0910

22
Ira
2009

Kanpaina betean

Urteen poderioz iraileko matrikulazio-kanpaina errutina dugu gurean. Jendea euskaltegira e(ra)karri behar da orain, orain gehien bat,  urtebeteko ibilbidea hil honetako uztak erabakiko baitu, oraingoak gehien bat. Publizitateko inbertsioen marradun grafikoak sekulako tontorra erakutsiko luke bederatzigarren (edo lehenengo) hil honetan duda barik. Kartelen, afixen eta irrati-telebistetako iragarkien sasoia da iraila gurean.

Eta urtetik urtera nahikoa errutinarioa egiten zait neuri behintzat. Iragarkietako ideia berriren bat gorabehera, marmotaren urtearena etortzen zait akordura, gehien bat. Sorpresa helburu duen publizitatearen arteak ez dit sorpresa handiegirik ematen urtetik urtera, baina hori gutxinekoa izango da egia esanda, azken batean kanpaina horien target-a beste batzuk dira, ez geu, eta benetako emaitzak datorren astean ikusiko ditugu. Ea ba.

Aurtengo kanpainan (baten batek azken orduko bolanderaren bat gordeta ez badauka behintzat) dena dela, gauza bat egin zait ohikoa baino deigarriagoa: udal-mailako erakunde batzuen kanpainak. Originaltasuna eta freskotasuna gehien bat hortik etorri dela esango nuke, HABE edo euskaltegien euren kanpainetatik baino gehiago.

Bilboko Udalaren kanpaina hau ikusi nuen lehenegoz. Apartekoa izan barik, erakunde publiko-ofizial batena izateko ukitu freskotxo bat nabaritu nuen.

Baina originaltasunaren bidetik urrats polita izan da Nafarroako euskara zerbitzu batzuek antolatu duten Euskafe hori. Kanpaina osatuagoa eta kanal askotakoa, bideo eta guzti:

Eta hura bezain landua, eta gainera publizitate hutsetik harago, informazio eta zerbitzu batzuez ondo hornituta, Buruntzaldeko euskara zerbitzuen-kanpaina etorri da gero. Gainera sasoi bateko kanpaina baino gehiago izateko asmoz jaio dela dirudi, eskualdeko euskaltegien eta euskalduntzearen informazioa, zerbitzu eta komunikazio gune zentralizatua eskaini guran edo, automailaketa zerbitzua bezalako tresnak adibidez.

Ez da hor amaitu kontua, ez, ukitu biral batekin Gasteizko Udaletik suabe-suabe egin ziguten gonbitea hitza hartzeko ondoren.

Eta errematea, larrosa kolorez jantzia, Donostiatik etorri da. Euskara mon amour leloarekin webgune eta kanpaina grafiko landu eta originala ekarri digute plazara.

Publizitatea juzgatzeko era bi egon daitezke gutxienez, batetik estetikaren gaineko iritzia, eta hor ez naiz sartuko, gustuak, zaletasunak eta aurreiritziak tarteko, alferrik baita eztabaidatzea, eta bestetik, emaitza "komertzialena", eta horretaz ezer esateko informaziorik ez daukagu oraindik (ezta apur batean edukiko ere).

Gauza bakarra okurritzen zait bakarrik: udaletxeetako biltegi-fitxategi-gordeleku ustez ilun horietan badirudi irudimena, freskotasuna eta originaltasuna -edo haiek topatzeko gogoa behintzat- ez direla erabat galdu. Euskaltegietako txoko koloretsuetan baino biziago daudela ere ausartuko nintzateke esatera, hori esatera ausartzeko ausardia handia beharko ez balitz.

11
Ira
2009

Desioa eta errealitatea

Gaurko, irailak 11, hirugarrengoz tradizio bihurtzeko bidean dagoen ekitaldia dago iragarrita: EAEko Ekitaldi Akademikoaren hasiera ekitaldia, HABEk antolatuta. Badakizue dakizuenok, autoritate eta ordezkarien berbatxu batzuk, hizlari baten hitzezko hitzaldia, eta luntxa aka pintxo jana. Behin baino ez naiz egon eta ez dago txarto, kexatzen behintzat ez gara hasiko. 

Aurten baina, Murphyren atzaparrek bete-betean harrapatuta berriro joan barik. Tira ba, jarduteko uneak eta lekuak egongo dira bestela. Pena ematen dit aurtengo gonbidatuari entzuteko aukerarik ez izatea baina.

Iragarri aurretik ez dut ezagutu izan Juli Palou. Puntuak galdu ditut honez gero, baina hala izan da. Bitxia da haren izena ezaguna ez izana gainera, Bartzelonako Unibertsitatetik hizkuntzen irakaskuntaren inguruan dabilen mogimendu interesgarriaren erdigunean dago Palou nonbait, eta HABEkoek utzi diguten hitzaldiaren laburpenean (pdf, eta pantailari buelta emanda irakurrita), zerbait berria kontatzera datorrela iruditu zait. Gai batzuk igarri ditut hortik: hizkuntza ikasleren nortasuna, nortasun horren osaketa, bilakaera horren narrazioa, "niaren idazketa"...

Idazketak, adierazteaz gain, pentsaera eraikitzen du. Norbanakoak bere buruaz, bere esperientziaz idazten duenean, bere burua banatzeko aukera du, eta, beraz, bere buruaren alderdi berriak aurkitzeko egokiera. Niaren idazketa gogoeta egiteko aukera bilakatzen da, norberak pentsatzeko abagune eta ikasten ari den pertsona moduan bere burua ikusteko egokiera.

Eta laburpen hori irakurrita -apur bat kriptikoa akaso, baina horregatik iradokitzaileagoa- pentsatzen jarri naiz hizkuntza ikasteak zer ekarri digun horretan ibiil garenoi , zelan ez garen ibili sarri gauzak esateko modu berri baten bila soilik, eta ibilbide horrek gugan azken batean ergina izan duela konturatu. Eta akaso esperientzia horren berri emateak norberari zein entzun-irakurtzeko gogoa-zortea-patua daukanari zerbait piztuko ote dion.

Esan dut ba, kontu berria eta interesgarria. Lastima zuzenean entzun ezin izana. Inork kontatuko ahal digu! (esperantza handi barik)

Dena dela, Palou ezagutu ez, eta internetomanook hartuta ditugun bizioen artean ez dakiguna segidan gogelatzea denez, hantxe hasi naiz Palouren berriren bila. Eta tontamentean irakasleen prestakuntzan jardun duela jakin dut, eta horretaz idatzi duela, eta berak parte hartutako liburu pare bat Google Books-en topatu. Artikulu baten titulua gustatu zait gainera: "Els professors de llengua: entre el desig i la realitat". Horixe, desioa eta errealitatea, prestakuntzarekin dudan sentsazioa deskribatzeko hitz bi horiexek hautatuko nituzke neuk ere.

Prestakuntza, ene! Uztailetik hona, Miramarreko ikastarokoak, hangoei ekiteko sasoia heldu da bada. Buelta pare bat ematen hasi beharko dugu.

08
Ira
2009

Kartelak eta afixak

Badakizue, iraila eta ikasturte guztirako bezeroak topatu behar du gure industriak. Urtero egin dugu publizitate kanpainen aipamenen bat, oso tradizionala gehienetan, kalerako kartel-afixa eta halakoei atxikirik. Izan ere, interneten sartuta kalerako kartelen kopiak topatzen dira gehien bat.

Tira, aipamena egingo dugu beste barik (adituen urteroko analisi serioaren esperoan ;-)), orain arte sarean harrapatu ditudan laurak (baten bat gehiago balego, esan eta ekarriko dugu hona).

Zer deritzezue?

AEK, hurbiltasuna eta identitatea ("garena")

 

Udal Euskaltegiak (Gipuzkoakoak ala denak?). Elkar ulertzea, baina "gu gara" hauek ere.

IKA: metodo(logi)a hauen ardatza

Elkarlan: bidea zein den erakusten.

Egunerketa:

Aipatu gabe utzi dut Nafarroako euskara zerbitzu batzuek martxan ipini duten euskafe kanpaina. Web (http://www.euskafe.com/), bideo eta guzti.

Hemen logoa

Eta bideoa

AEK-koek ere bideo bat sareratu dute:

06
Ira
2009

Abian... edo

Ume hau uztailetik eduki dugu oporretan eta galbana guztiarekin ere, kartera hartu eta eskolara bidean hasi beharko da. Nagiak atera eta aurrera goaz berriro, baten batek espabilatzen lagunduz gero, hobeto... je, je...

Ikasturtearen kontzeptua zalantzan ipini gura izan nuen duela urte pare bat, eta inoiz baino ikasturtetuago gatoz 0910 honen atarian, igartzen da jauzia, eta irail guztietan bezala, urrira arteko sprint honetan dena desberdina izango delako sentsazio hori, ekainean hankaz gora akabatzen dena.  Hau bai, hau desberdina izango da, beti horrela, baina tira, akaso oraingoan asmatuko dugu. Inoiz baino galdera gehiago daudela-edo iruditzen zait, betikoak baino ez dira izango asko, baina nonbaitetik hasiko gara, galderak botatzen. Dena berdina izan ote den ebaluatzeko modua izango dugu hemendik hilabete batzuetara sikiera...

  • Urrian zenbat jende etorriko da euskara ikastera? Bale, betiko galdera da hori, urtero-urterokoa. Eta urtero-urtero geratzen gara zorioneko 40.000 horien bueltan. Baina aurten ere kopuru horretan ibiliko gara? Tatxaaaaan! Aurreko urteetatik hona baldintza berdinak dauzkagu? Jende gehiago edo gutxiago ekartzeko eskapatu zaigun arrazoiren bat bada tartean?
  • Krisia zer den jakingo dugu geuk ere? Krisia gora eta krisia behera dabiltza han eta hemen. Gure sektorean gutxitan ibili da berba hori orain arte eta aurreko galderaren katean sar liteke krisiaren kontu hori azken batean, baina krisiak jotzeko era ugari dago, onerako ere izaten ei da kasuren batean.
  • Etorriko diren horiek daukagunarekin konformatuko dira berriro ere? Konformatuko gara gu ematen dugunarekin? Denak konformatzeko moduan ibiliko gara? Konforme geratuko gara?
  • Sorpresarik egongo da aurten? Denak jarraituko du betiko bidea? Sorpresak onerako, txarrerako edo alferrik izango dira? Zerbait berria behar genuke aurten han eta hemen esan eta entzuten diren batzuen arabera, ezta?
  • Hemen aurreko urteotako erritmoa jarraitzeko moduan egongo gara? Zer egingo dugu txiringo honekin? Aldaketaren bat beharko dugu? Ausartuko gara?
  • Enpin, amaitzeko Aizu! aldizkariko txori haren estiloko bat ekarriko dut: Noiz euskaldunduko ote dugu Euskal Herria? Galdera politikoki ez zuzena izateko bidean da honezkero, baina hor dago, ezta?

Ez gara igarleak, eta ez dugu erantzunik oraindik izango, beraz, daukagunari ekiten hasiko gara bitartean. Noiz arte iraungo dugu honela? Galdera ona...

Sindikatu edukia