18
Abe
2007

Olentzerori gutuna

Plisti-plasta | 2007, Abendua 18 - 15:33

Olentzero maitea, aurten ondo portatu naiz ikasleekin baina asko falta izan zait irakasle ona izateko. Halere, hainbat gauza eskatzera ausartuko naiz, irakasleok ere arrautzak eta kapoiak jateko eskubidea baitugu. Hona:

  1. Lan-baldintza duinak sare guztietako nire laguntxo irakasleentzat.
  2. Euskara hiritar bihurtzeko benetako plangintzatxoren bat.
  3. Gure ikasleentzat euskara gozagarri izatea; eta ez, “el puto euskera”. Barkatu, Olentzero, hitz zatarrak esateagatik.
  4. XXI. mendeko euskaltegi polit-politak eratzea.
  5. Ikasleen eta irakasleen sare sozialak sortzea eta indartzea.

Gauza gehiago eskatuko nizuke, baita ikatza ere zenbait pajarorentzat (horiek bai buru handia, entenimendu gabia!), baina ez dut zure zakua gehiegi bete nahi.

A! eta etzazula ahaztu, faborez, aurreko gutunean eskatu nizkizun portatila eta Matusalem ron botila (hamar arroako zahagiarekin ere ausartuko nintzateke, alajaina!)

OHARRA: nire laguntxo batek Joselito urdaiazpikoa eskatu dizu baina txoritxo batek esan dit gaizto-gaiztoa izan dela, konduktista hutsa dela eta musuka aritu dela Patxirekin gainera. ;-D

Argazkia: Olentzero/Basque old man (caravinagre Flickr-en) 

11
Aza
2007

Filtroak

Plisti-plasta | 2007, Azaroa 11 - 22:13

Argi dago, mailetako azterketak egiteko orduan, besteak beste kudeaketa arrazoiak tartean, filtroa ezarri nahi dela azterketara ez dadin gainditzeko aukerarik ez duen ikaslerik heldu. Ezarritako filtroak, martxoan maila ematearenak alegia, kanpotik eta modu arinean ikusita egokia ematen duen arren, egia esan aldrebeskeria franko sortzen du ikas-prozesuan. Hara:

  • Euskaltegiek ez dute modu bertsuan jokatzen. Batzuetan atariko probak egiten dira , beste batzuetan eskuzabal jokatzen da, beste batzuetan...
  • Irakasleok maiz Rappel-en lanak bete behar izaten ditugu, martxoan ikasleak ekainean zer maila eman lezakeen asmatu behar baitugu.
  • Askotan martxoan urrats jakin hori ez emanagatik, aitortu egiten diegu azterketara joateko aukera izan dezaten.
  • Maila gainditzen ez dutenekin kontraesan gogorrak sortzen dira. Euskaltegiaren eta HABEren ebaluazioak ez datoz bat; euskaltegian gaindituta badu ere, hurrengo ikasturtean maila errepikatu beharra...
  • Euskaltegiok noiz edo noiz tituluak luzatzeko gaitasunaren kontrako argudio bilakatzen da. Demagun euskaltegiak berrogei ikasleri aitortu diola maila baina horietatik hogeik besterik ez dutela gainditu. Baten bati aditu beharko zaio gainera, euskaltegiok ezin dugula eskumen hori izan nasaiegi jokatzen dugulako.
  • Euskaltegian eta irakaslearengan presio puntu desegokia sortzen da. Badirudi kontua bidalitakoen eta aprobatuen arteko portzentaje altua lortzea dela. Beraz, irakasleon lana filtroaren sarerik ahalik eta itxiena erabiltzea dela. Zenbakiek errealitatea ezkutatzen dute berriro ere. Begira, demagun kalitatea tituluetan neur daitekeela (gehiegi ematea da, baina bueno) eta demagun bi euskaltegik bigarren mailako berrogeina ikasle dituztela. Batean berrogei horietatik hogeita hamar aurkeztu ahal izan dira eta erdiak gainditu du (aurkeztutakoen %50ek); beste euskaltegian, aldiz, hamar aurkeztu ahal izan dira eta bederatzik gainditu dute (aurkeztuen %90). Zein euskaltegik lortu ditu zuen ustez emaitza hobeak?

Egungo sistemak ezinegona sortzen dio ikasleari eta irakasleari. Zenbait ikaslek ez du ulertzen zergatik irakasleak (legeek ez dute begirik) ez dion uzten azterketara joaten. Irakasleak ikaslearen presioa sentitzen du eskua zabal dezan, eta zenbaitetan, euskaltegiarena eskua itxi dezan. Irakasleak bere gain hartu behar ditu kontraesanak (baina zuk gainditu nuela esan zenidan, barren!)...

Argumentu hauek guztiak ez dira berriak, ezta aipatzen diren lehen aldia ere. Auzi honek ezinegona sortzen du irakasleon artean (gure euskaltegian bai, behintzat) baina, hala ere, ez da zirkinik egiten, laugarren urtean ere filtroa modu berean egingo ei da. Ez al dugu merezi azalpentxo bat, sikiera?

Proposamen argi bat egingo dugu: urratsa martxoan gaindituta izan beharra kendu eta beronen ordez euskaltegiak kudeatutako atariko proba egitea. Atariko proba hau ez da EGAn egiten denaren modukoa izango, trebetasun guztiak izan behar baititu kontuan. Ekaineko frogaren antzekoa izango da (exijentzia maila apur bat jaitsiz) eta HABEk egokitzat jo beharko du. Hain zaila edo desegokia al da hau?

Ni neu ere Benito bezala aspertuta nago hainbeste protesta egin beharrarekin. Baina ikusten duzue azken asteotan ametsetan ibili ostean, errealitatean dudala orain muturra eta muturrekoa. Etorriko dira garai hobeak!

Argazkia: Sieve (Leo Reynolds)

27
Urr
2007

Galderak eta erantzunak

Plisti-plasta | 2007, Urria 27 - 19:27

“Zazpi galderaz egunian, asko jakiten da astian”

Egunotan, ikasteko erabiltzen dudan Bloglinesi esker, Redes saioko pasarte labur baten berri izan dut eta ,egia esan, gogoan mamurka dabilkit. Onena ikustea izango duzue eta, ondoren, bideoaren barrunbeari egingo diogu begiratutxoa.

Hona pasarte honetan agertzen diren ideia nagusiak eta berauei buruzko komentariotxo bana.

Ezagutzaren igorpenean funtsatutako sistemak porrota eta frustrazioa ekarri ditu. Egungo sistema antzinako ideietan sustraituta dago, esperimentazioan eta hausnarketan oinarritutako ikasketa prozesu naturaletik urrun.

Ezaguna da paradigma berria irakaskuntzan baino gehiago ardazten dela ikaskuntzan. Eta ikasi eginez ikasten dela. Betiko adibidea jarriko dugu: auto-eskolakoa, alegia. Ziur nago zuetako edonork gidabaimena atera berritan baino hobeto gidatzen duela gaur egun , hau da, erabilerak ikasarazi dizuela. Baina zuetako zenbatek gaindituko luke azterketa teorikoa? Gutako zenbatek gaindituko luke selektibitatea?

Heziketa sistemak ikasle guztiek ahalik eta denbora laburrenean gauza berberak ikastea du helburu.

Guri ere honelako zerbait gertatzen zaigulakoan nago. Badakit hizkuntzen irakaskuntzan badirela zenbait eduki ikasle guztiek ikasi beharrekoak: mekanikaria ala medikua izan. Baina gure ikasleak hizkuntzaren erabilerarako prestatu nahi baditugu, pertsonalizazioari ere ekin beharko diogu. Ez dagigula gerta euskaltegietan ikasten denak bizitza errealean (norberaren lanean...) ezer gutxi balio izatea. Egun ikasle guztiak leku berera daraman trenaren bagoi bakarrean sartzen ditugun susmoa daukat.

Mende askotan ezer-gutxi aldatu da irakaskuntza.

Zalantza egin dut “gutxi aldatu da irakaskuntza” ala “gutxi aldatu da ikaskuntza” jartzearekin. Egia esan, biak ala biak dira gutxi aldatu direnak. Horretan irakasleona ere bada ardura, ezen ikaskuntza-irakaskuntza asimetrikoa planteatu baitugu etengabe, gure botereari, nagusitasunari, eutsi nahian.Batera ala bestera, gutxi aldatu da eskuarki. Berrehun urteotan lotan egondako irakaslea gure ikasgela batean sartuz gero, lasai asko hartuko luke klariona eta bere ezagutza igortzeari ekin. Ikasleak ere antzeko papera jokatuko lukeelakoan nago. Berdin gertatuko ote litzateke sendagile baten kasuan, adibidez?

Erantzuna da giltzarria (azterketak...) Gizarteak erantzuna lehenesten du (telebistako lehiaketak... adibide). Oraindik ere garrantzi handia ematen zaio memoriari. Baina honek ez du aurrerabiderik. Informazioaren gestioan makinek duten zeregina areagotu egingo da. Erantzunaren balioak gainbehera egingo du galderaren balioaren mesedetan.

Hauxe dugu bideoaren muina, tesia. Ukaezina da darabilgun sistemak erantzunari ematen diola sekulako garrantzia, produktuari prozesuaren kaltetan.Eta ez gainera edonolako erantzunari, erantzun konbergenteari (irakasleak edo programa informatikoak aurreikusitakoari), baizik. Erantzun dibergenteak (aurreikusi gabekoak, ataza irekiak...) paper txikiagoa du, besteak beste, sistemari giza-baliabide eta koste ekonomiko handiagoa ekartzen diolako.

Galderei dagokienez, sarritan, ebaluatzeko erabiltzen ditugu, ikasi beharrekoa ikasita dagoen baieztatzeko eta ez ikas-prozesuaren osagarri garrantzitsu lez (hausnarketarako...).

Egia da, azken urteotan galderok prozesuan txertatu ditugula gero eta gehiago, baina iruditzen zait ikasleengandik sor daitezen dinamikak abiatu beharrean, guk geuk edo ikasmaterialek egiten dituztela galdera horiek.

Kontu honetan, beraz, batetik, oreka handiagoa bilatzearen aldekoa naiz: galderen eta erantzunen artean, produktuaren eta prozesuaren artean, galdera konbergente eta dibergenteen artean. Eta bestetik, ikasleak berak galderak sor ditzan dinamikak sortu behar direlakoan nago.

Horiek horrela, kontuz ibili behar dugu penduluarekin; zaleak baikara ezkerretan zegoena eskumatan utzi eta desorekak sortzen. Nire ustetan egia da neurri batean bideoak dioena: burmuina baino biltegi hobeak izango dira ordenagailuak. Beraz, makinak hobekien egiten dakiena egin behar du eta gizakiak, berriz, informazioa pilatzen baino berau eskatzen, baloratzen, filtratzen eta erabiltzen jakin behar du (oraingoz horretan hobeak gara, zorionez).

Baina ideia orokor bezala egokia den honek hizkuntzaren ikaskuntzan baditu zenbait ñabardura. Ezen memoriarik gabe eta ezagutzarik gabe ezin baita hizkuntza erabili. Hizkuntza nolabait esatearren sistemaren barne-memorian dago .

Abokatu batek ez du ez dakit zenbat legeren formulazioa ikasi beharrik, ordenagailuak emango dio hori, beste trebetasun batzuk garatu beharko ditu dudarik gabe baina hizkuntza ikasle batek ezinbesteko du konpetentzien upela beteta izatea eta horretarako ezagutza eta memoria ezinbesteko izango ditu.

Adimen artifizialak heziketa ingurune berria ahalbideratuko du. Bertan esperientzia birtualak bizi ahal izango dira eta ikaskuntza praktikan oinarrituko da.

Badakit zuetako askorentzat zientzia-fikzio ukitua duela esaldi honek baina nik neuk ez dut zalantzarik. Horrela izango da eta ez luzera jota gainera (hor ditugu: Second Life, My world proiektua etab.). Gainera, honek ikaskuntza paradigma aldatzeko bide ez ezik, zenbait aukera berri eskainiko dizkigu hainbat arlotan (ikaskuntza kooperatiboan; ikaskuntza formalaren eta informalaren uztarduran; edukietan ez ezik, harremanetan oinarritutako ikaskuntzan...).

Adibide bakarra emango dizuet. Xabier Imaz ikasleak bere zaletasunei buruz aritzeko mintza-lagunak izan nahi ditu. Bere herrian, Sestaon, ez du txirrindularitzari buruz euskaraz aritzeko mintza-lagunik aurkitzen eta Second Lifera (jarri nahi duzuen izena) jo du. Bertan, Elgoibarreko eta Zornotzako lagun batekin aritzen da eta, gainera, igande honetarako ibilalditxoa ere prestatu dute. Hain ezinezkoa iruditzen al zaizue?

Beno, nahikoa da , bi minutu pasatxoko bideo batek bi ordu pasatxoko lana eskatu dit eta. Baina aizue, bidean ikasi egin dut, galderak egin dizkiot neure buruari eta erantzunak bilatzen saiatu naiz. Ez da gutxi. Banoa Xabier Imazekin bizikletaz ibilalditxoa egitera.

21
Urr
2007

Hirugarren ametsa

Plisti-Plasta | 2007, Urria 21 - 19:42

Ametsa aldendu egiten da euskaltegitik. Gora egiten du. Han, behean, herriko plaza ikusten da: alde batean, eliza isil bat eta paperezko udaletxea; beste aldean, jende ugari, zaratatsu, euskaran jolasten, sozietate, probaleku, eta kantxa baten inguruan. Donostiara egin eta kristalezko etxetzar moderno batean sartu naiz.

Hirugarren ametsa: administrazioa

Atariko horman dagoen metakrilatozko esaldiari ari natzaio begira istant batez, zera dio: “Norbaitek hainbat egunetan kristal apurtua duen etxea ikusiz gero, litekeena da jendeak utzita dagoela pentsatzea. Horrela bada, laster izango ditu kristal guztiak hautsita” Bitxia, alajaina!

Lehenengo pisuko ate guztiak daude zabalik, odolik gabeko guda bat ari da gertatzen bulegoz bulego. Armada Beltzak : “konstrutibismoa”, “konektibismoa” eta “ataza” bezalako hitzekin erasotzen du Armada Berdea, zeinak zenbaki astunak eta araudi luzeak erabiltzen dituen ezkutu gisa. Nabaria da Armada Beltza ari dela nagusitzen aspaldiko partez, irribarrea ageri zait ezpainetan.

Unetxo bat beranduago, Armada Beltzeko buruzagia ari da mahai gainera igota ozen berbetan:

Garaipen garaiak dira lagunok! Une honetatik aurrera, sosak eta arauak didaktikaren zerbitzuan egongo dira. Sare publiko eta pribatu sendoak eraikiko ditugu. Irakasle guztiei zor zaien duintasuna aitortuko diegu. Euskaltegietako plantillak berritzeko eta egonkortzeko neurriak hartuko ditugu. Euskara doan ikastea hiritar guztien eskubide izango da. Garai berriak izango dira, lagunok!

Beldur apur bat sentitu dut hitz hauen ostean bandera ugari astindu direnean, irribarretxoa itzali eta eskaileretan gora egin dut, badaezpada.

Bigarren pisuan lasaiagoa da giroa, jende gutxi karrajuan, kafe makinaren ondoan antzina ikusi gabeko lagun bat, berbetan hasi zait:

- Aspaldiko! Zelan? Hamar zentimo bai?

- Tori! Josurekin geratuta nago. Zalaparta galanta behekoa!

- Bai, gizona! Josurekin? Zein Josu?

- Uste dut I+G departamenduan ari dela. EHUkoekin sinatu berri den hitzarmen batean nago interesatuta. Antza denez, soziolinguistikakoak oinarrizko ataza komunikatiboen frekuentziak neurtzekotan dira.

- Bai, bai...Josu Sagarzazu... ezaguna dut. Deskuidatuz gero, behean izango duzu hitz potoloren batez Armada Berdea erasotzen.

- Asko da, ba! Eta zu, zer moduz?

- Hementxe. Erakundearen erregulazio, prospekzio eta zerbitzu arloen organigrama berria taxutu nahian.

- Makinako kafea baino mingotsagoa zure lana, adiskide!

Bat-batean, brisst!, kristal zartatu baten hots zorrotza aditu dut. Urrunean hasieran, nire barnean ondoren, logelako leihoan atzenean. Esnatu egin naiz.

Argazkia: Black flag (nonameplayer)

14
Urr
2007

Bigarren ametsa

Plisti-plasta | 2007, Urria 14 - 19:34

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak. "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Bigarren ametsa: euskaltegia


Atetik sartu naiz. Hiru dimentsiotako euskaltegia ageri zait nire aurrean. Lehenengo dimentsioa barnekoa da, ikas-irakaskuntza presentzialari begirakoa. Bigarrena kanpokoa, kokatuta dagoen herriko kultur lanketaren eragileetako bat izan nahi duena. Eta hirugarren dimentsioa globalagoa, ziberespazioari dagokiona, beronen bidez antolatzen du euskaltegiak, besteak beste, telelearninga, antza.

Une honetan A. Einstein agertu zait ametsean: E=mc²! deiadarka. Zorabio galanta E=mc²! Ametsetan zorabiatzerik badago, behintzat! Dimentsioekin jolasten ibiltzeagatik gertatzen zaizkit halakoak, alafede!

Biok sartu gara atetik tupustean. Dekorazio zaindua duen euskaltegia dugu, nabaria da tentuz pentsatutako espazio banaketa duela, ezagunak ditugun gelategiekin zerikusirik ez duena. Espazio modular balioaniztun ugari daude, departamenduak eta ongi hornitutako tailerrak. Melokotoi koloredun sofa batean jesarri eta pentsamenduak etorri zaizkit trumilka: Bulgaria eta sugestopedia lehenik; ondoren, zenbait euskaltegitan gelako ateak ixten direnean mundu erreala (telebista, internet...) nola gelditzen den kanpoan, arbelaren eta klarionaren mesedetan...

Neska gazte bat jarri da alboan... portatila zabaldu eta blog batean idazten ari dela iruditu zait... Badakizu etxerako lanak! esan dit. Harritu samar, honek guztiak prozesu kognitiboan eragina izan behar duela pentsatu dut. Hi haiz pijoa hi! erantzun dit nire barruan daramadan deabrutxo euskaldunak.

Altxatu eta beste gela batean sartu naiz. Mintzamen tailerra da, antza. Zortzi pertsona ari dira ipuina kontatzeko teknikak lantzen. Une honetan keinuak nola erabili ari dira aztertzen. Irakaslea zein den antzematen saiatu naiz baina ez zait erraza suertatu, agian denbora luzeagoan egon beharko nuke horretarako, baina dena ikusi beharraren beharraz alde egin dut eta koordinazio gela batean sartu naiz.

Gela honetan irakasleak daude. Txoko batean dagoenak multikonferentzia erabiliz dihardu lanean bere ikasleekin. Beste hiru irakasle formazio plan bat diseinatzen ari dira; horretarako Arabako euskaltegi txiki batek sortu duen wikiaz baliatzea erabaki dute, antza. Zuzendaria non den galdetu diet. Ardurak zeharka banatuta dituztela erantzun didate; hala ere, zuzendari bakarrik ez duten arren, zuzendaritza taldekoak non biltzen diren erakutsi didate. Kontu honi pare bat buelta ematen hasi naiz nire kaskar kaskarrean.

Ezustean deiadar batek komikietako globo hiztuna bailitzan leherrarazi ditu nire azken pentsamendu hauek: plop! A. Einstein da berriro ere E=mc²! oihuka. Irtetean danbateko galanta eman do ateari:- Polita eta ondo antolatua euskaltegia, erlatiboki, jakina- dio -... baina ea behingoz kentzen duzuen ketchup koloreko neoizko letrero hori... Euskaltegi@ ... hori baino gauza horteroagorik!-

07
Urr
2007

Lehenengo ametsa

Plisti-plasta | 2007, Urria 7 - 01:17

Amets egin nuen bart.

Sisifo agertu zitzaidan, agure, ametsaren ertz batean, unaturik, euskal aditzaren harritzarra mendi tontorrera igo nahian. Ametsaren beste ertzean ere Sisifo, heldu, idazmenaren harritzarra mendi gailurrera igo nahian, neke. Ametsaren hirugarren ertzean berriro Sisifo, gazte, mendian gora zeraman harritzarrarekin komunikatu nahian, akituta.

Bat-batean ertz guztiak batu eta ametsa zatitu egin zitzaidan.

Lehenengo ametsa: metodologia

Xabier Imaz dugu protagonista. Tentuz dekoratutako euskaltegiko gela urdin batean Xabier eta euskaltegiko aholkulari panpox bat Xabierren behar komunikatiboak, konpetentzia maila eta ikasteko era aztertzen ari dira. Bi motatako beharrak antzeman dituzte: komunak (euskara ikasle guztiek dituztenak) eta berariazkoak (inguruak, lanak, ordura arteko ikas-prozesuak... eragindakoak. Xabierrek bere berezkoak dituenak, alegia). Horrekin batera, Europako Marko Osatua erabiliz konpetentzia maila B2ri dagokiona dela erabaki dute eta nola ikasten duen aztertu dute.

Aholkulariaren eta tutorearen garaia da. Xabierren kasua estudiatu eta ibilbide didaktikoa diseinatu diote (gero Xabierrekin berarekin adostu beharrekoa). Behar komunikatibo komunak asetzeko bere konpetentzia mailako beste ikasle batzuekin jardungo du gehienetan (era presentzialean edota on-line), eta berariazko behar komunikatiboetan trebatzeko egokitzapen kurrikularra egin diote: ataza espezifikoak, tailerrak, proiektuak...

Ametsean Xabierren aholkularia eta tutorea entzun ditut berbetan.

Tutorea: Hitz egin al diozu Xabierri ikaskuntza formala eta informala uztartzearen garrantziaz?

Aholk: Ez, datorren asteko bileran ekingo diogu horri. Ea zer asmo duen. Nire ustez, ondo etorriko litzaioke ikaskuntza informalaren garrantziaz jabetzea: interneteko jario kaotiko apur bat, bere zaletasunei lotua jakina, eta berbalaguna edo praktika-guneren bat, kirol elkarteren bat litzateke aproposena. Mendi-taldearekin dugu hitzarmena, ezta?

Tutorea: Baietzean nago.

Aholk: Hitz egingo dugu sakonago baina motibazio aldetik justutxo ikusi dut.

Tutorea: Ez kezkatu gehiegi horregatik. Iaz, Ataza Banku Berriarekin eta Tailerrekin aritu nintzen lanean eta zalantzarik gabe ikaslearen motibazioa areagotzen dute.

Aholk: Bai, ba! Ikasleari plusen bat eskaintzea garrantzitsua da eta. Hizkuntzan, hau da, tresnan, arreta guztia jarri beharrean, tresna hori erabiliz lor ditzakeen gauzetan jartzea, alegia.

Tutorea: Horixe da! Zein ondo pasatu zuten iaz ikasle batzuek Euskaltegi@ proiektuan, gainera egindako lana oso baliagarri suertatu zaigu guztioi. Bueno, Benito, gauzatxo batzuk prestatu beharra daukat, hiru aste barru egingo dugu ebaluazio bilera, ezta?

Aholk: Ondo da. Bitartean lantzean behin egingo diot begiratutxoa Xabierren jarraipen fitxari.

Oraingoan ametsak irakasle-gelara eraman nau. Bertan Xabierren tutorea ordenagailuarekin lanean ikusi dut. Ikasbilera jo du eta Ataza Banku Berrian "komunak" "B2" etiketak sakatu ditu eta hiru ataza berde eraman ditu Xabier Imaz ipintzen duen karpetara. Ondoren, "berariazkoak" "B2" "udaltzaingoa" sakatu eta beste ataza berde bi aukeratu ditu. Agendari egin dio orain begiratutxoa: Mendi Elkartearen telefonoa ageri da pantailan dir-dir...

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Baina hau bigarren ametsa duzue eta Benitoren baimena izanez gero, hurrengo astean kontatuko dizuet, Sisiforen harritzarra baino astunagoa gerta ez nakizuen.

 

03
Urr
2007

Motibazioa eta normalizazioa

Aitor. Santurtziko Udal Euskaltegia | 2007, Urria 3 - 21:00

Duela ordubete edo, Argia-ren "Haria" zerbitzu bikainari esker, izan dut gaurko DEIAren edizioan Xabier Larrañagak idatzi duen artikuluaren berri, "Zenbakiek bozkario" izenburupean.

Irakurtzen hasi, eta ohiko artikulu arrunt baten aurrean nengoela uste izan dut: HEAren ikasturtearen hasieraren aitzakiapean (ia 40 mila ikasle, ez dakit zenbat irakasle, ikastordu...) , motibazioaren inguruko hausnarketa bat: ikasle asko bai, baina beraien motibazio nagusia?...

Baina artikuluaren bukaerara heldu naizenean, honako hau dio Xabierrek:

"Arazoa da ideologikoki ezinbestekoa zaigun hizkuntza, ideologian eta praktikan behar ez duen jendea ikasten ari dela gehienbat. Eta jende horren gain utzi duela abertzaletasunak euskararen benetako salbazioa. Injustuaz gain, absurdoa."

Zur eta lur utzi nau honek. Artikulu asko irakurria naiz gai hauen inguruan, baina sekula ez dut antzeko baieztapenik ikusi. Zer esan nahi du benetan? Zer da injustua, norentzat?Zer iruditzen zaizue zuei?

Zuzen badago, kezkagarria; zuzen ez badago, arriskutsua.

30
Ira
2007

Espezializazioa

Plisti-plasta | 2007, Iraila 30 - 10:41

Oraingo honetan ere galdera pare batekin hasiko naiz: ez al zaizue iruditzen euskalduntzearen munduan oso jeneralistak garela, hau da, espezializazioaren bidea ez dugula behar beste jorratu?

Argi dago eskola tradizionalaren eredua imitatu dugula, baina ez al gaude kontu honetan pausutxo bat atzerago?

Begira diezaiogun eskolari. Bertan noizbait birplanteatu beharko den ereduari jarraitzen diote: lau hormadun gela nahiko itxiak, ikas-irakaskuntza norabide bakarrekoa neurri handi batean, pertsonalizazio urria... (badute/badugu honi guztiari buelta emateko zer pentsatua) baina euskaltegietan baino espezializazio handiagoa ematen da, zalantzarik gabe.

Lehen Hezkuntzan tutoreaz gain, irakasle espezializatuak (musika, ingelera,soinketa), aholkularia, hezitzailea, laguntza gela, berritzegunea... Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan espezializazioa areagotu egiten da: departamendu eta irakasle espezializatuak ikasgai guztietan...

Euskaltegi gehienetan, berriz, dela lehenengo maila, dela bigarrena edo hirugarrena, taldeko irakasle bakarra izateko joera dago. Joera honek egokitzapen kurrikularra zailtzeaz gain, ez dio behar beste laguntzen ez ikasleari ez irakasleari.

Irakasleoi ez digu laguntzen, ezen denetik jakin behar baitugu eta sarritan ito egiten baikara. Ezinean ibiltzen gara, denetik dakigu apurtxo bat baina nekez sakon genezake ezertan. Ikasleari ere ez dio gehiegi laguntzen. Nire ustetan 3. mailan diharduen batek laguntza handiagoa izango luke tutoreaz gain, koordinazio egoki batekin, irakasle espezializatuekin (trebetasunka adibidez) lan egingo balu.

Administrazioak ere badu zeresana honetan, zurrunegi jokatu du ikastorduen kontu horrekin eta honek euskaltegien egituraketa okerra ekarri digu. Euskaltegiek ez diote bide egin espezializazioari (beste erremediorik izan ez dutenean baino: autoikaskuntza deiturikoaren kasuan, adibidez) baina administrazioak ere diru-laguntzetatik kanpo utzi ditu zenbaitetan espezializaziorako bideak.

Imajinatzen al dituzue euskaltegietan Tailerrak, Idazmen/Entzumen irakaslea, Laguntza gelak, Eskualdeko Berritzeguneak... Hain utopikoa al da?

23
Ira
2007

Zenbakiak eta begiak

Plisti-plasta | 2007, Iraila 23 - 15:23

Lehengoan Xabier Imaz agertu zen euskaltegian. Matrikula egitera zetorren txintxo-txintxo. Ia bigarren mailako froga gainditu zuen galdetu nionean etsipen puntu bat nabaritu nion: “Bai eta ez” erantzun zidan. Nolatan, ordea?

Hauexek dituzue Xabierren notak:

1. zatia

  • Irakurmena: 16 puntu (gehienez 20 dira)
  • Idazmena: 17 puntu (gehienez 30 dira; azterketa gainditzeko 15 behar dira gutxienez)

2. zatia

  • Entzumena: 12 puntu (gehienez 20 dira)
  • Mintzamena: 17 puntu (gehienez 30 dira; azterketa gainditzeko 15 behar dira gutxienez)

Ikusten duzuenez, Xabierrek trebetasun guztiak nahiko aisa gainditu zituen baina EZ GAI izan zen. Zergatik, baina?

Bada, 2. zatian nahiz eta bi trebetasunak gainditu, ez zelako entzumena eta mintzamenaren artean 30eko puntuaziora heldu (29an geratu zen). Nahaste-borraste galanta, alajaina!

Nire ustetan honek guztiak badu jatorri faltsu bat eta ondorio kaskar batzuk ere bai.

Has gaitezen jatorri faltsuarekin, alegia. Okerra, trebetasun ekoizleen suprabalorazioan dago. Puntuazio-taulari begira argi geratzen da idazmenari eta mintzamenari ematen zaiela lehentasuna. Baina honela gertatzen al da komunikazio errealean? Zer egiten dugu batik-bat: entzun ala idatzi? Irakurri ala idatzi? Mintzatu ala idatzi? Zergatik aitortzen zaio idazmenari mintzamenari bezainbesteko garrantzia eta entzumenari edo irakurmenari baino handiagoa? Ez ote dira eskola zaharraren ajeak izango?

Beste kontutxo bat aipatu behar dizuet orain: aztertzailearen jokabidea, alegia. Aztertzaileak mintzamen azterketa baloratzen duenean, ikasleari hamabost puntu ematen dizkionean trebetasun horretan gai dela uste duelako da (ez daki entzumenean zenbat puntu atera dituen). Beraz, bere buruan ez dago 18 puntu atera behar dituela (%60) gai izateko.

Gatozen orain honen guztiaren ondorio kaskarretara: bata begi bistakoa da: Xabier Imaz. Nola adieraz geniezaioke gertatutakoa? Eta ez pentsa Xabier Imaz fikzioa denik, gure euskaltegian iazko azterketetan antzeko zazpi kasu gertatu ziren eta. Beste ondorio bat ere badago: irakurmenaren eta entzumenaren zailtasun-maila asko jaitsi da (maria bihurtu ditugu) batetik arrazoi praktikoengatik ( baremazio honekin “ez gainditu” kopurua gehiegi haz ez dadin) eta bestetik arrazoi ideologikoengatik (trebetasun hartzaileak bigarren mailakotzat jotzen direlako: ikus puntuazioak).

Nire ustetan irtenbiderik egokiena trebetasun guztiak gaindituz gero, ikaslea gainditutzat jotzea da; halaber, trebetasunen bat gaindituko ez balu “ez gainditua” emango genioke.

Dena den, beldur naiz Europako ez dakit zein erakundek ezarritako ereduari men egin beharko diogula (ia gauza onak ere inportatzen ditugun!) Hori horrela bada, Mintzamenean edo Idazmenean ikasle bat gaitzat joz gero, zuzenean 18 puntu (%60) ematea proposatzen dut Xabierri gertatu zaiona berriz gerta ez dadin, hots, entzumenean (%60) eta mintzamenean “gai” baina konputo orokorrean “ez gai”.

Barkatu zenbakiekin mareatu bazaituztet baina batzuetan zenbaki horien atzean aurpegi bat dago eta begi harritu batzuk (ikaslearenak eta irakaslearenak)

Argazkia: flooznyc

16
Ira
2007

Errutina

Plisti-plasta | 2007, Iraila 16 - 11:00

Hertzainak taldeak "aitormena" abestian errutinaren morroi bihurtu direla dio, geu ere zenbait euskaltegitako hainbat irakasle aitormen bera egin beharrean gaudela uste dut: errutinaren morroi bihurtu gara.

Kontatu zidaten (merke saltzen dizuet merke jasotakoa) EGA zela eta ez zela, goi-mailako bilera batean norbaitek auzitan jarri zuela 3. mailan ematen den formazioa. EGAk urte luzetan errutina sortu ei du (sinonimoak, berridazketak...) eta hirugarren maila desitxuratu; irtenbidea: EGA azterketa aldatzea (beste errutina bat sortzeko?)

Errutina al da gaitza ala bakarrik sintoma?

Teorian edozein mailak, baita hirugarrenak ere, helburu mailakatuak beharko lituzke eta azterketak helburu hauen betetze-maila frogatu beharko luke: Lehenengo, helburuak eta ondoren, helburu hauei dagokien azterketa (hau pellokeria!). Baina ez al da zenbaitetan alderantziz gertatzen?: hau da lehenengo azterketa eta helburu nagusia berau gainditzea denez, eskolak azterketari begira programatzea (hau aldrebeskeria!)

Norbaitek honezkero pentsatu du: baina non bizi da tipo hau? Ez al ditugu bada ikaslearen beharrak ase behar? Eta zeintzuk dira bere beharrak: behar komunikatiboak ala azterketa gainditu eta titulua lortzea, batik-bat?

Hauxe da kontua, finean egoera sozio-linguistikoak eta zenbait hizkuntza-politikak irakasleok hirugarren maila ematera bultzatu beharrean, EGA ematera bultzatu gaituela (ez da bereizketa hutsala: hementxe ikusten da argi eta garbi errutinaren morroi bihurtu gaituztela/garela). Zergatik, ordea?

Eskizofrenia hutsean mugitzen garelako, gu gure ikasleen balizko behar komunikatiboak ase nahian, ikaslearen benetako beharra administratiboa denean eta Administrazioak ere gehienetan horixe eskatzen dionean: titulua eta ez erabilera.

Gaitza eta bere sintomak zabaldu egin dira gainera: hor dituzue hizkuntz eskakizunak eta mailetako azterketak (errutina berriak)... Zeintzuk dira, ordea, errutinaren ondorioak?

Bi garai bereizi nahi nituzke: Hasierako garai batean, syllabus gramatikala besterik ez genuen eta trebetasunak alboko errepidetik zihoazen, behar besteko uztardurarik eta syllabusik gabe. Orduan azterketek gramatikaren syllabusa ez ezik, trebetasunen syllabus paraleloa ere eraiki zuten, nolabait. Ez zen hori modurik egokiena baina "prekaritate" garai hartan ezinbestekoa izan zen. HEOKen ostean, ordea, nik neuk "prekaritate" garaiok atzean uztea espero nuen; gauzak behar diren moduan egitea, alegia: helburuak definitu, trebetasunak integratu eta ebaluazioa definitu; baina ez dut halakorik ikusi; are gehiago, okerrera egin du egoerak nire ustetan.

Errutinak edukien aldetik maila erabat argaltzen du, maila komunikatiboaren esparruak mugatuz; zenbait ikasle eta irakasleri EGAn (!!!) narrazio literarioa edo umorea lantzea denbora galtzea irudituko zaio eta nekez eramango dituzu ikasleak bide horretatik bide-zidorra (idorra?) egonda.

Gaitzaren ondorioak argiak dira eta esparru asko ukitzen dituzte baina finean ikaslearen elbarritasun komunikatiboa dakarte.

Ez dira ez, betiko garai onenak!

Argazkia: etringita