05
Ots
2009

Gramatikaz

Plisti-Plasta | 2009, Otsaila 5 - 01:22

Joera komunikatiboak eztanda egin zuen arte, gramatika zen irakaskuntzaren gunea. Hizkuntzaren ustezko ‘hezurdura’ irakasten zen eta ikaslearen berreraikitze gaitasun inkontzientearen ardura zen hezurdurari haragia eranstea, honela sortutako izakiak behar besteko bizitasuna izan zezan. Itxuraz miraria zatekeena, azkarrago edo beranduago, gertatu egiten zen gainera. Hasiera hasierako pogrom komunikatibistak, unerik erradikalenean eta dogmatikoenean, gramatika desagerrarazi nahi izan zuen irakaskuntzatik; hala ere, gramatikarik gabe ez dagoela hizkuntzarik erakusten duen ebidentzia latzarekin egin zuten topo; eta gramatika desagerrarazi ez, baina kontzentrazio-esparruetan itxi zituzten hezurdura zaharrak (esparru hauek dira gure hurbileko tradizio komunikatibistak programazio-orrien eskumako goiko bazterrean erakusten dituenak).

Edozein mugimendu pendularren ostean gertatzen den moduan, joera komunikatiboak onartu egin behar izan du gramatikaren beharra, baita gramatika esplizitu apur batena ere, baina arazo larriarekin egin du topo, hots, joera ‘komunikatibo’arekin bat etor zitekeen gramatikaren ikusmoldea landu ez izanarekin; ondorioz, ikasleak ‘gramatika’ eskatzen duenerako, trumilka atera behar izan ditu hezurdura zaharrak kontzentrazio-esparru formalistetatik. Irakaskuntza-prozesuaren gorputza, berriz, haragiaren gorespenera makurtu du, xerra nozio-funtzionaletan zerbitzatutako okela eskainiz, nahiz eta ezinezkoa den beronek hezur eta giharrekin bat egitea. Hau da: gaur egun komunikatiboa izateak gramatikaren sistematasuna ukatzea dakar eta zatikatutako gorpua bailitzan aurkezten du, ikaslearen burmuinari utziz gramatikaren moduluaren berrosatze lan osoa.

Ondorio pedagogikoa: ikasgela superultramegahiperkomunikatiboek aurrera egin behar dute gramatikaren antigoaleko ikusmoldearekin eta komunikatibotik ezer gutxi duen praktika konduktistarekin, hizkuntza sistema bezala ulertzea ahalbideratzen duten protokoloei begiak itxita (bestela esanda, begiak itxita ikasleak berak era arrakastatsuan zabal ditzakeen arauei). Hizkuntzaren oinarri formalari erreparatu nahi zaionean, esangurarik gabeko praktiketara jotzen da berriro; hizkuntzari esanahia eman nahi zaionean, ahozko aktualizazioaren muturrera jotzen da, modu arriskutsuan diskurtsoaren eta pragmatikaren jostailu berriari gehiegizko balioa emanez eta funtzio zerrenda luzeak kopiatuz, non hizkuntz-formak nahasmendu adigaitzetan biltzen diren. Zertan egiten dute kale gure arauek? Ikasleari proposatzen bazaio espainiar behi sendo bat berpiztea hamaika tamaina eta itxurako xerra eta hezurrak erabiliz, ez da zaila izango asmatzea zeintzuk izango diren zailtasunak edota berehalako emaitzak.

(Nuria Estevan Molinak, Municheko Cervantes Institutuko ikasketa-buruak, Columbia Universityko José Placido Ruiz Campillori eginiko elkarrizketaren (pdf) pasarte bat)

Badirudi zerbait ari dela mugitzen gramatikaren munduan.Elkarrizketa bateko pasartetxo bat baino ez dizuet ekarri hona, lagin gisa. Nire ustez, hemendik aurrera sarritan izango dugu gramatika kognitiboaren berri. Gramatika beste ikusmolde batekin eraikitzeko modua da. Objektu deskriptibo izatetik, burmuinaren esanahiaren eraikuntza modua aztertzera igaro da. Ez dira kontzeptu errazak. Baina badirudi gramatika berri baten atarian gaudela, apurka-apurka aldamioak jartzen hasi beharko dugulakoan nago, ezen gramatika mota hau bestea baino askoz ere didaktikoagoa izan baitaiteke.

Dena den,niri neuri ez zait gustatzen Ruiz Campillo irakasleak erabilitako erregistroa; ezta metodo komunikatiboei egindako kritikan erabiltzen den erredukzionismoa eta nolabaiteko mespretxu intelektuala ere. Baina, aldi berean, esango dizuet kontu honek guztiak burutazio asko sortu dizkidala, ez dela kontu hutsala. Oraindik ere oinarri oinarrian erantzun gabe ditugun galderak planteatzen direla berriro ere: zer den hizkuntza, zein funtzio duen, zer eta nola ikasi behar den… Inork ez dezala pentsa atzera buelta bat denik, askoz haratagokoak eta sakonagoak dira hemen planteatzen direnak eta.

Oharra: egia esan, nahiko bazterrekoa da ekarri dizuedan pasartea, zuen interesa piztea zen nire helburua. Testuinguruan ikusi nahi izanez gero, jo CIVELEren blogera, bertan zenbait artikulu interesgarri topatuko dituzue eta.

Irudia: Communication. DailyPic Flickr-en. Lizentzia.

Etiketak: gramatika | gramatika kognitiboa | hizkuntza | komunikazioa | metodo komunikatiboa |
Bidalitako artikuluak

Kritikak

Benito-(e)k 2009, Otsaila 5 - 01:31-(e)an bidalia.

Ba, neuri gustatu zait kritika hori. Beharbada nekatuta nago "komunikatibo" hitzaren erreibindikazio hutsal eta panfletarioekin, edo komunikazioa jolasarekin edo "mintzapraktikarekin" nahastuta ikustearekin, edo gramatikaren zentsurarekin (baita gramatikista itsu eta "komunikazioari" intsumiso autoproklamatuak baina azken batean inmobilista hutsak baino ez direnekin ere, dena esan behar da).

Gramatika hizkuntzaren partea da, gustatu ala ez. Beste gauza bat da haren tratamendua eta ikuspegia. Arrazoia ematen diot Campillori horretan, gramatikaren hutsunea nabarmentzen hasi ahala komunikatibista sutsuenek ere ez dute nondik irten jakiten, eta lehengo dotrinetara bueltatu ohi dira, erdi izkutuan eta aitortu barik baina hara.

Ondo dago beraz gramatikari beste ikusmolde bat emateko saioa, baina, arrazoia, hizkera argiago batekin etorri balitz, hobeto.

 

Banderak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Otsaila 5 - 19:31-(e)an bidalia.

Banderei diet beldur nik. Eta iruditzen zait Ruiz Campillok gogorregi astindu duela gramatika kognitiboaren bandera.

Ados nago esaten dituen zenbait gauzarekin. Ados, beste gramatika bat ere badela erakusten duenean. Ados, bigarren hizkuntzaren ikaskuntza-modu gehienetan gramatikak garrantzia duela esaten duenean. Ados, joera komunikatiboen gabezietako bat gramatika propioa eraiki ez izana dela dioenean.

Baina ez nator bat bere amarru intelektualekin. Ez dut uste joera komunikatiboak metodo natural eta nozional-funtzionalarekin bukatzen direnik (zati bat kritikatuz, guztia errefusatzen da horrela). Ez dut uste gabezia bat (gramatikarena) aipatuz, ekarpen guztiak bertan behera utz daitezkeenik (berriro ere amarru bera erabiliz). Ez dut uste ezein gramatikak, ezta kognitiboak ere, gune eta hezurdura izan behar duenik. Nire ustetan hizkuntzak ez du hezurdurarik, ez bakarra behintzat, ez da estatikoa, dinamikoa baizik eta behi espainarrarekin baino jarioarekin eta komunikazio sarearekin du zerikusi handiagoa.

Komunikazioa da giza-adimenaren eboluzioaren agente nagusia eta komunikazioaren zati da hizkuntza. Beraz, jar ditzagun gauzak bere lekuan. Gramatika kognitiboa garrantzitsua izan liteke oso hizkuntzaren didaktikan baina ez hezurdura nagusia. Hizkuntza zenbait katebegiren arteko fluxuan sortzen baita: garuna, zentzumenak, mintzoa, ingurua, memoria, errepresentazio sinbolikoak...

Ondorioz, gramatika kognitiboa bai, baina komunikazio konpetentziaren barnean. Tresna gisa eta ez helburu bezala.

Tamalez, nik ere bandera astindu dudalakoan nago ;-(  Zer egingo diogu ba! Baina ez ezazue pentsa inola ere gramatika kognitiboari erreparurik diodanik. Oso bestelakoa da nire jarrera. Gramatikaren erabilera unibokoa alde batera uzteko oinarriak jartzen ditu, beronen erabilera estrategikorako, errepresentazio audiobisualerako, didaktizazio indartsurako eta horrek guztiak gramatika kognitiboarekiko esperantza sendoa sorrarazi dit.

I.O:

1. Beldur naiz ez ote diren gramatika zaharraren gerlariak liburu horiztatuak ezkutu lez erabiliz, bandera berri honen atzetik etorriko. Berdin dio... ez dabe entenditzen, ez dia beinbez kalian bizi izan ta ondio ez dabez betiko eskemak apurtu (Hertzainak taldearen abestia gogoan).

2. Hona, gramatika kognitiboaren beste adibide esanguratsu bat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia