03
Uzt
2009

Ezagutza tazitoaz

Arkaitz | 2009, Uztaila 3 - 01:16

Ez dakit Benitok ez ote duen oraindik asteazkeneko bazkaria ondo digeritu, edo bazkalondoa joan zitzaion kontrako eztarritik. Baina, bera protagonista izan zeneko kronikaren zain, nik zenbait gauza aurreratu nahi nituzke.

Hasteko, esan behar dut Benitoren aurretik andaluz saleroso bat jartzea ez zitzaidala parte onekoa iruditu. Dena dela, Benito ondo irten zen plaza (plazatoros) hartatik. Glotodidaktika ikastaroa eta AEK-k irakasleen prestakuntzan jartzen duten ahalegina agerian geratu ziren. Esan daiteke, egungo Helduen Euskalduntze Alfabetatzean irla bat izaten jarraitzen duela, aspalditik gainera. Nik esan dezaket ni neu behintzat markatu egin ninduela. Han galdetu ziguten ea zerk markatu gaituen irakasle bidean. Nik gaur arte ez dut aitortu, baina hor doa: batez ere Begok katuarena egin zuenean guk barre egiteko eta serio mantendu ginenekoak (barkatu Bego)

Egun, oraindik ere, unibertsitatean ez dago ikasketarik geureari begira. Filologian lizentziatuak dira hurbilen ibil daitezkeenak eta, denok dakigu hizkuntzaren didaktikatik zenbat edaten den fakultate hau duten unibertsitateetan.

Teoria, nahi duenak eskura du: liburuak, internet, ikastaroren bat edo beste eskatuz gero (udako “etenaldian” bazaude, ordainduta). Baina 3. saioan mahaikideek eta entzuleek azpimarratu zutenez, astean 20/30 klase-ordu eta gero, aukera gutxi daude bolondres joateko (beti dago kolgauren bat baina...). Etxeko kontuei eta buruko osasunari ere begiratu behar zaiela ere esan zuten (jendeak apuntatu egin zuen).

Ikerketaz ez zen askorik hitz egin, baina unibertsitaterik ez dagoenez, ikerketa aplikaturik ere ez. Beraz, irakasleen klaseetan ez omen da ikertzailerik sartzen; eta Donostian entzun genuenez, ezta beste irakaslerik ere. Irakasleok egin ohi ditugun ebaluaketa krudelen beldur gara akaso? Niri gogoa geratu zitzaidan galdetzeko ea zelan ikusten zuten bi irakaslek edo gehiagok kudeatutako taldeen kasua (ea norbaitek esperientziarik zuen).

Gauzak horrela, "ezagutza tazitoa" gainezka daukagu. Iragarkiak esaten zuen: "Tazitoa a tazitoa...": metatu egin dugu.

Metahizkuntzaz eta materialak sortzearen garrantziaz ere aritu ziren, baina Benitori ere zerbait utzi beharko diot kronikarako.

Ea txosnaren baten komentatzerik dugun!

Etiketak: didaktika | irakasleak | miramar | prestakuntza |
Bidalitako artikuluak

Digestioa

Benito-(e)k 2009, Uztaila 3 - 01:53-(e)an bidalia.

Arrazoia Arkaitz, gauza asko digeritzeko, saioetan eta Donostiako Parte Zaharreko soziedadeko menuan ere bai. Eta elikagaien osaketari ekin aurretik (beste baterako utziko dugu) dastaketako sentsazio batzuk zizka-mizka gisara.

  • Plazer handia aukera izatea hizkuntzen irakaskuntzan diharduten urrunekoekin jarduteko. Eta txakurrak oinutsik lehenengo bateko kontsolagarriaren ostean, txakurrarentzako zapatak topatzeko ahaleginean zelako ilusioarekin gabiltzan han eta hemen ikusteak ematen duen poza eta animoa batez ere.
  • Puntu mingotsa ere bai. Zerbaiten bila ikusten dituzu begiak, baina ez duzu zer asmatzen, mundu honetan barne-tentsio asko barruntatzen ditut, eta eskerrak umore ikuturen bat datorrela lantzean behin (Ortaren eta Heyworth-en umorea eskertu nuen bereziki).
  • Pertsonak, hor dago koxka. Komunikazioari pertsonen ikuspegitik heldu (horixe esan nahi nuen Martin Perisi egin nion galderan), lanari pertsonen jokaerarekin ekin, eta prestakuntza pertsonengan oinarritu (haien gaitasunetan, baina balore, pertzepzio eta esperientzietan ere bai). Ortak begiei ere erreparatzeko esan zigun azken batean.
  • Praktikoak izan behar dugu, bai, baina praktika ez da -askotan uste den bezala- errazena eta eskuragarriena. Alderantziz, praktika ona lortzea teoriaren konstrukto korapilotsuenak baino konplexuago gerta daiteke.
  • Nekea: A8a, beroa, ikasturtearen amaiera, gauza interesgarrien zaparrada...

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia