07
Urr
2007

Lehenengo ametsa

Plisti-plasta | 2007, Urria 7 - 01:17

Amets egin nuen bart.

Sisifo agertu zitzaidan, agure, ametsaren ertz batean, unaturik, euskal aditzaren harritzarra mendi tontorrera igo nahian. Ametsaren beste ertzean ere Sisifo, heldu, idazmenaren harritzarra mendi gailurrera igo nahian, neke. Ametsaren hirugarren ertzean berriro Sisifo, gazte, mendian gora zeraman harritzarrarekin komunikatu nahian, akituta.

Bat-batean ertz guztiak batu eta ametsa zatitu egin zitzaidan.

Lehenengo ametsa: metodologia

Xabier Imaz dugu protagonista. Tentuz dekoratutako euskaltegiko gela urdin batean Xabier eta euskaltegiko aholkulari panpox bat Xabierren behar komunikatiboak, konpetentzia maila eta ikasteko era aztertzen ari dira. Bi motatako beharrak antzeman dituzte: komunak (euskara ikasle guztiek dituztenak) eta berariazkoak (inguruak, lanak, ordura arteko ikas-prozesuak... eragindakoak. Xabierrek bere berezkoak dituenak, alegia). Horrekin batera, Europako Marko Osatua erabiliz konpetentzia maila B2ri dagokiona dela erabaki dute eta nola ikasten duen aztertu dute.

Aholkulariaren eta tutorearen garaia da. Xabierren kasua estudiatu eta ibilbide didaktikoa diseinatu diote (gero Xabierrekin berarekin adostu beharrekoa). Behar komunikatibo komunak asetzeko bere konpetentzia mailako beste ikasle batzuekin jardungo du gehienetan (era presentzialean edota on-line), eta berariazko behar komunikatiboetan trebatzeko egokitzapen kurrikularra egin diote: ataza espezifikoak, tailerrak, proiektuak...

Ametsean Xabierren aholkularia eta tutorea entzun ditut berbetan.

Tutorea: Hitz egin al diozu Xabierri ikaskuntza formala eta informala uztartzearen garrantziaz?

Aholk: Ez, datorren asteko bileran ekingo diogu horri. Ea zer asmo duen. Nire ustez, ondo etorriko litzaioke ikaskuntza informalaren garrantziaz jabetzea: interneteko jario kaotiko apur bat, bere zaletasunei lotua jakina, eta berbalaguna edo praktika-guneren bat, kirol elkarteren bat litzateke aproposena. Mendi-taldearekin dugu hitzarmena, ezta?

Tutorea: Baietzean nago.

Aholk: Hitz egingo dugu sakonago baina motibazio aldetik justutxo ikusi dut.

Tutorea: Ez kezkatu gehiegi horregatik. Iaz, Ataza Banku Berriarekin eta Tailerrekin aritu nintzen lanean eta zalantzarik gabe ikaslearen motibazioa areagotzen dute.

Aholk: Bai, ba! Ikasleari plusen bat eskaintzea garrantzitsua da eta. Hizkuntzan, hau da, tresnan, arreta guztia jarri beharrean, tresna hori erabiliz lor ditzakeen gauzetan jartzea, alegia.

Tutorea: Horixe da! Zein ondo pasatu zuten iaz ikasle batzuek Euskaltegi@ proiektuan, gainera egindako lana oso baliagarri suertatu zaigu guztioi. Bueno, Benito, gauzatxo batzuk prestatu beharra daukat, hiru aste barru egingo dugu ebaluazio bilera, ezta?

Aholk: Ondo da. Bitartean lantzean behin egingo diot begiratutxoa Xabierren jarraipen fitxari.

Oraingoan ametsak irakasle-gelara eraman nau. Bertan Xabierren tutorea ordenagailuarekin lanean ikusi dut. Ikasbilera jo du eta Ataza Banku Berrian "komunak" "B2" etiketak sakatu ditu eta hiru ataza berde eraman ditu Xabier Imaz ipintzen duen karpetara. Ondoren, "berariazkoak" "B2" "udaltzaingoa" sakatu eta beste ataza berde bi aukeratu ditu. Agendari egin dio orain begiratutxoa: Mendi Elkartearen telefonoa ageri da pantailan dir-dir...

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Baina hau bigarren ametsa duzue eta Benitoren baimena izanez gero, hurrengo astean kontatuko dizuet, Sisiforen harritzarra baino astunagoa gerta ez nakizuen.

 

Etiketak: euskaltegia | ikaskuntza | irakaskuntza | metodoak | metodologia |
Bidalitako artikuluak

Polita ametsa

Benito-(e)k 2007, Urria 7 - 03:51-(e)an bidalia.

Polita, baina ametsetan agertzen zaizun pertsonajeren batek Elm Streetekoa ematen du gehiago.Surprised

Freddy Krueger

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 7 - 08:36-(e)an bidalia.

Oker samar zabiltza Benito. Egia da ametsean jertse gorri-berdea, kapela, eta aizto-atzaparrak zituen morroi bat ikusi nuela baina ez zen lehenengo ametsean izan (hirugarrenera heldutakoan kontatuko dizut).

Txantxak txantxa, eta keinuak keinu, amets metodologikoaren barrunbera begiratuta honako puntu hauek utzi nahi nituen agerian:

  • Ikasle bakoitza kontuan hartzen duen irakaskuntza pertsonalizatura jo beharra.
  • Pertsonalizazio hori ikaslearekin berarekin batera erabaki behar dela: dituen eta izango dituen behar komunikatiboei, konpetentzia mailari, ikas-estiloei eta prozesu kognitibo espezifikoei erreparatuz.
  • Honek guztiak euskaltegiaren, administrazioaren eta euskaltegiko langileon paperen birformulazioa dakarrela.
  • Espezializazioaren beharra.
  • Maila bakoitzeko konpetentzien definizioan urrats bat ematea ezinbestekoa dela.
  • On-line eta off-line-ren arteko mugak lausotu egingo direla.
  • Atazen definizio berri batera jo behar dugula, atazen maiztasun komunikatiboak neurtuz eta beharrezko konpetentzia mailarekin uztartuz.
  • Proiektuek, EBIren birdefinizio baten bidetik, atazek eta tailerrek euskaran ez ezik, euskara erabiliz ikasleak lor ditzakeen plusetan jarri behar dutela azpimarra.
  • Ikaskuntza formala eta informala uztartzearen garrantzia. Formalean, syllabus komunarekin eta adarkatze espezifikoarekin funtzionatuz eta informalean sare sozialen jarioan integratuz.
  • Irakasleok lan egiteko modua aldatu beharra: gure fokoa "klaseak prestatu behar" horretatik apur bat mugitu eta "Xabier Imaz" ikaslearengan jartzeko. Honetarako, jakina, modu ahalik eta kooperatiboenean ataza bankuak sortu beharko badira ere.

Eta ametsaren hitzartean geratzen diren beste hamaika kontu. Ez zaituztet nekatu nahi, dena den. Nire asmoa bestelakoa da, zeuen ametsak kontatzera animatu nahi zaituztet.
Esanak esan, Benito, ez didazu ukatuko nirea Tina Greyena baino amets gozoagoa denik.

 

Ametsak

Benito-(e)k 2007, Urria 9 - 02:08-(e)an bidalia.

Puntu pare bat gustatu zaizkit zeure ametsetik:

  • Fokoa klasea prestatzetik ikaslearengana eroatea.
  • Lan egiteko modua aldatu beharra.

Hala ere, ameslari jarrita, nik neuk gustura hartuko nuke ikasleak berak gidatutako ikaskuntza. Bere bizimoduan eta behar izan sozialetan oinarrituta. Hau da, ikaslea bera etortzea "Metroan ematen dituzten egunkari guztietan agertzen den doako egunkaria hori ez dela ordaindu behar esan nahi du, ezta?", edo "Lagunduko didazu etxeko komunitatetik bidali didaten ohar hau ulertzen?". Baina hori guztia amets handiago baten partea da.

Amets egin behar da hala ere, bestela Sisiforen gurpilean gara laster. 

Ondo dakizun bezala,

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 9 - 14:55-(e)an bidalia.

Ondo dakizun bezala, Sisiforen gurpiletik ihes egiteko burua paperetatik altxatu eta ikasleari begietara begiratu behar diogu.

Nire ustetan, zertzelada narras batzuetan esanda, erabakiak beti ikaslearen esku egon behar du eta bere esku dagoela SENTITU behar du, gainera. Irakasleak proposatzailea eta prozesu-bideratzailea izan behar du eta administrazioak arautu, prozesu globalak bultzatu eta lan prospektiboa egin behar du.

Bezeroak erabakitzen du zein jatetxetara(euskaltegitara) joan eta zer, zenbat eta nola jan (ikasi), finean berak jan (ikasi) behar baitu. Sukaldariaren (Irakaslearen) lana menu goxoa (programazio eraginkorra) eskaintzea da, batik bat.

Baina ezin esan jatetxe, sukaldari, eta menu guztiak berdinak direnik.

Nabaria da gosetuta nagoela, ezta? Une honetan Sisiforen harritzarra ere jango nukeela uste dut.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia