11
Aza
2007

Filtroak

Plisti-plasta | 2007, Azaroa 11 - 22:13

Argi dago, mailetako azterketak egiteko orduan, besteak beste kudeaketa arrazoiak tartean, filtroa ezarri nahi dela azterketara ez dadin gainditzeko aukerarik ez duen ikaslerik heldu. Ezarritako filtroak, martxoan maila ematearenak alegia, kanpotik eta modu arinean ikusita egokia ematen duen arren, egia esan aldrebeskeria franko sortzen du ikas-prozesuan. Hara:

  • Euskaltegiek ez dute modu bertsuan jokatzen. Batzuetan atariko probak egiten dira , beste batzuetan eskuzabal jokatzen da, beste batzuetan...
  • Irakasleok maiz Rappel-en lanak bete behar izaten ditugu, martxoan ikasleak ekainean zer maila eman lezakeen asmatu behar baitugu.
  • Askotan martxoan urrats jakin hori ez emanagatik, aitortu egiten diegu azterketara joateko aukera izan dezaten.
  • Maila gainditzen ez dutenekin kontraesan gogorrak sortzen dira. Euskaltegiaren eta HABEren ebaluazioak ez datoz bat; euskaltegian gaindituta badu ere, hurrengo ikasturtean maila errepikatu beharra...
  • Euskaltegiok noiz edo noiz tituluak luzatzeko gaitasunaren kontrako argudio bilakatzen da. Demagun euskaltegiak berrogei ikasleri aitortu diola maila baina horietatik hogeik besterik ez dutela gainditu. Baten bati aditu beharko zaio gainera, euskaltegiok ezin dugula eskumen hori izan nasaiegi jokatzen dugulako.
  • Euskaltegian eta irakaslearengan presio puntu desegokia sortzen da. Badirudi kontua bidalitakoen eta aprobatuen arteko portzentaje altua lortzea dela. Beraz, irakasleon lana filtroaren sarerik ahalik eta itxiena erabiltzea dela. Zenbakiek errealitatea ezkutatzen dute berriro ere. Begira, demagun kalitatea tituluetan neur daitekeela (gehiegi ematea da, baina bueno) eta demagun bi euskaltegik bigarren mailako berrogeina ikasle dituztela. Batean berrogei horietatik hogeita hamar aurkeztu ahal izan dira eta erdiak gainditu du (aurkeztutakoen %50ek); beste euskaltegian, aldiz, hamar aurkeztu ahal izan dira eta bederatzik gainditu dute (aurkeztuen %90). Zein euskaltegik lortu ditu zuen ustez emaitza hobeak?

Egungo sistemak ezinegona sortzen dio ikasleari eta irakasleari. Zenbait ikaslek ez du ulertzen zergatik irakasleak (legeek ez dute begirik) ez dion uzten azterketara joaten. Irakasleak ikaslearen presioa sentitzen du eskua zabal dezan, eta zenbaitetan, euskaltegiarena eskua itxi dezan. Irakasleak bere gain hartu behar ditu kontraesanak (baina zuk gainditu nuela esan zenidan, barren!)...

Argumentu hauek guztiak ez dira berriak, ezta aipatzen diren lehen aldia ere. Auzi honek ezinegona sortzen du irakasleon artean (gure euskaltegian bai, behintzat) baina, hala ere, ez da zirkinik egiten, laugarren urtean ere filtroa modu berean egingo ei da. Ez al dugu merezi azalpentxo bat, sikiera?

Proposamen argi bat egingo dugu: urratsa martxoan gaindituta izan beharra kendu eta beronen ordez euskaltegiak kudeatutako atariko proba egitea. Atariko proba hau ez da EGAn egiten denaren modukoa izango, trebetasun guztiak izan behar baititu kontuan. Ekaineko frogaren antzekoa izango da (exijentzia maila apur bat jaitsiz) eta HABEk egokitzat jo beharko du. Hain zaila edo desegokia al da hau?

Ni neu ere Benito bezala aspertuta nago hainbeste protesta egin beharrarekin. Baina ikusten duzue azken asteotan ametsetan ibili ostean, errealitatean dudala orain muturra eta muturrekoa. Etorriko dira garai hobeak!

Argazkia: Sieve (Leo Reynolds)

Etiketak: azterketa | maila | titulua |
Bidalitako artikuluak

Erantzuna

Benito-(e)k 2007, Azaroa 11 - 22:29-(e)an bidalia.

Ea HABEk Euskaltzaindiak bezain arin erantzuten dizun.

Zuen erantzunaren zain...

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 12 - 09:57-(e)an bidalia.

Ez da hau, Benito, eskatzen dudan erantzun bakarra.

Lehenengo eta behin, onartu beharra daukat mailetako tituluen kontu honetan berebiziko ahalegina egin dela administrazioaren aldetik ura dagokion lekura ekartzen. Ez zen batere logikoa HABEk tituluak emateko eskumenik ez izatea edo berauek ez homologatzea. Dena den, hona hemen nire ustetan erantzun beharreko beste kontu batzuk:

- Deialdi bakarrarekin jarraituko al dugu? Eta 3. mailakoaek aurrerantzean ere deialdi libreetara aurkezteko modurik izango al dute?

- Mintzameneko frogan epaimahaien osaketa orain artekoa bezalakoa izango al da? Irizpide objektiboak erabiltzen al dira honela?

- Azterketak Plugin <em></em> Not Found izango ote dira?

- Trebetasunen artean sortzen diren desorekak eta Plugin <em></em> Not Found puntuazioek berdin jarraituko al dute?

- Emango al zaie euskaltegiei inoiz tituluak luzatzeko eskumenik?

- Aztertzaileen aukeraketa orain artekoa bezain "ekumenikoa" izango ote da?

- Maila bateko aztertzaile izateko ez al da eskatuko maila horretan aritzea?

Eta beste hamaika galdera.

Arrazoi duzu, Benito, eskertuko nuke erantzunen bat eta oxala erakutsiko balidate oker nabilela. Gutun ofizialetan esaten den moduan, zuen erantzunaren zain...

Errutinak

Benito-(e)k 2007, Azaroa 12 - 15:27-(e)an bidalia.

Galdera asko dabiltza mailakako proben inguruan, bistan da. Hasierako asmoa EGAra arte itxaron beharrean ikasleari errekonozimendu-une gehiago eskaintzea izan zen. Ez dakit noraino lortu den, baina iragarrita dagoen agirien bateratzeak pisua edukiko du horretan duda barik.

Nik neuk asuntu honetan askotan ez dakit zer pentsatu. Ikasleak egin duena frogatzen duen zerbait behar du, baina horretarako bide objektibo eta justua zaila da aurkitzen. Ez dakit, akaso hizkuntz-pasaportearen moduko zerbait izan daiteke alternatiba, baina hura ere konplexua da. Jakina, alternatibarik alternatibena (neu ere ametsetan hasita) norberak euskaraz ondo dakien ala ez frogarik eskatu beharrik edukiko ez lukeen inguru soziala.

Puntu kezkagarriena dena dela, niretzat "errutinak" deitzen dituzunak. Azterketak iparrorratzean edukitzeak dakartzan errutinak eta haiekin batera datozen estresa, tentsioak eta haserreak, eta ikuspegi metodologikoaren murrizketa.

Bitartean, ea erantzunik datorren. Igual eskaeran "jaun txit..." eta "...lakoan" pare bat ipinita?  ;-)

Nik, egia esan, kontu hauek

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 14 - 19:14-(e)an bidalia.

Nik, egia esan, kontu hauek erabakitzeko eta argitzeko bide errazagoa ikusten dut eta, nire uste apalean, batzuetan uste dut gehiegi nahastatzen garela.
Premisa honetatik abiatu nahi dut: gure taldeak (eta zer esanik ez, autoikaskuntza-geletakoak) talde nahiko txikiak dira; irakasle eta ikasleen arteko harremana nahiko hurbila da, eta, baldintza normaletan, ez dut uste arazo handirik dugunik irakasleok ikasleen maila zer nolakoa den eta nor dagoen aurkezteko moduan eta nor ez.Gure euskaltegian, esate baterako, ez dugu azterketarik egiten maila bat gainditutzat emateko. Ikasturtean zehar dugun aurrez aurreko esperientziak gehi ikasleek entregatzen dizkiguten lanak datu nahiko ematen digute ikasprozesuan duten ibilbidearen inguruan.
Bestalde, orain arteko deialdietan izan diren azterketa ereduek indartu besterik ez didate egiten arestian aipatutako ustea. Edozein kasutan, nahikoa litzateke martxo inguruan ariketa bereziren bat egitea klaseko jardun arrunt batean; edota otsailetik aurrera ikasleen aparteko segimendua egitea, bereziki zalantzazkoak direnena; edota klase-trukaketak egin, norbere iritzia maila bereko lankideren batenarekin osatze aldera.

Hori bai, aurrerantzean, behin tituluen arteko homologazioa gauzatuta, handitu egin liteke gure gaineko presioa. Izan ere, ikasleek beraiek, bereziki titulu premia dutenek, balio handiagoa emango diote azterketa honi eta litekeena da hain erraz ez onartzea irakaslearen iritzia, berau azterketara aurkezteko traba modura ikusten bada. Baina hau beste kontu bat litzateke.

Presioa

Benito-(e)k 2007, Azaroa 15 - 17:23-(e)an bidalia.

Horixe da haiz zuen ni gehien kezkatzen nauena: presioak, tentsioak, estresa, haserreak eta enparauak... eta hori guztia "errutina" bihurtzen bada okerrago.

Bide batez, Plisti, artikuluaren argazkia aldatu egin behar izan dut. Estekatuta neukan originala desagertu egin delako, ez kandela kontuengatik.Wink

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia