23
Urt
2009

Didaktikari: artzain-alegoria

Klase bateko krisiak klase guztietako krisiak eragin ditzakeela eta neuri identitate laboralaren krisia etorri zait gaur. Didaktikaria? Zer da didaktikaria izatea?

Halakoetan denok barruan daroagun gaztagile artisau hori azalerazten da lehenengo-lehenengo. Basoaren bake santura noa ardiak jagoten txakur ilegorria konpainia bakarra hartuta, buruan Idiazabal puruena zelan egin neke bakarra hartuta orduak eta orduak gogoeta iraunkorrean pago milenario baten arrimuan.

Baina siesta Euskalmeten elur-kotaren mugan suertatu ohi den pagoaren azpian egin edo gas naturalaren epelean egin balantzan jarrita, ardilatxak pegatinarako geratzen dira segidan eta malaletxeak gaztanberaren tenperaturara epeldu.

Estufara arrimatu eta eskuak igurtzi bitartean autodefinitzen saiatuko gara.

  • Nora, noiz eta nola joan behar den dioen pastoreak gara? Zelan dakigu guk berriz? Ardiak bagina gure moduko artzain bati egingo genioke kasu? Fidatuko ginateke? Belar ona eta freskoa aurkitzen jakingo genuke beti?
  • Instrukzioak jaso eta haiexek betearazten ditugun artzai-txakurrak gara akaso? Fede itsu horrekin gobernatu behar dugu azienda? Nor da gure patroia orduan? Nondik datoz instrukzio horiek? Ondo eman dizkigute? Ondo ulertu ditugu?
  • Edo belartzara gidatu beharrean pentsua egin eta banatzen ibili behar dugu? Belar onik beti ez eta pentsua aukera onena ote? Gure pentsuek beteko dituzte proteina-karbohidrato-koipeen proportzioak?
  • Edo herren zein ardi dabilen begiratu, hura hartu eta tratamenduan ipini? Larrialdietako albaitaria 24 orduz. Anbulantzia nahikorik bai? Botikarik?
  • Ardiak eta txakurrak entrenatzen eman behar dugu denbora? Gure hizkera ulertuko ote dute? Jakingo dute gero bazkarako bide ona aurkitzen? Trokaren batean behera ez dira amilduko? Ala buelta eman eta guri begira-begira jarriko zaizkigu, kieto-kieto geldirik? Ardiek berez belarra aurkitzeko sena dutela sinesten dugu?
  • Mataderora zein bota behar den erabakitzea ere tokatuko zaigu? Hau estura!
  • Borda ondoan orduak eta egunak luze nora edo hara begira kaskarra irakinetan hasiko zaigu akaso? Milaka bidezidor egingo ditu hark gora eta behera ipurdia harritik altxatu barik. Zorameneraino bidea egiten ei du sarri artzainaren buruak. Tradizioan bestalde artzaina kantari eta olerkari irudikatzen da sarri.
  • Gure ardiek ematen duten onena jetzi eta labeldun gazta eginda munduari ematea izan liteke gure zer egina? Ketuta, ketu barik, gatzatuan edo gazta zahar eginda. Jakingo ote dugu halako delicatessen-ak prestatzen? Eta saltzen?
  • Hobe izango genuke bestela ardiak kortan sartu, makinak entxufatu eta handixik gobernatu? Baina gazta berdin-berdina izango litzateke? Puristek onartuko lukete?
  • Eta otsoa? Otsoa baletor? Zer egin beharko genuke? Otsorik bada ala?

Honetan nabilela ardiak eta txakurra berbetan hasi dira, gure modura. Eurek ere ardia izatea zer den ondo ez dakitela esan dute. Ahariren bat agertu da harro-harro,  berak bai, berak badakiela. Segidan beste ahari batekin hasi da talkan.

Alegoria pastoril batean sartu gara deskuidoan. Akabuan orain ulertzen dut hark ulertzen ez zuena: euskaraz artzaina izendatzeko zergatik dauden hainbeste berba.

PD: eta non ikasten da artzain izaten?

Argazkia: Nevadan euskal artzainek egindako inskripzioa. Eusko Sareren bidez.

gogoeta bikaina

Iñaki Calvo (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 23 - 16:48-(e)an bidalia.

Egun hauetan Lakoffen eguneroko metaforen testuekin nabil gora eta behera eta, justu orain, zu agertzen zara gure lanbideari buruz galdezka halako metafora ederrekin... Erantzunik eman nahi nizuke, baina nik neuk ez dakit zer moduzko artzaina naizen. Bestalde, asko gustatu zait txakurren, ardien eta aharien ikuspuntua ere kontuan izan izana.

Eskerrik asko gogoeta poetiko hau konpartitu izanagatik.

Hurrena arte, Benito!

Uuuuuuuuuuuuuuuuuu!

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 23 - 18:05-(e)an bidalia.

Otsoak uau, uau, uau, uau

mendi gainetan ugari

txuri, beltzak, urdin, gorri

trumilka dira etorri.

Horregatik Txanogorritxu

urrundu otsoetatik (bis)

 

 Otsoak uau, uau, uau, uau

goseak ditu ekarri

errez baita aurkitzea

inguru hontan janari.

Horregatik Txanogorritxu

mintzatzen da otsoekin (bis)

 

Otsoak uau, uau, uau, uau

irrifar egiten daki

hortzak luze hain ederki

izan dezagun erruki.

Horregatik Txanogorritxu

pozik dabil otsoekin (bis)

 

Otsoak uau, uau, uau, uau

jan ditu hamasei txerri,

ehun oilo, hogei ardi

gosea kentzen badaki.

Horregatik Txanogorritxu

beldurtu da otsoekin (bis)

 

Otsoak uau, uau, uau, uau

berek dakiten bidetik

laister, berriz, ustegabe

artaldearen erditik.

Zoritxarrez, Txanogorritxu

beti dabil otsoekin (behin eta berriro).

 

Uuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuu!

(Xabier Lete)

Entzun nahi izanez gero, sakatu hemen. 

Itzulpenak eta lanak

Benito-(e)k 2009, Urtarrila 23 - 22:56-(e)an bidalia.

Iñakiri esker konturatu naiz didaktikari hitza ez dela erraza izaten gaztelaniara itzultzen (beste hizkuntzetan?)."Didacta", "didáctico" eta halakoak ez dut uste oso erabiliak direnik. Guk egiten ditugun lanak berriz egon badaude. Situacion Ele azterketaren galdetegian banaketa hau dugu adibidez:

Tabla 5. Roles de los docentes de E/LE exceptuando la actividad lectiva
ROLES DOCENTES

%

Analista de necesidades

13%

Responsable del currículo

17%

Elaborador/a de material didáctico

53%

Orientador/a

18%

Tiene otros profesores a su cargo

10%

Investigador/a de su actividad docente

24%

Formación continua

18%

Evaluador de exámenes externos

17%

Otro

10%

ELE irakasleen artean lan didaktiko zabalduena materialgintza dela diosku emaitzak bestalde.

Hau ikusita, galdera klabea beharbada: didaktikaria izatea lan bakarra da? Konpetentzia multzo bakarra?

Eta:

  • Non dago irakaslearen eta didaktikariaren (edo didaktikari errolen) arteko muga? Zertan da berezia didaktikaria?
  • Zer nagusitzen da paper desberdinetan: erudizioa, sormena, komunikazioa, ikasten laguntzeko trebezia, kudeaketarako gaitasuna, informazioa tratatzeko abilezia...?
  • Zer-nolako espezializazioa behar da?

Didaktikaria

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Urtarrila 25 - 01:02-(e)an bidalia.

Ezjakinaren ausardiaz arituko natzaizu gaurkoan ere Benito. Inoiz didaktikari izan ez den irakasle baten ikuspuntutik, alegia.

Kontuak argitzeko lehenengo eta behin didaktikari horren lan-esparrua zein den jakin beharko genuke: sare mailan ari den ala euskaltegi mailan (udal euskaltegietan, adibidez, sarritan idazkari akademikoek betetzen dute paper hau).  Batzuen eta besteen lan-baldintzak ere hor daude, organigraman duten pisua eta beste zenbait faktore. Horiek horrela, testuinguru honetan zehatzago jokatzerik ez, eta orokorrean aritu beharko dugu, honenbestez.

Nire ustez didaktikariak bi zeregin nagusi izan behar ditu: etengabeko formazioaren sustatzaile eta euskaltegietako jardun akademikoaren hobekuntzarako lan dinamika sustatzaile (tokian tokiko coach-a).

Ez dut uste didaktikariak materialgilea izan behar duenik batez ere. Ideia zahar baten oinordekoa dugu hori. Edukia lehenesten duena. 'Edukia denez garrantzitsuena jar ditzagun didaktikan adituak edukiak egiten'. Garaiak aldatu egin dira, konturatuta gaude edukiak eta tresnak baino garrantzitsuagoak direla pertsonak eta berauen arteko harremanak. Honexek izan behar du, beraz, nire ustetan lehentasunezko lan-eremua.

Bestalde, didaktikariaren zereginak aipatu ditudanean apropos erabili dut 'sustatzaile' eta apropos alboratu 'arduradun' hitza. Nik sarean sinesten dut, komunitatean. Ez dut uste batek edo besteak esandakoek funtsezko eragina dutenik (esaten diren horiek norabide bakarrekoak direnean, behinik behin). Norberak egin behar ditu galderak, norberak aurkitu edo aukeratu erantzunak, elkarrengandik ikasi. Beharrezkoak dira horretarako jarioa eta jario eta dinamika sustatzaileak, coach-ak.

Izan gaitezen honetan ere konstruktibistak. Irakasleon mailan beti esaten dugu rolak aldatu egin direla, ikasleak autonomoa izan behar duela, berak hartu behar duela ikas-prozesuaren erantzukizun nagusia. Irakaslearen lana, gaur egun, bestelakoa dela, ikas-irakasprozesuaren bideratzailea, elkarreragin-sustatzailea, ikasleari bere helburuak lortzeko sare berria ehuntzen lagunduko diona.

Ordezka ditzagun goiko paragrafoan pare bat hitz: jar dezagun 'didaktikari', 'irakasle' jartzen duen lekuan; irakur dezagun 'irakasle', 'ikasle' jartzen duen lekuan eta definituta izango dugu modu koherente samarrean didaktikariaren zeregin nagusienetako bat.

I.O:

'Izan gaitezen honetan ere konstruktibistak' diot enfasi osoz eta ezin izan duzue ikusi atera zaidan irrifarretxoa. Susmoa dut gero eta erreparu gehiago ditudala konstruktibismoarekiko, nahiz eta konstruktibismoaren ideia batzuekin erabat ados egon.

Iruzkina hankamotz geratu zaidan sentsazioa ere badut, gehiago hitz egin nahi nuen didaktikariaren euskaltegiz euskaltegiko lanaz eta lehengo batean Ainhoak aipatu zuen overflow learningarekin lotu baina ez dut aurkitu modurik. Egun traketsa daukat, borrokan dabiltza nire burua eta qwerty madarikatu hau. Zer egingo diogu, ba! Beste batean izango da.

Kontzeptu labelduna?

Karrajua-(e)k 2009, Urtarrila 26 - 20:50-(e)an bidalia.

Didaktikari izeneko figurarentzat zer egin eta funtzio batzuk proposatzen dituzu, eta horiek ere badira, gehien bat pertsonen prestakuntza, elkarreragina, komunikazioa eta etengabeko hobekuntza gogoan. Ados nago zurekin neurri handi batean, baina "didaktikari" hitz horren atzetik zer dagoen aztertu nahi nuke.

Iñakiren itzulpena dela eta, konturatu naiz didaktikari kontzeptu hori oso geurea dugula helduen euskalduntzean. Seguruenik eraketa-didaktika banaketa horretatik eratorrita. Didaktika zientzia edo ezagutza misteriosoarekin ausartzen denari -"didaktikako txapekin" alegia- kantxa ematen zaio hizkuntza ikastearen inguruan misterioak non agertu hark gobernatu dezan. Eta:

  • "Misterio" horiek arlo desberdinetan agertzen dira: materialgintza, prestakuntza, kurrikulua, teorizazioa, berrikuntza... eta azkenotan hauei guztiei teknologia batu zaie.
  • Ondorioz, pertsona horrek arlo guzti horietako bazterrak kontrolatu behar ditu, eta ondoan egon behar da irakasleak eta eraketariak, misterio horietara arrimatu ezin diren profanoak, norengana jo izan dezaten.
  • Dena bloke batean ikusten du jende askok orduan, eta hortik figura hori: didaktikaria. Egia da hala ere, non-nork erabili ñabardura desberdinak izan ditzakeela: batzuentzat aholkulari-coach-laguntzaile figura hori izango da gehiago, beste batzuentzat didaktikarekin zer ikusia duten objektuak kudeatzen dituena: materiala, kurrikulua; beste batzuetan aditu edo jakintsu papera hartu beharko du...

Lehengo egunean Enric Serrak hizkuntz-zerbitzuen hibridazioaz hitz egiten zuen. Gero eta lausoagoak dira prestakuntza, aholkularitza, gidaritza eta abarren arteko mugak. Gehituko nuke materialgintza, ikerkuntza eta berrikuntza ere hor dabiltzala. Zuk diozun modura, edukia, pertsonak, tresnak eta zerbitzuak batera datoz, ez dira mugatzekoak izaten alegia. Baina lausoak lauso, bi gauzatatik hasi behar dela uste dut:

  1. Lan ezberdinak daude didaktika deitzen den mundu horretan, eta lan ezberdinak izanda lan horietarako jarduerak, ezagutza eta konpententziak ez dira beti berdinak izango. Materialgileak profil, jarduera eta tresna batzuk izango ditu, ikertzaileak beste batzuk, aholkulari-coach horrek beste batzuk eta prestakuntza... Ba, dudan nago prestatzailea berez zer egin bat denik, prestakuntza bideratzeko erak eta erak daude, eta uste dut hor dagoela gakoa. Denok gara prestakuntzaren partaide, emale nahiz hartzaile, eta bide asko ditu. Prestatzailea baino, prestakuntzako antolatzailea behar dela esango nuke.
  2. Didaktikaren ezagutza eta konpetentzia ez da didaktikariaren kotoa. Alderantziz, ikaskuntza sustatzea zer egin nagusia duten erakundeetan (hori da euskaltegia, ezta?), partaide guztiek izan behar duten konpetentzia didaktikoa: ezagutza, interpretazioa, garapena eta praktikara eramateko konpetentzia, irakaslearengandik hasita (irakaslearena da lan didaktiko nagusia azken batean, ezta?), eta erakunde horren erabaki eta kudeaketan parte hartzen duteneneganaino. Ez dut uste une honetan onartu daitekeenik "ni eraketakoa naiz eta ez du didaktikaz jakin behar" bezalakorik, "ez dakit didaktikaz" akaso bai, baina hori konstatazioa baino ez da, ez atxakia.

Gaztelaniaz itzulita

Benito-(e)k 2009, Urtarrila 24 - 12:51-(e)an bidalia.

Iñakik gaztelaniara itzuli du mezua eta Ibilbidea blogean publikatu: Las labores del profesor en clave de alegoría pastoril

Eskerrik asko Iñaki. Gure erreferentziak eta gogoetak hesitik harago nola ulertzen diren konprobatzeko aukera ona izan daiteke.

Bide batez, egunen batean euskararen irakaskuntzan sortu ditugun geure erreferentziak eta hiztegiaz hitz egin beharko genuke. Apuntatuta.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia