ingurunea

07
Urt
2009

Ikasteko ingurunearen 10 osagai nagusiak

Robin Good ezizenaren atzetik Luigi Canali de Rossi dugu, sarean azkenotan teknologia, ikaskuntza, hezkuntza eta abarren ingurumarian nabarmendu diren figuretako bat. Webgune aktibo eta mamitsua du, eduki interesgarriz beterik, ingelesez, italieraz eta portugesez idatzita.

Haren artikuluen artean lehengo abenduaren 26an publikatu zuen The 10 Key Components Of An Ideal Learning Environment And The Timba Music School Model (Ikasteko ingurune idealaren 10 osagai nagusiak eta Timba musika eskolaren eredua) irakurri dut.

Erromako musika eskola baten funtzionamendua eta ikuspegia abiapuntu eta aitzakia hartuta, ikasteari buruz ondorio mamitsuak atera eta ikastea ahalbidetzen duen testuinguruaren 10 osagaien zerrenda egin digu.

Hau da zerrenda laburtuta (ez daukat astirik-gogorik-animorik itzultzen hasteko, baina baten bat animatzen bada...):

  1. Irekitasuna. Ez dago ordutegi eta leku banaketa zurrunik. Eskola irekita dago beti ikasleentzat, eta han dituzte baliabideak eta pertsonak.
  2. Ikasteko baliabideak, objektuak eta tresnak.
  3. Kide apasionatuak, gogotsuak, zaletuak.
  4. Eskarmentuko pertsonak, arituak,esperientziadunak, ibilitakoak, adituak nahi bada.
  5. Ereduak. Pertsona trebeak, konpetenteak, jarraitzeko modukoak.
  6. Profesionalak. Ikasi nahi den esperientzia horretatik bizi den jendea.
  7. Probatu, esperimentatu eta erroreak egiteko aukera.
  8. Erakusleihoa, eszenatokia, jendeaurrean (benetan) jarduteko aukera.
  9. Elkarrengandik eta elkarrekin ikastea, momentuan, proba eta azterketak ikusmiran izan gabe.
  10. Ikasketaria gidariaren eserlekuan. Zer-non-noiz-nola-norekin ikasi aukeratu.

Musikatik euskarara pasatzeko ez genuke egokitzapen handirik egin beharko, ezta? Nago hauek guztiak hemen inoiz nola edo hala aipatuta ditugula gainera.

Argazkia: Ikusten eta ikasten. Egilea: Thorbion (Flickr). Lizentzia.

31
Mai
2008

Ikastea: eginkizun soziala?

Atoan-en batzen ditugun aipamenek leku ezberdinetatik etorrita bat egiten dute sarri denbora tarte laburrean. Egunotan berriro gertatu da. 

Batetik, Kataluniatik Dolors Solák Euskararen Berripaperean hau bota zuen:

Hizkuntza bat ikasteak ez du pertsona heldu berrien ahalegina izan behar, gizarte osoaren laguntza eta parte-hartzea behar dituen eginkizuna baizik.

Bestetik, Galiziatik Séchu Sendek:

Non se pode deixar o proceso de normalización da lingua galega no campo exclusivo das accións individuais como motor do proceso de transformación social.

Hizkuntza ikastea eta haren normalizazioa ezin dira ekimen indibidualak izan.

Heldu berriei buruz ari da Dolors, etorkinei buruz. Nago hizkuntza batera heldu berri guztiak ez ote diren heldu berriak, hizkuntz-etorkinak nonbait. Kontzeptua horrela zabalduta ondorioa argia da, eta uste dut Euskal Herriaren kasuan euskara ikasleari aplikatzeko ez genukeela traba handirik izango, ezta? Hizkuntza ikasteak inguruaren sustengua eta laguntza behar ditu, are gehiago normalizazio prozesuan murgilduta dagoen hizkuntzaren kasuan.

Ez da lehenengo aldia honetaz diharduguna (ezta azkena ere, espero dezagun), ikas-paisaiarekin egin nituen psikolasto batzuk aurrekoan. Eta haritik tiratzen jarraitzea merezi du.

Euskal Herrian 2001. urtean panorama hau genuen (Euskararen datu basetik jasoa):

Zazpi urte harez gero. Ia euskaldunak %20 inguru orduan. Helduen euskalduntzeak eta eskolatzeak jarraitu dutelarik, egingo nuke une honetan euskaldun eta ia-euskaldunen kopuruek parekatzera jo dutela, biak batuta erdaldun hutsen kopurua gainditzearekin batera (daturik?).

Zer interpretazio egin daiteke? Asko seguruenik. Bat, akaso, euskara ikasten ari den edo ikasi beharra duen ingurune sozial batean gaude, hizkuntza normalizatuko bada, behintzat hala izan beharko luke.

Eta zer sustengu sozial dauzkagu? Irakaskuntza arautua (eta euskaltegiak eta enparauak hemen daude sartuta) nahikoa da? Ikaskuntza prozesua errazten eta sustatzen dituen ingurune soziala dugu? Ikas-paisaia, nahi baduzue.

Esango didazue. Bai, euskarazko hedabideak ditugu (prentsa, telebista, irratiak...), euskarazko hizkuntz-paisaia nahikoa zabalduta dago leku askotan... Eta askotan honelako batekin amaituko dugu: "baina horretarako, norberak egin behar du haiek erabilita ikasteko ahalegina".  Ekilikua! Norberak. Eta galderak:

  • "Norberak" badaki inguruneak eskaintzen dizkion baliabide horiek ikas prozesurako baliatzen eta erabiltzen? Baliabide horiek hurbil eta eskura dauzka?
  • Ahalegin guztiek motibazioa behar dute. Zer motibazio dabil airean?
  • Euskara erabiltzen denetan populazioaren zati handi baten hizkuntz-gaitasuna, eta hura landu beharra hartzen dira aintzat? Eztabaidatzeko gaia izan daiteke seguruenik. Hizkuntzaren ekoizpen "normala" behar dugu, ez ekoizpen "pedagogikoa". Baliteke, baina euskararen errealitatea ez da gaztelania edo frantsesarena, edo danierarena nahi baduzue, euskaldunen komunitatean "ikasle" asko ditugu.

Nago -eta kontua mahai gainean ipini baino ez dut egin nahi, sententziarik botatzeko batere asmorik gabe-, euskara ikastea eta erabiltzea sustatzen duten mekanismo eta sare sozialen beharrean gaudela. Zer eta nolakoak? Ez dakit seguru. Ideia batzuk:

  • Hizkuntzaren praktika eta erabilera bermatzen duten sareak eta aukerak. Ez da berria, ez, mintzalagunen kontua hor dago. Egokia, beharrezkoa eta baliagarria, baina Littlebearri kasu eginda, ez dut uste bide magikoa bakarra denik.
  • Hizkuntza ikasteko ezinbesteko baldintza formari erreparatzea eta hartaz gogoeta egitea ei da. Tarteko hizkuntza berregituratu, osatu, landu... Euskategian (edo euskaltegietatik bideratutako ikas-jardueretan) egiten da hau gaur egun gehien bat. Prozesu hau pizten duten pilulak han eta hemen uztea ez da posible? Nola? Ez dakit, baina deigarria egin zait azterketa sasoi honetan zelan igo den Ikasbilen erabilera. Seinalea ote da?
  • Feedback-a, atzeraelikadura nahi baduzue. Badakizu, ondo ari zaren ala ez esaten dizuten seinale horiek guztiak (ez soilik boli gorriaren marrak) . Feedback-a elkarreragina behar izaten du sarri, hartu-emana. Norabide biko komunikazioa sustatu beharko litzateke ikasle jendearekin, ez norabide bakarrekoa soilik.
  • Ikasten ikastea. Oinarrizko konpetentziez gero eta gehiago mintzo den honetan, hortxe dugu bat: ikasten ikastea. Bai, autonomiaz, autoikaskuntzaz, ikas-estiloak, ikas-estrategiak... parra-parra azken urteotan, baina, trebezia horiek aplikatzeko aukerak eta baliabideak sustatu behar dira. Hain ohituta ez gauden ikasteko autonomia hori gauzatzeko erraztasun nahikorik inguruan?

Tira, batzuenak eta besteenak irakurrita burua berotzen da, eta harridakak bota eta gustura geratzen da norbera. Tiratu beharreko haria dela uste dut beste barik, edo igual ez, zeuek esan.

Oraingoz ideia bakarra daukat argi: euskara ikasteak euskararen irakaskuntza gainditzen du. "Horretarako hainbeste buelta?" esango duzue. Bai, baina kontua da horrela ikusi eta tratatu beharra ere badagoela.

24
Api
2008

Paisaia eta paradigma

Blogosferan eta sarean oro har, irakaskuntza, hezkuntza eta teknologiaz idatzi denari apur bat adi ibili zaretenok segurunik hainbat berba eta kontzeptu entzun dituzue sarri: elearning2.0, konektibismoa, PLE edo Ikasteko Ingurune Birtuala, ikaskuntza informala, eportfolioa, sare sozialak, komunitateak...

Saltsatxua dabil, interneten eta blogosferan gehien bat. Paradigma aldaketaz ere ari dira batzuk. Eta, egia esanda, zirriborratzen diren gauza batzuek aldaketa nabarmena irudikatu dezakete. Besteak beste: ikaskuntzaren informalizazioa, deszentralizazioa, erakundeekin gero eta menpekotasun gutxiago, unean-uneko egin beharrekin lotura eta ez hainbeste programa eta tituluekin, irakaslearen papera eta figura bera ere une batzuetan lausotu egiten dira, sarearen kontzeptua agertzen da, deshierarkizazioa, kolaborazioaren papera azpimarratu....

Teknologiaren aurrerakuntza dago honen erroan neurri handi-handi batean. Hortik etorri dira gogoeta gehienak, eta, aldi berean, horretan geratzen dela iruditu zaie askori. Hala ere, ikaskuntza sistemen ikuspegia zabaldu egin nahi dela ere pentsa daiteke. Alemaniako esperientzia hau lekuko adibidez.

Ez daukat asmorik honetaz guztiaz laburpena egiteko, azkenotan belarrietan dantzan dabilzkidan doinuak dira hauek gehienak, besterik ez. Ez dakit era berean zer bide egingo duten, hala ere, durunda dabil belarrietan eta burua ere hasten da martxan, kontuari bueltak ematen.

Lehengo astean adibidez, Atoanen apuntatu nituen bi erreferentzia: Jasone Cenoz eta Durk Gorterek aurkeztu zuten Hizkuntzaren paisaiaren ikerketa lanaz egin zuten aipu hau, eta Emilio Quintanak Nodos_Elen idatzi zuen ¿Qué voy a hacer? ¿ordenar los paisajes? mezua. Paisaia hitza aipatzen dute biek, Emiliok Learnscape kontzeptua aurkeztu zigun, "ikas-paisaia" edo. Eta egosten eta gurera ekartzen hasita:

  • Ikas-paisaia, ikastearen ekologia, ikasteko ingurunea, naturala eta informala, norberak gidatuta. Euskara ikasteko badaukagu halako ingurunerik? Gure "paisaiak" noraino laguntzen du Jay Cross-ek aipatzen duen (ikas)prozesua gauzatzen?
  • Euskal Herriko hainbat lekutan une honetan ia-euskaldunak deitzen direnak euskaldunak baino gehiago dira. Paisaiaz dihardugula, "ikasle-paisaia" daukagula esan liteke. Irakaskuntza arautu, estandarizatu eta lokalizatutik aparte, ez genituzke behar hizkuntzaren ikaskuntza informala, ikastea, errazten eta ahalbidetzen duten "paisaiak"?
  • Zer-nolakoa izan behar luke euskararen ikas-paisaia? Zertaz ari gara zehazki? Zer elementu txertatu edo egokitu beharko genituzke ingurunean? Zertzuk jarduera sozial bideratu? Zerk laguntzen digu ikasten? Zelan sustatu elementu horiek eta ikasteko mekanismoak?
  • Paisaia elementu estatikoak baino gehiago direla esango nuke, azken batean, euskara hizkuntza eta komunikazio tresna bada, inguruan suertatzen zaizkigun komunikazio-ekintzak eta beraien partaideak eta elementuak ere dira paisaia horren parte. Alegia, entzun-irakurtzen dugun guztia eta beraien euskarriak, ikusizkoak edo entzunezkoak. Zerbait komunikatu edo komunikarazi nahi digun guztia.
  • Paisaia/ingurunea euskaltegia eta irakaslea ordeztera irits daiteke? Serendipiak kenduko digu lana? Ikuspegi ekologiko total horretan, "ingurunearekin berdinduko" ote gara inoiz?

Tira ba, ideien kaosetik gogoeta kaotikoa.

Irudia: Informal Learning, misterbisson Flickr-en

Pd: Loturengatik igarri duzue honez gero, ideien zurrunbilo honen errudun bi:

Sindikatu edukia