06
Ira
2009

Abian... edo

Ume hau uztailetik eduki dugu oporretan eta galbana guztiarekin ere, kartera hartu eta eskolara bidean hasi beharko da. Nagiak atera eta aurrera goaz berriro, baten batek espabilatzen lagunduz gero, hobeto... je, je...

Ikasturtearen kontzeptua zalantzan ipini gura izan nuen duela urte pare bat, eta inoiz baino ikasturtetuago gatoz 0910 honen atarian, igartzen da jauzia, eta irail guztietan bezala, urrira arteko sprint honetan dena desberdina izango delako sentsazio hori, ekainean hankaz gora akabatzen dena.  Hau bai, hau desberdina izango da, beti horrela, baina tira, akaso oraingoan asmatuko dugu. Inoiz baino galdera gehiago daudela-edo iruditzen zait, betikoak baino ez dira izango asko, baina nonbaitetik hasiko gara, galderak botatzen. Dena berdina izan ote den ebaluatzeko modua izango dugu hemendik hilabete batzuetara sikiera...

  • Urrian zenbat jende etorriko da euskara ikastera? Bale, betiko galdera da hori, urtero-urterokoa. Eta urtero-urtero geratzen gara zorioneko 40.000 horien bueltan. Baina aurten ere kopuru horretan ibiliko gara? Tatxaaaaan! Aurreko urteetatik hona baldintza berdinak dauzkagu? Jende gehiago edo gutxiago ekartzeko eskapatu zaigun arrazoiren bat bada tartean?
  • Krisia zer den jakingo dugu geuk ere? Krisia gora eta krisia behera dabiltza han eta hemen. Gure sektorean gutxitan ibili da berba hori orain arte eta aurreko galderaren katean sar liteke krisiaren kontu hori azken batean, baina krisiak jotzeko era ugari dago, onerako ere izaten ei da kasuren batean.
  • Etorriko diren horiek daukagunarekin konformatuko dira berriro ere? Konformatuko gara gu ematen dugunarekin? Denak konformatzeko moduan ibiliko gara? Konforme geratuko gara?
  • Sorpresarik egongo da aurten? Denak jarraituko du betiko bidea? Sorpresak onerako, txarrerako edo alferrik izango dira? Zerbait berria behar genuke aurten han eta hemen esan eta entzuten diren batzuen arabera, ezta?
  • Hemen aurreko urteotako erritmoa jarraitzeko moduan egongo gara? Zer egingo dugu txiringo honekin? Aldaketaren bat beharko dugu? Ausartuko gara?
  • Enpin, amaitzeko Aizu! aldizkariko txori haren estiloko bat ekarriko dut: Noiz euskaldunduko ote dugu Euskal Herria? Galdera politikoki ez zuzena izateko bidean da honezkero, baina hor dago, ezta?

Ez gara igarleak, eta ez dugu erantzunik oraindik izango, beraz, daukagunari ekiten hasiko gara bitartean. Noiz arte iraungo dugu honela? Galdera ona...

Jordan izpiritua

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Iraila 7 - 09:54-(e)an bidalia.

Arrazoi duzu, bai! Galbana galantarekin ekin diot nik ere aurtengoari. Ez daukat zure galderei erantzuteko indarrik ere... baina bueno, zer edo zer izango da.

Erantzunik ezean, asmoak datozkit gogora. Asmoak eta  aldaketak egiteko gogoa. Aurten tutoretzak tutoretzago bihurtzeko asmoa/gogoa, alegia. Lau ildo nagusi landuz:

  • Autoebaluazioarena, iruditzen baitzait berau dela ikaskuntza esanguratsuaren eta ikasteko autonomiaren ardatz nagusienetako bat.
  • Ikasketa kooperatiboaren ildoa.
  • Autoikaskuntzarako sare pertsonalizatuena.
  • Eta hau guzti hau... motibazioa eta ikaskuntzaren alderdi emozionala oso kontuan izanez.

Hitz potoloak, asmo ponpoxoak... usteak erdia ustel... diosta deabrutxo txikiak; baina aingerutxo txikerrak, ostera, Michael Jordan saskibaloi jokalariaren hitzak gogorarazten dizkit:

"Nire ibilbidean zehar 9.000 jaurtiketatik gora egin ditut huts, ia 300 partida galdu, 26 aldiz egin dut kale partida erabakitzen zuen azken jaurtiketan. Behin eta berriro egin dut porrot bizitzan eta horrexegatik, hain zuzen, izan naiz arrakastatsu"

   (Anibal de la Torrek MoodleMoot Euskadi 2.009n eginiko aurkezpenetik jasoa)

Enbido txikira, Benito! Ondo, ondo segi! Portzierto, kardaberekin jarraitzen duzula ikusi dut hortik zehar... Santo Kristo Lezokua! ;-D

 

Jordan river

Benito-(e)k 2009, Iraila 7 - 18:22-(e)an bidalia.

Ene, animoso zabiltza. Aurten bai, aurten Jordan ibaia pasatuko dugu, bai ba...

Donlad

David-(e)k 2009, Urria 2 - 07:17-(e)an bidalia.

My name is David James now a days I am doing cisco courses .I am intrested in soccer and cricket i also interested in listening music as well.

Poitierren espiriturik ez!

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Iraila 10 - 13:36-(e)an bidalia.

Bazegoen Batxillergoa ikasten ari nintzen herriko ondoko herrian (Sondikan zehatzago esanda) zinema-areto bakarra. Zinemazalea izanik, areto honetaz galdetuta, esan zidaten herriko horma batzuetan jartzen zirela ematen ari ziren filmaren afitxa edo kartela. Gogoan dut garai hartan Sydney Poitier-ren "Rebelión en las aulas"en afitxarekin egin nuela topo. Ikusia nuenez, filma noiz aldatuko zain geratu nintzen. Baina pasa ziren egunak, pasa asteak, pasa hilabeteak... eta afitxa bera han. "Bilbon baino denbora gehiago ematen dute hemen filmak" pentsatu nuen nire kautan. Geroxeago jakin izan nuen zinema-areto hura itxi egin zutela eta "Rebelión... " izan zela bertan eskaini zuten azken filma. Antzeko zerbait ez ote zen gertatuko Karrajuan uste izan nuen hil honen hasieran. Izan ere, bertan jarritako azken iruzkinak ("Euskara erabiltzeko motibazioa...") hor zirauen ekainaren bukaeratik: Karrajuan aspaldian lehelerroan denborarik luzeena zeraman iruzkina idatzi izanaren marka (tristea) nirea! Baina zorionez gauzak ez direla horrela izan ezta izango ere ikusi dut (ez nuen gutxiago espero, egia esan) eta berriz ikusi dut martxa, abiada bizia gogoetarako makina hau. Gorantziak Benito, Plisti, Ainhoa, Jolaus... eta enparauok. Izango dugu elkarren berri, nahiz eta zeregin ezberdinetan aritu. (Egia esan, nire lanbideaz galdetuta, zaila egiten zait "euskara irakaslea" ez den beste bat adieraztea.) Bejondeizuela!!!

 

Aurten ere, elkarlanerako prest

Ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Iraila 10 - 13:48-(e)an bidalia.

Ba ongietorria izan bedi ikasturte berria!Aurten ez naiz izango ez euskara irakasle, ezta didaktika irakasle ere, baina badakizue oso urrun ere ez naizela ibiliko. Ez dut zuen bizitasun dialektikoa baina zer edo zer ekartzeko modurik izango banu, prest.

Aurten ere, Maite Goñi eta Andoni Tolosarekin ariko naiz ea ikastaro pare bat garatzea lortzen dugun: Euskal Kanten lanketa didaktikoa eta Ahozkotasuna plataformetan (EGA ahozkoa prestatzekoa). Gai hauek tentatzen bazaituztete, ongietorriak honetara ere.

Lasai hartu!

Dolce far niente

Benito-(e)k 2009, Iraila 10 - 22:47-(e)an bidalia.

@Aitor, uda pasatzeko manera asko daude, nirea:

@Ainhoa. zu urrun ibiltzerik ez zait burutik pasatu ere egin. Aupa tu!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia