Bati baino gehiagori irakurri diot iragarri iragartzen direla egitekoak diren jardunaldiak, ekitaldiak...; baino gero gutxitan idazten dela zer esan den, nola atera diren. Bilboko Euskaldunan egin ziren erabilera-planen inguruko jardunaldiekin beste horrenbeste gertatzerik nahi ez dudanez eta bertan egoteko aukera izan nuenez, berauen berri ematera noakizue.
Urtarrrilaren 27an eta 28an makina bat teknikari elkartu zen HPSek egindako gonbiteari erantzunez eta euskararen erabileraren inguruan zer egiten zen eta zer egiteko asmoa zegoen jakiteko. Aldez aurretik iragarria zegoen eta ondorengo kroniketan nabarmendu zen IRATI izeneko programa izan zen izar nagusia, baina, egia esan, ez genuen izan zehaztasun handirik ezagutzeko aukerarik izan, aipatutako programa oraindik erabat prest ez dagoelako. Baina Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaria Joseba Lozanok aurreratu zigunez, erabilera planak egiteko eta berauen jarraipena egiteko tresna praktikoa izango da. Sistemak adierazle- menu bat eskainiko du beraien artetik aukeratzeko. Berriak sartzeko aukera ere egongo da. Eskaintza zabala, edozein egoeratan aplikatzekoa. Langile bakoitzaren erabilera-plana egiteko aukera ere eskainiko du; mikroplanak edo plan pertsonalizatuak. Datorren astetik aurrera egingo dira aurkezpenak EAEko hiru lurraldeetan.
Etorkizuna aurreikusi ezinik geratu baginen, gaur egun eramaten diren hainbat esperientziaren berri bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen, berauek kudeatzen edo zuzentzen dituztenen ahotik. Horrela, tokiko administrazioko muturreko bi esperientzia ezagutu genuen, muturrekoak berauek aplikatzen diren egoera soziolinguistikoei erreparatzen badiegu. Alde batetik, euskaldunen eta euskal hiztunen proportzio txikia duen Abanto-Zierbenako bezalako udaletxe batean euskararen erabilera areagotzeko zer egiten den jakin izan genuen bertan teknikari-lanetan diharduen Sonia Rodriguezen eskutik. Bertako ahaleginak, esaldi honetan laburbildu zituen: Azken batean, “lorgarriak diren helburuak, egingarriak diren ekintzen bidez”, egunez egun, pausuz pausu. Beste muturrean, Hernaniko udaleko euskara-teknikaria den Malores Etxebarriak “euskara hutsezko harremanak sustatzeko proiektuak” azaldu zituen. Horretarako lau esparru aukeratu zituen: Kultur Etxean eskaintzen diren ikastaroak (hauen artean euskara hutsezkoak antolatzeko ahaleginak; zerbitzu jasole euskaldunen errolda osatzen ari diren ahaleginak herritarra udalaren informazioa euskara hutsean jasotzera animatuz; udal barruko dokumentazioa ( dena itzuli behar ote?); eta, azkenik, beste administrazioekiko harremana.
Beste bloke batean etorri ziren Administrazio Orokorreko sail ezberdinetan burutzen ari diren beste esperientzia batzuk: Garraio eta Herri Lan Sailean, Bizkaiko Garraio Partzuergoan, Herrizaingo Sailean, Gipuzkoako Foru Aldundian, Eusko Legebiltzarrean… Ez gara bertan esandakoez luze arituko, ez baita gune honetan ari garenon interesekoa, seguruenik; baina bai azpimarratu nahi nituzke bizpahiru kontu: lehenengoa, oso garrantzitsua dela, ezinbestekoa esango nuke nik, normalizazio kontuetarako ardurarik handienak dituztenek ideiak argi izatea eta horien araberako apustu eta erabaki ausartak hartzea. Horixe frogatu ahal izan genuen Herrizaingo Saileko Zerbitzu-zuzendaria den Iñaki Gurtubairen hitzetan: goi arduradunen goi mailako HEen aldeko apustua, langile euskaldunen arteko harreman sarea trinkotze aldera hartutako zenbait erabaki (helbidetegian euskal hiztunak nabarmendu, “sarepoint” izeneko barne-harremanak sustatzeko tresna, barruko harreman ofizialak zein lagunartekoak euskara hutsezkoak izan daitezen sustatu…); eta are nabarmenago Bizkaiko Garraio Partzuergoko Idazkari Nagusi den Imanol Bilbaoren hitzaldi argi, fresko eta politikoki ez-zuzenean. Azkenik, Legebiltzarreko normalkuntza-teknikari ohi Iñaki Frieraren hitzaldian frogatu eta ikusi ahal izan genuen honelako jardunaldietan eskaintzen diren hitzaldi andanetan, atsegintasuna, dotorezia eta umorea bateragarriak izan daitezkeela.
Entzuleriari dagokionez, jardunaldiak arrakastatsuak izan ziren; izan ere, Euskaldunako E Aretoa lepo bete zen. Nagusiki, hizkuntza teknikariak eta hauen artean gero eta ugariagoak diren euskaltegietako irakasle-ohiak (ni neu tarteko), normalizazio-lanetarako birziklatuak. Eta, askoren ustetan, politikarien eta hainbat goi-karguren hutsunea; hurrengo jardunaldiek teknikari zein politikarientzat izan beharko zutela iradoki zuen batek baino gehiagok.
- Jardunaldietako hitzaldietako testuak eta aurkezpenak eskuragai dituzue helbide honetan: Erabilera planak herri-administrazioetan. Euskara teknikarientzako lan jardunaldiak
- Iruzkinak Tiraka blogean: Erabilera planak herri-administrazioetan



Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Martinezena blogean beste kronika bat ari da egiten bertako egilea. Bere apunteak ari da igotzen. Momentuz lehen biak:
http://martinezena.nireblog.com/post/2009/01/31/erabilera-planak-herri-administrazioetan-nire-apunteak-i
http://martinezena.nireblog.com/post/2009/02/02/erabilera-planak-herri-administrazioetan-nire-apunteak-ii