11
Ots
2009

Notebook: Testugintza, estilistika, literatura... izpitan

NotebookBloga aurkitu dut gaur. Ez da berria, 2008ko irailetik dabil martxan, Notebook dauka izena, eta ondoan Testugintza, estilistika, literatura... izpitan zehaztapen gisa. Egilea? Ez dakit, ez dut hari buruzko informazio askorik topatu (bide batez, egun batean hitz egin beharko da honetaz. Batzuetan gaizkile konplexua etortzen zait, ikusita blogosferan orokorrean zer joera dabilen norberari buruzko informaziorik ez emateko. Zerbait txarra egiten ari ote gara?). Testu-zuzenketan diharduela esan digu mezu batean, eta edukietan islatzen da hori.

Edukiei dagokienez (bai, hori da inportaneena, bai), etiketa laino ugaria baina oro har testugintza, literatura, idazkera, estiloa, itzulpengintza eta hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasunaren inguruko mezu asko eta bertan gogoeta eta aholku interesgarriak ere ugari. Garbizaletasun puntu bat sumatzen da batzuetan,  zuzentzaile-lanaren ajeak akaso? Wink. Aukera ona edonola ere horretaz apur bat pentsatzeko sikieran.

Hizkuntzaren inguruan jarduteko eta ikasteko blog gomendagarria beraz. Egiozue kuku, merezi du eta. Gainera blog bizia da, sarri eguneratzen da eta jarraitzea merezi du.

Eta berandu baina... ongi etorri blogosferara!

08
Ots
2009

Beretaren abizena

Bidaia intimoak: trailerra from korrika on Vimeo.

Korrikaren ebentoak hasi direla jakin duzue honez gero, atzo edizio honetarako egin den Bidaia intimoak filma estreinatu zen Bilbon. Lau pertsonak euskara bizi nahi duen herrira egin dituzten bidaiak, ikasleak azken batean. Kontxole! Ea zer dioten, ikasle jendeak dioena entzuteko aukera gutxi eta zineman gutxiago, joan egin beharko da (ez, AEKn ez gaituzte joatera derrigortu, Artezkaritzak ez gaitu hainbeste "arteztu" oraindino).

Dokumentala ei da generoa, protagonistak ez dira pertsonaiak, pertsonak baino. Euren bizipenak kontatzen dizkigute bakoitzaren ibilbidearen mapa moduko bat egiten den bitartean. Euskararekin egin duten ibilbidearen mugarri garrantzitsu bakoitza puntu bat eta izen bat (bide batez, ideia ona begitandu zait ikasleekin egiteko, euskararekin izan duzun harremanaren une inportanteenei izena ipini eta mapa egin. Biografia linguistikoa egiteko modu grafiko eta atsegina nonbait).

Lau istorio beraz, batetik euskara txikitan galdu eta gerora berreskuratu zuten bi lagun: Mixele lapurtarra eta Jesus Mari ermuar-gasteiztarra; bestetik, Euskal Herritik kanpotik etorritako lagun bi: Rami tuareg-a eta Tereixa galiziarra, amodioak eta Ruperren kontzertu batek bertoratuta, hurrenez hurren.

Kanpotik etorri eta euskara ikasten duen jendearen istorioak entzuten-irakurtzen ohitu gara, azken urteotan gehien bat. Inoiz esan dugun legez hedabideetako jendearentzat erakargarriak izaten dira halako kasuak. Tereixa eta Ramirenek hala ere ez dute erakargarritasunik galdu, are gutxiago ibilbidea kontatu duten modura eta eman zaien denbora eta trataera zinematografikoarekin. Atseginez eta freskotasunez ikusi ditut istorioak neuk behintzat.

Euskara txikitan galdu duen jendearena berriz, uste dut orain arte gutxi zabaldu den gaia dela oro har. Nortasuna, hizkuntzen gatazka familian bertan, eskola, ingurua, jarrerak... Transmisioaren etenak familian eragin duen inkomunikazioaren kasu latz bi kontatu dizkigute: Jesus Mariren opor isilak eta Mixeleren amatxirekin mintzatu ezina. Euskararen azken mendeko atzerakadak horrelako asko eta asko ekarri ditu seguruenik: atsekabeak, lotsak, tristurak, haserreak eta saminak... eta erreakzioak ere bai, Mixele eta Jesus Mari horren adibideak dira azken batean, sustraiak galtzeari uko egin dioten pertsonak. Eta sustraiak hitza guztiek aipatu dute. Besteek ikuspegi desberdina eman dute baina: sustraiak non ezarri bilatzen duen nomadarena edo -arbolek ez bezala- erroak, dagoen lekuan dagoela, hazi ahal dituen pertsonarena.

Lau istorio polit azken batean. Maiak, Zapirainek eta besteek eman dieten trataerarekin erakargarri, hunkigarri eta, gehien bat, argigarri izan daitezke hemen hizkuntzarekin zer gertatzen den ulertu nahi duenarentzat.  Honetan gabiltzanoi enpatia eta emozioa piztuko dizkigute gehien bat, urrunagokoari ere bai akaso. Azpitituluak edo bikoizketa komeni dira nire ustez

Ez naiz zinezale amorratua, are gutxiago kritikaria, baina gustatu egin filma. Ideia ona izan dute egileek: pertsonak eurak protagonista izatea (zinema 2.0 deitu beharko zaio honi? :D ). Horrez gain tonu intimoa eta pertsonalean egin da. Ideiak, aldarrikapenak eta halakoak nabarmendu barik, pertsonen barnea eta bizitza ditugu hor: sentimenduak, ilusioak, pozak, harremanak... Honelako trataerarekin konturatzen zara gure mundutxo honetan soilik halako milaka istorio ditugula, kontatu beharrekoak.

Hutsunetxo bat nabaritu dut hala ere. Euskara ikasi dute lau pertsona hauek, bidaia emozionala kontatu zaigu batez ere, "zergatik ikasi", "zertarako ikasi" ematen du izan direla tema nagusiak, ondo. Ez da film honen asmoa izan seguruenera, baina uste dut askotan gertatzen dela: ez zaizue iruditzen "zelan ikasi" horri heldu behar zaionean halako elipsi moduko bat egiten dela, ez dela horretaz asko esaten? "Hemen datoz didaktikari birtuosoak euren temarekin!" ;-) . Baliteke, baina bidaiaren etapa hori kontatzeko ez dago teknizismoetara jotzea beste biderik? Kontuan hartu, askotan arazoa zergatia eta zertarakoa baino gehiago "nola" izaten dela.

Tira ba. Amaitzeko buruan geratu zaizkidan gauza bi. Lehenengo Tereixak fimaren ostean irakurri dizkigun Castelaoren hitzok:

Un can de Turquía ouvea igual que un can de Dinamarca; un cabalo das Pampas arxentinas rincha igoal que un cabalo da Bretaña. ¿E sabedes por que? Porque os probes animaes aínda están no idioma universal...”

Ideia bat honekin batera: euskararekin egiten dugun lanak gurean ez ezik, munduko beste hizkuntzetan izango du eragina.

Bigarrena, Ramiri gaztetan "beret basque" hitzaren bigarren atala zer zen galdetu zuenean erantzun ziotena:

Bizitzen bazara, ikasiko duzu

Filma datozen asteotan hainbat lekutan izango duzue ikusgai.

07
Ots
2009

Mentalese

Plisti-Plasta | 2009, Otsaila 7 - 18:59

Gaur bidaiatxo bati ekin diot, aulkitik mugitu gabe, neure burura joan naiz eta burutik mahai gainean pilatuta ditudan paper batzuetara: José Luis Guijarro Moralesen Serendipituosidad en la metodología del aprendizaje de idiomas artikulua jasotzen dutenak dira. Eta bidaia horretan ikusi dudana kontatzeko gogoa izan dut, gogoa eta etsipena. Zein zaila den bidaia bat kontatzea! Nola marraztu eta margotu Erromako kale hartako giroa? Nola Sofiako elkarrizketa haren goxoa? Eta zelan lortu nire kontuekin lagunak ez aspertzea?

 

Ideiak trumilka datozkit, ia ordena barik eta ez daukat ordenatzeko gogo handirik. Barkatuko didazue baina ez naiz oso gida zuzena izango. Zatozte gustuko baduzue, baina jakinaren gainean zaudete, gai honetan turista hutsa naiz, apenas ezagutzen ditudan paraje hauek eta ziur aski galdu egingo naiz, gainera.

Galdera batetik partituko dugu: Zein hizkuntzatan pentsatzen dugu?

Aspalditik usnaka zebilkidan ideia ikusi dut idatzita Guijarroren artikuluan, honela dio Steven Pinkerrek bertan: Pertsonek ez dute ingelesez, txineraz edo apatxez pentsatzen, pentsamenduaren lengoaian baizik (…)Mentalese’ deitzen dio hizkuntza horri eta hizkuntza unibertsala izan litekeela esaten du. Leihotxoak zabaldu zaizkit buruan: dejá vu, jendea; Atxaga; euskal zaldia; pin, pum, bang, danba; Krashen… Honela funtzionatzen du nire kaskarrak…

Dejá vu, jendea. Ez al zaizue gertatu inoiz,  burutazio bat etorri, txikitako sentsazio bat edo, hitzetan jarri nahi eta zailtasunak izatea? Ez al zaizue gertatu inoiz, zerbait esan nahi eta ez asmatzea? Ezin zerbait itzuli izana? Segundu bakarra ere hartu ez dizun pentsamendu bat hitzetara ekartzeko denbora luzea beharko duzunaz konturatu eta etsita geratzea? Badakit zer esan nahi dudan baina ez dakit nola pentsatu izana? Hitz berri bat aurkitzea, ‘dejá vu’ adibidez, zure hizkuntzan ez dagoena baina ezaguna duzun sentsazio bati erreferentzia egiten diona eta horregatik mailegu lez zeure egitea? Ez al zaizue gertatu inoiz,  ikasleek ‘jendea’ hitza pluraleko komunztaduran erabiltzea, nahiz eta ‘gente’ gazteleraz ere singularra izan, akaso beren buruan ‘gizakiak’ irudikatzen dituztelako?  Agian badago, beraz, hitza baino lehenagoko zerbait . Horixe da Pinkerren mentalese hori.

Atxagak bere liburuetan behin baino gehiagotan ematen digu gizakiok geure buruarekin izaten dugun elkarrizketaren berri. Mintzoa deitzen dio… Baina hori ote da Pinkerren mentalese lengoaia? Ezetzean nago. Mentalese edo mentalera (hitz traketsa da, gero!) nire ustetan pentsamendutik hurbilago dago eta hizkuntzatik urrunago. Gizakiak input primarioa zentzumenetatik jasotzen du eta memorian gordetzen du zenbaitetan, hortxe hasten da mentalera  lengoaia (ez hizkuntza) lez sortzen. Mintzoak, berriz, hizkuntza du. Nirea batzuetan euskaraz aritzen da eta beste batzuetan gazteleraz; oso noizean behin, beste hizkuntzaren batean (abestiren bat buruan dabilkidanean, normalean). Zein hizkuntzatan pentsatzen dugu? galderari erantzuten diogunean, beraz, sarritan mintzoari egiten diogu erreferentzia. Eta zuzena da, zati batean. Hizkuntza horretan / horietan ere azaleratzen baitugu gure pentsamendua, baina nire ustez pentsamenduak berak ez du hizkuntzarik eta hurbilago dago pentsamendutik mentaleraren lengoaia mintzoaren hizkuntza baino.

Euskal zaldia. Aspaldi batean, hizkuntza baten balioa adierazteko soziolinguista batek zera esan zidan: Pentsa ezak… Euskaldun batek ‘zaldi’ esaten duenean, zaldi txikikitxo bat, pottokaren tankerakoa, izaten dik buruan; aldiz, andaluziar batek ‘caballo’ esaten duenean Jerez aldeko zaldi handi, arranditsu horietako bat (ez nion esan, nik zaldi edo caballo esaten dudanean askoz kontzeptu unibertsalagoa izaten dudala gogoan: pottokak, Mendebaldeko filmetan ikusitako zaldiak eta Jerezekoak, besteak beste, hitz bera erabiliz izendatzeko balio didana). Horretan oinarritzen zuen irakasle hark hizkuntzaren balioa, errealitate desberdinak izendatzeko balio zuelakoan. Baina globalizazioak eta komunikabideek inputa asko bateratu dute eta mentalera lengoaiaren zenbait kontzeptu hurbildu (ingurunearen eragina ere ukaezina den arren). Euskal zaldiaren kontua bestelakoa da, beraz. Inputa daukagu lehenbizi (zaldi irudiak, mugimenduak, hotsak…), mentalera lengoaia ondoren (zaldiak beste izakien artean identifikatzeko balio diguna), eta hizkuntza ondoren, errealitate horren adierazpen eta konbentzio sozial gisa: zaldi, caballo… Baina beti al da horrela?

Nire ustetan ez, badago input sekundarioa (ez bigarren mailakoa) ere. Sozializazioak eta kulturak eskaintzen diguna.  Input mota honek  eskuratze prozesuaren norabidea aldatu egiten du kontzeptutik hizkuntzara izatetik, hizkuntzatik kontzeptura eramanez. Kontzeptuen mundua eta mentalera hizkuntzak berak aberasten du edo hizkuntzaren beraren bidez aberasten da( ‘burua jantzi’ esaten dugu euskaraz) . Horregatik irakurtzen dugu, aritzen gara solasean… zenbaitetan. Mentalera, mintzoa eta hizkuntza, beraz, anitzak dira, ezin dira modu estatikoan irudikatu, etengabeko jarioa dago beraien artean.

Pin, pum, bang, danba. Unibertsala al da mentalera? Nire ustetan ez. Edo ez erabat, behintzat. Ziur nago gizaki guztiok zenbait sentsazio, objektu… konpartitzen ditugula. Pentsatzekoa da, beraz, badagoela mentalera horretan corpus konpartitu garrantzitsu bat eta horregatik hizkuntza guztiek dituztela oinarrizko zenbait sinonimo. Baina inputaren pertzepzio mekanismoak zenbaitetan desberdinak izan litezke edota, behintzat, pertzepzio modu horiek hizkuntza bihurtu eta sozializatzeko moduak (gogoratu onomatopeiak: pin, pum, bang, danba; edo koloreak: beilegi, laru…). Bestalde, inputa ez da beti berbera izaten, ingurugiroa, eskurapen aukerak eta kultura garapenak ez baitira berberak  eta horrek mentalera corpusak desberdintzea ekarri du eta, ondorioz, baita hizkuntza corpusak ere. Argi dago ingelesaren hedadura, semantikoa adibidez, apatxearena baino askoz zabalagoa dela. Mentalerak hizkuntzaren hedaduran eragina duen bezala, hizkuntzak berak ere mentalera eragiten duela onartzen badugu, zilegi al da esatea ingelesa besterik ez dakien gizaki batek apatxea besterik ez dakien gizaki batek baino mundu kontzeptual zabalagoa izateko aukera duela? Utz dezagun galdera aidean, inplikazio gogorrak baititu. Dena den, inplikazio horiek arintzeko, esan dezadan argi daukadala mentaleraren hedapena eta edozein hizkuntzarena ez direla berdinak eta are gutxiago, mentaleraren eta ezein hizkuntzaren edota gizakiren garapen gaitasuna.

Krashen. Hizkuntzen didaktikara etorrita, honek guztiak inplikazio nabariak ditu. Ondo esplikatuko lituzke, adibidez, Krashenen eskurapena eta ikaskuntza bereizketak. Eskurapena mentalera hizkuntza batez errepresentatzea izango litzateke, bitarteko hizkuntzarik gabe. Eta ikaskuntza, berriz, lehenengo fasean, mentaleraren, lehen hizkuntzaren eta xede-hizkuntzaren arteko ‘ménage à trois’ bat eta bigarrenean, automatizazioaren bidez, eskurapen bihurtuko litzateke, hiztunak zuzenean joko bailuke mentaleratik xede-hizkuntzara. Honek esplikatuko luke zergatik ikasten duten umeek errazago (mentalera/hizkuntza eskurapena) eta zergatik nagusiek dituzten zailtasun gehiago nahiz eta metodo naturala erabili (ez litzateke adin edo burmuin kontua soilik izango). Inplikazio didaktikoak ditu, halaber, beste zenbait kontutan: transferentziaren planteamenduan eta abar…

Baina utz dezagun gaurkoz bidaia, Benito irudikatzen dut bestaldean,  nekatuta, muturra oker-oker eginda: psikolasto-morroi honek ez daki mezuak ezin direla hain luzeak izan, ala? bezalako burutazioekin. Barkatu guztiok. Jolas tonto bat da, turista sasijakintsu, harroputz baten bidaia. Abisatuta zeundeten baina… Ez al dizuet esan, bada, zaila dela bidaiak kontatzea? Zaila dela Erromako kale hartako giroa margotzea? Eta ezinezkoa nire kontuekin lagunak ez aspertzea?

Irudia:  Twitter 365 - Ft Yotsuba [027]. Egilea: KayVee.INCFlickr-en. Lizentzia

05
Ots
2009

Gramatikaz

Plisti-Plasta | 2009, Otsaila 5 - 01:22

Joera komunikatiboak eztanda egin zuen arte, gramatika zen irakaskuntzaren gunea. Hizkuntzaren ustezko ‘hezurdura’ irakasten zen eta ikaslearen berreraikitze gaitasun inkontzientearen ardura zen hezurdurari haragia eranstea, honela sortutako izakiak behar besteko bizitasuna izan zezan. Itxuraz miraria zatekeena, azkarrago edo beranduago, gertatu egiten zen gainera. Hasiera hasierako pogrom komunikatibistak, unerik erradikalenean eta dogmatikoenean, gramatika desagerrarazi nahi izan zuen irakaskuntzatik; hala ere, gramatikarik gabe ez dagoela hizkuntzarik erakusten duen ebidentzia latzarekin egin zuten topo; eta gramatika desagerrarazi ez, baina kontzentrazio-esparruetan itxi zituzten hezurdura zaharrak (esparru hauek dira gure hurbileko tradizio komunikatibistak programazio-orrien eskumako goiko bazterrean erakusten dituenak).

Edozein mugimendu pendularren ostean gertatzen den moduan, joera komunikatiboak onartu egin behar izan du gramatikaren beharra, baita gramatika esplizitu apur batena ere, baina arazo larriarekin egin du topo, hots, joera ‘komunikatibo’arekin bat etor zitekeen gramatikaren ikusmoldea landu ez izanarekin; ondorioz, ikasleak ‘gramatika’ eskatzen duenerako, trumilka atera behar izan ditu hezurdura zaharrak kontzentrazio-esparru formalistetatik. Irakaskuntza-prozesuaren gorputza, berriz, haragiaren gorespenera makurtu du, xerra nozio-funtzionaletan zerbitzatutako okela eskainiz, nahiz eta ezinezkoa den beronek hezur eta giharrekin bat egitea. Hau da: gaur egun komunikatiboa izateak gramatikaren sistematasuna ukatzea dakar eta zatikatutako gorpua bailitzan aurkezten du, ikaslearen burmuinari utziz gramatikaren moduluaren berrosatze lan osoa.

Ondorio pedagogikoa: ikasgela superultramegahiperkomunikatiboek aurrera egin behar dute gramatikaren antigoaleko ikusmoldearekin eta komunikatibotik ezer gutxi duen praktika konduktistarekin, hizkuntza sistema bezala ulertzea ahalbideratzen duten protokoloei begiak itxita (bestela esanda, begiak itxita ikasleak berak era arrakastatsuan zabal ditzakeen arauei). Hizkuntzaren oinarri formalari erreparatu nahi zaionean, esangurarik gabeko praktiketara jotzen da berriro; hizkuntzari esanahia eman nahi zaionean, ahozko aktualizazioaren muturrera jotzen da, modu arriskutsuan diskurtsoaren eta pragmatikaren jostailu berriari gehiegizko balioa emanez eta funtzio zerrenda luzeak kopiatuz, non hizkuntz-formak nahasmendu adigaitzetan biltzen diren. Zertan egiten dute kale gure arauek? Ikasleari proposatzen bazaio espainiar behi sendo bat berpiztea hamaika tamaina eta itxurako xerra eta hezurrak erabiliz, ez da zaila izango asmatzea zeintzuk izango diren zailtasunak edota berehalako emaitzak.

(Nuria Estevan Molinak, Municheko Cervantes Institutuko ikasketa-buruak, Columbia Universityko José Placido Ruiz Campillori eginiko elkarrizketaren (pdf) pasarte bat)

Badirudi zerbait ari dela mugitzen gramatikaren munduan.Elkarrizketa bateko pasartetxo bat baino ez dizuet ekarri hona, lagin gisa. Nire ustez, hemendik aurrera sarritan izango dugu gramatika kognitiboaren berri. Gramatika beste ikusmolde batekin eraikitzeko modua da. Objektu deskriptibo izatetik, burmuinaren esanahiaren eraikuntza modua aztertzera igaro da. Ez dira kontzeptu errazak. Baina badirudi gramatika berri baten atarian gaudela, apurka-apurka aldamioak jartzen hasi beharko dugulakoan nago, ezen gramatika mota hau bestea baino askoz ere didaktikoagoa izan baitaiteke.

Dena den,niri neuri ez zait gustatzen Ruiz Campillo irakasleak erabilitako erregistroa; ezta metodo komunikatiboei egindako kritikan erabiltzen den erredukzionismoa eta nolabaiteko mespretxu intelektuala ere. Baina, aldi berean, esango dizuet kontu honek guztiak burutazio asko sortu dizkidala, ez dela kontu hutsala. Oraindik ere oinarri oinarrian erantzun gabe ditugun galderak planteatzen direla berriro ere: zer den hizkuntza, zein funtzio duen, zer eta nola ikasi behar den… Inork ez dezala pentsa atzera buelta bat denik, askoz haratagokoak eta sakonagoak dira hemen planteatzen direnak eta.

Oharra: egia esan, nahiko bazterrekoa da ekarri dizuedan pasartea, zuen interesa piztea zen nire helburua. Testuinguruan ikusi nahi izanez gero, jo CIVELEren blogera, bertan zenbait artikulu interesgarri topatuko dituzue eta.

Irudia: Communication. DailyPic Flickr-en. Lizentzia.

03
Ots
2009

Dardoa jaurti digute

Bai, ba! Galizatik egin du bide luze guztia gainera. Txerrak jaso, eta ematen ei diogun ikararen ikarazWink gugana jaurti du. Dardoen kontu hau interneten katean ematen den saria da, blogari batek beste batzuei ematen die, eta hauek beste hainbati banatu behar dizkie. Bai, sari "piramidala" edo.

Txerrari Galiziatik honako mezua heldu zaio:

«Com o Prémio Dardos reconhecem-se os valores que cada blogger, emprega ao transmitir os mesmos por culturais, éticos, literários, pessoais, etc., que, em suma, demonstram sua criatividade através do pensamento vivo que está e permanece intacto entre suas letras, entre suas palavras. Esses selos foram criados com a intenção de promover a confraternização entre os bloggers, uma forma de demonstrar carinho e reconhecimento por um trabalho que agregue valor à Web.

Este Prémio obedece a algumas regras:
1) Exibir a imagem do selo;
2) Linkar o blog pelo qual se recebeu a indicação;
3) Escolher outros blogs a quem entregar o Prémio Dardos.»

Txerrak, alfertuta edo, itzultzeko enbaxada utzi digu, ez da erraza gero!:

Dardo sariarekin blogariak transmititzen dituen balore kultural, etiko, literario, pertsonalak-eta saritzen dira. Sormenaren erakusgarri dira balore hauek, haren letretan eta hitzetan dabilen pentsamendu biziaren fruitu. Sariok blogarien arteko adiskidetasuna sustatzeko asmoarekin sortu ziren, adiskidetasun hori  eta Web-ari balioa eransten duen lana aitortzearren.

Sariak arau hauek ditu:

  1. Sariaren irudia erakustea.
  2. Saria eman digun blogari lotura jartzea.
  3. Dardo  Saria emateko beste blog batzuk aukeratzea-

 

Hau guztia irakurrita gauza espektakularra egin dugula pentsatzen hasi naiz, berbak ez dira txakur txiki batekoak, ez horixe! Txerrari eskerrak emateko motibo gehiago.

Eta beste batzuei bidali behar zaiela, dardoak dozenaka botako nituzke, baina aprobetxatuko dut aukera hau Karrajuaren inspiratzaile nagusiekin akordatzeko (sasoia izan da eta!). Horra dardoak:

  1. IKTeroak. Saltsa moderno hauek guztiak sarera zabaldu eta ekin eta ekin ibiltzeagatik. "Gurean ere halako bat behar dugu" pentsarazteagatik.
  2. Filoblogia. Hizkuntza-kontuak eta norberaren lanak eta ardurak blogosferara ekartzeko adibidea, ideia, inbidia, gogoa eta umorea emateagatik.

Dardo gehiago dauzkat jaurtitzeko, baten batek nahi badu eskatu dezala. Baina, kontuz! Punteria txarra daukat eta.

02
Ots
2009

Erabilera planak herri-administrazioetan

Aitor Etxebarria | 2009, Otsaila 2 - 16:42

Bati baino gehiagori irakurri diot iragarri iragartzen direla egitekoak diren jardunaldiak, ekitaldiak...; baino gero gutxitan idazten dela zer esan den, nola atera diren. Bilboko Euskaldunan egin ziren erabilera-planen inguruko jardunaldiekin beste horrenbeste gertatzerik nahi ez dudanez eta bertan egoteko aukera izan nuenez, berauen berri ematera noakizue.

Urtarrrilaren 27an eta 28an makina bat teknikari elkartu zen HPSek egindako gonbiteari erantzunez eta euskararen erabileraren inguruan zer egiten zen eta zer egiteko asmoa zegoen jakiteko. Aldez aurretik iragarria zegoen eta ondorengo kroniketan nabarmendu zen IRATI izeneko programa izan zen izar nagusia, baina, egia esan, ez genuen izan zehaztasun handirik ezagutzeko aukerarik izan, aipatutako programa oraindik erabat prest ez dagoelako.  Baina Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaria Joseba Lozanok aurreratu zigunez, erabilera planak egiteko eta berauen jarraipena egiteko tresna praktikoa izango da. Sistemak adierazle- menu bat eskainiko du beraien artetik aukeratzeko. Berriak sartzeko aukera ere egongo da. Eskaintza zabala, edozein egoeratan aplikatzekoa. Langile bakoitzaren erabilera-plana egiteko aukera ere eskainiko du; mikroplanak edo plan pertsonalizatuak. Datorren astetik aurrera egingo dira aurkezpenak EAEko hiru lurraldeetan.

Etorkizuna aurreikusi ezinik geratu baginen, gaur egun eramaten diren hainbat esperientziaren berri bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen, berauek kudeatzen edo zuzentzen dituztenen ahotik. Horrela, tokiko administrazioko muturreko bi esperientzia ezagutu genuen, muturrekoak berauek aplikatzen diren egoera soziolinguistikoei erreparatzen badiegu. Alde batetik, euskaldunen eta euskal hiztunen proportzio txikia duen Abanto-Zierbenako bezalako udaletxe batean euskararen erabilera areagotzeko zer egiten den jakin izan genuen bertan teknikari-lanetan diharduen Sonia Rodriguezen eskutik. Bertako ahaleginak, esaldi honetan laburbildu zituen: Azken batean, “lorgarriak diren helburuak, egingarriak diren ekintzen bidez”, egunez egun, pausuz pausu. Beste muturrean, Hernaniko udaleko euskara-teknikaria den Malores Etxebarriak “euskara hutsezko harremanak sustatzeko proiektuak” azaldu zituen. Horretarako lau esparru aukeratu zituen: Kultur Etxean eskaintzen diren ikastaroak (hauen artean euskara hutsezkoak antolatzeko ahaleginak; zerbitzu jasole euskaldunen errolda osatzen ari diren ahaleginak herritarra udalaren informazioa euskara hutsean jasotzera animatuz; udal barruko dokumentazioa ( dena itzuli behar ote?); eta, azkenik, beste administrazioekiko harremana.

Beste bloke batean etorri ziren Administrazio Orokorreko sail ezberdinetan burutzen ari diren beste esperientzia batzuk: Garraio eta Herri Lan Sailean, Bizkaiko Garraio Partzuergoan, Herrizaingo Sailean,  Gipuzkoako Foru Aldundian, Eusko Legebiltzarrean… Ez gara bertan esandakoez luze arituko, ez baita gune honetan ari garenon interesekoa, seguruenik; baina bai azpimarratu nahi nituzke bizpahiru kontu: lehenengoa, oso garrantzitsua dela, ezinbestekoa esango nuke nik, normalizazio kontuetarako ardurarik handienak dituztenek ideiak argi izatea eta horien araberako apustu eta erabaki ausartak hartzea. Horixe frogatu ahal izan genuen Herrizaingo Saileko Zerbitzu-zuzendaria den Iñaki Gurtubairen hitzetan: goi  arduradunen goi mailako HEen aldeko apustua, langile euskaldunen arteko harreman sarea trinkotze aldera hartutako zenbait erabaki (helbidetegian euskal hiztunak nabarmendu, “sarepoint” izeneko barne-harremanak sustatzeko tresna, barruko harreman ofizialak zein lagunartekoak euskara hutsezkoak izan daitezen sustatu…); eta are nabarmenago Bizkaiko Garraio Partzuergoko Idazkari Nagusi den Imanol Bilbaoren hitzaldi argi, fresko eta politikoki ez-zuzenean. Azkenik, Legebiltzarreko normalkuntza-teknikari ohi Iñaki Frieraren hitzaldian frogatu eta ikusi ahal izan genuen  honelako jardunaldietan eskaintzen diren hitzaldi andanetan, atsegintasuna, dotorezia eta umorea bateragarriak izan daitezkeela.

Entzuleriari dagokionez, jardunaldiak arrakastatsuak izan ziren; izan ere, Euskaldunako E Aretoa lepo bete zen. Nagusiki, hizkuntza teknikariak eta hauen artean gero eta ugariagoak diren euskaltegietako irakasle-ohiak (ni neu tarteko), normalizazio-lanetarako birziklatuak. Eta, askoren ustetan, politikarien eta hainbat goi-karguren hutsunea; hurrengo jardunaldiek teknikari zein politikarientzat  izan beharko zutela iradoki zuen batek baino gehiagok.

23
Urt
2009

Didaktikari: artzain-alegoria

Klase bateko krisiak klase guztietako krisiak eragin ditzakeela eta neuri identitate laboralaren krisia etorri zait gaur. Didaktikaria? Zer da didaktikaria izatea?

Halakoetan denok barruan daroagun gaztagile artisau hori azalerazten da lehenengo-lehenengo. Basoaren bake santura noa ardiak jagoten txakur ilegorria konpainia bakarra hartuta, buruan Idiazabal puruena zelan egin neke bakarra hartuta orduak eta orduak gogoeta iraunkorrean pago milenario baten arrimuan.

Baina siesta Euskalmeten elur-kotaren mugan suertatu ohi den pagoaren azpian egin edo gas naturalaren epelean egin balantzan jarrita, ardilatxak pegatinarako geratzen dira segidan eta malaletxeak gaztanberaren tenperaturara epeldu.

Estufara arrimatu eta eskuak igurtzi bitartean autodefinitzen saiatuko gara.

  • Nora, noiz eta nola joan behar den dioen pastoreak gara? Zelan dakigu guk berriz? Ardiak bagina gure moduko artzain bati egingo genioke kasu? Fidatuko ginateke? Belar ona eta freskoa aurkitzen jakingo genuke beti?
  • Instrukzioak jaso eta haiexek betearazten ditugun artzai-txakurrak gara akaso? Fede itsu horrekin gobernatu behar dugu azienda? Nor da gure patroia orduan? Nondik datoz instrukzio horiek? Ondo eman dizkigute? Ondo ulertu ditugu?
  • Edo belartzara gidatu beharrean pentsua egin eta banatzen ibili behar dugu? Belar onik beti ez eta pentsua aukera onena ote? Gure pentsuek beteko dituzte proteina-karbohidrato-koipeen proportzioak?
  • Edo herren zein ardi dabilen begiratu, hura hartu eta tratamenduan ipini? Larrialdietako albaitaria 24 orduz. Anbulantzia nahikorik bai? Botikarik?
  • Ardiak eta txakurrak entrenatzen eman behar dugu denbora? Gure hizkera ulertuko ote dute? Jakingo dute gero bazkarako bide ona aurkitzen? Trokaren batean behera ez dira amilduko? Ala buelta eman eta guri begira-begira jarriko zaizkigu, kieto-kieto geldirik? Ardiek berez belarra aurkitzeko sena dutela sinesten dugu?
  • Mataderora zein bota behar den erabakitzea ere tokatuko zaigu? Hau estura!
  • Borda ondoan orduak eta egunak luze nora edo hara begira kaskarra irakinetan hasiko zaigu akaso? Milaka bidezidor egingo ditu hark gora eta behera ipurdia harritik altxatu barik. Zorameneraino bidea egiten ei du sarri artzainaren buruak. Tradizioan bestalde artzaina kantari eta olerkari irudikatzen da sarri.
  • Gure ardiek ematen duten onena jetzi eta labeldun gazta eginda munduari ematea izan liteke gure zer egina? Ketuta, ketu barik, gatzatuan edo gazta zahar eginda. Jakingo ote dugu halako delicatessen-ak prestatzen? Eta saltzen?
  • Hobe izango genuke bestela ardiak kortan sartu, makinak entxufatu eta handixik gobernatu? Baina gazta berdin-berdina izango litzateke? Puristek onartuko lukete?
  • Eta otsoa? Otsoa baletor? Zer egin beharko genuke? Otsorik bada ala?

Honetan nabilela ardiak eta txakurra berbetan hasi dira, gure modura. Eurek ere ardia izatea zer den ondo ez dakitela esan dute. Ahariren bat agertu da harro-harro,  berak bai, berak badakiela. Segidan beste ahari batekin hasi da talkan.

Alegoria pastoril batean sartu gara deskuidoan. Akabuan orain ulertzen dut hark ulertzen ez zuena: euskaraz artzaina izendatzeko zergatik dauden hainbeste berba.

PD: eta non ikasten da artzain izaten?

Argazkia: Nevadan euskal artzainek egindako inskripzioa. Eusko Sareren bidez.

18
Urt
2009

Idealizazioaz

Plisti-plasta | 2009, Urtarrila 18 - 18:02

Betidanik sinetsi izan dut utopiaren indarrean. Utopiak laguntzen digu aurrera jotzen; batzuetan, nahitaez, lurrera begiratu behar dugu estropezu ez egiteko, beste batzuetan, ordea, ostertzera begiratu beharko genuke norantz jo jakiteko; baina utopia eragilea izango bada, errealitatetik abiatua izan behar da, errealitatea idealizatzen duenak nekez egingo du bide, zail baita basamortuko espejismotik ura ateratzea.

Zertara dator hainbeste filozopia? Bada, begira, badirelako nire ustez okerreko urratsak emanarazten dizkiguten zenbait idealizazio. Gehiago badiren arren, ahalik eta modurik laburrenean (eta osatugabean, beraz) aipatuko ditut horietako bost.

1. idealizazioa: ikaslea.

Konstruktibismoak fokusa aldatu nahi du, ikaslea bihurtu ikas-prozesuaren gune, autonomian oinarritu. Eta gutako zenbaitzuk euskaltegietan ere horri jarraitu nahi izan diogu. Baina hori al da ikaslearen beraren espektatiba? Hori bere ikas-kultura? Kontuan izan behar dugu gureak ikasle helduak direla eta oso finkatua dutela txikitatik ikaskuntza eta irakaskuntzarekiko ikusmolde jakin bat. Izango al dugu indarrik errepresentazio hori guztia aldatuz euskara irakasteko?

2. idealizazioa: irakaslea.

Irakasleon maila profesionala apur bat idealizatuta dugula uste dut eta, horrez gain, ahalguztidunak izan behar dugula dirudi: konstruktibistak, 2.0, materialgileak, sare-sortzaileak… Finean, iruditzen zait dena bizkarrera etortzen zaigula. Soinean zazpi tresna zintzilik izateaz gain, musika jo eta dantzan egin behar duen ferietako musikariaren irudia datorkit gogora. Eta guk geuk ere sarritan uste dugu hori guztia egiteko gai garela, geurea dela ardura eta musika polita jotzen dugula, gainera. Bada, barkatu, baina ez. Azkenean, musikariari bezala gertatzen zaigu, zer edo zertxo dakigu denetik baina, apenas, ezer ere ez  taxuz (nik behintzat).  Nire ustetan,  irakasleak irakasle izan behar du; ez materialgile, informatiko, administrari eta abar.

3. idealizazioa: HEOK eta metodologia.

Metodologiarekin eta edukiarekin antzera gertatzen zaigu, Lope Agirre bezala beti El Doradoren bila gabiltzala, alegia. Ez dut nik esango  ez direla garrantzizkoak  baina sarritan berauen distirak itsutu egiten gaitu. Honi buruz ezer gutxi esango dut. Nahiko argigarria delakoan,  lehengo batean ATOAN-en ipinitako aipua besterik ez dut ekarriko hona:

Hezkuntzan egiten diren erreformek ikas-irakas praktikan duten eragina itsas zabalean ekaitzak izaten duenaren antzekoa da. Urrazala harrotzen eta nahasten dute baina hondaleak bare jarraitzen du (arre samar bada ere). Hezkuntza-politikak bata bestearen atzetik iragaten dira, aldaketa handien itxurak eginez... bitartean, urrazalaren azpian, bizitzak aurrera darraio eten handirik gabe.

— Cuban

4. idealizazioa: erakunde eragileak

Sarritan ahoa bete-bete egiten zaigu HABE eta honelako hitz tabuekin (nork esan eta nik!). Baina horiek ere ez dira ahalguztidunak, dauzkaten baliabideak dauzkate eta ez da beren gaitasuna eta eragina idealizatu behar.  Habe baino gehiago zutabe dira, goitik beherakoak alegia, baina etxea zutik mantentzeko beharrezkoak dira benetako habeak ere, zeharkakoak, eta horien bidez ez dugu etxea sendotzen asmatu. HABEk ez dizkigu gauza guztiak konponduko, ezin du, muga nabarmenak ditu. Eta gu ezin  gara beti etorriko denaren zain egon.

5. Idealizazioa: IKTak eta sarea.

IKTak erabilita badirudi modernoak garela, gazteagoak, beteta dugula berrikuntza beharra eta beste estatus bat lortzen dugula gainera. Honetan gabiltzanok, aldiz,  badakigu tresnak garrantzia daukala baina are garrantzitsuagoa dela berau nola erabiltzen den. Eta inguruetara begiratuta ezin, bada, oso pozik egon. Ikasle eta irakasle gutxi dira teknologia modu egoki eta berritzailean erabiltzen dutenak. Oso modu akritikoan, bide berriak bide zaharren paraleloan eraikitzen ari garen ustea dut. Gainera, euskal hiztunon sareak (ahalegin aipagarriak badira ere) bultzada garrantzitsua behar du ikaskuntzarako ere erakargarri eta sustatzaile izateko.

Nahikoa gaurkoz, ezkor samar ibili naizelako ustea dut, zenbait gauza behin eta berriz errepikatzen ditudan sentsazioa, beste hainbat gauza esan gabe geratu izanaren ezinegona. Berdin da. Ziur bainaiz hainbat eta hainbat iruzkin izanen direla mezu hau orekatuko dutenak (idealista al naiz?).

Irudia: If only it were that easy. Egilea: adamgreenfield (Flickr). Lizentzia.

07
Urt
2009

LLL eta gu (II)

Plisti-plasta | 2009, Urtarrila 7 - 22:14

Lehenagoko mezu batean, etengabeko ikaskuntzaz ari ginela bi galdera plazaratu genituen:

  • Zergatik etengabeko ikaskuntza kontzeptuaren berreraikitze lan hau, orain eta gaur?
  • Zeri erantzun nahi dio: sistemaren egokitzapen beharrei ala pertsonaren hazkuntza intelektualari?

Zenbait kontzeptu errepikatu arren, bi galderoi erantzuten saiatuko gara lehenbizi;  ondoren, euskararekiko inplikazioei ekiteko oinarriak izate aldera.

Historiaren hasieran lana eta ikaskuntza lotuta zeuden, ez zegoen eskolarik eta arituz ikasten zen ofizioa. Bizitza ez zegoen gaur egun bezain konpartimentatua (kontuan izan haurtzaroa bera nahiko kontzeptu ‘berria’ dela). Apurka-apurka ikaskuntza isolatu egin zen, eskolak, unibertsitateak eta aroak sortu. Honela guk ezagutu dugun garaira arte, non argi eta garbi bereiz ditzakegun ikasteko garaia, lan egitekoa eta erretiroa.

Ikasteko garaian bizitzarako eta lanerako beharrezko izango ditugun gaiak geureganatu ohi ditugu. Sistema honen eraginkortasuna zalantzan da gaur egun, ordea. Batetik, eskolak oso azkar aldatzen den gizarte berri baterako prestatu behar dituelako ikasleak eta honek izugarrizko moldaketa lana eskatzen diolako; eta, bestetik, bizitza profesionala gero eta ezegonkorragoa, inprebisibleagoa eta, beraz, aldez aurretik ‘prestatzen’ zailagoa delako. Sistemak arazoari aurre egiteko etengabeko ikaskuntzaren kontzeptua jarri du abian. Honela, langileak ez du soilik une jakin batean ikasiko, bere bizitzan zehar ikasteko une ugari izan beharko ditu aniztasun profesionalari, egokitzapen beharrari eta aldaketen abiadurari aurre egin ahal izateko, ‘fast’ gizartearen morrontzak, alegia. Morrontzak ala aukerak?

Etengabeko ikaskuntzak bietatik izango du seguruenik baina utz dezagun kontu bat argi. Langileok azken hamarkadetan lorpenik izatekotan berau, komatxoak komatxo, ‘ongizate-estatua eta estatusa’ izan da eta beronetan giltzarri: aisialdia. Aisialdia denbora librea da, libre sentitzen garen aldia, geure  aldia. Norberaren garapenerako aldia. Hauxe da garaikideon konkista handienetariko bat. Argi izan behar dugu kontzeptu hau. Ezin dugu aisialdiaren inbasiorik onartu, ezta etengabeko ikaskuntzaren aldetikoa ere. Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta.

Eta euskara? Hara, nire ustetan ikasle askorentzat euskara izan liteke etengabeko ikaskuntzaren adibide. Ikasketa alditik kanpo, egokitzapen profesionalerako zabaldu behar izan duten ikasketa aro berri bat, alegia. Baina hizkuntza komunikazio tresna da, eta komunikazio tresna den neurrian pertsonaren ekinbidearen alderdi guztiak jaso behar ditu, lana eta aisialdia barne. Eta hortxe egiten dugu zenbaitetan kale. Dakargun aurreko paragrafoko pasarte bat eta begira diezaiogun berriro ere, oraingoan euskara buruan dugula ‘Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta’. Jakin dakit ñabardura eta zirrikitu ugari dituela esaldiak baina adierazi nahi dudana zera da: ezin dugula euskara egokitzapen profesionalerako item huts bilakatu.

Azkenaldi honetan, bidea bata edo bestea izan, kezka berera heltzen naiz. Izan ere, egora soziolinguistikoak horretara ekarrita, oso desorekatua dugu euskara. Mundu akademikora eta lan mundura lerratuegi. Euskara noranahikoa dela erakuste nahi horri ere eusten ikasi behar dugu, noizbait. Ondorioz, hizkuntza euskararen profesionalen mundura eta araura (dela hizkuntzari berari dagokiona, dela akreditazio beharrari) lerratuegi ikusten dut. Aurrera egin dugu lan munduan eta mundu akademikoan (arrazoiak arrazoi, zenbaitetan kosta ahala kosta, ikaslearen aisialdia inbadituz). Bide errazenetik jo dugu (halabeharrez, agian). Sistema, administrazioa, erabili dugu euskara hedatzeko. Ezinbestekoa izan dugu, akaso, hizkuntzaren biziraupenerako, ezinbestekoa dugun moduan hiztun komunitatean oinarritutako  hizkuntza larrekoa, kolokiala, aisialdikoa, motibazio pertsonalari eta ez kanpotikoari erantzuten diona.

Argazkia: Studying in a train. Egilea: tanakawho (Flickr). Lizentzia.

07
Urt
2009

Ikasteko ingurunearen 10 osagai nagusiak

Robin Good ezizenaren atzetik Luigi Canali de Rossi dugu, sarean azkenotan teknologia, ikaskuntza, hezkuntza eta abarren ingurumarian nabarmendu diren figuretako bat. Webgune aktibo eta mamitsua du, eduki interesgarriz beterik, ingelesez, italieraz eta portugesez idatzita.

Haren artikuluen artean lehengo abenduaren 26an publikatu zuen The 10 Key Components Of An Ideal Learning Environment And The Timba Music School Model (Ikasteko ingurune idealaren 10 osagai nagusiak eta Timba musika eskolaren eredua) irakurri dut.

Erromako musika eskola baten funtzionamendua eta ikuspegia abiapuntu eta aitzakia hartuta, ikasteari buruz ondorio mamitsuak atera eta ikastea ahalbidetzen duen testuinguruaren 10 osagaien zerrenda egin digu.

Hau da zerrenda laburtuta (ez daukat astirik-gogorik-animorik itzultzen hasteko, baina baten bat animatzen bada...):

  1. Irekitasuna. Ez dago ordutegi eta leku banaketa zurrunik. Eskola irekita dago beti ikasleentzat, eta han dituzte baliabideak eta pertsonak.
  2. Ikasteko baliabideak, objektuak eta tresnak.
  3. Kide apasionatuak, gogotsuak, zaletuak.
  4. Eskarmentuko pertsonak, arituak,esperientziadunak, ibilitakoak, adituak nahi bada.
  5. Ereduak. Pertsona trebeak, konpetenteak, jarraitzeko modukoak.
  6. Profesionalak. Ikasi nahi den esperientzia horretatik bizi den jendea.
  7. Probatu, esperimentatu eta erroreak egiteko aukera.
  8. Erakusleihoa, eszenatokia, jendeaurrean (benetan) jarduteko aukera.
  9. Elkarrengandik eta elkarrekin ikastea, momentuan, proba eta azterketak ikusmiran izan gabe.
  10. Ikasketaria gidariaren eserlekuan. Zer-non-noiz-nola-norekin ikasi aukeratu.

Musikatik euskarara pasatzeko ez genuke egokitzapen handirik egin beharko, ezta? Nago hauek guztiak hemen inoiz nola edo hala aipatuta ditugula gainera.

Argazkia: Ikusten eta ikasten. Egilea: Thorbion (Flickr). Lizentzia.

Sindikatu edukia