07
Urr
2006

Erdieletasuna

BabelEl Pais-en irakurri dut Juan Carlos Moreno Cabreraren De Babel a Pentecontés liburuaren erreseina hau, J.A. Millanek egina. Hizkuntzen bizikidetzaren eta aniztasunaren aldeko apostua egiten omen du Morenok, horretarako "sesquilingüismo" izeneko planteamendua dakar. Hizkuntzaren oinarrizko gaitasuna (ulertu, formula eta hitz klabeak eta arruntenak ezagutu....) izango litzateke "sesqui" (latinez erdi) hori, Europako markoko maila baxuenak adibidez. Gaitasun ez-oso hori hizkuntzen eta pertsonen bizikidetzarako giltzarria izango litzateke haren aburuz. Bigarren hizkuntzen lanketa sakonaren kaltean hizkuntza gehiagoren azaleko lanketa-edo proposatzen du. Hemen Millanen erreseinako aipu pare bat:

La propuesta de Moreno Cabrera es que en vez de gastar ímprobos esfuerzos en adquirir la comprensión y la producción de una lengua considerada necesaria o prestigiosa (por ejemplo el inglés), y además conseguirlo imperfectamente, éstos se inviertan en adquirir la capacidad de entender tres, cuatro o cinco lenguas del entorno.

¿Por qué no hay cursos, títulos o diplomas que formen en el dominio puramente pasivo de una lengua, o certifiquen su posesión? La ideología monolingüista desprecia estas posibilidades, y se centra excluyentemente en el dominio "completo" de una lengua, que además suele ser más costoso, en esfuerzos y dinero, que las habilidades pasivas en varias.

Espainiako egoera linguistikoaz dioen honek orain arte hortik behetik etorri denaren aldean berritzailea dirudi sikieran, deigarria.

En la España actual el tema de las lenguas está especialmente cargado de tensiones políticas, y sorprendentemente ningún gobierno se preocupa por promover la convivencia lingüística (lo que sentaría las bases para otros tipos de convivencia). Personalmente no entiendo por qué en nuestras escuelas no se enseña sistemáticamente un puñado básico de palabras en cada una de las lenguas cooficiales en el Estado (saludos, despedidas, números, el nombre de alimentos u objetos frecuentes...).

Ez dakit proposamenari zer jaramon egingo dioten Iberiar penintsularen erdi aldean. Ikusi beharko.

 

Gurera etorrita, berriz, gauzatxo batzuk etorri zaizkit burura.

Euskaldun osoaren kontzeptua.

Duela urte batzuk han eta hemen erabiltzen zen helduen euskalduntze-alfabetatzearen xede modura. Gerora haren inguruan eztabaida batzuk gertatu ziren eta ez dakit kontua gaurkoan zertan den.

Euskara normalizatzeari begira argi dago ahalik eta hiztun konpetenteenak eta ahalik eta gehien behar direla. Horren haritik, HEAren barruan seguruenik, gaur egun duela hogei urte ez zeuden erronkak dauzkagu: hizkuntza espezializatuan trebatzea, hizkera informala eta bizia landu, erabilera-esparru berrietarako (hau adibidez) lantzea,...

"Bezero" hauek aldiz, gero eta gutxiago dira geurean euskaldundutakoak, eskolan eta familian euskaldundu ostean gurera behar izan zehatzetarako datozenak baino. Euskaldun ahalik eta osoenak izan behar dutenak.

Bestalde, edadean gero eta aurrerago joango den populazio multzo handia edukiko dugu, euskaraz oinarrizko trebakuntza eskuratu ez duena eta hizkuntzaren inguruko oinarrizko behar izanak gero eta gehiago (paisaia linguistikoa, familia,...)izango dituena, baina inoiz trebakuntza "osoa" behar izan gabe, eta eskuratzeko gero eta gaitasun gutxiagorekin. Hemendik aurrera multzo hau "erdi" euskalduntzea hartu beharko dugu helburutzat, harago joan barik? Horrek normalizazio prozesua erraztuko du?

Auzoko hizkuntzak edo euskara zabaldu

Morenoren ekarpena pentsa daiteke espainiarren (ustezko) txobinismo linguistikorako pentsatuta dagoela, baina egia esanda, gurean ere ez dut uste askoz hobeto gabiltzanik. Adibidez, Hegoaldean frantsesez mintzo den lurraldetik hain hurbil, gero eta nekezago topatzen da frantsesez apurtxo bat sikieran dakien norbait. Zer esanik ez inguruko hizkuntza "minorizatuak": katalana, galiziera, okzitaniera, asturiera, aragoiera,... edo hain urrun ez ditugun hizkuntza "sendoak": portugesa, arabiera,... eta gurera etortzen direnen hizkuntzetara (errumaniera, wolofa, amazigh,...) apur bat hurbiltzea okurritu ere ez.

Orain baten bat egongo da pentsatzen: "Honek zer nahi du, gurea ondo jakin ez eta horiek guztiak ikastea? Alaporai!". Ikastea kontzeptuak ñabardura asko dauzka. Gurera inor etortzea nahi badugu (eta etorri badatoz), geuk ere lantzean behin bisitatxoa egitea estimatuko luke, haren etxean enpadronatu gabe jakina.

Bururari emandako buelta pare bat baino ez dira hauek hala ere, inork ideiak argiago baditu,...

Elebatetaerditasuna

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Urria 8 - 20:42-(e)an bidalia.

Betiko kontuarekin egiten dugu topo: izan behar duenarekin ala izan ahal denarekin. Batzuek esango digute euskaldun osoaren helburuari uko egiteak euskararen minorizazioaren onarpena dakarrela eta besteek, berriz, onena batzuetan onaren etsai izaten dela eta erdibide "posibilistagoa" bilatu behar dugula, hainbat eta hainbat ahalegin antzu bihur ez dadin.
Ni neuk tarteko bide batetik jokatzen dut (ez zaizkit batere gustatzen tarteko bide politikoki zuzenak, ez pentsa). Uste dut epe laburrean posibilismoarekin jokatu behar dugula eta ertainean idealistarekin. Hobeto adierazten saiatuko naiz. Masa kritikoa behar dugu baina,eta hau izan da izan dugun kontzeptu erru galanta, masa kritiko hori ez da ezagutza arloan neurtu behar, erabileraren arloan baizik. Beraz, Morenok proposatzen duenari buelta bat emanda, nik onartu egingo nituzke helburu ertainak irakaskuntzan beti ere helburu ertainok erabilerarekiko uztardura balute. Adibidez, onartu egingo nuke Eroskiko kajeroak ez dakit zein maila eta urrats egin beharrean bere lanerako beste euskara ikasiko balu baina, argi izan, hau onartzeko ziur egon beharko nukeela ikasitakoak erabileran izango duela isla.
Behin erabileraren masa kritikoa lortuta olio tantaren efektua sortuko litzatekeelakoan nago. Erabilerak berak sortuko lukeela erabilera eta ezagutza beharra, alegia.Bide honetatik lortuko genituzke epe ertainera euskaldun oso gehiago.
Laburbilduz,ezagutzari badagokio erdieletasunari ez, baina erabilerari badagokio baiezkoa emango nioke. Idealista-posibilista baten hitzak dituzu, Benito.

ezagutza+erabilera=

Benito-(e)k 2006, Urria 8 - 22:03-(e)an bidalia.

Erabiltzeko gaitasuna, hori da helburua.

Euskaldun osoaren helburuari ez dut uste inork uko egin dionik, euskaldun osoa kontzeptua bera apur bat lauso dabil beharbada.

Euskaldun "oso" guztiak ez dira berdinak gainera. Esate baterako, lanean euskaraz ondo moldatzen diren kazetaria, informatikaria eta kajero euskaldunen mailak desberdinak dira (Ojo! desberdinak, ez handiagoak edo baxuagoak. Hori ondo zehaztu behar da gero!). Badira hala ere denok bete beharreko hizkuntz funtzioak, harreman sozialak, familiarrak, administrazioarekikoak, hedabideen kontsumoa,... Horietan badago gutxieneko osotasun maila.

Erabilera esparru horiek guztiak, orokorrak zein espezializatuak, sustatu egin behar dira, eta sustatzearekin batera jendea horretarako trebatzea tokatzen zaigu euskaltegioi neurri baten.

Kasu zehatzetara etorrita. Zentzurik badauka supermerkatuko kajeroak klasean erreportajeak idazten jartzeak? Edo aitita-amamak baldintzekin burua nekatzeak? Edo 300 hitzeko idazlanek? Ez dut esango hori dena kalterako baino ez denik, baina gure jardunbidearentzat funtzionalitate handiagoa topatu beharko genukeelakoan nago. Posibilismoa? Gabiltzan beharlekuan ibilita idealismo faltan gaudela uste du inork?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia