lll

07
Urt
2009

LLL eta gu (II)

Plisti-plasta | 2009, Urtarrila 7 - 22:14

Lehenagoko mezu batean, etengabeko ikaskuntzaz ari ginela bi galdera plazaratu genituen:

  • Zergatik etengabeko ikaskuntza kontzeptuaren berreraikitze lan hau, orain eta gaur?
  • Zeri erantzun nahi dio: sistemaren egokitzapen beharrei ala pertsonaren hazkuntza intelektualari?

Zenbait kontzeptu errepikatu arren, bi galderoi erantzuten saiatuko gara lehenbizi;  ondoren, euskararekiko inplikazioei ekiteko oinarriak izate aldera.

Historiaren hasieran lana eta ikaskuntza lotuta zeuden, ez zegoen eskolarik eta arituz ikasten zen ofizioa. Bizitza ez zegoen gaur egun bezain konpartimentatua (kontuan izan haurtzaroa bera nahiko kontzeptu ‘berria’ dela). Apurka-apurka ikaskuntza isolatu egin zen, eskolak, unibertsitateak eta aroak sortu. Honela guk ezagutu dugun garaira arte, non argi eta garbi bereiz ditzakegun ikasteko garaia, lan egitekoa eta erretiroa.

Ikasteko garaian bizitzarako eta lanerako beharrezko izango ditugun gaiak geureganatu ohi ditugu. Sistema honen eraginkortasuna zalantzan da gaur egun, ordea. Batetik, eskolak oso azkar aldatzen den gizarte berri baterako prestatu behar dituelako ikasleak eta honek izugarrizko moldaketa lana eskatzen diolako; eta, bestetik, bizitza profesionala gero eta ezegonkorragoa, inprebisibleagoa eta, beraz, aldez aurretik ‘prestatzen’ zailagoa delako. Sistemak arazoari aurre egiteko etengabeko ikaskuntzaren kontzeptua jarri du abian. Honela, langileak ez du soilik une jakin batean ikasiko, bere bizitzan zehar ikasteko une ugari izan beharko ditu aniztasun profesionalari, egokitzapen beharrari eta aldaketen abiadurari aurre egin ahal izateko, ‘fast’ gizartearen morrontzak, alegia. Morrontzak ala aukerak?

Etengabeko ikaskuntzak bietatik izango du seguruenik baina utz dezagun kontu bat argi. Langileok azken hamarkadetan lorpenik izatekotan berau, komatxoak komatxo, ‘ongizate-estatua eta estatusa’ izan da eta beronetan giltzarri: aisialdia. Aisialdia denbora librea da, libre sentitzen garen aldia, geure  aldia. Norberaren garapenerako aldia. Hauxe da garaikideon konkista handienetariko bat. Argi izan behar dugu kontzeptu hau. Ezin dugu aisialdiaren inbasiorik onartu, ezta etengabeko ikaskuntzaren aldetikoa ere. Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta.

Eta euskara? Hara, nire ustetan ikasle askorentzat euskara izan liteke etengabeko ikaskuntzaren adibide. Ikasketa alditik kanpo, egokitzapen profesionalerako zabaldu behar izan duten ikasketa aro berri bat, alegia. Baina hizkuntza komunikazio tresna da, eta komunikazio tresna den neurrian pertsonaren ekinbidearen alderdi guztiak jaso behar ditu, lana eta aisialdia barne. Eta hortxe egiten dugu zenbaitetan kale. Dakargun aurreko paragrafoko pasarte bat eta begira diezaiogun berriro ere, oraingoan euskara buruan dugula ‘Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta’. Jakin dakit ñabardura eta zirrikitu ugari dituela esaldiak baina adierazi nahi dudana zera da: ezin dugula euskara egokitzapen profesionalerako item huts bilakatu.

Azkenaldi honetan, bidea bata edo bestea izan, kezka berera heltzen naiz. Izan ere, egora soziolinguistikoak horretara ekarrita, oso desorekatua dugu euskara. Mundu akademikora eta lan mundura lerratuegi. Euskara noranahikoa dela erakuste nahi horri ere eusten ikasi behar dugu, noizbait. Ondorioz, hizkuntza euskararen profesionalen mundura eta araura (dela hizkuntzari berari dagokiona, dela akreditazio beharrari) lerratuegi ikusten dut. Aurrera egin dugu lan munduan eta mundu akademikoan (arrazoiak arrazoi, zenbaitetan kosta ahala kosta, ikaslearen aisialdia inbadituz). Bide errazenetik jo dugu (halabeharrez, agian). Sistema, administrazioa, erabili dugu euskara hedatzeko. Ezinbestekoa izan dugu, akaso, hizkuntzaren biziraupenerako, ezinbestekoa dugun moduan hiztun komunitatean oinarritutako  hizkuntza larrekoa, kolokiala, aisialdikoa, motibazio pertsonalari eta ez kanpotikoari erantzuten diona.

Argazkia: Studying in a train. Egilea: tanakawho (Flickr). Lizentzia.

Sindikatu edukia