metodo komunikatiboa

05
Ots
2009

Gramatikaz

Plisti-Plasta | 2009, Otsaila 5 - 01:22

Joera komunikatiboak eztanda egin zuen arte, gramatika zen irakaskuntzaren gunea. Hizkuntzaren ustezko ‘hezurdura’ irakasten zen eta ikaslearen berreraikitze gaitasun inkontzientearen ardura zen hezurdurari haragia eranstea, honela sortutako izakiak behar besteko bizitasuna izan zezan. Itxuraz miraria zatekeena, azkarrago edo beranduago, gertatu egiten zen gainera. Hasiera hasierako pogrom komunikatibistak, unerik erradikalenean eta dogmatikoenean, gramatika desagerrarazi nahi izan zuen irakaskuntzatik; hala ere, gramatikarik gabe ez dagoela hizkuntzarik erakusten duen ebidentzia latzarekin egin zuten topo; eta gramatika desagerrarazi ez, baina kontzentrazio-esparruetan itxi zituzten hezurdura zaharrak (esparru hauek dira gure hurbileko tradizio komunikatibistak programazio-orrien eskumako goiko bazterrean erakusten dituenak).

Edozein mugimendu pendularren ostean gertatzen den moduan, joera komunikatiboak onartu egin behar izan du gramatikaren beharra, baita gramatika esplizitu apur batena ere, baina arazo larriarekin egin du topo, hots, joera ‘komunikatibo’arekin bat etor zitekeen gramatikaren ikusmoldea landu ez izanarekin; ondorioz, ikasleak ‘gramatika’ eskatzen duenerako, trumilka atera behar izan ditu hezurdura zaharrak kontzentrazio-esparru formalistetatik. Irakaskuntza-prozesuaren gorputza, berriz, haragiaren gorespenera makurtu du, xerra nozio-funtzionaletan zerbitzatutako okela eskainiz, nahiz eta ezinezkoa den beronek hezur eta giharrekin bat egitea. Hau da: gaur egun komunikatiboa izateak gramatikaren sistematasuna ukatzea dakar eta zatikatutako gorpua bailitzan aurkezten du, ikaslearen burmuinari utziz gramatikaren moduluaren berrosatze lan osoa.

Ondorio pedagogikoa: ikasgela superultramegahiperkomunikatiboek aurrera egin behar dute gramatikaren antigoaleko ikusmoldearekin eta komunikatibotik ezer gutxi duen praktika konduktistarekin, hizkuntza sistema bezala ulertzea ahalbideratzen duten protokoloei begiak itxita (bestela esanda, begiak itxita ikasleak berak era arrakastatsuan zabal ditzakeen arauei). Hizkuntzaren oinarri formalari erreparatu nahi zaionean, esangurarik gabeko praktiketara jotzen da berriro; hizkuntzari esanahia eman nahi zaionean, ahozko aktualizazioaren muturrera jotzen da, modu arriskutsuan diskurtsoaren eta pragmatikaren jostailu berriari gehiegizko balioa emanez eta funtzio zerrenda luzeak kopiatuz, non hizkuntz-formak nahasmendu adigaitzetan biltzen diren. Zertan egiten dute kale gure arauek? Ikasleari proposatzen bazaio espainiar behi sendo bat berpiztea hamaika tamaina eta itxurako xerra eta hezurrak erabiliz, ez da zaila izango asmatzea zeintzuk izango diren zailtasunak edota berehalako emaitzak.

(Nuria Estevan Molinak, Municheko Cervantes Institutuko ikasketa-buruak, Columbia Universityko José Placido Ruiz Campillori eginiko elkarrizketaren (pdf) pasarte bat)

Badirudi zerbait ari dela mugitzen gramatikaren munduan.Elkarrizketa bateko pasartetxo bat baino ez dizuet ekarri hona, lagin gisa. Nire ustez, hemendik aurrera sarritan izango dugu gramatika kognitiboaren berri. Gramatika beste ikusmolde batekin eraikitzeko modua da. Objektu deskriptibo izatetik, burmuinaren esanahiaren eraikuntza modua aztertzera igaro da. Ez dira kontzeptu errazak. Baina badirudi gramatika berri baten atarian gaudela, apurka-apurka aldamioak jartzen hasi beharko dugulakoan nago, ezen gramatika mota hau bestea baino askoz ere didaktikoagoa izan baitaiteke.

Dena den,niri neuri ez zait gustatzen Ruiz Campillo irakasleak erabilitako erregistroa; ezta metodo komunikatiboei egindako kritikan erabiltzen den erredukzionismoa eta nolabaiteko mespretxu intelektuala ere. Baina, aldi berean, esango dizuet kontu honek guztiak burutazio asko sortu dizkidala, ez dela kontu hutsala. Oraindik ere oinarri oinarrian erantzun gabe ditugun galderak planteatzen direla berriro ere: zer den hizkuntza, zein funtzio duen, zer eta nola ikasi behar den… Inork ez dezala pentsa atzera buelta bat denik, askoz haratagokoak eta sakonagoak dira hemen planteatzen direnak eta.

Oharra: egia esan, nahiko bazterrekoa da ekarri dizuedan pasartea, zuen interesa piztea zen nire helburua. Testuinguruan ikusi nahi izanez gero, jo CIVELEren blogera, bertan zenbait artikulu interesgarri topatuko dituzue eta.

Irudia: Communication. DailyPic Flickr-en. Lizentzia.

Sindikatu edukia