21
Urr
2007

Hirugarren ametsa

Plisti-Plasta | 2007, Urria 21 - 19:42

Ametsa aldendu egiten da euskaltegitik. Gora egiten du. Han, behean, herriko plaza ikusten da: alde batean, eliza isil bat eta paperezko udaletxea; beste aldean, jende ugari, zaratatsu, euskaran jolasten, sozietate, probaleku, eta kantxa baten inguruan. Donostiara egin eta kristalezko etxetzar moderno batean sartu naiz.

Hirugarren ametsa: administrazioa

Atariko horman dagoen metakrilatozko esaldiari ari natzaio begira istant batez, zera dio: “Norbaitek hainbat egunetan kristal apurtua duen etxea ikusiz gero, litekeena da jendeak utzita dagoela pentsatzea. Horrela bada, laster izango ditu kristal guztiak hautsita” Bitxia, alajaina!

Lehenengo pisuko ate guztiak daude zabalik, odolik gabeko guda bat ari da gertatzen bulegoz bulego. Armada Beltzak : “konstrutibismoa”, “konektibismoa” eta “ataza” bezalako hitzekin erasotzen du Armada Berdea, zeinak zenbaki astunak eta araudi luzeak erabiltzen dituen ezkutu gisa. Nabaria da Armada Beltza ari dela nagusitzen aspaldiko partez, irribarrea ageri zait ezpainetan.

Unetxo bat beranduago, Armada Beltzeko buruzagia ari da mahai gainera igota ozen berbetan:

Garaipen garaiak dira lagunok! Une honetatik aurrera, sosak eta arauak didaktikaren zerbitzuan egongo dira. Sare publiko eta pribatu sendoak eraikiko ditugu. Irakasle guztiei zor zaien duintasuna aitortuko diegu. Euskaltegietako plantillak berritzeko eta egonkortzeko neurriak hartuko ditugu. Euskara doan ikastea hiritar guztien eskubide izango da. Garai berriak izango dira, lagunok!

Beldur apur bat sentitu dut hitz hauen ostean bandera ugari astindu direnean, irribarretxoa itzali eta eskaileretan gora egin dut, badaezpada.

Bigarren pisuan lasaiagoa da giroa, jende gutxi karrajuan, kafe makinaren ondoan antzina ikusi gabeko lagun bat, berbetan hasi zait:

- Aspaldiko! Zelan? Hamar zentimo bai?

- Tori! Josurekin geratuta nago. Zalaparta galanta behekoa!

- Bai, gizona! Josurekin? Zein Josu?

- Uste dut I+G departamenduan ari dela. EHUkoekin sinatu berri den hitzarmen batean nago interesatuta. Antza denez, soziolinguistikakoak oinarrizko ataza komunikatiboen frekuentziak neurtzekotan dira.

- Bai, bai...Josu Sagarzazu... ezaguna dut. Deskuidatuz gero, behean izango duzu hitz potoloren batez Armada Berdea erasotzen.

- Asko da, ba! Eta zu, zer moduz?

- Hementxe. Erakundearen erregulazio, prospekzio eta zerbitzu arloen organigrama berria taxutu nahian.

- Makinako kafea baino mingotsagoa zure lana, adiskide!

Bat-batean, brisst!, kristal zartatu baten hots zorrotza aditu dut. Urrunean hasieran, nire barnean ondoren, logelako leihoan atzenean. Esnatu egin naiz.

Argazkia: Black flag (nonameplayer)

Etiketak: administrazioa | didaktika | euskaltegia | euskara | HABE |
Bidalitako artikuluak

E+D

Benito-(e)k 2007, Urria 21 - 21:31-(e)an bidalia.

Ai Plisti! E vs D hura ekarri diguzu bandera berde-beltzekin jantzita.

Eraketa/didaktika kontu hori administraziotik harago daukagu sartuta baina. Oraindik orain alderdi berdea da nagusi edonon. Baina zuri bezala niri ere ikara apur bat emango lidake alderdi beltzaren iraultzak.

Alegia, ez dut uste gurean bipartidismoa denik konponbidea. Historiak hala erakusten duela esango nuke. 

Espero (amestu) dezagun alderdien arteko mugak lausotzen joatea. 

Bandera beltza

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 22 - 13:08-(e)an bidalia.

Arrazoi duzu "E vs D" hori "E+D" bihurtzea litzatekeela onena diozunean, baina oraindik ere bandera ugaritxo astintzen direlakoan nago.

Nire ametsarekin bi gauzatxo gehiago azpimarratu nahi nituen.

Batetik, administrazioaren lana ezin dela izan erregulazio lana soilik. Lan horri prospekzioa eta zerbitzua gehitu behar zaizkiola eta badela garaia I+G planak eta gune interdiziplinarrak ere martxan jartzeko.
Eta bestetik, ezin garela beti goitik beherakoaren zain egon, badela garaia zeharkako bideak probatzeko eta sare multinuklearrak eraikitzeko (Kontuan hartu beharko lukete/genuke leiho apurtuaren teoria).

Bestalde, hainbeste hitz potoloren artean, txantxetarako gogo apur bat ere badaukat, Benito ;-)

Sekretutxo bat eta istoriotxo bat kontatuko dizuet.

Sekretutxoarekin hasiko naiz. Karrajuan idazten dudanean, nik ez ditut sekula irudia aukeratzen Benitori uzten diot lan hori (azal lodikoa naiz ni, gero!) eta berak pazientzia osoz eta tentuz aukeratzen ditu irudiak. Hirugarren ametserako bandera beltza aukeratu du eta irribarrea sortu zait aspaldi entzun nuen istoriotxo bat gogoratzean.

Ba al dakizuePlugin <em></em> Not Found? Horregatik jaso ote digu Benitok bandera beltza?

Nire ustetan,honen argazkiren bat ere beharko genuke karrajuan eskegita.

PD: Portzierto, Benito pirataren ontzia "A Burla Negra" deitzen zen :-D

Flickrcc

Benito-(e)k 2007, Urria 22 - 17:28-(e)an bidalia.

Nire patzientzia eta tentuak Flickrcc daukate izena kasu honetan. Flickr-en argazkien artean CC litzentziapekoen bilatzailea. Eta Plistiren artikuluak irudiz beteta egoten direnez ez da hain zaila izaten bada, gustagarria ere bai. Ketchup koloreko neoi-argiak, bandera beltzak, Sisiforen bolak...

Administrazioren kontuekin umoretsu paratzea meritua izaten da, eta gaur egun bandera beltzen kontuetan hastea Jack Sparrow aitatu barik merituago. Baina tokaioen meriturik ez niri aitortu mesedez. Juarez, Floro, Lertxundi edo Soto hura, besteak beste, nahikoa dira eurak, meritu edo desmerituetarako.

Karrajua bandera beltzeko galeoia baino, kolore guztietako marinelek joan-etorritakoak elkarri kontatzen dizkioten eta espedizio berriak prestatzen dituzten biltokia nahiago nuke. Dortoka irlakoa, Panamako kanalekoa edo Pasaiako portukoa.

Altxor asko dauzkagu topatzeko oraindino.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia