etorkinak

22
Mai
2008

Hangoak eta hemengoak

Enkarterriko berbalagunen blogean irakurri dut aipamena: "Euskara a contracorriente". Radio Euskadin jarraitzen dute euskararen hilabetearekin, eta erreportaje sortaren barruan guri interesatu ahal zaizkigun bi plazaratu dituzte egunotan.

Bata, Enkarterriko lagunek aipatu duten Euskara a contracorriente hori dugu. Laudioko euskaltegia, Enkarterriko berbalagunak eta Vianako ikastolara. Izenagatik igarri daiteke "a contracorriente" horrekin inguru "ez euskaldunei" egiten diotela erreferentzia.

Interesgarria hangoek eta hemengoek kontatu dutena. Euskararen inguruko patetismoa nagusitzen denerako botika ona ematen dute inguru "erdaldunetako" euskaldun hauek. Ez dakit zergatik (edo bai), euskaldun berri /euskaldun zahar bereizktearekin akordatu naiz. Zonalde "euskaldun berriak" izendatu nahi ote dira Enkarterri, Aiara edo Nafarroako hegoaldea? Kontuak kontu, euskaraz egiteko ilusioa dabil oraindik bazter guztietan, uste izaten dugun baino gehiago, benetan.

Bestea euskara ikasten duten etorkinekin egin dute: Inmigrantes euskaldunberris. Getxoko euskaltegi batean Aisarekin ari dira etorkinok. Gai golosoa kazetarientzat urrunetik etorritako ikasleena, aspalditik. Edozelan ere, onartu beharra dago halako poztasuna eta animoa ematen duela urruneko jendea umorez eta gogoz ikasteko ahaleginean ikusteak, eta zer pentsatua eman beharko lieke askori, ezta?

"Es un idioma complicado y eso le da un encanto adicional"

Hemen ere entzun ditzakezue erreportajeok:

Euskera a contracorriente

powered by ODEO
Inmigrantes euskaldunberris

powered by ODEO

Argazkia: Enkarterriko berbalagun

23
Api
2007

Etorkinaren dotorezia galdua

L (ele.inicios) blogaren bidez abanguardiako artearen munduan hizkuntza ikastearen inguruan bilbatutako obra baten eta haren autorearen gogoetaren berri aurkitu dut, La canción del inmigrante mezuan hain zuzen ere..

Dragan Todorovic idazle eta multimedia artista serbiarra da, egun Kanadan bizi da. Deep Wireless musika edo soinuaren artearen festibalean In My Language I am Smart - The Immigrant Song (Nire hizkuntzan dotorea naiz - Etorkinaren kantua) izeneko obra aurkeztu du.

Etorkina ez da soilik tokiz aldatzen, hizkuntza batetik besterako bidaia ere badago, hotsetan eta sentimenduetan zeharreko bidaia, bestea baino luzeagoa eta ez samurragoa sarritan. Hori da piezaren ardatza.

Todorovicek kontatzen du zelan Kanadara heldu zenean bere ingelesa Hollywoodek eta R&Rak taiututako ingelesa zen, zikua eta zatarra, eta hala agertzen zen hangoen aldean (edo berak behintzat hala sentitzen zuen). Bere hizkuntzan (serbieraz) dotore agertzeko gauza zen, baina ingelesez zatarra. Frustrazioa eta amorrua ibiliko ziren hor nonbait.
Hemen haren berba batzuk (itzulpena neurea da, kontuz beraz).

(hizkuntza ikasten denean) Ikasten den esanahia azalekoa da. Soinuak hitza testuinguruan jartzen ditu, baina adierazpenaren ñabardura sakonagoak ez dira ikasten.(...) Serbieraz artearen aditua nintzen, nire hizkuntza berrian polizia zatarra besterik ez.
Zer-Nongoa naiz azken batean esperientzia honen ostean?
Hizkuntza ikastea ez da hain sinple eta biribila: lehenengoz, hizkuntza ez da bere osotasunean atzematen, aitzitik, hitz arrotzen sorta bat jartzen da norberaren ama-hizkuntzaren gainean. Ezinbestean, mutazio batean murgildu behar dugu, aldi berean mingarria eta pozgarria den mutazioa. Pieza etorkinaren esperientzia horren esplorazioa da.

Hemen eta hemen daukazue obra entzungai (Real Player).

Gustatu zait gogoeta, hizkuntz-etorkinaren figura gehien bat... Hizkuntza ikastea bidaia/emigrazio mutazio bezala sentitu duzue inoiz?

09
Mar
2007

Etorkinak euskara ikasten eta

Diez inmigrantes estudian euskera desde este mes en un euskaltegi de Amurrio - [Noticias de Alava]

Noticias de Alava egunkarian eta Amurrioko udal-buletinean ere agertu da albistea.

Atzo irakasle poloniarra, gaur munduko bazter guztietako ikasleak. Gero eta gutxiago dira honelakoak hedabideetan agertzeko aitzakia, baina egia da ikutu exotiko horiek oraindino tiroia daukatela prentsarentzat. Lankide batek duela gutxi erdi kexu botatzen zuen hedabideek askotan horrelakoei baino ez dietela erreparatzen, beste mila gauza egin eta zaila dugula agertzea.

Tira, albistearen legea da nonbait, eta, zer nahi duzue esatea bada? Norbera poztu egiten da horrelakoak irakurrita.

Dena dela, gaurko egunagatik-edo, jatorria ez beste zerbaiti erreparatu diot. Mezu bietako protagonista guztiak emakumezkoak ditugu, ikasle zein irakasle. Korrika ere aurten emakumezkoei egiten die omenaldia. Euskalduntzean, ikasle zein irakasle, euren lanaren fruitua eta ekarpena ezinbestekoak ditugu, duda barik.

Izan dadila mezu hau beraz euskara ikasten eta irakasten dabiltzan emakumezkoentzako omenalditxoa, zuen ekarpenagatik, zuen ahaleginagatik, eta irakasten diguzuen guztiagatik.

Aupa Monika, Maite, Wendy, Murguia eta beste guztiok!

06
Mar
2007

Aisa ikastaroak

Lehengoan Aisa eta Ostalaritza ikastaroak emateko baldintzen berri eman genuen.

Gaur Aisa ikastaroak antolatzekoak ikusi ditugu.


Bide batez, etorkinentzako hiztegi hau daukazue sarean:

10
Urr
2006

Euskaldunak eta euskal herritarrak [Urtzi Urrutikoetxea]

Euskaldunak eta euskal herritarrak [Urtzi Urrutikoetxea] - Badakigu euskal herritar guztiak ez direla euskaldun. Baina euskaldun guztiak euskal herritar ote? Euskal Herriko biztanle gehienak ziur aski jatorri euskalduneko erdaldunak dira. Ez ditzagun [...] [Argia astekaria]

Urtzi Urrutikoetxea auzokideak (badakit, astebetean bigarrena, baina hain kasu gutxi egiten digute mahatsorrioi jeneralean!) Argiaren bitartez gogoeta-proposamen berria behinik behin kaleratu du euskalduntzea eta etorkinen inguruan. Hemen ideia nagusia:

Etorkinak ditugu horretarako jarrera malguena daukatenak. «Euskaldun» nozioari ondorio politikoa ematea...... Labur-labur: euskaraz dakienak automatikoki baditu paperak. Euskalduntzen dena euskal herritarra dela aitortzea baino ez da. Eta kito euskararen inposaketaren, hizkuntzaren zailtasunaren eta antzeko aitzakiak.

03
Urr
2006

Hizkuntzak zubi direnean (Lea-Artibaiko berbalaguna)

leartibaiHizkuntzak zubi direnean - Wolof ikastaroa martxan dago. Honen berri emateko, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak artikulua argitaratu zuen, jarraian agertzen dena, ondo baino hobeto azaltzen baitu nola doan ikastaroa eta zeintzuk diren partaideen iritziak. " Geure artekoak dira. Berton bizi dira, berton egiten dute beharra. Noraino ezagutzen ditugu, baina, Lea-Artibai zein Mutrikura azken urteotan etorri diren afrikarrak, latinoamerikarrak, Ekialdeko Europako herritarrak? ... [Lea-Artibaiko berbalaguna]

Euskaltegi baten euskara ez beste hizkuntza bat ere ikasten da. Ondarroako AEKn wolof-a dabiltza ikasten dozena bat euskal herritar. Ez da hala ere euskaltegiaren lokalari errendimendu ekonomikoa ateratzeko modua, euskarari ere onura ekarri ahal dion ekimena baino.

Azpimarratzekoak begitandu zaizkit ikasle hauetako baten berbok:

"Inmigranteen egoera soziala, hain larri dena, guk ezin dugu konpondu; baina sikieran harreman pertsonalen bitartez adierazi ahal diegu eurei geuretarrak somatzen ditugula, eta berdinak garela, nahiz itxurak ezberdinak izan"

Etorkinekin kezka piztu da euskalgintzaren alde batzuetan. Lea-Artibai inguruko hauek euskararentzat aukera berria topatu dutela dirudi berriz. Ongi etorria emateko hizkuntza izatearena, eta eurek dioten legez, zubia.

Euskararen balio praktikoaz arduratuta gabiltza euskaltegietan: Titulua ateratzen baino ez datoz..., ez dago lehengo motibaziorik,...euskara ez da apenas behar,... Igual wolof apur bat ikastea ere ondo etorriko zaigu, praktikoa zer den ikasteko.

Sindikatu edukia