearen fama. "Ez da besteak bezalakoa", horrelako baten aurrean erraza da "zaila izango da orduan" pentsatzea, ezta? Misterio ikutu hori ez diogu geuk ere ematen askotan? Besteetatik zenbat eta urrunago geureago delakoan-edo.
"Nola esaten da euskaraz?" eta "Nola esan behar da?" galderak nahastea. Alegia, ez duzue inoiz ikusi jatorrizko euskaldun oso natibo aktibo betikoa euskaraz beti esan duen zerbait galdera horri erantzun modura onartu ezinda dudan eta noraezean? "Argumentum ad auctoritatem" baten faltan edo. Hizkuntza zaintzea eta hizkuntza deskribatzea ez dira gauza bera, ala bai?
Eztabaida linguistikoak. Honela esan behar dela, hala esan behar dela... gustatzen zaigu gero! Baina zer pentsatzen ote du urrunago dagoenak hizkuntzaren misterioaren jabe horiek misterioak argitu ezinik ikusita? Eta bera nori kasu egin ez dakiela.
"Egingo dizut erdaraz, bestela ez duzu ulertuko". Ummm, honekin ez ote dugu misterioa areagotzen? "Zaila izan behar da gero!" erraz pentsa dezake solaskideak, edo aurretik pentsatuta badauka, hipotesia baieztatzeko zantzua emango diogu.
Boligrafo gorria. "Ze txarto egiten dudan!". Inoiz bururatu zaigu ikasleari ondo egiten duenagatik zoriontzea? Seguru nago odolez betetako orri horietan gehienetan gehiago izango direla zuzenak erratuak baino, ez da hala izaten?
N-a-ki-o-ke, g-a-itza-te-n, ukan, dautza, elkarrenganako, zaintzuriak, almandrongilak... Ez duzue ukatuko euskarak iniziatuentzako zeinu kabalistikoez betetako kodearen antza har dezakeela askorentzat.
"Nire inguruan ez dago euskaldunik". Askoren begietara euskalduna eta bere hizkuntza ez dira halako leienda urbano baten antzerakoak? Ba omen dira, baina ez dira nigana arrimatzen, ez zaizkit agertzen... ez dira izango orduan. Jakina, halako hizkuntza zailarekin, ezinezkoak dira.
"Eske euskaldun zaharrei ez zaie ezer ulertzen, oso "itxiak" dira". Ene! Euskaldun zahar peto apartatua, baserrian gordeta. Beste hizkuntza bat da hori, bi hizkuntza orduan, bata bestea baino zailagoa, eta hikan egiten badute, misteriorik misterioena. Zaila da bai, solasaldi bateko partaideekin jardun gabe ulertzea, edo zer esaten den ulertzea zelan esaten den begira bagaude. Areago ezer ulertuko ez dugula asumitu ondoren.
"Zer polita den euskara!" Bai, polita, Laboa handiaren kantu hartan bezala, gure barruan pizten diren bazter miresgarriak askotan, lanbroak irudimenean sortutakoak. Baina lanbroak izkutatu egiten du bidea, eta gogortu, eta atertzen duenean bazterrak ez dira hain ederrak izaten.
Nire jefeek bidaiatzera behartzen naute, sarri. Horrek endredo franko ekartzen dizkit normalean baina, trukean, aukera ematen dit liburuak irakurtzeko.
Izenburua irakurrita, zer pentsatu ez dakigula gera gaitezke: zertaz arituko da? ze nazionalismoz arituko da?... Neuri ere beste hainbeste gertatu zitzaidan. Ilustratzeko, hona hemen idazleak berak esandakoak EL MUNDOn:
«Mi libro es un termómetro para saber si uno es nacionalista o no. Si a uno le gusta es que no es nacionalista, ahora como no le guste...es que es nacionalista».
Dena den, nik abertzale edo nazionalistatzat dut neure burua eta, niri neuri, izugarri gustatu zait.
Besteak beste, honakoak geratu zaizkit buruan:
Hizkuntzak ez dira hizkuntzak eta aldaerak, dialektoak.
Hizkuntzek ez dute aldaera estandarra eta, horren adarrak, dialektoak; bada ere, dialekto-edo bat aukeratu da, eta horren aldaera formal (eta artifizial) bat da aldaera estandarra.
Hizkuntza baten zabalkuntza ez da berezkoa, baizik eta planifikazio politiko jakin eta kontziente baten ondorio. Adibide nagusia, ingelesa eta gaztelera eta euren hedapen koloniala.
Gaztelera espainiar bihurtzea planifikazio horren adibide baino ez da.
Hizkuntza baten zabalkuntzaren atzean interes politiko eta ekonomiko nabarmenak daude.
Hizkuntza "handiak" prestigiatzeko, lokalismotzat hartzen dira hizkuntza "txikien" aldarrikapenak.
...
Oso lan interesgarria; zoritxarrez, geuk bezalakoek baino irakurriko ez dutena.
Ameriketako indigenon hizkuntzak ahozkoak izan dira betidanik. Haietako batzuk azken hiru mendeotan idazten hasi dira. Baina gure hizkuntzak irakasteko orduan ahozko tradizio hori hartu behar dugu gogoan.
Batzuetan ahozko tradizoa ukatu eta itsu-itsuan jarraitzen diogu hizkuntzak irakasteko ezagutzen dugun eredu bakarrari: ingelesa irakatsi ziguten modua, gramatikari hainbesteko indarra ematen diona. Gure hizkuntzak ahozko tradiziorik ez baleukate bezala irakastea porrota ekarri duten arrazoietako bat da, beraz, orain porrotaren tradizioaren antzeko zerbait daukagu.
Porrotaren tradizio hori dela eta ez dela, gure hizkuntza gordeko duen edozerekin geratzen gara liluratuta. Ondorioz, orain gure hizkuntza ustez salbatuko zuten konponbide bakarren letania bat dugu orain. Konponbide bakar bat laster beste konponbide bakar batek ordezkatzen du.
Adibidez, gutako batek esan zuen: "Jar ditzagun gure hizkuntzak idatziz". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Egin ditzagun hiztegiak gure hizkuntzenak". Egin genituen hiztegiak eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Ondoren esan genuen: "Trebatu dezagun gure jendea hizkuntzalaritzan, gure hiztunak".Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Eska dezagun hezkuntza elebidunerako diru-laguntza". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Irakats ditzagun gure hizkuntzak eskoletan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Sor ditzagun kultur produktuak kalitatekoak". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero esan genuen: "Grabatu dezagun gure zaharren mintzoa". Egin egin genuen, eta hizkuntzek, hala ere, hiltzen jarraitu zuten.
Ondoren: "Bideoak egin ditzagun, gure zaharrak zer egin tradizionaletan gure hizkuntzak ahoan". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Gero: "Jar ditzagun gure hiztunak CD-ROMean". Egin egin genuen, eta hizkuntzek hiltzen jarraitu zuten.
Azkenik baten batek esango du, "Izoztu ditzagun geratzen diren hiztun apurrak, honela teknologiak aurrera egiten duenean, haiek berpiztu eta hizkuntza natiboen hiztunak izango ditugu", eta egin egingo dugu eta hiztun hauek etorkizun urruneko mundu batean berpiztuko dira, euren hizkuntza dakiten bakarrak izango direna eta inork ez die ulertuko. Letania honetan konponbide bakoitzean gure hizkuntza salbatuko zuena ikusi dugu - eta hizkuntzak ez dira salbatu.
Kriogenia eta izoztea azken-azkenengo neurriak baino ez dira, jakina. Kontua da, irakaskuntza eta teknologiaren aurrerapen guztiarekin ere, eta harekin dugun menpekotasun gero eta handiagoarekin, gure hizkuntzak hiltzen ari direla oraindik. [...]
Ez da ezkorra Littlebear baina. Apur bat aurrerago hau dio:
Ingelesaren eraginari aurre egiteko, familiak hizkuntzaren lehenengo irakaslea izateko papera berreskuratu behar du. Eurek erabili behar dute hizkuntza egunero, edonon, guztiekin. Baina irakastea eskolaren gain utziko badute, sustengua eman behar diote hari, eta ahozkotasunean oinarritutako irakasbideak erabiltzen dituztela ziurtatu.[...]
Ezin dugu beti ibil negarrez, gure hizkuntzen heriotzaren arrazoiak katalogatzen, horren ordez, aurrera egin behar dugu hizkuntzen biziberritzeko ahaleginetan izan diren arrakastei erreparatuta.
Zer ikasia izango lukete gugandik? Ala guk haiengandik gehiago?
Mezua dabil e-postaz batetikbestera. Ez dakit zergatik e-postaz zabaltzen diren elkartasun mezu horiekin zalantzatxoren bat sortzen zait gehienetan. Ez dirudi honen kasua denik, eta beharbada atzokoarekin bihotza beratuta daukagula hona ekarriko dut. Irlandan Euskaldunon Egunkariaren antzera sortutako Lá Nua egunkariak sustengua behar du, hona hemen mezua:
Irlandako gaelikoa ez da oso hizkuntza osasuntsua, ez hizkuntza handiekin konparatuz, ezta euskara bezalako txiki batzuekin konparatuta ere. Urteetan hiztunak galduz joan da ia desagertzeraino. Aurrean izan duen arerioa ere ez da edozein: ingelesa.
Hala ere, Euskal Herriko eredu hartu eta Berria egunkaria bezalako proiektu bat sortu zuten duela urte batzuk hizkuntzaren inguruko zenbait eragilek. Jendeak bere poltxikotik dirua jarri eta egunkari bat sortzea erabaki zuten: Lá Nua izenekoa. Hala ere, egunkari honek ezinbestekoa du dirulaguntza publikoa, bai Ipar Irlanda eta baita Irlandako Errepublikak emandakoa. Gauzak horrela, aurten, Ipar Irlandako administrazioak dirulaguntza murriztea erabaki du eta egunkari hau bi astetan ia itxi egin beharko dute. Martxoko lehen astean azken aleak aterako dituzten beldur dira egunkariko langileak. Hizkuntza txikia izanik, kalean duen presentzia apurra guztiz galduko litzateke, horrek dituen eragin guztiekin.
Egunkariari dirulaguntzak ez kentzeko eskatuz, Interneten sinadurak biltzen hasi dira irlandarrak. Guk ere badakigulako zein zaila den hizkuntza txiki bat bizirik mantentzea, eta hau egiteko, zein garrantzitsua den hedabideak izatea, gure babesa eman behar geniekeela uste dut.
Babesa eman nahi duenak beheko helbidean bere sinadura jarri eta email hau pasako balu, elkartasuna erakusteko modu polita litzateke.
WSJko artikuaren saltsa oraindik pil-pilean dabilela, ele...mental blogean "Zoqueta, quizás un poco" artikulu deigarria topatu dut. Hizkuntza txikien desagerpenaz eta bizitzeko ahaleginen arrazoiaz ari da neurri handi batean.
Amaraunean agertutako beste bi kontutatik ehundu du hausnarketa.
Bateko, Arcadi Espada "Comen lengua" artikuluan hiltzeko arriskuan dauden hizkuntzak salbatzeko ahaleginei bueltak ematen hasi da. Laburtuta: hiztunak berak hiltzen ditu hizkuntzak, eta hiltzen ditu (hobeto) bizitzen jarraitu nahi duelako. Hizkuntzak, bestalde, ez ei dira izaki bizidunak, arnasketa era artikulatu bat besterik ez, eta hil baino, eraldatu eta bilakatu egiten dira. Gure artean nahikoa errotuta dabilen hizkuntza-ekologia kontzeptuaren kontra nonbait.
Besteko, Emilio Quintanak Mexikoko Tabascon gertatutako baten harira egin duen iruzkina. Zoquehizkuntzaren edo haren dialekto baten azken hiztun biak elkarrekin haserretu eta ondorioz ez da hizkuntza gehiago erabiltzen. Kennan Malik-en Let them die (Utz ditzagun hiltzen) artikulura jarri du esteka Emiliok erremate modura. Han, besteak beste, hizkuntzen desagerpena ez dela negar egiteko motiboa, bizitzaren legea eta aurrera goazen seinale baizik. Perla hau tartean:
'Nobody can suppose that it is not more beneficial for a Breton or a Basque to be a member of the French nationality, admitted on equal terms to all the privileges of French citizenship... than to sulk on his own rocks, without participation or interest in the general movement of the world.' So wrote John Stuart Mill more than a century ago. It would have astonished him that in the twenty-first century there are those who think that sulking on your own rock is a state worth preserving.
('Inork ezin du pentsatu bretainiar edo euskaldun batentzat frantziar nazionalitateko kidea izatea, Frantziako hiritartasunaren pribilegio guztiak haiei berdintasunean emanda, ez dela onuragarriagoa munduaren mugimendu orokorrean parte hartu barik euren kasa mantentzea baino.' Horrela idatzi zuen John Stuart Mill-ek mende bat baino gehiago duela. Harritu egingo zen ikusita XXI. mendean oraindik direla eurenean mantentzea gorde beharreko egoera dela uste dutenak.) itzulpen kaseroa.
Gogora etorri zait hainbatetan entzun dudan argudioa: "Munduan denok hizkuntza bera egingo bagenu hobeto".
Seguru nago halakoak irakurrita gehienongan haserrea, indignazioa, harridura eta estiloko sentsazioak sortu direla lehenengo batean, baita egileentzako epiteto sorta ederra ere. Edozelan ere, kontu honek guztiak euskara bezalako hizkuntzen normalizazioaz hausnartzen jarri beharko gintuzke.
Euskara biziberritu/berreskuratu/normalizatu nahi dugu, eta ez gara ados egongo horrelakoekin. Baina arrazoi sendo eta landurik erakusteko moduan gaude? "Zergatik negar egin?" galdera bota digute azken batean.
...Que el tiempo pasa y tiene que ser así es verdad, pero a veces entristece; que las cosas cambien es natural, pero a veces entristece; que la gente pase por el mundo es ley de vida, pero no por eso las pérdidas duelen menos. Claro, que la vida siempre sigue, aunque acabemos volviendo a casa por navidad. No para quedarnos.
Bestalde, Patxitraperoren hau. Eta -jakina!- Ruperren hau.
Boteprontoan. Zelako tema hizkuntza "txikiak" zaharra eta zaharkituarekin lotzeko!