iraila

06
Ira
2009

Abian... edo

Ume hau uztailetik eduki dugu oporretan eta galbana guztiarekin ere, kartera hartu eta eskolara bidean hasi beharko da. Nagiak atera eta aurrera goaz berriro, baten batek espabilatzen lagunduz gero, hobeto... je, je...

Ikasturtearen kontzeptua zalantzan ipini gura izan nuen duela urte pare bat, eta inoiz baino ikasturtetuago gatoz 0910 honen atarian, igartzen da jauzia, eta irail guztietan bezala, urrira arteko sprint honetan dena desberdina izango delako sentsazio hori, ekainean hankaz gora akabatzen dena.  Hau bai, hau desberdina izango da, beti horrela, baina tira, akaso oraingoan asmatuko dugu. Inoiz baino galdera gehiago daudela-edo iruditzen zait, betikoak baino ez dira izango asko, baina nonbaitetik hasiko gara, galderak botatzen. Dena berdina izan ote den ebaluatzeko modua izango dugu hemendik hilabete batzuetara sikiera...

  • Urrian zenbat jende etorriko da euskara ikastera? Bale, betiko galdera da hori, urtero-urterokoa. Eta urtero-urtero geratzen gara zorioneko 40.000 horien bueltan. Baina aurten ere kopuru horretan ibiliko gara? Tatxaaaaan! Aurreko urteetatik hona baldintza berdinak dauzkagu? Jende gehiago edo gutxiago ekartzeko eskapatu zaigun arrazoiren bat bada tartean?
  • Krisia zer den jakingo dugu geuk ere? Krisia gora eta krisia behera dabiltza han eta hemen. Gure sektorean gutxitan ibili da berba hori orain arte eta aurreko galderaren katean sar liteke krisiaren kontu hori azken batean, baina krisiak jotzeko era ugari dago, onerako ere izaten ei da kasuren batean.
  • Etorriko diren horiek daukagunarekin konformatuko dira berriro ere? Konformatuko gara gu ematen dugunarekin? Denak konformatzeko moduan ibiliko gara? Konforme geratuko gara?
  • Sorpresarik egongo da aurten? Denak jarraituko du betiko bidea? Sorpresak onerako, txarrerako edo alferrik izango dira? Zerbait berria behar genuke aurten han eta hemen esan eta entzuten diren batzuen arabera, ezta?
  • Hemen aurreko urteotako erritmoa jarraitzeko moduan egongo gara? Zer egingo dugu txiringo honekin? Aldaketaren bat beharko dugu? Ausartuko gara?
  • Enpin, amaitzeko Aizu! aldizkariko txori haren estiloko bat ekarriko dut: Noiz euskaldunduko ote dugu Euskal Herria? Galdera politikoki ez zuzena izateko bidean da honezkero, baina hor dago, ezta?

Ez gara igarleak, eta ez dugu erantzunik oraindik izango, beraz, daukagunari ekiten hasiko gara bitartean. Noiz arte iraungo dugu honela? Galdera ona...

Sindikatu edukia