euskaltegia

07
Ira
2010

Hamar-hamaika

Eguerdiko eguzkiaren azpian

Urte berri on!

Badakit urte hasiera ofiziala hemendik lau hilabetera dugula, baina gure mundu honetan urtea udazkenarekin batera hasten dela esango lukete zantzu gehienek. Gainera, hemendik zerbait idatzi dugunetik urtebetea pasatu dela pentsatzeko modua ere egon daiteke, je, je...

Ikasturte berria, ikastea urteka banatu daitekeen prozesua dela adierazten edo, eta urte berri honetan euskara ikasi nahi duenak zer du ba?

Seguru asko orain artekoaren zikloan sartuko gara berriro: eman izena-ka hasiko zaizkigu mintzo kartelak eta irrati-telebistetako ziriek, euskaltegi- erroa adlatiboan hasiko da jokatzen eta horrela.

Baina aurten jakin beharreko batzuk oraindik.

  • Krisiak zer ekarriko du? Administrazioek nondik sartuko dute artazia (sartu, sartuko da eta)? Diru-laguntzak, ratioak, modulazioak, eskaintza berriak...?
  • Euskara ikastera bideratzen duten estimuluek horretan diraute? Aldatu egingo dira? Onerako, txarrerako edo espero ez den norabide batean? (Bai, jendea etorriko da euskaltegira? Galdera hori barruan doa)
  • Ikasteko erak aldatu egiten ari direla nabarituko dugu? Aldaketak etorriko dira? Ikastea era zabalago batean ikusten hasiko gara? Ala, segituko dugu pentsatzen ikastea klase-talde batean irakasle batekin egin eta ordutan neurtu daitekeena dela batez ere. Kontraerreforma baten zantzuak badabiltzala esango nuke (horraino irakurriko dut).
  • Ikusiko dugu jende gehiago euskaraz gauza gehiago eta hobeto eta erosoago egiteko gauza dela eta gauzok egin egiten dituela?

Horixe bada, urte berri ona izan dadila hau.

04
Urt
2008

Udal euskaltegiak

plisti-plasta | 2008, Urtarrila 4 - 18:44

Akaso oker ibiliko naiz, erabat erratuta apika, baina nire irudiko udal euskaltegiek, egun, erregimen legal bera duten zentroek osatutako sare administratibo hutsa osatzen dute. Gure mundutxoan diren beste sareek badute egituraketa osoagoa: didaktika zerbitzu propioa, organigrama bateratua... baina udal euskaltegiek HABEren gonapean hazitako umezurtz geratu diren kumetxo amazuloak dirudite. Bakoitzak berea egiten du, baina ez dago benetako elkarlanik, norabide edo proiektu partekaturik.

Mirari Bereziartuak dioen moduan, proiektuek lidergoa behar dute. Mirarik lidergo ereduak bilatzeko orduan naturari begiratzen dio. Bisonteak, kurriloak eta hegaluzeak hartzen ditu adibide. Bisonte taldea lider bakarrari erantzunez mugitzen da, liderrik ezean noraezean geratzen da. Kurriloak uve forman mugitzen dira, erpinean liderra dutela, liderrak huts eginez gero ondoan doanak hartzen du bere lekua eta sinkronian jarraitzen du hegan banda osoak. Hegaluzeei dagokionean, ia ezinezkoa da liderra zein den identifikatzea; denek egiten dute bat, sare perfektua osatuz.

Zail izango zaigu, jakina, bat-batean hegaluzeek bezala jokatzea; tarteko hainbat urrats egin beharko ditugu, guk geuk, nagusitxoak gara eta. Baina, gaur gaurkoz, Toshacken buru gabeko oilaskoak ematen dugulako ustea dut. Nire usteak erdia ustel izango ahal dira!

21
Urr
2007

Hirugarren ametsa

Plisti-Plasta | 2007, Urria 21 - 19:42

Ametsa aldendu egiten da euskaltegitik. Gora egiten du. Han, behean, herriko plaza ikusten da: alde batean, eliza isil bat eta paperezko udaletxea; beste aldean, jende ugari, zaratatsu, euskaran jolasten, sozietate, probaleku, eta kantxa baten inguruan. Donostiara egin eta kristalezko etxetzar moderno batean sartu naiz.

Hirugarren ametsa: administrazioa

Atariko horman dagoen metakrilatozko esaldiari ari natzaio begira istant batez, zera dio: “Norbaitek hainbat egunetan kristal apurtua duen etxea ikusiz gero, litekeena da jendeak utzita dagoela pentsatzea. Horrela bada, laster izango ditu kristal guztiak hautsita” Bitxia, alajaina!

Lehenengo pisuko ate guztiak daude zabalik, odolik gabeko guda bat ari da gertatzen bulegoz bulego. Armada Beltzak : “konstrutibismoa”, “konektibismoa” eta “ataza” bezalako hitzekin erasotzen du Armada Berdea, zeinak zenbaki astunak eta araudi luzeak erabiltzen dituen ezkutu gisa. Nabaria da Armada Beltza ari dela nagusitzen aspaldiko partez, irribarrea ageri zait ezpainetan.

Unetxo bat beranduago, Armada Beltzeko buruzagia ari da mahai gainera igota ozen berbetan:

Garaipen garaiak dira lagunok! Une honetatik aurrera, sosak eta arauak didaktikaren zerbitzuan egongo dira. Sare publiko eta pribatu sendoak eraikiko ditugu. Irakasle guztiei zor zaien duintasuna aitortuko diegu. Euskaltegietako plantillak berritzeko eta egonkortzeko neurriak hartuko ditugu. Euskara doan ikastea hiritar guztien eskubide izango da. Garai berriak izango dira, lagunok!

Beldur apur bat sentitu dut hitz hauen ostean bandera ugari astindu direnean, irribarretxoa itzali eta eskaileretan gora egin dut, badaezpada.

Bigarren pisuan lasaiagoa da giroa, jende gutxi karrajuan, kafe makinaren ondoan antzina ikusi gabeko lagun bat, berbetan hasi zait:

- Aspaldiko! Zelan? Hamar zentimo bai?

- Tori! Josurekin geratuta nago. Zalaparta galanta behekoa!

- Bai, gizona! Josurekin? Zein Josu?

- Uste dut I+G departamenduan ari dela. EHUkoekin sinatu berri den hitzarmen batean nago interesatuta. Antza denez, soziolinguistikakoak oinarrizko ataza komunikatiboen frekuentziak neurtzekotan dira.

- Bai, bai...Josu Sagarzazu... ezaguna dut. Deskuidatuz gero, behean izango duzu hitz potoloren batez Armada Berdea erasotzen.

- Asko da, ba! Eta zu, zer moduz?

- Hementxe. Erakundearen erregulazio, prospekzio eta zerbitzu arloen organigrama berria taxutu nahian.

- Makinako kafea baino mingotsagoa zure lana, adiskide!

Bat-batean, brisst!, kristal zartatu baten hots zorrotza aditu dut. Urrunean hasieran, nire barnean ondoren, logelako leihoan atzenean. Esnatu egin naiz.

Argazkia: Black flag (nonameplayer)

14
Urr
2007

Bigarren ametsa

Plisti-plasta | 2007, Urria 14 - 19:34

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak. "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Bigarren ametsa: euskaltegia


Atetik sartu naiz. Hiru dimentsiotako euskaltegia ageri zait nire aurrean. Lehenengo dimentsioa barnekoa da, ikas-irakaskuntza presentzialari begirakoa. Bigarrena kanpokoa, kokatuta dagoen herriko kultur lanketaren eragileetako bat izan nahi duena. Eta hirugarren dimentsioa globalagoa, ziberespazioari dagokiona, beronen bidez antolatzen du euskaltegiak, besteak beste, telelearninga, antza.

Une honetan A. Einstein agertu zait ametsean: E=mc²! deiadarka. Zorabio galanta E=mc²! Ametsetan zorabiatzerik badago, behintzat! Dimentsioekin jolasten ibiltzeagatik gertatzen zaizkit halakoak, alafede!

Biok sartu gara atetik tupustean. Dekorazio zaindua duen euskaltegia dugu, nabaria da tentuz pentsatutako espazio banaketa duela, ezagunak ditugun gelategiekin zerikusirik ez duena. Espazio modular balioaniztun ugari daude, departamenduak eta ongi hornitutako tailerrak. Melokotoi koloredun sofa batean jesarri eta pentsamenduak etorri zaizkit trumilka: Bulgaria eta sugestopedia lehenik; ondoren, zenbait euskaltegitan gelako ateak ixten direnean mundu erreala (telebista, internet...) nola gelditzen den kanpoan, arbelaren eta klarionaren mesedetan...

Neska gazte bat jarri da alboan... portatila zabaldu eta blog batean idazten ari dela iruditu zait... Badakizu etxerako lanak! esan dit. Harritu samar, honek guztiak prozesu kognitiboan eragina izan behar duela pentsatu dut. Hi haiz pijoa hi! erantzun dit nire barruan daramadan deabrutxo euskaldunak.

Altxatu eta beste gela batean sartu naiz. Mintzamen tailerra da, antza. Zortzi pertsona ari dira ipuina kontatzeko teknikak lantzen. Une honetan keinuak nola erabili ari dira aztertzen. Irakaslea zein den antzematen saiatu naiz baina ez zait erraza suertatu, agian denbora luzeagoan egon beharko nuke horretarako, baina dena ikusi beharraren beharraz alde egin dut eta koordinazio gela batean sartu naiz.

Gela honetan irakasleak daude. Txoko batean dagoenak multikonferentzia erabiliz dihardu lanean bere ikasleekin. Beste hiru irakasle formazio plan bat diseinatzen ari dira; horretarako Arabako euskaltegi txiki batek sortu duen wikiaz baliatzea erabaki dute, antza. Zuzendaria non den galdetu diet. Ardurak zeharka banatuta dituztela erantzun didate; hala ere, zuzendari bakarrik ez duten arren, zuzendaritza taldekoak non biltzen diren erakutsi didate. Kontu honi pare bat buelta ematen hasi naiz nire kaskar kaskarrean.

Ezustean deiadar batek komikietako globo hiztuna bailitzan leherrarazi ditu nire azken pentsamendu hauek: plop! A. Einstein da berriro ere E=mc²! oihuka. Irtetean danbateko galanta eman do ateari:- Polita eta ondo antolatua euskaltegia, erlatiboki, jakina- dio -... baina ea behingoz kentzen duzuen ketchup koloreko neoizko letrero hori... Euskaltegi@ ... hori baino gauza horteroagorik!-

07
Urr
2007

Lehenengo ametsa

Plisti-plasta | 2007, Urria 7 - 01:17

Amets egin nuen bart.

Sisifo agertu zitzaidan, agure, ametsaren ertz batean, unaturik, euskal aditzaren harritzarra mendi tontorrera igo nahian. Ametsaren beste ertzean ere Sisifo, heldu, idazmenaren harritzarra mendi gailurrera igo nahian, neke. Ametsaren hirugarren ertzean berriro Sisifo, gazte, mendian gora zeraman harritzarrarekin komunikatu nahian, akituta.

Bat-batean ertz guztiak batu eta ametsa zatitu egin zitzaidan.

Lehenengo ametsa: metodologia

Xabier Imaz dugu protagonista. Tentuz dekoratutako euskaltegiko gela urdin batean Xabier eta euskaltegiko aholkulari panpox bat Xabierren behar komunikatiboak, konpetentzia maila eta ikasteko era aztertzen ari dira. Bi motatako beharrak antzeman dituzte: komunak (euskara ikasle guztiek dituztenak) eta berariazkoak (inguruak, lanak, ordura arteko ikas-prozesuak... eragindakoak. Xabierrek bere berezkoak dituenak, alegia). Horrekin batera, Europako Marko Osatua erabiliz konpetentzia maila B2ri dagokiona dela erabaki dute eta nola ikasten duen aztertu dute.

Aholkulariaren eta tutorearen garaia da. Xabierren kasua estudiatu eta ibilbide didaktikoa diseinatu diote (gero Xabierrekin berarekin adostu beharrekoa). Behar komunikatibo komunak asetzeko bere konpetentzia mailako beste ikasle batzuekin jardungo du gehienetan (era presentzialean edota on-line), eta berariazko behar komunikatiboetan trebatzeko egokitzapen kurrikularra egin diote: ataza espezifikoak, tailerrak, proiektuak...

Ametsean Xabierren aholkularia eta tutorea entzun ditut berbetan.

Tutorea: Hitz egin al diozu Xabierri ikaskuntza formala eta informala uztartzearen garrantziaz?

Aholk: Ez, datorren asteko bileran ekingo diogu horri. Ea zer asmo duen. Nire ustez, ondo etorriko litzaioke ikaskuntza informalaren garrantziaz jabetzea: interneteko jario kaotiko apur bat, bere zaletasunei lotua jakina, eta berbalaguna edo praktika-guneren bat, kirol elkarteren bat litzateke aproposena. Mendi-taldearekin dugu hitzarmena, ezta?

Tutorea: Baietzean nago.

Aholk: Hitz egingo dugu sakonago baina motibazio aldetik justutxo ikusi dut.

Tutorea: Ez kezkatu gehiegi horregatik. Iaz, Ataza Banku Berriarekin eta Tailerrekin aritu nintzen lanean eta zalantzarik gabe ikaslearen motibazioa areagotzen dute.

Aholk: Bai, ba! Ikasleari plusen bat eskaintzea garrantzitsua da eta. Hizkuntzan, hau da, tresnan, arreta guztia jarri beharrean, tresna hori erabiliz lor ditzakeen gauzetan jartzea, alegia.

Tutorea: Horixe da! Zein ondo pasatu zuten iaz ikasle batzuek Euskaltegi@ proiektuan, gainera egindako lana oso baliagarri suertatu zaigu guztioi. Bueno, Benito, gauzatxo batzuk prestatu beharra daukat, hiru aste barru egingo dugu ebaluazio bilera, ezta?

Aholk: Ondo da. Bitartean lantzean behin egingo diot begiratutxoa Xabierren jarraipen fitxari.

Oraingoan ametsak irakasle-gelara eraman nau. Bertan Xabierren tutorea ordenagailuarekin lanean ikusi dut. Ikasbilera jo du eta Ataza Banku Berrian "komunak" "B2" etiketak sakatu ditu eta hiru ataza berde eraman ditu Xabier Imaz ipintzen duen karpetara. Ondoren, "berariazkoak" "B2" "udaltzaingoa" sakatu eta beste ataza berde bi aukeratu ditu. Agendari egin dio orain begiratutxoa: Mendi Elkartearen telefonoa ageri da pantailan dir-dir...

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Baina hau bigarren ametsa duzue eta Benitoren baimena izanez gero, hurrengo astean kontatuko dizuet, Sisiforen harritzarra baino astunagoa gerta ez nakizuen.

 

Sindikatu edukia