07
Urt
2009

LLL eta gu (II)

Plisti-plasta | 2009, Urtarrila 7 - 22:14

Lehenagoko mezu batean, etengabeko ikaskuntzaz ari ginela bi galdera plazaratu genituen:

  • Zergatik etengabeko ikaskuntza kontzeptuaren berreraikitze lan hau, orain eta gaur?
  • Zeri erantzun nahi dio: sistemaren egokitzapen beharrei ala pertsonaren hazkuntza intelektualari?

Zenbait kontzeptu errepikatu arren, bi galderoi erantzuten saiatuko gara lehenbizi;  ondoren, euskararekiko inplikazioei ekiteko oinarriak izate aldera.

Historiaren hasieran lana eta ikaskuntza lotuta zeuden, ez zegoen eskolarik eta arituz ikasten zen ofizioa. Bizitza ez zegoen gaur egun bezain konpartimentatua (kontuan izan haurtzaroa bera nahiko kontzeptu ‘berria’ dela). Apurka-apurka ikaskuntza isolatu egin zen, eskolak, unibertsitateak eta aroak sortu. Honela guk ezagutu dugun garaira arte, non argi eta garbi bereiz ditzakegun ikasteko garaia, lan egitekoa eta erretiroa.

Ikasteko garaian bizitzarako eta lanerako beharrezko izango ditugun gaiak geureganatu ohi ditugu. Sistema honen eraginkortasuna zalantzan da gaur egun, ordea. Batetik, eskolak oso azkar aldatzen den gizarte berri baterako prestatu behar dituelako ikasleak eta honek izugarrizko moldaketa lana eskatzen diolako; eta, bestetik, bizitza profesionala gero eta ezegonkorragoa, inprebisibleagoa eta, beraz, aldez aurretik ‘prestatzen’ zailagoa delako. Sistemak arazoari aurre egiteko etengabeko ikaskuntzaren kontzeptua jarri du abian. Honela, langileak ez du soilik une jakin batean ikasiko, bere bizitzan zehar ikasteko une ugari izan beharko ditu aniztasun profesionalari, egokitzapen beharrari eta aldaketen abiadurari aurre egin ahal izateko, ‘fast’ gizartearen morrontzak, alegia. Morrontzak ala aukerak?

Etengabeko ikaskuntzak bietatik izango du seguruenik baina utz dezagun kontu bat argi. Langileok azken hamarkadetan lorpenik izatekotan berau, komatxoak komatxo, ‘ongizate-estatua eta estatusa’ izan da eta beronetan giltzarri: aisialdia. Aisialdia denbora librea da, libre sentitzen garen aldia, geure  aldia. Norberaren garapenerako aldia. Hauxe da garaikideon konkista handienetariko bat. Argi izan behar dugu kontzeptu hau. Ezin dugu aisialdiaren inbasiorik onartu, ezta etengabeko ikaskuntzaren aldetikoa ere. Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta.

Eta euskara? Hara, nire ustetan ikasle askorentzat euskara izan liteke etengabeko ikaskuntzaren adibide. Ikasketa alditik kanpo, egokitzapen profesionalerako zabaldu behar izan duten ikasketa aro berri bat, alegia. Baina hizkuntza komunikazio tresna da, eta komunikazio tresna den neurrian pertsonaren ekinbidearen alderdi guztiak jaso behar ditu, lana eta aisialdia barne. Eta hortxe egiten dugu zenbaitetan kale. Dakargun aurreko paragrafoko pasarte bat eta begira diezaiogun berriro ere, oraingoan euskara buruan dugula ‘Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta’. Jakin dakit ñabardura eta zirrikitu ugari dituela esaldiak baina adierazi nahi dudana zera da: ezin dugula euskara egokitzapen profesionalerako item huts bilakatu.

Azkenaldi honetan, bidea bata edo bestea izan, kezka berera heltzen naiz. Izan ere, egora soziolinguistikoak horretara ekarrita, oso desorekatua dugu euskara. Mundu akademikora eta lan mundura lerratuegi. Euskara noranahikoa dela erakuste nahi horri ere eusten ikasi behar dugu, noizbait. Ondorioz, hizkuntza euskararen profesionalen mundura eta araura (dela hizkuntzari berari dagokiona, dela akreditazio beharrari) lerratuegi ikusten dut. Aurrera egin dugu lan munduan eta mundu akademikoan (arrazoiak arrazoi, zenbaitetan kosta ahala kosta, ikaslearen aisialdia inbadituz). Bide errazenetik jo dugu (halabeharrez, agian). Sistema, administrazioa, erabili dugu euskara hedatzeko. Ezinbestekoa izan dugu, akaso, hizkuntzaren biziraupenerako, ezinbestekoa dugun moduan hiztun komunitatean oinarritutako  hizkuntza larrekoa, kolokiala, aisialdikoa, motibazio pertsonalari eta ez kanpotikoari erantzuten diona.

Argazkia: Studying in a train. Egilea: tanakawho (Flickr). Lizentzia.

Etiketak: didaktika | euskalduntzea | euskara | ikaskuntza | lll |
Bidalitako artikuluak

Nor gara "GU"

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 8 - 14:25-(e)an bidalia.

Interesgarria zure gogoeta, Plisti.
Ñabardura-galdera bat soilik, argitze aldera: "hortxe egiten dugu sarritan kale" hizkuntza "pertsonaren ekinbidearen alderdi guztiak jaso"tzen asmatu ez dugulako. Ondoren, zure argudiaketan, "GU" baten izenean ari zara. Eta horrekin lotuta dago nire galdera: "Nor gara gu? Zer gara gu?" Izan ere, "Gu" gu guztiok bagara, horretara bigarren galdera bat dator: zenbaterainoko "mugimendu-tartea" dugu, euskara irakasle gisa, euskara mundu akademiko eta lan-mundura lerratuegi egon ez dadin? Eta ez naiz "goi agintariez" soilik ari, gure bezeroak diren ikasleez baizik. Horixeek bideratzen dute, neurri handi batean behintzat, gure jarduna "profesionalen mundura eta araura". Beste muturrera lerratu garelakoan nago: duela hamar-hamabost urte gaizki ikusia izaten hasi zen euskara titulu jakin batera bideratzen zuen profesionala; gaur, ordea, txoriburutzat hartzen da, askotan, bizi dugun ingurumari honetan euskara "hizkuntza larrekoa, kolokiala, aisialdikoa, motibazio pertsonalari eta ez kanpotikoari erantzuten" duen hizkuntza gisa transmititzen saiatzen dena.
Suposatzen dudanez "GU" hori, bai, geu garela, hona hemen galdera: zenbateraino dago geure esku kontu hau?

Marrubiak eta basamarrubiak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 8 - 20:50-(e)an bidalia.

Gu horren atzean, Aitor, guztiok gaude. Euskal hiztunon komunitatea. Sarea osatuz. Neurri batean edo bestean guztiok erabiltzaile, guztiok ikasle eta irakasle.

Honekin ez dut esan nahi euskaltegiak desagertu behar direnik ez. Bestelakoa da nire asmoa. Nire ustetan, funtsezkoak dira eta izan behar dute gaur gaurkoz, sare horretan gune espezializatuak direlako. Espezializazio horren norabidea da aldatu eta aniztu beharrekoa, ordea. Baina honen ardura ez da soilik euskaltegiona, euskal hiztunon komunitate osoarena baizik. Euskaltegiak ezin dira akreditazioa lortzen laguntzeko gune soilak izan. Euskaltegiek ikasleei gutxieneko konpetentzia maila lortzen lagundu behar diete hizkuntza erabili ahal izateko eta  ikasten jarraitzeko autonomia izateko (etengabeko ikaskuntza). Beste hitz batzuekin esanda, euskaltegiek euskal hiztunen sarean integratzeko besteko konpetentzia maila lortzen lagundu behar diete ikasleei eta horixe izan behar da beraien lanaren funtsa. 

Honek guztiak pellokeria dirudi, ageri-ageriko gauza. Zergatik goaz, orduan, bestelako norabidean itsu-itsu? Lemari eragin beharra dago. Euskal hiztunen sarea trinkotu, aberastu eta erakargarri bihurtu beharra. Badakit, Aitor, honez gero, pentsatu duzula erraza dela esatea baina zaila egitea. Bezeroari eskatzen duena eman behar zaiola. Baina izan ezazu kontuan sarritan bezeroak eskatzen duena ez dela berezko eskakizuna, beste norbaitek (administrazioak, gehienetan) berari eskatzen diona baizik. Bulegoetatik irabazi nahi izan dugu kalean irabazi behar duguna. Edo, akaso, bulegoetan eta kalean irabazi behar duguna.

Zenbateraino dagoen gure esku kontu hau galdetzen didazu. Eta ez dakit erantzuten. Ez dakit zein den proportzioa. Baina argi daukat esku guztiak direla beharrezko. Hemen gaude gu idazten, beste batzuk irakurtzen, zer edo zer aldatu nahian. Bada zerbait. Lagun batek dioen moduan batzuetan nahikoa da zirrikitu txiki bat hormarik sendoena ere pitzatzeko.

 

I.O: Euskara larrekoaz pentsatzen ari nintzela (Lizardi gogoan), marrubiak etorri zaizkit burura. Txikitan bide ertzetan aurkitzen genituen basamarrubi txikitxoak. Zirietan mordoxka bat sartu ostean jaten genituen. Halako zaporerik!

Gaur egun, ostera, negutegietan babes-babestuta hazten dira, handi eta itxuroso, osasun-kontrolak gainditzen dituzte baina ez dute ia usainik, ezta zaporerik ere.

Portzierto, malluki deitzen genien. 

 

Oro har, bat nator biok esan

Jon (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 8 - 20:02-(e)an bidalia.

Oro har, bat nator biok esan duzuenarekin. Izugarri ona eta argigarria iruditu zait esaldi hau:‘Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta’.
Hor ez dakit GUK, HAIEK edo euskara ikasleek berek duten "errua". Kontua da ni askotan saiatu naizela eta saiatzen naizela ikasleek euskara gustuko duten alorretan erabili dezaten eta, salbuespenak salbuespen, ia beti porrot egin dut. Nik uste dut egokitzapen profesionalarekin lotzen dutela euskara ikaste hau eta hortik nola edo hala atera beharra daukagu. Badakit euskararen mundua beste hizkuntza batzuena baino mugatuagoa dela, baina izan badira ikaslearen gustukoak izan daitezkeenak. Horietara iristeko estrategiak zorroztu beharko genituzke. Ongi izan!

Nondik edo

Benito-(e)k 2009, Urtarrila 8 - 20:43-(e)an bidalia.

LLLaren asunto hau nondik datorren eta bizitza-mundu laboralarekin zer lotura daukan galdetu-erantzuten ari garela, apur bat kokatzeko dokumentu honen lehenengo kapitulua irakurtzea gomendatzen dizuet: Competencias profesionales: enfoques y modelos a debate (pdf fitxategia 1mb).

Lan prestakuntzaren ikuspegiaren bilakaera azaltzen digu: konpetentziaren kontzeptua, ikuspegi metodologikoa, ikaskuntza iraunkorra... Azken batean, sentsazioa daukat gauza askoren pizgarria lan-munduan egon dela, onerako nahiz txarrerako.

Edonola ere, ikaskuntza iraunkorraren asunto honekin uste dut ikastearen kontzeptua bere zabaltasun oso-osoan hartu beharra daukagula helduen euskalduntzeari buruz ari garenean. Ikaskuntza iraunkorra ez da etengabe ikastaroak eta probak egiten ibiltzea, hizkuntza etengabe ikastea, moldatzea eta egokitzea baino.

Zentzu horretan orain ikas-prozesua deitzen dena, hau da, HEOKen mailaketaren mugarriek zedatzen dutena, esango nuke euskararen ikas-prozesua baino ikas-prozesu horren barruan egin daitekeen/behar den ibilbide bat dela, ez prozesua bere osotasunean. Alegia, norberak bere bizitzan euskara ikastea erabakitzen badu mugarri horien barruan jokatzea erabaki dezake, planifikatu, egin eta emaitzak ebaluatu (tituluak adibidez).

Hala eta guztiz ere, titulu bat eskuratzeak ez du esan nahi (topiko-topikoa da gainera) ikastea amaitu denik, hizkuntza erabiltzera derrigortu, tentatu, xaxatu edo liluratzen duen testuinguru batean murgildu behar izanez gero adibidez, ikasteko mekanismoek era batera edo bestera martxan jarraitu beharko dute, berez. Badakigu bestalde zer gertatzen den ikaskuntza mugarri batean gelditzen denean, ikasitakoa herdoildu egiten da.

Alde horretatik, eta planteatzen den ikuspegi laboralista horren demasa dela eta, bistan dago hizkuntza lanerako zertifikazio baterako soilik ikasten denean ikas-prozesua bertan geldituko dela. Baina jardungo den lan-ingurune horrek erabilerari begirako eskakizunak baditu, ez soilik hizkuntzaren ezagutzarenak, bestelakoa da kontua, seinale ona izango litzateke beraz euskara ikastea etengabeko prozesu modura ikustea orduan, ezta?

Dena dela, eta lan mundua aipatuta badakit gutxirengan pizten dela sinpatiaren antzeko sentsaziorik, baina esango nuke gauza bera gertatzen dela munduko ilusio, gogo, zaletasun, identifikazio eta bihotz guztiarekin ikasteari ekiten zaionean. Etxeko lapikokoa goxoena izanda ere, hura prestatzeko, jateko eta konpartitzeko okasiorik, denborarik eta lagunik ezean, jan ez eta egiten ere ahaztuko dugu, eta eguneko menua eta sopasobrea jaten dugun bitarteko oroitzapen maitagarri bezain urruna baino ez da izango gehienetan.

Uste dut labur-labur hau izan daitekeela klabea: beti ikasten ibili behar izatea osasunaren seinalea da.

Ekilikua!

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 9 - 12:42-(e)an bidalia.

"Izan ezazu kontuan sarritan bezeroak eskatzen duena ez dela berezko eskakizuna, beste norbaitek (administrazioak, gehienetan) berari eskatzen diona baizik. Bulegoetatik irabazi nahi izan dugu kalean irabazi behar duguna. Edo, akaso, bulegoetan eta kalean irabazi behar duguna."
Horixe da! Bete-beteean asmatu duzu, Plisti. Aurreko ekarpentxoa idazten ari nintzela ideia hau neukan gogoan eta hortixek dator nire zalantza: ea zer egin dezakegun guk Benik aipatzen duen "ikuspegi laboralista" hau aldatzeko. Ezintasunetik haratago joanda eta pistaren baten bila, zerbait bururatu zait. Badakit ez dudala "mediterraneoa deskubritu" baina hor botzen dut jarraipena izango duelakoan.Eta berriro itzultzen zait gogoa "hizkuntzaren paisaiaz" esandakora.

Geure esku dago,neurritxo batean behintzat, ikasleengan jarrera aktibo hori piztea, euskararekin konektatzeko inguruan dituen aukera eta bide guztien bila aritzeko jarrera sustatzea; ikasgelan aurkezten diren dokumentuetara ez mugatzea, euskaraz aritzeko sortzen zaizkion premia bereziei erreparatzea, identifikatzea eta erantzun-bila aritzea...
Trinkotasun-maila txikiagoko ereduetan, on-line bidezko irakaskuntzan, ikaskuntza konbinatuan... sarea bera dugu dzanga egin eta murgiltzeko itsaso zabala...
Hau (eta gehiago) guri dagokigunez. Baina hortik aurrera zuk, Benito, gure esku ez dagoen beste kontu bat aipatu duzu "jardungo den lan-ingurune horrek erabilerari begirako eskakizunak baditu" aipatzen duzunean. Eta hor dago bigarren klabea. Zenbat aldiz ez ote ditugun kexu aditu HEen xerka ari diren asko eta asko "Tanto examen y tanto perfil, tanto esfuerzo y sacrificio! Total, para luego no utilizarlo para nada!" Eta "utilizar" horren barruan gogora datorkit Adminsitrazioan ematen (ez) den erabilera, itzulpenak ordezkatuta; osasun-zentroetako ez-egoera eta abar.
Nik neuk (eta zeuek ere seguru nago) euskara-irakasle profesional gisa, erronka eder modura bizi izan dut etengabe egunean egon behar hau, ez lokartzeko eta bertan goxo ez geratzeko akuilu gisa... Antzeko zerbait gertatuko da beste lanbiderik gehienetan. Nola lor liteke lanerako behar den euskarari begira antzeko zerbait gerta dadin?

LLL, gaitasunak, IKTak eta gu

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 12 - 14:29-(e)an bidalia.

Ea ba, pausoz pauso joango naiz...

1. Bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren inguruko kezka bi bidetan ari da garatzen: alde batetik, lan-mundu aldakor honetan, ezinbestekoa delako jakintza eguneratzea eta zabaltzea. Ideia horrek, noski, ikuspegi merkantilista du ardatz, baina azken batean, gustatu ala ez, denok segitu nahi dugu lan-merkatuan.
Baina Europar Batasuneko (eta ondorioz, erakunde publikoen) kezka nagusia da nola akreditatu bide ez-formaletatik eta informaletatik etengabe geureganatzen ari garen jakintza hori guztia. Izan ere, gero eta gehiago ikasten dugu ohiko ikasgeletatik kanpo eta gero eta gehiago ikasiko dugu hemendik aurrera. Adibidez, nik ez dut inolako agiririk nire IKT-trebetasunak akreditatzeko eta lanpostu batera aurkezten naizenean 0 puntu jasotzen ditut nire trebetasun hauek direla eta; hori ez da oso bidezkoa eta batez ere, langile egokiak hautatzeko arazo izan daiteke. Horregatik da hain garrantzitsua erakundeentzat gaitasunen katalogoa eta akreditazio-sistema eratzea (KEI-IVAC erakundea jotake dabil horretan Plugin <em></em> Not Found). Hortik dator, halaber, portfolio profesionalaren ideia eta ondoriozko garapen teknologiko guztiak (erne gabiltza orain Mahararekin Plugin <em></em> Not Found).
Beraz, curriculum vitae-ak dira aldatzen ari direnak, akreditazioa eta dokumentazioa. Bide batez, gero eta enpresa gehiago dira norbait kontratatu baino lehenago sare sozialetan-eta kuxkuxeatzen dutenak.

2. IKTei lotuta, azken boladan ezer gutxi esaten ari da autoikaskuntzari buruz. Online ikaskuntza eskaintzen duten enpresa gehientsuenek terminologia hauxe erabiltzen dute:
- Blended learning: hau badakigu zer den
- Mobile learning: PDAk, telefonoak, PSPa, mp4ak... honelako gailuei etekina ateratzea ikaskuntzari begira
- Rapid learning: ikaskuntza-"pilulak". Ikastaro laburrak, ordu gutxikoak, nork bere ibilbidea diseinatzeko eta beharraren arabera erantzuteko
- Overflow learning: prozesuen ikaskuntzari lotuta. Lanpostuan bertan egitea lan, hobetu nahi den prozesuaren diagnosia egin eta bertan esku hartu

3. Euskarari lotuta, ez dut zalantzarik askorentzat hau dela LLLekin duten lehenengo (eta beharbada azken) harremana, batez ere administrazioko langileen kasuan. Gure saioetan, ikasleen trebetasun sozio-pertsonalak garatzen ditugu eta hiritartasunean hezi, baita etengabeko ikaskuntza eta horretan autonomia sustatu. Euskaltegietan gaitasun linguistikoak baino askoz gauza gehiago lantzen dira eta horregatik aldarrikatu behar da LLLn duten zeresan handia.

Bestalde, IKTen beste formatu horiek lantzen hasi behar dugu. Bereziki interesgarria iruditzen zait "rapid learning"en formatua (ea Administrazioa ere horretaz jabetzen den) eta "mobile learning", eta hau bereziki egiten zait interesgarri. Proba txikiak egiten nabil honen inguruan eta uste dut gauza onak egin daitezkeela.

Kontu hauei lotutako makro-proiektu berri batean sartu dut muturra: sormena, berrikuntza eta lanbiderako formazioa. Kontatuko dizuet zer ateratzen dugun hemendik!

Formatu berriak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 12 - 22:10-(e)an bidalia.

Nik ere nahikotxo apunte hartu ditut zure iruzkinetatik, nola ez. Interesgarriak plazaratzen dituzun hainbat kontu. Hala nola, etengabeko ikaskuntzaren beharraz diozuna, gaitasunaren akreditazio-sistema egokitu beharraz, hizkuntza ikastean garatzen den kurrikulum ezkutuaz...

Zure ekarpenean agertzen diren pare bat gauzari erreparatu diet, batik bat. Portfolioaren kontzeptuari alde batetik eta ikaskuntza formatu berriei bestetik.

Portfolioarena lehenbizi. Hara, nire ustetan bi portfolio mota daude gutxienez. Bata, norberaren curriculum vitae-a nolabait ilustratzeko balio lezakeena, modeloen edo irudigileen portfolioaren tankerakoa berau, zer eman dezakezun eta noraino iritsi zaren erakusten duena; batez ere, norberaren gaitasuna besteek ebalua dezaten prestatzen dena. Eta bestea, prozesuaren berri ematen diguna, garapenaren ibilbide osoa erakusten diguna eta garapen hori ahalbideratzeko erabakiak hartzen laguntzen duena (batez ere, autoebaluazioari begira dagoena). Bigarren portfolio-mota honek espektatiba ugari sortu izan ditu baina emaitzak ez dakit ba tamaina berekoak izan diren. Arrazoiak hamaika, bi besterik ez ditut adieraziko gaurkoz: autoebaluazioak autonomia maila altua eskatzen du eta ikasten ari den gaiaz meta-ezagutza dexentea batetik; eta bestetik zaila da oso, sinkroniaria eta asinkroniari diakronia gehitzea (atzeraelikadura ahalik eta sinkronoena bilatu ohi baitugu). Bueno, bueno... totxo, totxo geratu zait pasarte hau (barkatu). Hitz egingo dugu portfolioaz beste batean.

Aipatu nahi nizun bigarren gauza ikaskuntza formatuena da. Interesgarria benetan. Interesgarria rapid learning kontzeptua, mobile learning (teknologia gero eta nonahikoagoa da, zalantzarik gabe) eta overflow learning (trebakuntza lanetarako, ezagutza eta erabilera uztartzeko...). Hala ere, beste formatu bat gehituko nieke zureei: jolas serioak, alegia. Gaur bertan irakurri dut El Paisen zenbait eskolatan kontsolak erabiltzen hasi direla. Muturreko adibide bat baino ez da baina bide luzea du formatu honek ere nire ustetan. Autoikaskuntzaz hobe ez badut ezer esaten oraingoz (apur bat ernegatuta nago, pasako zait!).

Nahikoa gaurkoz, Ainhoa, zure ekarpen landua eskertzea eta abian jarriko duzuen proiektu horretan ibilbide oparoa izatea opatzea besterik ez zait geratzen. Kontakizun horren zain izango gaituzu hemen, agindutakoa zor.

portfolioa? bideojokoak? eta twitter... ?

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 14 - 00:17-(e)an bidalia.

mmm... bai, portfolioari buruz luzexeago hitz egin dezakegu. Hain erraza da ikasleei lanak eskatzea eta hain, hain zaila da gero portfolioan biltzen den informazio hori dena interpretatzen jakitea... Zenbatetan aritu gara ikasle batekin banakako ebaluazio-bileran, ikasle horri argitu nahian zer arraiotan hobetu duen azken hiruhilabetekoan? Beharbada bere idazlanak txukun-txukun ditugu bildurik, baina ez dira baliokideak, edo egin duen aurrerapena ez dago bere ekoizpenari zuzenki loturik, edo benetan aurreratu ez eta atzera egin du auskalo zein arrazoi kognitibo-afektibo-koyunturalengatik.

Eta, kontxo, erantzun berean nire bi gai kuttunenak ukitu dituzu, tiratzaile ona inondik ere! Bideojokoak, joko serioak, joko ez serioak...gai honen atzetik aspaldidanik nabil, batez ere Hezkuntzaren Teknologia irakasgaia ematen hasi nintzenetik Pedagogian (lotsa pixka bat ematen dit nire bloga zabaltzeak ze nire bloga neretzat egiten det, ez da oso web 2.0... baina horretaz sarreratxo bat egin nuen Plugin <em></em> Not Found). Arazoa da jokorik onenak, gauzak dauden bezala, erdara hutsean egiten direla. Ez dakit Nintendok nola egiten duen lan baina asko lagunduko luke euskararen normalizazio-prozesuan SuperMario, Rayman edo Brain Coach euskaraz jokatzeko modua egongo balitz.

Ildo horretan, bilatzen nabil ea zer izan daitekeen jostagarri helduentzat, intelektualki interesgarri eta momentutxo baten egin daitekeena, eta facebook-ek badu bere grazia baina uste dut twitter hobeto ikusten dudala egokitzapen asko egin daitezkeelako mailaren arabera.

Demagun astero hitz bat ematen zaiela ikasleei eta esaldi bat osatu behar dutela, esaldi berria. Edo adibidez, goi-mailan, poesia ez diegu eskatuko ikasleei baina zergatik ez esaldi eroak sortzea, gramatika arauak apurtuz edo lexikoa era kontraesankorrean erabiliz... esaldi mailako lanketari zentzua ematen dio tresna honek.

Ozenki pentsatzen ari naiz ze erabiltzen hasi nahi dut ikasleekin eta horretarako konfiantza izan behar dut. Esperientziarik? Erabili duzue twitter mobilean?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia