16
Ira
2007

Errutina

Plisti-plasta | 2007, Iraila 16 - 11:00

Hertzainak taldeak "aitormena" abestian errutinaren morroi bihurtu direla dio, geu ere zenbait euskaltegitako hainbat irakasle aitormen bera egin beharrean gaudela uste dut: errutinaren morroi bihurtu gara.

Kontatu zidaten (merke saltzen dizuet merke jasotakoa) EGA zela eta ez zela, goi-mailako bilera batean norbaitek auzitan jarri zuela 3. mailan ematen den formazioa. EGAk urte luzetan errutina sortu ei du (sinonimoak, berridazketak...) eta hirugarren maila desitxuratu; irtenbidea: EGA azterketa aldatzea (beste errutina bat sortzeko?)

Errutina al da gaitza ala bakarrik sintoma?

Teorian edozein mailak, baita hirugarrenak ere, helburu mailakatuak beharko lituzke eta azterketak helburu hauen betetze-maila frogatu beharko luke: Lehenengo, helburuak eta ondoren, helburu hauei dagokien azterketa (hau pellokeria!). Baina ez al da zenbaitetan alderantziz gertatzen?: hau da lehenengo azterketa eta helburu nagusia berau gainditzea denez, eskolak azterketari begira programatzea (hau aldrebeskeria!)

Norbaitek honezkero pentsatu du: baina non bizi da tipo hau? Ez al ditugu bada ikaslearen beharrak ase behar? Eta zeintzuk dira bere beharrak: behar komunikatiboak ala azterketa gainditu eta titulua lortzea, batik-bat?

Hauxe da kontua, finean egoera sozio-linguistikoak eta zenbait hizkuntza-politikak irakasleok hirugarren maila ematera bultzatu beharrean, EGA ematera bultzatu gaituela (ez da bereizketa hutsala: hementxe ikusten da argi eta garbi errutinaren morroi bihurtu gaituztela/garela). Zergatik, ordea?

Eskizofrenia hutsean mugitzen garelako, gu gure ikasleen balizko behar komunikatiboak ase nahian, ikaslearen benetako beharra administratiboa denean eta Administrazioak ere gehienetan horixe eskatzen dionean: titulua eta ez erabilera.

Gaitza eta bere sintomak zabaldu egin dira gainera: hor dituzue hizkuntz eskakizunak eta mailetako azterketak (errutina berriak)... Zeintzuk dira, ordea, errutinaren ondorioak?

Bi garai bereizi nahi nituzke: Hasierako garai batean, syllabus gramatikala besterik ez genuen eta trebetasunak alboko errepidetik zihoazen, behar besteko uztardurarik eta syllabusik gabe. Orduan azterketek gramatikaren syllabusa ez ezik, trebetasunen syllabus paraleloa ere eraiki zuten, nolabait. Ez zen hori modurik egokiena baina "prekaritate" garai hartan ezinbestekoa izan zen. HEOKen ostean, ordea, nik neuk "prekaritate" garaiok atzean uztea espero nuen; gauzak behar diren moduan egitea, alegia: helburuak definitu, trebetasunak integratu eta ebaluazioa definitu; baina ez dut halakorik ikusi; are gehiago, okerrera egin du egoerak nire ustetan.

Errutinak edukien aldetik maila erabat argaltzen du, maila komunikatiboaren esparruak mugatuz; zenbait ikasle eta irakasleri EGAn (!!!) narrazio literarioa edo umorea lantzea denbora galtzea irudituko zaio eta nekez eramango dituzu ikasleak bide horretatik bide-zidorra (idorra?) egonda.

Gaitzaren ondorioak argiak dira eta esparru asko ukitzen dituzte baina finean ikaslearen elbarritasun komunikatiboa dakarte.

Ez dira ez, betiko garai onenak!

Argazkia: etringita

Etiketak: agiriak | azterketak | ega | errutina | maila | tituluak |
Bidalitako artikuluak

Mekanika

Benito-(e)k 2007, Iraila 16 - 18:35-(e)an bidalia.

Konparazio ezaguna da auto-eskolena, baina beti esan da auto-eskolan azterketa gainditzen ikasten duzula, eta gidatzen gero ikasten dela. Ez da horrela-horrela izango, baina EGA eta tituluekin antzeko zerbait gertatu daiteke duda barik.

Bi anekdota:

Duela gutxi irakasle bati entzun niona, EGA eta halakoak prestatzeko ez dela "didaktikarik" behar, hau da, azterketako ariketak egin eta egin eta zuzentzea nahikoa da. Ez dakit publikoan inor aldarrikatzen ausartuko litzatekeen, baina egingo nuke askoren buruan dabilela halako zerbait.

Topikoa zabaldu da azkenotan euskaltegietara etortzen direnak agiria baino ez dutela nahi, alegia, euskararekin ez dutela ez atxekimendurik, ez "maitasunik", ez kontzientziarik, ez... Neure inguru hurbilean berriz, azkenotan oso jende kontzientziatua, euskaltzalea eta abertzalea (zabaltzen air den topiko horietakoa izateko susmorik piztu behar ez lukeena) etorri zait euskara ikasi/hobetzeko aholku eske. Zer dela eta derrepenteko interes hori? Kontzientzia txarra? Ez, profilak, lanean eskatuta, azterketa egin beharra...

Tituluek uste baino pisu gehiago dutela iruditu zait, alegia. Eta inguruan euskarak bestelako bizitasunik hartzen ez duen bitartean hala izango dela susmatzen dut. Eta hori ez dago ikasleen esku.

Plisti-plastarentzat ohartxoa. Bidali didazun e-posta helbidea ez dabil ondo.

Auto-eskola

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 16 - 20:49-(e)an bidalia.

Egia da auto-eskolan azterketa gainditzen ikasten dela, eta gidatzen errepideak irakasten duela: erabilerak irakasten duela, alegia. Gurean, aldiz, kaleak erakusten al du hitz egiten?
Ez dut uste horrelako egoera sozio-linguistikoan gaudenik, oxala! Beraz, ezin ditugu euskaltegiak auto-eskola bihurtu.
Ikasle askok behar administratiboak ditu (titulua ateratzea) eta ez behar komunikatiboak. Behar administratiboak asetzera makurtu behar al dugu? (horra, auto-eskola). Ikasleak bere ez dituen behar komunikatiboak landu behar al ditugu? (horra, eskizofrenia)
Ez al da naturalagoa ikasleari bere esparruko erabilera-konpetentziak eskatu eta ebaluatzea, errutina hain estuak sortu barik?
Ez dagoela ikasleen esku diozu arrazoiz; tamalez, irakasleon esku ere ez. Hizkuntz plangintza ez da liburu dirdiratsuetan geratzen den hitz-jario polita; bere eragina ezinbestez gelaren lau hormetaraino heltzen da eta begira zein puntutaraino heldu garen zeure hitzetan: [Duela gutxi irakasle bati entzun niona: EGA prestatzeko ez da "didaktikarik" behar, azterketak egin eta egin eta zuzentzea nahikoa da](auto-eskolako galdetegiak etorri zaizkit burura)
Egia da, nola ez, baditugula benetako behar komunikatiboak asetzeko ikasten duten ikasleak eta egia da irakasle asko ez direla bat etorriko (teorian, bederen) aipatu duzun irakasleak dioenarekin. Baina modu berean egia da ikasle askok (eta ez bere erruz, nire iritzian) ez dutela hizkuntza ikasten komunikazio-tresna gisa eta egia da irakasle askok eguneroko praktikan arrazoi ematen diola gure irakasle egiazaleari.

didaktika ez

Benito-(e)k 2007, Iraila 17 - 00:22-(e)an bidalia.

"Didaktikarik ez da behar" horretan kontua ez da hizkuntzaren zer ikuspegi daukagun, metodologiaren aldetik azterketa prestatzeak ez duela metodologia berezirik baino. Hau da, "errutina" jarraitzea nahikoa ei da.

Komunikazio gaitasuna eskuratzeko nahiz azterketako test-ak prestatzeko metodologiaren aukeraketa eta diseinu onak zer esan handia dauka. Beharbada hor dago errutinaren arazoa, bide metodologiko egokia aurkitzeko baliabide, ezagutza edo ausardia falta.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia