23
Ira
2009

Jakintza tazitoari tiraka

Uztailean Miramarreko ikastaroan jakintza tazitoaren asuntoa atera nuen, eta baten batek entzun ere bai. Gaur kontzeptu hori bueltan etorri da Julen Iturberen bloga irakurtzean.

Jakintza tazitoa langileek urteetan metatu duten hori da, eginaren eginaz bereganatu eta azaltzen batere erraza izaten ez dena. Gurean ez litzateke zaila izango kontzeptua azaltzea. Urte askoko ibilbidea egin duen jende ugari, kilometroak, miliak eta legoak egindakoa. Irakasle lanetan halako sena garatu du norberak ere deskribatzen jakingo ez lukeena, are gutxiago etorri berriari. Esperientzia hitzaren atzetik ezkutatu ohi da kontzeptua, baina seguruenik ibiliaren ibilia baino gehiagoaren fruitua izan da, edo, hobeto esanda, ibiliaren ibili hutsak ez du jakintza hori bermatzen.

Euskaren normalizazioan azkenotan hitzetik hortzera dabiltzan berba batzuk kontu honetarako ere balio dezakete: transmisioa, geroratzea, biziberritzea. Hizkuntzari ez ezik, jakintza profesional horri aplikatu dakizkioke ondo. Nola ziurtatu urteetan hainbat jendek bereganatu duen hori transmititzea, geroratzea eta biziberritzea, baita hobetu eta sasoi-testuinguru berrietara egokitu? Azaleratu ezik zaila dirudi.

Julenek lehengo urteko jardunaldietan batutako ondorio batzuk ekarri dizkigu, batzuk ekarriko ditut hona abiapuntu gisa:

  • Transferentzia hutsetik harago joan daiteke kontua, "co-construccion" dio han, elkar-eraikuntza edo itzul daiteke. Ez gabiltza batek eman eta besteak hartu erlazio sinple horretan nonbait. Talentuaren garapena ere aipatu da, etengabe garatu beharreko zerbait dela esan daiteke, elkarreraginik gabe ez da hobetuko.
  • Ikasteko espazio naturalak bilatu eta eguneroko praktikan txertatu behar dira. Ikasteko berariazko espazioak, prestakuntzarako jarduera antolatuak adibidez gainditu egin behar dira?
  • Erakundetik haragoko sare pertsonalak eraikitzea komeni da. Erakundeek jakintza "babesteko" duten kultura-tradizio hori gainditu behar ei dago horretarako. Pertsonek, eta ondorioz, erakundeek hartuko luketen etekinaren balioa gehituko nuke nik.
  • Prozedurak ezarri nahi izaten dira, kontrola, baina praktikarekin ikasten da azken batean. Praktikaren (auto)behaketaren eta haren gaineko hausnarketaren bidez seguruenik.
  • Tazituaren transferentzia talde txikietan zentratzea komeni da. Lanarekin zuzenean lotutako jardueretan seguruenik, interesetatik abiatuta eta zerbait zehatza lortzeari begira.
  • Gauzak esplizitu egiteko ardura handiagoa dago transmisioa garatzeko baino. Era berean, neurketa lehenesten zaio prozesuari. Hau da, zerbait "eman" eta zenbatek "hartu" izaten da kezka, zer ikasi eta zertan hobetu den baino gehiago adibidez.

Enpresa munduko hizkera ez zaigu samurra egingo gehienoi, baina nago azken batean oso gauza hurbilak ditugula horiek guztiak. Beharbada labur esanda honako zerbait esan daiteke: jakintza eraikitzen da jardunaren jardunaz, baina ez isolaturik jardunda, eta gainera inor ez da etorriko beti nahi genituzkeen instrukzioak ematera, ez baita erraza denaren instrukzioak azaleratzea.

22
Ira
2009

Kanpaina betean

Urteen poderioz iraileko matrikulazio-kanpaina errutina dugu gurean. Jendea euskaltegira e(ra)karri behar da orain, orain gehien bat,  urtebeteko ibilbidea hil honetako uztak erabakiko baitu, oraingoak gehien bat. Publizitateko inbertsioen marradun grafikoak sekulako tontorra erakutsiko luke bederatzigarren (edo lehenengo) hil honetan duda barik. Kartelen, afixen eta irrati-telebistetako iragarkien sasoia da iraila gurean.

Eta urtetik urtera nahikoa errutinarioa egiten zait neuri behintzat. Iragarkietako ideia berriren bat gorabehera, marmotaren urtearena etortzen zait akordura, gehien bat. Sorpresa helburu duen publizitatearen arteak ez dit sorpresa handiegirik ematen urtetik urtera, baina hori gutxinekoa izango da egia esanda, azken batean kanpaina horien target-a beste batzuk dira, ez geu, eta benetako emaitzak datorren astean ikusiko ditugu. Ea ba.

Aurtengo kanpainan (baten batek azken orduko bolanderaren bat gordeta ez badauka behintzat) dena dela, gauza bat egin zait ohikoa baino deigarriagoa: udal-mailako erakunde batzuen kanpainak. Originaltasuna eta freskotasuna gehien bat hortik etorri dela esango nuke, HABE edo euskaltegien euren kanpainetatik baino gehiago.

Bilboko Udalaren kanpaina hau ikusi nuen lehenegoz. Apartekoa izan barik, erakunde publiko-ofizial batena izateko ukitu freskotxo bat nabaritu nuen.

Baina originaltasunaren bidetik urrats polita izan da Nafarroako euskara zerbitzu batzuek antolatu duten Euskafe hori. Kanpaina osatuagoa eta kanal askotakoa, bideo eta guzti:

Eta hura bezain landua, eta gainera publizitate hutsetik harago, informazio eta zerbitzu batzuez ondo hornituta, Buruntzaldeko euskara zerbitzuen-kanpaina etorri da gero. Gainera sasoi bateko kanpaina baino gehiago izateko asmoz jaio dela dirudi, eskualdeko euskaltegien eta euskalduntzearen informazioa, zerbitzu eta komunikazio gune zentralizatua eskaini guran edo, automailaketa zerbitzua bezalako tresnak adibidez.

Ez da hor amaitu kontua, ez, ukitu biral batekin Gasteizko Udaletik suabe-suabe egin ziguten gonbitea hitza hartzeko ondoren.

Eta errematea, larrosa kolorez jantzia, Donostiatik etorri da. Euskara mon amour leloarekin webgune eta kanpaina grafiko landu eta originala ekarri digute plazara.

Publizitatea juzgatzeko era bi egon daitezke gutxienez, batetik estetikaren gaineko iritzia, eta hor ez naiz sartuko, gustuak, zaletasunak eta aurreiritziak tarteko, alferrik baita eztabaidatzea, eta bestetik, emaitza "komertzialena", eta horretaz ezer esateko informaziorik ez daukagu oraindik (ezta apur batean edukiko ere).

Gauza bakarra okurritzen zait bakarrik: udaletxeetako biltegi-fitxategi-gordeleku ustez ilun horietan badirudi irudimena, freskotasuna eta originaltasuna -edo haiek topatzeko gogoa behintzat- ez direla erabat galdu. Euskaltegietako txoko koloretsuetan baino biziago daudela ere ausartuko nintzateke esatera, hori esatera ausartzeko ausardia handia beharko ez balitz.

17
Ira
2009

Kalera noa (ihesi)

Ainhoa Ezeizak blog estreinatu berrian artikulu gomendagarria eskaini zigun lehengo egunean. Gaztelania irakasle bezala Facebook nola eta zergatik erabili duen kontatu zigun, praktikatik jakintza teorikorekin elkarreraginean jardun duela erakutsi digu lehenengoz, eta hori beti da estimagarria, eta, bigarrengoz, zer pentsatua eman digu, neuri behintzat bai, eta horrek bai balioa.

Moodle-Facebook halako dikotomia baten antzean ipini ditu: formala-informala, erregistro desberdinek batean edo bestean kokatu eta landu,  zein egokien. Facebook bezalako sare sozialetan norberaren alderdi informal, lagunartekoa nola agertzen den, eta hizkuntzaren ikaskuntzarako oztopo barik, tresna interesgarria dugula azken batean, testuinguru horretan kokatuta beti ere.

Eta iruditu zait hizkuntza ikasteko teknologia berriez ari garela, azken batean teknologiarekin lotuta ez dauden kontuekin egingo dugula topo behin eta berriz. Kasu honetan aurrez aurre vs. internet bezalako aukera baten aurrean, formal-informala, Irakaslea vs irakaslea, Ikaslea vs. ikaslea, ikasle-irakasleak vs. pertsonak baten aurrean baino.

Eta "kalea" hitza agertu da Iñaki Muruaren iruzkin batean, komatxo artean: "Zenbait unetan sarea "kalea" bezala hartu behar ikasleekiko harremanetarako. Parekotasunak balio lezake irakaslearen portaerak argitze aldera." Eta uste dut hor dagoela hizkuntza-irakaslearen lanaren gakoetako bat. Ez gara jakintzaren emaile edo instruktore hutsak, ezta -modernitateetan sarturik- tutore edo ikas-prozesuaren gaineko aholkulari-gidari-bideratzaile soilak ere. Pertsonak ere bagara, hizkuntza erabiltzen duten pertsonak, eta pertsonekin dihardugu, hizkuntza horretaz baliatu nahi duten pertsonekin, eta hizkuntzaren ikaskuntza gure artean maila guztietako komunikazioa eratuz, sustatuz eta errotuz bideratuko dugu besteak beste eta ezinbestean.

Hortaz, buelta bat gehiago emanda. Ez zait inoiz gustatu kalea-ikasgela bereizketa hori, baina ez dut jakin inoiz zergatik azaltzen, mania lerdoren bat izango zelakoan edo. Baina oraintxe konturatu naiz, ikasgela ere (gela fisiko ukigarri aurrez aurreko tradizionalena ere bai) "kalea" da, ikasteko eta komunikatzeko gunea, "kalea" ikasteko gunea ere izan daitekeen bezala, eta kalea bezala, etxeko egongela, hondartza exotikoa, mendi tarte bukolikoa edo troka bazter latzena izan daitezkeen bezala, fisikoak nahiz birtualak, pertsonen arteko hartu-emana eta esan-entzuna oparoak eta sentituak diren bitartean behintzat.

11
Ira
2009

Desioa eta errealitatea

Gaurko, irailak 11, hirugarrengoz tradizio bihurtzeko bidean dagoen ekitaldia dago iragarrita: EAEko Ekitaldi Akademikoaren hasiera ekitaldia, HABEk antolatuta. Badakizue dakizuenok, autoritate eta ordezkarien berbatxu batzuk, hizlari baten hitzezko hitzaldia, eta luntxa aka pintxo jana. Behin baino ez naiz egon eta ez dago txarto, kexatzen behintzat ez gara hasiko. 

Aurten baina, Murphyren atzaparrek bete-betean harrapatuta berriro joan barik. Tira ba, jarduteko uneak eta lekuak egongo dira bestela. Pena ematen dit aurtengo gonbidatuari entzuteko aukerarik ez izatea baina.

Iragarri aurretik ez dut ezagutu izan Juli Palou. Puntuak galdu ditut honez gero, baina hala izan da. Bitxia da haren izena ezaguna ez izana gainera, Bartzelonako Unibertsitatetik hizkuntzen irakaskuntaren inguruan dabilen mogimendu interesgarriaren erdigunean dago Palou nonbait, eta HABEkoek utzi diguten hitzaldiaren laburpenean (pdf, eta pantailari buelta emanda irakurrita), zerbait berria kontatzera datorrela iruditu zait. Gai batzuk igarri ditut hortik: hizkuntza ikasleren nortasuna, nortasun horren osaketa, bilakaera horren narrazioa, "niaren idazketa"...

Idazketak, adierazteaz gain, pentsaera eraikitzen du. Norbanakoak bere buruaz, bere esperientziaz idazten duenean, bere burua banatzeko aukera du, eta, beraz, bere buruaren alderdi berriak aurkitzeko egokiera. Niaren idazketa gogoeta egiteko aukera bilakatzen da, norberak pentsatzeko abagune eta ikasten ari den pertsona moduan bere burua ikusteko egokiera.

Eta laburpen hori irakurrita -apur bat kriptikoa akaso, baina horregatik iradokitzaileagoa- pentsatzen jarri naiz hizkuntza ikasteak zer ekarri digun horretan ibiil garenoi , zelan ez garen ibili sarri gauzak esateko modu berri baten bila soilik, eta ibilbide horrek gugan azken batean ergina izan duela konturatu. Eta akaso esperientzia horren berri emateak norberari zein entzun-irakurtzeko gogoa-zortea-patua daukanari zerbait piztuko ote dion.

Esan dut ba, kontu berria eta interesgarria. Lastima zuzenean entzun ezin izana. Inork kontatuko ahal digu! (esperantza handi barik)

Dena dela, Palou ezagutu ez, eta internetomanook hartuta ditugun bizioen artean ez dakiguna segidan gogelatzea denez, hantxe hasi naiz Palouren berriren bila. Eta tontamentean irakasleen prestakuntzan jardun duela jakin dut, eta horretaz idatzi duela, eta berak parte hartutako liburu pare bat Google Books-en topatu. Artikulu baten titulua gustatu zait gainera: "Els professors de llengua: entre el desig i la realitat". Horixe, desioa eta errealitatea, prestakuntzarekin dudan sentsazioa deskribatzeko hitz bi horiexek hautatuko nituzke neuk ere.

Prestakuntza, ene! Uztailetik hona, Miramarreko ikastarokoak, hangoei ekiteko sasoia heldu da bada. Buelta pare bat ematen hasi beharko dugu.

09
Ira
2009

Euskaldun berriei hitza

Euskadi Irratian denboraldi berrirako programazioa atontzen dabiltza, eta EITBren asmoen artean guri arreta emateko moduko bat:

Euskadi Irratiak, bere aldetik, hurbileko albistegia egingo du. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako berri gertukoenak bilduko ditu. Horrez gainera, arratsaldero 20:00etan albistegi nagusi bat egingo du. Etxeko txikienek ere euren irratsaioa izango dute igandero, eta Euskaldunberrientzat tarte bat prestatzen ari dira.

Halaxe berretsi digu gaur Rosa Diez Urrestarazu zuzendariak Berrian:

Ikasturte berrian, saiatuko gara irratia euskaldun berriei hurbiltzen. Ea euskara munduan sartzen ari direnak erakar ditzakegun.

Sozialisten programan aipamen lauso bat egon zen, hain zuzen ere. Akaso hau haren ondorioa da:

También habrá de clarificarse el papel que debe jugar la enseñanza del euskera promovida por el Gobierno Vasco a través de EITB e Internet

Programa politikoaren ondorioa bada, gehiago edo bestelakoa ere esperoko genuke euskararen irakaskuntzari begira. Ikaskuntzari zuzendutako saioak edo programazioak beharbada, baina tira, ez da asmo txarra edozelan ere, eta, oro har, euskaldun berriak edo euskara ikasleak euskarazko hedabide guztietara hurreratzeko politikak eta estrategiak (kanpainak baino hobeto, ezta?) garatuz gero hobeto.

Dena dela, hedabideen kontsumoa ("hedabideen erabilera" gustatuko litzaidake gehiago) eta euskaldun berrien asunto hau direla eta, burura etorri zaizkit ideia eta kezka batzuk:

Euskaldun berria terminoarekin datorkit lehenengo zalantza. Termino zabala, oso.

  • Euskara ikasi eta euskaltzale sutsu bilakatu, edo euskaltzale sutsua izanda euskara ikasi duena dugu alde batetik. Eta esango nuke multzo hau euskarazko hedabideen bezero fidela eta debotoa dela dagoeneko, fidelena ere ausartuko nintzateke esatera. Ikus-entzunezkoak, paperezkoak nahiz internetekoak.
  • Bestelakoak ere badira euskaldun berriak dena den. Euskara interes zehatz bategatik (laborala adibidez) ikasi dutenak, eskolan euskaldundutako gazteen belaunaldi berri horietako asko, eta -kontzeptuaren mugak non dauden ondo igarri ezinik- ikas-prozesuaren tarteko mugarriren batean dabiltzanak edo han kateatuta geratu diren heldu asko.

Bistan da azken multzo hau izango dela euskara arlo honetan erabiltzera (ETB1, Hamaika edo GoienaTB ikustea ere euskara erabiltzea da, ezta?) ekartzea zailen suertatuko dena. Zergatik?

Hizkuntza zailtasuna da, eta maila guztietan seguruenik. Hasiera edo Tarteko mailako ikaslearentzat zailtasuna zein den ez dut uste azaldu beharra dagoenik, baina EGAdunarentzat edo maila altua erdietsi duenarentzat ere ohikoa ez duen hizkuntza batean hedabideak jasotzea ez da samurra izaten, euskaldun zahar-peto-betiko askori ez zaie natural-natural egiten filmak euskaraz ikustea adibidez, ezta? Komunikazioaren artearen menperatu beharreko guztiei oztopo hori gehitu behar diete programatzaileek eta profesionalek. Psikologikoa edo soziala izan liteke, linguistikoa baino gehiago askotan, baina hizkuntza-kontua ere bada akabuan.

Euskaldun berriak (esparrua zabaltasun oso-osoan hartua) interes desberdinak izan ditzake hedabide batera hurreratzeko orduan. Bistan da hori, denok ez ditugu albiste, saio edo emanaldi berdinak intereseko eta gogoko. Baina ikas-prozesuan murgilduta dagoenaren kasuan bada interes komun bat: hizkuntza, hizkuntza ikastea eta hizkuntza bera. Ikasten lagunduko dionak piztuko dio interesa duda barik, eta horri gehitzen bazaizkio eduki interesgarriak eta eduki interesgarri horiek interesgarri egiteko trebezia koktel ona aurkituko dugu seguraski.

Hala ere, aspaldian dabil eztabaida erdi-ezkutu bat honen inguruan, ez dakit inoiz inon argi plazaratu den (literaturan bai, uste dut), baina dilema baten muturretan kokatu daiteke: hedabideetako hizkuntza ikasle eta ailegatu berriei begira "egokitu" behar da, ala hizkuntza erabat normalizatua balitz bezala jokatu, hartzaile guztiak jatorrizko hiztun alfabetatu-normalizatuak bailiren alegia?

Alde bien aldeko argudioak topatzen ditut nik neuk egia esanda, baina neurri handi batean aintzat hartu behar da euskaraz egiten dugunon koadrila etengabe dabilela elementu berriak jasotzeko moduan, inguruan ditugu arrimatu guran, eta gurea hizkuntza ikasten ari den herria oraindik ere. Martin Rezolak dioen modura denok ez gara "pixkabatesmucho" koadrilakoak eta erdiko gunea da bihotza duda barik, baina inguruko horiek ere ez dira gutxi, ez horixe, eta merezi dute hitza eurei ere zuzentzea, ezta?

PD: Kontsumoa, hitza zuzentzea, jasotzea... Ez dakit, baina sentsazioa hartu dut hedabideen inguruan komunikazioa norabide bakarrean jarri dudala, bipuntozerismoaren hastapenetatik zabaltzen dabilen kontu bat ahaztuta: komunikazioa norabide bikoa edo norabide ugarikoa da, gero eta gehiago. Beharbada euskaldun berriak / ikasleak erakartzeko giltzarritxo bat daukagu hor: hitza zuzendu ez ezik, eman ere egin beharko zaie.

08
Ira
2009

Kartelak eta afixak

Badakizue, iraila eta ikasturte guztirako bezeroak topatu behar du gure industriak. Urtero egin dugu publizitate kanpainen aipamenen bat, oso tradizionala gehienetan, kalerako kartel-afixa eta halakoei atxikirik. Izan ere, interneten sartuta kalerako kartelen kopiak topatzen dira gehien bat.

Tira, aipamena egingo dugu beste barik (adituen urteroko analisi serioaren esperoan ;-)), orain arte sarean harrapatu ditudan laurak (baten bat gehiago balego, esan eta ekarriko dugu hona).

Zer deritzezue?

AEK, hurbiltasuna eta identitatea ("garena")

 

Udal Euskaltegiak (Gipuzkoakoak ala denak?). Elkar ulertzea, baina "gu gara" hauek ere.

IKA: metodo(logi)a hauen ardatza

Elkarlan: bidea zein den erakusten.

Egunerketa:

Aipatu gabe utzi dut Nafarroako euskara zerbitzu batzuek martxan ipini duten euskafe kanpaina. Web (http://www.euskafe.com/), bideo eta guzti.

Hemen logoa

Eta bideoa

AEK-koek ere bideo bat sareratu dute:

06
Ira
2009

Abian... edo

Ume hau uztailetik eduki dugu oporretan eta galbana guztiarekin ere, kartera hartu eta eskolara bidean hasi beharko da. Nagiak atera eta aurrera goaz berriro, baten batek espabilatzen lagunduz gero, hobeto... je, je...

Ikasturtearen kontzeptua zalantzan ipini gura izan nuen duela urte pare bat, eta inoiz baino ikasturtetuago gatoz 0910 honen atarian, igartzen da jauzia, eta irail guztietan bezala, urrira arteko sprint honetan dena desberdina izango delako sentsazio hori, ekainean hankaz gora akabatzen dena.  Hau bai, hau desberdina izango da, beti horrela, baina tira, akaso oraingoan asmatuko dugu. Inoiz baino galdera gehiago daudela-edo iruditzen zait, betikoak baino ez dira izango asko, baina nonbaitetik hasiko gara, galderak botatzen. Dena berdina izan ote den ebaluatzeko modua izango dugu hemendik hilabete batzuetara sikiera...

  • Urrian zenbat jende etorriko da euskara ikastera? Bale, betiko galdera da hori, urtero-urterokoa. Eta urtero-urtero geratzen gara zorioneko 40.000 horien bueltan. Baina aurten ere kopuru horretan ibiliko gara? Tatxaaaaan! Aurreko urteetatik hona baldintza berdinak dauzkagu? Jende gehiago edo gutxiago ekartzeko eskapatu zaigun arrazoiren bat bada tartean?
  • Krisia zer den jakingo dugu geuk ere? Krisia gora eta krisia behera dabiltza han eta hemen. Gure sektorean gutxitan ibili da berba hori orain arte eta aurreko galderaren katean sar liteke krisiaren kontu hori azken batean, baina krisiak jotzeko era ugari dago, onerako ere izaten ei da kasuren batean.
  • Etorriko diren horiek daukagunarekin konformatuko dira berriro ere? Konformatuko gara gu ematen dugunarekin? Denak konformatzeko moduan ibiliko gara? Konforme geratuko gara?
  • Sorpresarik egongo da aurten? Denak jarraituko du betiko bidea? Sorpresak onerako, txarrerako edo alferrik izango dira? Zerbait berria behar genuke aurten han eta hemen esan eta entzuten diren batzuen arabera, ezta?
  • Hemen aurreko urteotako erritmoa jarraitzeko moduan egongo gara? Zer egingo dugu txiringo honekin? Aldaketaren bat beharko dugu? Ausartuko gara?
  • Enpin, amaitzeko Aizu! aldizkariko txori haren estiloko bat ekarriko dut: Noiz euskaldunduko ote dugu Euskal Herria? Galdera politikoki ez zuzena izateko bidean da honezkero, baina hor dago, ezta?

Ez gara igarleak, eta ez dugu erantzunik oraindik izango, beraz, daukagunari ekiten hasiko gara bitartean. Noiz arte iraungo dugu honela? Galdera ona...

11
Uzt
2009

Euskara erabiltzeko motibazioa sustatzeko trebakuntza-saioa

Aitor | 2009, Uztaila 11 - 02:18

Lehengo ekainaren 12an eta 19an UEUk antolatu zuen Euskara erabiltzeko motibazioa sustatzeko trebakuntza-saioan izan zen Aitor gure kolaboratzailea, eta laburpen hau bidali digu hemen publikatzeko.

  • Eibarren, UEUren Ikastetxe Nagusian
  • Irakasleak: Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuko Helene Armentia eta Idoia Aldekoa
  • Partaide-kopurua: 20
  • Ekainaren 12an eta 19an

Arrakasta ia segurtaturik zuen hasieratik. Izan ere, ikastaroaren edizio bakarra zegoen aurreikusita (maiatzaren hasieran), baina eskaera kontuan izanik errepikatu egin behar izan zuten ekainean.

Ikastaroak, errepikatzearen errepikatzeaz ia aspertzeraino entzun dugun jakitearen eta erabileraren arteko desorekari aurre egiteko pista batzuk eskaini nahi zizkigun bertan elkartu ginen euskara teknikari, euskara irakasle, irakasle-ohioi..

Abiapuntua, ezin argiagoa zen konstatazio teoriko-praktiko batetik egin genuen: euskararen erabileran hainbat faktorek eragiten dute; jarrerak, besteak beste. Orduan, euskararen erabileran aurkako faktoreak gailentzen direnean (ezagutza-mila urria, ingurune erdalduna, ohitura-falta…) jarrera indartu egin behar da. Baina nola landu daitezke jarrerak? Eraldaketa-prozesu baten bitartez. Prozesu honek, bertan parte hartzen dutenen jarrera berritzea bilatzen du, modu kontziente eta positiboan, Reflect Ekintzaren bitartez. Ikuspegi honek hainbat ezaugarri ditu:

  • Parte-hartzea eragiten du
  • Bibentziala da
  • Talde- izaera sendotzen du
  • Bisuala da
  • Parte-hartzaile guztien artean eraikitzen da.
  • Aldaketa eragiten du

Talde-izaera sendotzea hasieratik bilatu zen saio bakoitzaren hasieran taldea girotzeko egiten ziren dinamiken bitartez. Ondoren, egun bakoitzaren gunea izango ziren ekintza edo dinamika nagusi bana burutu genuen.

Euskararen ibaia

Lehenengo egunekoa izan zen. “Ni eta euskara” gaia ardatz hartuta, ibaia marraztu behar genuen. Ibaiaren ibilbidearen (edo lehortearen) bidez irudikatu behar genuen gutako bakoitzak euskararekin izandako harremana eta lotura gure bizitzan zehar. Ondoren etorri ziren azalpenak eta galde-erantzunak are gehiago aberastu zuten dinamikaren edukia.

Zuhaitza

Bigarren egunean burutu genuen dinamika hau. Hasteko, dinamizatzaileak galdera bat luzatu zigun bat-batean erantzuteko: “Zeintzuk dira gure inguru hurbilean euskara dagoen egoeran egotearen arrazoiak?” Gure erantzunak kontuan hartuta, arazoa nagusiak identifikatu eta zuhaitzaren enborrean jarri genituen; sustraietan j arazoaren zergatiak eta adarretan ondorioak. Ondoren, proposatu zigun kartulinatxo batean idazteko zer zegoen gure esku egitea guk eragin genezakeen esparru zehatzean. (“zer egin dezaket nik?”), zer talde mailan eta zer gizarte mailan.

Dinamika bakoitzaren bukaeran egindakoaren gaineko hausnarketa txikia egin genuen kontuan izanik zenbateraino egon zen agirian edo jokoan parte-hartzaileon subjektibitatea, balio etikoak, adiskidetasuna/maitasuna, poztasuna eta desinhibitze fisikoa.

Erabilgarri izan zitezkeen dinamiken beste menu zabal bat geratu zitzaigun aukeran; hala nola:

  • Talograma”: gai jakin batean inguruan parte hartzen duten eragileak identifikatuta, eragileok marraztu gaiarekiko duten kokapena, eragina, pisua… kontuan hartuta.
  • “Diagramak”: taldearen osaketa, funtzionamendua, antolaketa eta harremanak grafiko batera eraman.
  • “Mapak”: toki bateko espazio ezberdinak bereiztu (non egin daitekeen euskaraz, adibidez) kolore edo ikurren bidez.
  • “Euskara animalia balitz”…

Dinamika hauen erabilgarritasuna

 Nire iritziz dinamika hauek talde (“lantaldea” gure kasuan) baten egoera edo arazoak aztertzeko balio zuzena dute (euskararen erabileraren egoera, erabilerarako dauden jarrerak…) argudioa nagusi den ohiko bide arrazionalak erabili beharrean, adierazpena erraztu eta honetan sakontzeko lagungarri izango zaizkigun bestelako bide sortzaileagoak erabiliz.

Baina, jakina, dinamika hauek ezin dira erabili edozein momentutan eta edonola. Zenbait kontu garrantzitsu aintzat izan behar dira. Lehenengo eta behin, taldea eginda egon behar da, osatua; hau da, giza-harremanak egonkortuta daudenean baino ezin dira erabili. Gainera, argi izan behar dugu zer lortu nahi dugun dinamika jakin baten bidez, eta ez soilik polita edo atsegina delako. Eta osotasun bat izan behar dugu argi gogoan, dinamika bakoitza aparte eta aurrekoarekin eta erdi proiektaturik dugun hurrengoarekin elkar lotuta.

Bukatzeko, antolatzaileek azpimarratu zigutenez, dinamikok lau kide baino gehiagoz osatutako taldeetan dira erabilgarri eta ahal den neurrian talde- eta bakarkako konpromisoetara eraman behar gaituzte.

Argazkia: 10 Principles of Beautiful Photography. Egilea: Stuck in Customs. Lizentzia.

03
Uzt
2009

Ezagutza tazitoaz

Arkaitz | 2009, Uztaila 3 - 01:16

Ez dakit Benitok ez ote duen oraindik asteazkeneko bazkaria ondo digeritu, edo bazkalondoa joan zitzaion kontrako eztarritik. Baina, bera protagonista izan zeneko kronikaren zain, nik zenbait gauza aurreratu nahi nituzke.

Hasteko, esan behar dut Benitoren aurretik andaluz saleroso bat jartzea ez zitzaidala parte onekoa iruditu. Dena dela, Benito ondo irten zen plaza (plazatoros) hartatik. Glotodidaktika ikastaroa eta AEK-k irakasleen prestakuntzan jartzen duten ahalegina agerian geratu ziren. Esan daiteke, egungo Helduen Euskalduntze Alfabetatzean irla bat izaten jarraitzen duela, aspalditik gainera. Nik esan dezaket ni neu behintzat markatu egin ninduela. Han galdetu ziguten ea zerk markatu gaituen irakasle bidean. Nik gaur arte ez dut aitortu, baina hor doa: batez ere Begok katuarena egin zuenean guk barre egiteko eta serio mantendu ginenekoak (barkatu Bego)

Egun, oraindik ere, unibertsitatean ez dago ikasketarik geureari begira. Filologian lizentziatuak dira hurbilen ibil daitezkeenak eta, denok dakigu hizkuntzaren didaktikatik zenbat edaten den fakultate hau duten unibertsitateetan.

Teoria, nahi duenak eskura du: liburuak, internet, ikastaroren bat edo beste eskatuz gero (udako “etenaldian” bazaude, ordainduta). Baina 3. saioan mahaikideek eta entzuleek azpimarratu zutenez, astean 20/30 klase-ordu eta gero, aukera gutxi daude bolondres joateko (beti dago kolgauren bat baina...). Etxeko kontuei eta buruko osasunari ere begiratu behar zaiela ere esan zuten (jendeak apuntatu egin zuen).

Ikerketaz ez zen askorik hitz egin, baina unibertsitaterik ez dagoenez, ikerketa aplikaturik ere ez. Beraz, irakasleen klaseetan ez omen da ikertzailerik sartzen; eta Donostian entzun genuenez, ezta beste irakaslerik ere. Irakasleok egin ohi ditugun ebaluaketa krudelen beldur gara akaso? Niri gogoa geratu zitzaidan galdetzeko ea zelan ikusten zuten bi irakaslek edo gehiagok kudeatutako taldeen kasua (ea norbaitek esperientziarik zuen).

Gauzak horrela, "ezagutza tazitoa" gainezka daukagu. Iragarkiak esaten zuen: "Tazitoa a tazitoa...": metatu egin dugu.

Metahizkuntzaz eta materialak sortzearen garrantziaz ere aritu ziren, baina Benitori ere zerbait utzi beharko diot kronikarako.

Ea txosnaren baten komentatzerik dugun!

01
Uzt
2009

Uso eta erabilera

Miramarreko bigarrena gaur. Ernesto Martin Perisek zabaldu digu eguna eta berriro ere gogoratzeko moduko aipamenak ekarri eta zer pentsatua eman dizkigu.

"Concepciones acerca de lo que supone ser capaz de usar una lengua" izan du izenburu saioak. Hasiera batean ikastaroko gai orokorretik —hizkuntz-irakaslearen hasierako prestakuntza— apur bat aldentzen zela pentsatu dut, eta akaso horrela izan da, baina berriro ere hizkuntzaren ikuspegiaz hausnartzera etortzea eta gogoratzea eta hura erakustea ez dut uste ezein hizkuntza irakaslerentzat batere kalterako izango denik  (berria nahiz aritua). Hainbat urte bueltaka eta hamaika biderrez aldarrikatu arren oraindik klaro-klaro ez dabilen kontua dela esango nuke.

Martín Perisek hamaika buelta eman dizkio kontuari, egia esanda, eta argi botatzen ditu ideiak eta laginak. Apuntatzeko modukoak izaten dira ekartzen dituenak, bereak edo beste inorenak:

  • Gaitasun testuala hizkuntzen arteko zubia dugu, hizkuntza desberdinetako hiztunen artetik gutxien aldatzen den konpetentzia.
  • Hizkuntza erabiltzen hastea ez da hizkuntza ahoskatzen hastea. Komunikazioaren adierazlea ez da hots-kopurua, komunikazioaren bidez transmitizen denaren kopurua baino.
  • Elkarrizketa ez da interrogatorioa.
  • Gramatika emaitza da, komunikazioaren ondorioa, ez komunikazioaren ezinbesteko baldintza.

Bere horretan seguruenik gogorrak edo kriptikoak egingo zaizkizue hitzok, polemikoak ere bai. Baina argi dauka zer den hizkuntza erabiltzea, eta argi utzi digula uste dut.

Hitzaldiaren izenburuaren azkenengo pasartea gaztelaniatik euskara ekarrita mezu honi etiketa bat gehitu behar niola konturatu naiz gainera: "...el uso de la lengua" > "... hizkuntzaren erabilera". Soziolinguistika etiketa gehitu dut hain zuzen ere. Perisi parafraseatuz ideia bat zirriborratu dut bat-batean: "hizkuntzaren erabileraren adierazlea ez da botatzen diren hotsen edo letren kantitatea, hizkuntza horrek komunikazioaren bidez transmititzen duenaren kantitatea eta kalitatea baino".

Goizaren gainerako orduak ECMLko Frank Heyworth-ekin eman ditugu. Hizlari atsegina eta umoretsua, ingelesen estilora. Pinganilloaren menpekotasunak horrelakoak ondo gozatzeko aukera kentzen digu askotan, lastima.

Europako Markoaren ingurumaritik abiatzen da bere lana (bide batez, Europako Markoaren filma ikusi duzue zuek? Bideo-clubean ez dut topatu). Markoaren ereduaren antzera hizkuntza-irakaslearen gaitasunen mapa desberdinak aurkeztu dizkigu, berak esan duen bezala, hizkuntza-irakasleak zer egiten jakin behar duen. EPOSTL, EPSTL eta EAQUALSen profila. Funtsean hizkuntza irakaslearen profila lan-munduan gero eta ohikoagoak diren konpetentzien zerrendetara ekartzeko saio desberdinak. Berak esan duen modura, hasiera batean apur bat deprimentea izan daiteke zenbat gauza egiten jakin behar den, baina tira perfekzioa ere ez dugu beti lortuko.

Ideia ezagun gehiago, hiru profil motarena adibidez: konpetentea, trebea eta maisua izendatu daitezkeenak, hau da, egiteko gai dena, ondo egiten duena, eta egin ez ezik eredu edo maisua ere izan daitekeena (azalpen kaseroan).  Kalitatearen kontzeptua ere bai, pertsonen asebetetzea eta emaitzen lorpenetan kokatua, EFQM ereduetan bezala adibidez. Azken batean mundu profesionaleko ikuspegi eta ideiak geure profesiora ekarrita.

Konpetentzia maila horretara ailagatzeko giltza batzuk aurkeztu dizkigu:

  1. Lidergoaren garrantzia
  2. Datuen bilketa eta behaketa
  3. Hausnarketa eta bideratzaile (facilitadorea) paperaren beharra.

Esan bezala, lan mundutik datozen ideiak eta ikuspegiak, handik ezagunak egin zaizkigunak, baina logikoa da, ezta? gurea ere lanbidea da azken batean.

Behaketa eta fazilitazioa (zelan itzultzen da hau?) jorratu ditu azken zatian. Interesgarria, baina dudatxoa geratu zait hasierako prestakuntzarako tresna egokienak ote diren, akaso etengabeko prestakuntzarako bai, baina hasberrien kasuan haien erabilpena askotan mugatuegia ote daitekeen pentsatzen geratu naiz.

Tira ba, bihar gehiago, eta geureaz.

Sindikatu edukia