ega

22
Urt
2011

Bihar itsu geratuko banintz...

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 22 - 14:31

EGA azterketan izango diren aldaketak direla eta, buru-belarri ari naiz testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Paradoxa bada ere, aztertzen ari naizen testuak abiapuntu hau du: Bihar itsu esnatuko banintz… Gaur goizean, esnatu naizenean, duela urte batzuetako goiz euritsu batean itsu esnatu ginela otu zait; itsututa jarraitzen dugula, gainera.

Euskaltegiak azterketetarantz gehiegi fokalizatzeak idazmenaren gainkarga itzela ekarri du. Hiperlanketa. Bigorexia. Eta beronekin batera, eta ondorioz, euskara ‘isilaren’, akademikoaren eta administratiboaren, obesitatea. Iruditzen zait, azkenaldian, euskaltegietan egunkarietako erredakzioetan baino iritzi artikulu gehiago idazten direla euskaraz.

Ikasleek mintzameneko, irakurmeneko eta entzumeneko eginkizunak hurbilekoak dituzte gehienetan, beren bizitza ez-akademikoan txertagarriak. Baina, sarriegitan, ez dira honelakoak, ia trebe(traba)tasun nagusi bilakatutako idazmenekoak.

Mintzamenean, irakurmenean edo entzumenean ez diegu eskatzen H1en duten konpetentziatik gorakorik, baina idazmenaren zenbait alorretan (testugintzan, esaterako), bai.

Bitxia bada ere, metodo komunikatiboa hobesten dugun garaian, komunikaziorako gutxien erabiltzen dugun trebetasuna; are, trebetasun horren formaturik arrotzenetako batzuk lantzen ditugu neurrigabe.

Bada garaia urak bere lekura ekartzeko. Trebetasun bakoitzak izan behar duen dimentsioaz gogoeta egiteko, urrituta daudenak puzteko eta puztuta daudenak urritzeko. Trebetasunen lanketa esparruak eta formatuak komunikazioa eta euskara ‘bizia’ abiapuntu ditugula formulatzeko. Azterketa (hala badagokio) ikas-prozesuaren elementutzat eta ez abiapuntutzat hartzeko.

Aspaldian ‘zer egingo diogu, ba!’ esaten zen, punkiek ‘no future’ zioten, pasotek ‘ hori ez da nire arazoa’; orain, berriz, ‘dagoena dago’ esaten ohitu gara. Baina, dagoena ez dut gustuko, neure arazoa ere bada; eta etorkizuna izango badugu, badakigu zer egin behar den.

Beno, barkadazue ganoragabeko berriketaldi hau. Lanean jarraituko dut, buru belarri, testuaren planifikazioa, modulazioa, koherentzia eta abarrekin lardaskan. Ea… ea… ‘bihar goizean itsu esnatuko banintz…

Argazkia: Titulugabea (Flickr). Egilea: hitzak_soberan. Lizentzia: CC BY-NC-SA 2.0

13
Ots
2009

EGAko azterketak kentzearena sarean

Atzo Maite Goñik IKTeroak eta Euskaljakintzan duela gutxi sarean ipini zituen 2008ko azterketak erretiratzeko agindua jaso duela kontatu zuenetik erreakzio ugari izan dira sarean. Bistan da asuntoak euskalduntze-alfabetatzea ere ukitzen duela bete-betean, eta momentuko haserreaz gainera zer pentsatu eta zer esan asko eman dezakeela hemendik aurrera.

Ez naiz haragoko hausnarketetan sartuko oraingoz, sarean han eta hemen orain arte esan direnen loturak batu baino ez dut egingo:

Ez dakit erreakzio hau inoren ipurdia ikaratzeko bestekoa izan ote den, edozelan ere gauza bat falta da hemen, eta faltan jarraituko du seguruenik: Administrazioaren azalpen argudiatua.

Interneten gabiltzan endredanteok ez ezik, jende gehiagok ere merezi duela uste dut. "Innovation" foro eta jardunaldietan komunikazioaz, partaidetzaz eta berrikuntzaz gorbatak ondo estututa nahiz "casual" populista jantzita esaten diren horiek sinestuta eta jakitun esaten diren konprobatzeko baino ez bada ere, bestela asko oposaketetako temarioan kateatuta geratu zirela pentsatu beharko dugu.

Badakizue beraz, 300 hitzeko idazlana. Argudioak ondo antolatuta, koherentziaz eta kohesioaz idatzita, jarioa, egokitasuna eta aberastasuna. Eta lasai, inoiz baino zuzentzaile gehiago egongo dira, eta ez diete ortografia errorei eta ergatiboei gehiegi erreparatuko gainera.

09
Api
2008

Tituluen baliokidetzea EAEn

Ikasbilen zabaldu da albistea, eta honez gero prentsan ere ibiliko da: Hizkuntza Politikarako sailburuordearen prentsaurrekoa: Euskara-gaitasun tituluen konbalidaziorako markoa

Alegia, EAEn erakunde desberdinek ematen dituzten euskara-titulu desberdinak (EGA, HABEren mailak, HAEE-IVAP, Ertzaintza...) beheko taularen arabera parekatu eta baliokidetu dira. Baita Europako Erreferentzia Markoarekin (pdf) parekatu ere.

Europako Erreferentzia Markoa

IVAP
HABE
OSAKIDETZA
ERTZAINTZA
HEZKUNTZA SAILA
B1 1. HE 1. maila 1. HE

 

 

B2 2. HE 2. maila 2. HE 1. HE

 

C1 3. HE 3. maila 3. HE 2. HE EGA
C2 4. HE 4. maila 4. HE

 

 

Hemen duzue prentsa-oharraren testua (pdf). Aurkezpen hau ere paratu digute:

Eguneraketa: aurreko taula horretan hizkuntz-eskoletako agiriak eta Hezkuntzako langileen profilak falta dira. Berauek sei hilabeteren buruan espero da hona ekartzea.

Eta dekretua buletinean argitaratu arte ez dago indarrean (hilaren erdi aldean-edo). Beraz, trankil oraindik.

Eguneraketa (II): hedabideetan eta interneten agertu diren erreferentziak.

Eguneraketa (08/04/15): Argitaratu da dekretua. Santurtziko Udal Euskaltegikoek eman dute albistea. 

19
Abe
2007

3. mailako azterketa-eredua

3. mailako azterketa izango denaren eredua (pdf) zabaldu dute gaur HABEkoek. Ikasbilen Euskara-agiriak atalean jarri dute ikusgai 3. mailaren gainerako xehetasunekin batera.


  3. maila egiaztatzeko azterketa eredua (behin-behinekoa)

Gainetik begiratu dut. Orain artekoekin aldeak:

  1. Aurretik jakina. Ez da atariko probarik egongo. Horren ordez euskaltegian ikasleak 112 urratsa gaindituta eduki beharko du. Horretarako euskaltegi bakoitzak zehaztuko du ebaluazio-bidea.
  2. Gainditzeko gutxieneko puntu-kopurua 55ekoa izango da, 100 puntutik.
  3. Irakurmen eta entzumen probak orain artekoaren antzekoa izango dira seguruenik (ereduan ez dut ikusi halako probarik behintzat)
  4. Idatzizko azterketan 300 hitzeko testu bat edo 180ko bi eskatu daitezke. Eskatu den testua kontestualizatuta egongo da: artikulua, gutuna, txostena... Ereduan herriko aldizkariko artikulua eskatu dute, testu bakarra, euskarazko hedabideen kontsumoari buruzkoa (interesgarria izan liteke jakitea azterketariek zer pentsatzen duten gai horretaz, ezta?)
  5. Gramatika eta hiztegia atalean proba eta ariketa desberdinak daude. Testu batean oinarrituta egin nahi direla dirudi. Ereduan Andoni Egaña eta Koldo Izagirreren idatziak erabili dira adibidez, artikuluak dirudite. Probak: sinomimoen berridazketa klasikoak, akatsak zuzentzeko proba (berria, ereduan deklinabide akatsak dira gehien bat), sinonimoak (beste klasiko bat, baina orain testuan hautatutako hitzarentzat zerrenda edo multzo batetik aukeratu behar da), hitzak eta definizioak lotzea (berria esango nuke), eta cloze testa (beste klasiko bat, baina apur bat ahaztua akaso). Atal honetan ez dakit zehazki zenbat proba egin beharko diren.
  6. Ahozko proban ohiko gaiaren bakarrizketaz gainera (jaiotze-tasa baxuak ereduan), bigarren proba bat egongo da, elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketariren batekin. Bertsolarien antzera irudi edo testuren batean oinarrituta berriketan hasi, hori bai, errima barik. Ereduan lehengo eta gaurko jostailuak aukeratu dira mintzagai.

Berrikuntzak daude, ez gehiegi, aurten behintzat ez dirudi EGA azterketetatik aldea handiegia izango denik beraz. Beste kontu bat da azterketa bera zelakoa izango den.

Entrenatzen hasteko bilatu erroreak mezu honetan. ;)

08
Aza
2007

3. maila, aurkezpen ekitaldiaren kronika

Lehengoan iragarri genuen bezala gaur HABEk 3.mailaren inguruan prestatu dituen berrikuntzak azaltzeko aurkezpen saioa egin da Bilbon. Euskaltegientzat, EAEkoentzat nagusiki, informazio eta berri interesgarri asko eman dira berton. Ni, bestelako konpromisoak direla eta, ezin joan izan naiz aurkezpenera, baina kontuak garrantzia daukalakoan hona ekarri nahi izan dut eta lankide batek etxerako egin digun laburpenetik jakingarri interesgarrienak ekartzen saiatu naiz (eskerrik asko Otto).

Gaur goizean izan da Bilboko aurkezpen saioa. Bi ordu iragarrita zeuden arren, ordu erdi gehiago luzatu da kontua; izan ere, aurkezpenak berak ordubete pasatxo izan dituen arren, galde-erantzunekin luzatu egin baikara. Beraz, beste saioetara joateko asmoa duzuenok jakitun zaudete.

Mahaian, Joseba Erkizia, Juxto Egaña, Aintzane Ibartzabal eta Josu Goikoetxea izan dira; HABEko zuzendari nagusia, didaktika arduraduna, ebaluazio arduraduna eta, oker ez banago, EGA arduraduna, hurrenez hurren. Aurkezpenaren pisua Joseba Erkizia eta Juxto Egañak hartu dute.

Joseba Erkiziak prozesuaren nondik norakoen berri eman digu. Hainbat lege, dekretu eta agindu aipatu ondoren, euskara agirien (HABE, IVAP, Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza eta Hizkuntza Eskola Ofizialenak) bateratzearen inguruan egindako lanak gogorarazi dizkigu eta, ondorio gisa, dauden agiriak parekatzeko moduan daudela, eta hauek, berriz, Europako Markoko mailetara ekar daitezkeela esan digu.

Testuinguru honetan kokatu ditu ikasturte honetan egingo diren kontu burokratikoak, eta, bere ustetan (uste sendoa, berarena) ikasturte honetan bertan baliokidetuko dira euskara agiri ofizial guztiak. Ez diot ondo ulertu (ni kontu burokratikoetan...), baina 3. maila beranduago bateratuko da (sei hilabeteko kontua). Hori dela eta, erabaki dute ikasturte honetan bertan 3. mailako azterketa ezartzea erabaki dute.

Aipatu ditu euskalduntze sistema osoaren koherentzia gordetzea dela helburua, ebaluazioa (agiriak) ikasprozesuari lotzeko beharra, euskaltegien autonomian sakontzea... Eta erronka bat ere badela: sistema berria, aztertzaileak prestatu, azterketa eredua...

Laburbilduz, ikasturte honetan, ez da EGA azterketarako deialdi itxirik egongo eta, horren ordez, 3. mailako azterketa ezarriko da. EGA, deialdi irekian baino ezin izango da egin. Proposamena dela diote, eta euskaltegiko ordezkarion ekarpenetara zabalik daudela diote.

Juxto Egaña kontu teknikoez aritu da gehiago. Horrela, azterketaren diseinua eginda dagoela esan digu. Zentzu horretan, lehenengo berrikuntza atariko proban dago. Ez da atariko probarik egongo, eta lan hori euskaltegiko ebaluazioak beteko du. Beste mailetan (1, 2, 4) gertatzen den moduan, azterketa egiteko aukera izateko, lehenengo euskaltegian eman behar duzu maila; beraz, 112 urratsa egiten dutenek, soilik, egin ahal izango dute azterketa.

Azterketari berari dagokionez, EGA hartu dutela oinarri diote. Baina hobekuntzak sartu nahi dizkiote: ahalik eta hurbilen nahi ei dute eguneroko eskoletatik; hau da, azterketak ez dezala baldintzatu eskolako jarduna, baizik eta azken horrek baldintzatu azterketa. Planteatzen dute idazlan bat barik, bi egin daitezkeela, beti ere testuinguratuta (rolak, egoerak); planteatzen dute mintzamena bi zatitan banatzea, ahozko azalpena eta mintzamena elkarreraginean; planteatzen dute elkarreragin hori neurtzeko ikasleak binaka jartzea... Ez dakite gramatikaren jakintza neurtzeko (sintaxia eta lexikoa, berridazketa eta sinonimoen ordez) sartu behar ote den baina, sartzekotan, beti ere, testuinguratuta, testu bateko gramatika, alegia. Hainbat ideia, baina oraindik lotu barik, antza. Edozelan ere, abendurako-edo izango dutela azterketa ereduren bat, pilotatuko dutela hainbat euskaltegitan eta Interneten-edo eskegiko dutela.

Zelan puntuatu ere oraindik aztertzen ari direla...

Aztertzaile kopurua ere ez dutela oraindik pentsatuta, ikasleen arabera izango baita. Baina EGAn aritu direnak eta beste berri batzuk hartu beharko direla. Irizpideak: prest egotea, 3. maila ematea txarto ez legokeela, eskarmentua aztertzaile gisa... Prestakuntza, beste mailetan bezala, bateratze saioen bidez egingo da.

Eta horra arte aurkezpenak eman duena. Beharbada, interesgarriena galde-erantzunen txandan heldu da; hainbat zalantza planteatu dira.

Lehenik eta behin, zenbat deialdi izango duen 3. mailako azterketak (eta, bidenabar, 1. eta 2. mailakoek). Inork ez du kontrakorik esan; beraz, pentsa daiteke euskaltegietako ordezkariak 2 deialdien alde daudela. HABEkoek, ordea, ez dute hain argi ikusten. "Aintzat" hartuko dutela eskaera eta aztertuko dutela, benetan euskaltegien eta ikasprozesuaren onerako dela ikusten bada. Gainera, eurek ikusten duten moduan, ikasleak bi barik, hiru aukera izango ditu aurten 3. maila lortzeko: EGA deialdi irekiko bi aukerak, eta euskaltegiko 3. maila.

Eskaerak, halaber, euskaltegiaren autonomia indartzeko, gaitasunen kudeaketa euskaltegien esku uztearen aldekoak.

Zalantzak:

  • beste mailetan bezala bada, ikasleak maila martxoan eman behar du
  • .aurrekoaren harian: HABE kritikatu dute ezin delako ikasturtean bertan egongo den aldaketa baten berri eman azaroan, taldeak martxan daudenean; zentzu honetan, proposamen bat egon da, aurten behintzat, EGA azterketa deialdi itxia ere egoteko. Atzerapenaren aurrean eurek esan dute baliokidetzea bermatzeko moduan egon ez diren arte ez dutela pausua eman, eta horregatik atzeratu dela kontua.

Azkenik, 4. mailaren inguruan aritu dira apur bat. Aurtengoa izango dela pilotajearen azken urtea, eta datorren urtean eskaini ahal izateko, irakasleen prestakuntza bideratuko dutela, prestakuntza didaktikoa eta prestaketa linguistikoa. Bigarrenaren ondorioz, parte hartzen duten irakasleek aukera izango dute 4. mailaren agiria eskuratzeko, deialdi berezi batez. Prestakuntza mistoa izango da (presentziala, eta on-line) eta abenduan hasi, eta uztailera arte iraungo du. Irakasle hautaketa egongo da, giza baliabideen urritasunak ez baitu ahalbidetzen eskaera masibo bati erantzuna ematea. Baina honen guztiaren ingurukoak datorren astean euskaltegietara helduko den gutun baten bidez jakingo dugu.

Honaino gaur Bilboko aurkezpenean egon den lankideak kontatu diguna.

Kantxa daukazue zuek ere han egon bazarete osatzeko, zehazteko, eta, egonda nahiz egon barik, -zer esanik ez- komentatzeko.

06
Aza
2007

Hirugarren maila

Honez gero EAEko euskaltegi gehienetan edukiko duzue informazioa. HABEtik bidali den hau alegia:

Zuzendari hori:
Honen bitartez dei egin nahi dizut HEOKaren 3. maila ezartzeko HABE datozen hilabeteetan egitekoa den urratsen berri emateko antolatu dugun bilera informatibora.
Bileraren xehetasunak hauek dira:
Gai-zerrenda:

  • HEOKaren 3.maila ezartzeko egitasmoa
  • Agirien baliokidetza
  • 3. mailako azterketa-eredua
  • Aztertzaileak: aztertzaile taldea, prestaketa
  • Azterketa-deialdia: baldintzak, datak

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo dira aurkezpenak. Bilbon azaroaren 8an eta Donostian 12an nik dakidala. Ez daukat Gasteizkoaren berririk.

EGA eta 3. maila bat dira? azterketa ala "maila"? 3. maila horri 1. eta 2. mailei eman zaien trataera emango zaiola dirudi.

Bestalde, bigarren puntukoan jarri beharko da arreta. Askotan komentatu da hemen dabilen titulu-saltsa. HABE eta beste erakunde batzuk (HAEE, Hezkuntza saila...) agiriak baliokidetzeko lan-negoziazioetan ibili ei dira azkenotan.

Ea zer berri datorren.

PD: Santurtziko Udal Euskaltegiko webgunean zehaztasun gehiago eman dituzte: HABEk EGAren pareko agiria sortuko du.

16
Ira
2007

Errutina

Plisti-plasta | 2007, Iraila 16 - 11:00

Hertzainak taldeak "aitormena" abestian errutinaren morroi bihurtu direla dio, geu ere zenbait euskaltegitako hainbat irakasle aitormen bera egin beharrean gaudela uste dut: errutinaren morroi bihurtu gara.

Kontatu zidaten (merke saltzen dizuet merke jasotakoa) EGA zela eta ez zela, goi-mailako bilera batean norbaitek auzitan jarri zuela 3. mailan ematen den formazioa. EGAk urte luzetan errutina sortu ei du (sinonimoak, berridazketak...) eta hirugarren maila desitxuratu; irtenbidea: EGA azterketa aldatzea (beste errutina bat sortzeko?)

Errutina al da gaitza ala bakarrik sintoma?

Teorian edozein mailak, baita hirugarrenak ere, helburu mailakatuak beharko lituzke eta azterketak helburu hauen betetze-maila frogatu beharko luke: Lehenengo, helburuak eta ondoren, helburu hauei dagokien azterketa (hau pellokeria!). Baina ez al da zenbaitetan alderantziz gertatzen?: hau da lehenengo azterketa eta helburu nagusia berau gainditzea denez, eskolak azterketari begira programatzea (hau aldrebeskeria!)

Norbaitek honezkero pentsatu du: baina non bizi da tipo hau? Ez al ditugu bada ikaslearen beharrak ase behar? Eta zeintzuk dira bere beharrak: behar komunikatiboak ala azterketa gainditu eta titulua lortzea, batik-bat?

Hauxe da kontua, finean egoera sozio-linguistikoak eta zenbait hizkuntza-politikak irakasleok hirugarren maila ematera bultzatu beharrean, EGA ematera bultzatu gaituela (ez da bereizketa hutsala: hementxe ikusten da argi eta garbi errutinaren morroi bihurtu gaituztela/garela). Zergatik, ordea?

Eskizofrenia hutsean mugitzen garelako, gu gure ikasleen balizko behar komunikatiboak ase nahian, ikaslearen benetako beharra administratiboa denean eta Administrazioak ere gehienetan horixe eskatzen dionean: titulua eta ez erabilera.

Gaitza eta bere sintomak zabaldu egin dira gainera: hor dituzue hizkuntz eskakizunak eta mailetako azterketak (errutina berriak)... Zeintzuk dira, ordea, errutinaren ondorioak?

Bi garai bereizi nahi nituzke: Hasierako garai batean, syllabus gramatikala besterik ez genuen eta trebetasunak alboko errepidetik zihoazen, behar besteko uztardurarik eta syllabusik gabe. Orduan azterketek gramatikaren syllabusa ez ezik, trebetasunen syllabus paraleloa ere eraiki zuten, nolabait. Ez zen hori modurik egokiena baina "prekaritate" garai hartan ezinbestekoa izan zen. HEOKen ostean, ordea, nik neuk "prekaritate" garaiok atzean uztea espero nuen; gauzak behar diren moduan egitea, alegia: helburuak definitu, trebetasunak integratu eta ebaluazioa definitu; baina ez dut halakorik ikusi; are gehiago, okerrera egin du egoerak nire ustetan.

Errutinak edukien aldetik maila erabat argaltzen du, maila komunikatiboaren esparruak mugatuz; zenbait ikasle eta irakasleri EGAn (!!!) narrazio literarioa edo umorea lantzea denbora galtzea irudituko zaio eta nekez eramango dituzu ikasleak bide horretatik bide-zidorra (idorra?) egonda.

Gaitzaren ondorioak argiak dira eta esparru asko ukitzen dituzte baina finean ikaslearen elbarritasun komunikatiboa dakarte.

Ez dira ez, betiko garai onenak!

Argazkia: etringita
04
Urr
2006

EGA ikastaroa

EGA ikastaroa - Azkenaldi honetan, erabat murgilduta nago Moodle plataformaren ur sakonetan. Iaz gure Axularreko lagunei, besteak beste, e-learning edo plataforma birtual honek eskain dakizkigukeen mila aukerei buruz luze entzun ondoren, udan buru-belarri sartzea erabaki nuen. Gaia erabat interesgarria iruditzen zait gure irakasgaiak modu ezberdinez fokatzeko aukera ematen digun neurrian (ikasleen gorabeheren gertuko jarraipena, baliabide guztiak gelan [...] [IKTeroak]

Moodle plataforman EGA ikastaroa diseinatu dute Jakintza ikastolan. Irekita utzi digute bisitatzeko eta ideiak hartzeko. Gurean ere horrelako gehiago egingo bagenitu! Ala espioitza industrialaren beldur gara? 

Sindikatu edukia