rss

12
Aza
2007

Webguneen zerrendak bistan

Karrajura bisitak nondik etortzen diren kuxkuxeatzen ibiltzen naiz lantzean behin. Gaur adibidez batzuk eduki ditugu helbide honetatik. Webgune bat bestearen atzetik agertzen den aurkezpena dugu: Sareko baliabideak hezkuntzarako titulupean. Interesgarria. Ikusgarria. Zelan egin dute ba?

Peskizetan hasita, Webslides zerbitzuarekin egin dut topo. Diigo lastermarkak gordetzeko zerbitzuaren menpekoa. Webslides horretan erregistratu barik halako bat egiteko aukera ematen dizute. Sartu naiz probatzen.

Aurkezpenak egiteko erabilko dituzun webguneen zerrenda egiteko aukera bi dauzkazu. RSS jario batetik hartu edo Diigon gordeta dauzkazun lastermarketatik.

Lehenengoarekin geratu naiz. RSS jarioa hartu eta bertan agertzen diren webguneak ikusteko aukera? Eta Klaserako.karrajua.org-erako erabiltzen ditugun jarioekin probatzen badugu? Hau irten zaigu adibidez, eta blogean enbotatzeko kodea ere ematen dute:


Esan bezala, ikusgarria behintzat bada.

Klaserako.karrajua.org horretan jarioak erakusteko beste modu bat okurritu zait orduan. Azalean handik eta hemendik jasotzen diren albisteak datoz, baina iturriaren arabera askok ez dute azalpen handirik ematen. Eta jarioko loturako webguneak oso-osorik erakusten baditugu?

Erraza, jario bat hartu, Webslides-en sartu, blogean txertatzeko kodea hartu eta orri batean enbotatu. Horrela bada, atal berria egin dut Klaserako horretan: Iturriak bistan. (ez dut burua asko nekatu izena asmatzeko, ez). Atal horretan jario bakoitza orri batean erakusten da, orriak sailkatuta eta ordenatuta daude. Honela:


Aurkezpena txertatuta

Oraindino ez ditut iturri guztiak sartu, eta plantilan sartzeko estutzeagatik, apur bat desitxuratuta agertzen dira batzuetan. Enbotatu horretan ez dago orri osoko ikuspegirako esteka gainera, eta ikusteko arazo batzuk dauzkala dirudi, baina tira, erabilgarria ez dakit, baina erakargarria eta ikusgarria behintzat bada, ezta?.

Hor daukazue bestela webguneen aurkezpenak egiteko tresna interesgarria.

05
Eka
2007

Wikia, azalpen erraza

Zabaldu.com-era bota du albistea Txopik: Wikiak nola dabiltzan azaltzen duen bideo bitxi bat. Eta halaxe da, wikiak erabiltzeko errazak baina zer diren azaltzeko zailak direla bideo benetan didaktikoa topatu dugu Plugin <em></em> Not Found gunean: Wikis in Plain English. Hizkuntza batzuetan bertsio bikoiztua ere eskaini dute dotsub-en.

Hemen daukazue euskarazko azpitutuludun bertsioa:

RSSari buruzko beste bat ere badaukate: RSS in Plain English (Plugin <em></em> Not Found).

Honekin baten bati duda geratzen bazaio, azaltzeko modu bakarra okurritzen zait. Egitea. Yeaaaah!

Bide batez, inor animatzen bada euskaratzen Plugin <em></em> Not Found-en kontua zabaldu eta itzultzen hasi baino ez du egin behar.

21
Api
2007

Agregatzen

Guneko estatistiketan kuxkuxeatzen zaletu naiz azkenotan. Honekin negozioa ez dugu egin behar, baina tentazioa da jakitea zenbat jendek bisitatzen gaituen eta nondik datozen.

Azkenotan ikusi dut bisita asko bi lekutatik etorri direla: Gaur8 eta Santurtziko Udal Euskaltegiaren webguneetatik. Zer egin dute bi leku horietan? Karrajua esteken zerrendan ipini? Ez, Karrajuaren jarioa erakusten dute. Gaur8n euren blogosfera atalean (agregatzaile handia azken baten) eta SUEkoek alboko barran sindikazio bloke batean. Horrela gune bietan Karrajuko azken mezuak agertzen dira.

Karrajuan berton hasieratik erabaki nuen alboko barran estekan zerrendarik ez ipintzea, agregatzailearekin jokatzea baino. Gaur egun CMS gehienek RSS blokea ipintzeko aukera ematen dizute (eta web2.0 zerbitzu askok ere aukera hori ematen dute), eta link-en zerrendak apur bat estatikoak iruditzen zitzaizkidanez, probatzea erabaki nuen. Ez dakit honez gero jende askok kasu egiten dion Karrajuko agregatzaileari, baina ideia gustatu egin zitzaidan, eta gainera ez duzu link-en zerrenda eguneratzen ibili behar (baten batek link horiek guztiak eskuz banan-banan sartzen ditudala uste izan du orain dela gutxi arte). SUE eta Gaur8koenak batetik, eta Txerraren komentarioak bestetik, uste dudan baino kasu gehiago egiten zaiola pentsatzeko motiboa eman didate. Poztu egiten naiz horrela bada.

Duela gutxi Feevy zerbitzuaren berri zabaldu zen, azkenengoaren azkenengoa bezala aurkeztu zen, eta apur bat harrituta geratu nintzen. Hori agregatzaile-blokea da bata! Tira ba, tendentzia markatzen ibili gara konturatu gabe, edo.

Dena dela, esteken zerrenda klasikoak gustuko dituzuenok, hemen daukazue Karrajuaren blogrroll-a edo link-en zerrenda.

30
Urt
2007

Bloglines-eko erabiltzaileei

Gutunaren bidez posta zerbitzua ez dabilela bezalako abisua eman behar dut, hau da, hartzaileari jaso ezin duen mezuan ezin duela jaso esan. Baina informazioa sarritan uste ez den lekutik joaten da eta horra:

Karrajua bloglines-etik jarraitzen duzuenok (40 inguru), jakin ezazue zerbitzari aldaketa egin dugunetik karrajuaren bloglines-eko jarioak ez direla eguneratu. Baten batek jarraituko du pentsatzen karrajua obretan dagoela oraindino. Bloglines-ek horrelakoak sarri egiten dituela dirudi.

Alternatibak:

  1. Beste agregatzaile bat erabili: Alesti, Google Reader,... baina hau karrajuagatik solik ez dugu egingo, ezta?
  2. Karrajuaren jario "zuzenaren" ordez, Feedburner-eko jarioa erabili. Edo Xfruits-eko metajarioa.
  3. Bloglines bere onera etorri arte itxaron.
20
Urt
2007

Ikasbil vs. feed43, 1-2

Lortu dut azkenean Ikasbil jarraitzeko RSS jarioak ondo ibiltzea. Ikasbil-ek RSS jariorik eskaintzen ez duela eta han maiztasun batekin euskalduntze-alfabetatzearen mundu honetan gabiltzanontzat interesgarriak izaten diren albisteak, jakinarazpenak eta ikasmaterialak agertzen direlarik, pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela RSSa edukitzea. Badakit, askok honez gero galdera bi hauetako bat edo biak erabiliko dituzue buruan:

  1. Zer da RSS?
  2. Zertako behar duzu RSStik jarraitu? Ez da nahikoa lantzean behin bisita egitea?

RSSa zer den azaltzeko ez dut aparteko ahaleginik egingo. Bakar-bakarrik maiztasun batekin eguneratzen diren webguneetatik (albistegiak, blogak,... )sortzen den informazioa etengabe bisita egiten ibili barik jarraitzeko modua dela. Hemen dauzkazue janzten hasteko link batzuk:

Bigarren galderan zentratuko naiz. Zergatik RSSa? Erantzuna zenbakiekin. Nire agregatzailean 100 jariotik gora dauzkat harpidetuta. Niri interesatzen zaizkidan gauzen inguruan (euskalduntzea, euskara, informatika, auzoa, argazkiak, informazio orokorra,...) gauza interesgarriak eskaintzen dizkidate gehienek. Egunero zer berri dagoen ikusteko webgune horietan guztietan sartu eta beraiek arakatu behar banitu, egun santu guztia eman beharko nuke hori egiten. Asko gainera maiztasun gutxirekin eguneratzen dira, ondorioz, erraz-erraza izango litzateke haiek ahaztea eta eskaintzen dutena galtzea.

Horren ordez, berriz, egunero, lanean edo etxean, lauzpabost biderrez kontsultatzen dut agregatzailea, eta hark esaten dit non-zer berri dagoen, nik bila ibili behar gabe. Titularrak ikusi eta interesatzen bazait agregatzailean berton irakurri ahal dut, askotan orrira joan beharrik gabe. Ondorioz, informazio gehiago eta eguneratuagoa jasotzen dut ahalegin gutxiagorekin. Eta horrela, adibidez, Karrajura berehala ekarri ahal ditut beste leku batzuetan topatzen ditudanak, eta komentatu.

Ikasbil-en kasuan ere hau interesgarria iruditzen zait. Ikasbil une honetan helduen-euskalduntze alfabetatzerako informazio, dokumentu eta ikasmaterialen iturri nagusia da. Egunero lautik gora eskola ordu ematen duen irakasleari adibidez erabilgarria egin dakioke azkenengoen berri berehala eta modu erosoan izatea, edo hango ariketak eta dokumentuak erabiltzen dituen ikasleari. Neuri behintzat horren berri ahalbait arinen izatea gustatzen zait.

Ikasbil-ek jariorik eskaintzen ez duela, sarean badaude horrelako guneen gainean zeure RSSa eraikitzeko aukera ematen dizuten zerbitzuak. Feed43 adibidez, huraxe erabili dut eta hona hemen Ikasbilen RSSak bada:

  • http://www.feed43.com/ikasbil-albisteak.xml: Gogoan izan atala
  • http://www.feed43.com/ikasbil-albisteak2.xml: Berriak atala
  • http://www.feed43.com/habe-berriak.xml: HABEren berriak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-audioa.xml: dokutekako audio artxiboak eta entzungaiak.
  • http://www.feed43.com/ikasbil-ariketak.xml: ariketak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-bideoa.xml: dokutekako bideoak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-idatziak.xml: dokutekako idatziak
  • http://www.feed43.com/ikasbil-sekuentziak.xml: atazak ataleko sekuentziak

Zer egin daiteke hauekin (edo beste edozein jariorekin)?

  1. Agregatzaile baten bidez jarraitu. Hainbat eta hainbat daude. On-line agregatzaile baten (Alesti, Bloglines, Rojo, Google Reader,...), edo ordenagailuan instalatutako batean (Greatnews, Feedreader,...).
  2. Netvibes-en moduko sarrera-orri baten sartu eta nabigatzailea abiarazten dugun bakoitzean ikusi.
  3. Badira jarioa edukita, berriren bat dagoen bakoitzean e-postara mezua bidaltzen diguten zerbitzuak: Rssfwd, Feedblitz, Xfruits,... Egin behar den bakarra zerbitzu horietako baten gure e-posta helbidea eta harpidetu nahi dugun jarioa eman eta e-postaz jasoko ditugu azkenak.
  4. Jario guztiak hartu eta blog moduko baten ikusi. Xfruits-ek ematen du zerbitzu hau adibidez. Hemen daukazue bat: http://xfruits.com/bontxi/?id=13026. Dena dela, horretarako onena Ikasbilera bertara joatea da. Baina beste jario batzuekin konbinatu nahi badugu, hor dago aukera.
  5. Zeuen blog edo gunean erakutsi. Karrajuko agregatzailean egin dugun modura (Ikasbil sorta), edo Musestorm bezalako zerbitzuek eskaintzen dituzten honen moduko gehigarriekin:

Ikusten duzuenez, aukera ugari eta interesgarriak, eta ez gaude aukerak galtzeko moduan. Probatzera animatu eta zalantzarik edo arazorik badaukazue bota hemen beldur barik. Animatu, gomendatzen dizuet

02
Urt
2007

Ikasbil vs. feed43

Opor egun hauetan karrajuko RSS jarioetan aspaldi egin behar nuen egokitzapena egiten ibili gara. Ikasbil-en jarioak konpontzen gehien bat. Badakizue Ikasbil-ek ez duela jariorik eskaintzen, eta berton agertzen diren edukietan era askotako gauza interesgarriak izaten ditugu sarri: albisteak, ikasmaterialak, dokumentuak,... baina haiek jarraitu nahi izanez gero ikasbil bisitatu beste aukerarik ez dago. Feed43 zerbitzuari esker hango eduki batzuk RSSatzea lortu dugu, Karrajuko agregatzailean nahiz bestelakoetan ere informazio eguneratua izateko.

Hauek lortu ditugu honez gero:

Hala ere, arazo asko ematen dituzte RSS "pirata" horiek. Beharbada, honez gero konturatu zarete agregatzailean jario askotan azken albisteak soilik gehitu beharrean behin eta berriro kargatzen dutela zerrenda guztia, albisteak errepikatuz eta ordena kronologikoa gorde barik. Saiatuko gara konpontzen, dagoeneko baten batekin lortu dugu, baina ez da erraza.

Irakasle askok oraindino sindikazioaren berri ez dute edukiko, baina Ikasbil bezain sarri eguneratzen den informazio eta baliabide iturrian zer berri dagoen jakiteko egunero bisitatzen ibili beharra baino askoz aukera hobea da nire ustez, eta RSSekin ibiltzen den edonoren ustez ere bai seguru asko. Ez dakit zergatik ez duten sindikazioa eskaini, badirudi EJren webguneetan berriketa egin dela orain dela gutxi, eta plataforma berrian ez dutela inon sindikazioa atondu. Honako sasoian halako eguneraketa eginda bekatua izan daiteke sindikazioaz ahaztu izana.

Bitartean hor dauzkazue jarioak agregatzailean gehitzeko, zerbaitetan lagundu ahal badizue, ondo.

03
Aza
2006

Agregatzailean feed berria: Euskaltzaindiaren arauak

Berriro Feed43 zerbitzua erabilita rss-ik ez dagoen lekutik zerbait ateratzea lortu dugu. Euskaltzaindiak orri honetan erakusten du onartu dituen arauen zerrenda osoa. Onartu dituen azkenak, berriz, zerrenda honetan agertzen dira. Azkenengo orri hori Feed43-era eroan, filtroak aplikatu eta Euskaltzaindiaren azkenengo arauen rss-jarioa daukagu. Listo, nahi dugun agregatzailean sartzeko moduan. Hemen behintzat badaukagu.




RSS, sindikazioa, jarioak... (honez gero ez dakit zelan karajo deitu azkenean) saretik datorren informazio txaparrada gobernatzeko gero eta ezinbestekoagoak direla konturatzen hasi nintzen aspaldian. Gaur egun informatuta eta adi egon nahi duenak, zoratu edo denbora alferrik galdu nahi ez badu, agregatzaile ona erabili beste erremediorik ez du, on-line edo ordenagailuan sartuta (ni GreatNewsekin nabil azkenotan, euskaratuta dago gainera).

Euskaltzaindiaren arauak eguneratuta egon behareko kontu horietako bat da, ezta? Beraz, Euskaltzaindia, Ikasbil eta enparauak rss-a sartzen ez duten bitartean, horra lagungarritxo bat.

Euskaltzaindiaren azken arauak jarraitzeko jarioa:


http://www.feed43.com/euskaltzaindia_arauak.xml

03
Aza
2006

del.cio.us-eko loturak

Del.icio.us zerbitzua erabiltzen dut aspaldian. Web2.0ren lehenengo agerraldietako bat izan zen, eta kontzeptuaren probokatzaileetarikoa ere seguraski. Lotura zerrenda modura ez ezik, gure interes komunak dauzkan jendeak topatzen duena ikustea ezagutza konpartitzeko eta norberak ikasteko bide sendoa ere bada nire ustez. Nik batzuen loturak jarraitzen ditut ordenagailuko agregatzailetik, eta gauza interesgarriak topatzeko modua eman didate, sarritan karrajura ekarri ditudanak.

Nireak karrajuko agregatzaileari gehitzea erabaki dut ondorioz, topatzen dudana zuekin guztiekin konpartitzeko. Beti ez dira izaten gure arloko kontuak, baina sekretuak ere ez direnez, kalterik behintzat ez dute ekarriko. Esteka interesgarriak atal berri baten sartu ditut.

Era berean, norbaitek bere del.cio.us-eko kontua hemen konpartitu nahi badu, esan eta agregatzailera gehituko dut. Baimenik gabe ez ditu publikatuko (publikoak diren arren). Inork ez dezan pentsatu kotileoan edo espioitza industrialean gabiltzanik, ze, web2.0 hau azaltzen saiatzean horrelako beldurrak irteten dira sarri.

Sindikatu edukia