jakintza

28
Urt
2011

Zenbat pisatzen du kiloak?

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 28 - 19:14

Grocery variations

Hauxe zioen lehengo egunean egunkarian irakurri nuen izenburu batek: zenbat pisatzen du kiloak? Antza denez, kiloaren definizio berri baten bila ari dira fisikariak. Hara, zein oinarrizko kontzeptuak diren oraindik ere birdefinitu beharrekoak.

Eta pentsatzen jarrita, zenbateraino dakite sendagileek zein den burmuinaren funtzionamendua eta nola sortzen diren emozioak, adibidez?

Erantzungo al didate ekonomialariek egun pairatzen dugun krisia estrukturala ala koiunturala den?

Ba al dakite filosofoek nondik gatozen eta nora goazen?

Honezkero, okertu du muturra baten batek, adarra jotzen ari natzaiolakoan edo. Baina ez, ez, inolaz ere ez nuke horrelakorik nahi. Nabarmendu nahi dudan bakarra pellokeria hutsa da: ez dagoela dena jakiterik, alegia. Oro ez dela beti urrea.

Bada, orduan, zergatik eskatzen zaigu irakasleoi guztia jakitea? Buruan izatea euskara guztia: dela lexikoa, direla arauak, dela dena delakoa? Bada, hara, sekretutxo batzuk kontatuko dizkizuet: nik ,sarritan, ez dakit komak non jarri; zalantza ugari izaten ditut hitzen ordenarekin; intentsiboen erabilerak buruhauste ugari ematen dizkit, kale egiten dut EGAko atariko probako item batzuetan eta… jarrizue ‘eta abar’ buztan luze bat…

Ez naiz, ez, irakasle orojakilea. Ezin didazue hainbeste eskatu. Ikasleari, nola edo hala, laguntzeko beste badakidala uste arren, ni ere ikasten ari naiz.

Argazkia: Grocery variations (Flickr). Egilea: Feliciano Guimarães. Lizentzia.

23
Ira
2009

Jakintza tazitoari tiraka

Uztailean Miramarreko ikastaroan jakintza tazitoaren asuntoa atera nuen, eta baten batek entzun ere bai. Gaur kontzeptu hori bueltan etorri da Julen Iturberen bloga irakurtzean.

Jakintza tazitoa langileek urteetan metatu duten hori da, eginaren eginaz bereganatu eta azaltzen batere erraza izaten ez dena. Gurean ez litzateke zaila izango kontzeptua azaltzea. Urte askoko ibilbidea egin duen jende ugari, kilometroak, miliak eta legoak egindakoa. Irakasle lanetan halako sena garatu du norberak ere deskribatzen jakingo ez lukeena, are gutxiago etorri berriari. Esperientzia hitzaren atzetik ezkutatu ohi da kontzeptua, baina seguruenik ibiliaren ibilia baino gehiagoaren fruitua izan da, edo, hobeto esanda, ibiliaren ibili hutsak ez du jakintza hori bermatzen.

Euskaren normalizazioan azkenotan hitzetik hortzera dabiltzan berba batzuk kontu honetarako ere balio dezakete: transmisioa, geroratzea, biziberritzea. Hizkuntzari ez ezik, jakintza profesional horri aplikatu dakizkioke ondo. Nola ziurtatu urteetan hainbat jendek bereganatu duen hori transmititzea, geroratzea eta biziberritzea, baita hobetu eta sasoi-testuinguru berrietara egokitu? Azaleratu ezik zaila dirudi.

Julenek lehengo urteko jardunaldietan batutako ondorio batzuk ekarri dizkigu, batzuk ekarriko ditut hona abiapuntu gisa:

  • Transferentzia hutsetik harago joan daiteke kontua, "co-construccion" dio han, elkar-eraikuntza edo itzul daiteke. Ez gabiltza batek eman eta besteak hartu erlazio sinple horretan nonbait. Talentuaren garapena ere aipatu da, etengabe garatu beharreko zerbait dela esan daiteke, elkarreraginik gabe ez da hobetuko.
  • Ikasteko espazio naturalak bilatu eta eguneroko praktikan txertatu behar dira. Ikasteko berariazko espazioak, prestakuntzarako jarduera antolatuak adibidez gainditu egin behar dira?
  • Erakundetik haragoko sare pertsonalak eraikitzea komeni da. Erakundeek jakintza "babesteko" duten kultura-tradizio hori gainditu behar ei dago horretarako. Pertsonek, eta ondorioz, erakundeek hartuko luketen etekinaren balioa gehituko nuke nik.
  • Prozedurak ezarri nahi izaten dira, kontrola, baina praktikarekin ikasten da azken batean. Praktikaren (auto)behaketaren eta haren gaineko hausnarketaren bidez seguruenik.
  • Tazituaren transferentzia talde txikietan zentratzea komeni da. Lanarekin zuzenean lotutako jardueretan seguruenik, interesetatik abiatuta eta zerbait zehatza lortzeari begira.
  • Gauzak esplizitu egiteko ardura handiagoa dago transmisioa garatzeko baino. Era berean, neurketa lehenesten zaio prozesuari. Hau da, zerbait "eman" eta zenbatek "hartu" izaten da kezka, zer ikasi eta zertan hobetu den baino gehiago adibidez.

Enpresa munduko hizkera ez zaigu samurra egingo gehienoi, baina nago azken batean oso gauza hurbilak ditugula horiek guztiak. Beharbada labur esanda honako zerbait esan daiteke: jakintza eraikitzen da jardunaren jardunaz, baina ez isolaturik jardunda, eta gainera inor ez da etorriko beti nahi genituzkeen instrukzioak ematera, ez baita erraza denaren instrukzioak azaleratzea.

Sindikatu edukia