25
Urt
2008

Baliokidetzaren azken ordua!

Etxepel (Santurtziko Udal Euskaltegia) | 2008, Urtarrila 25 - 17:36



Hona hemen, jasotako prezioan, Titulu eta Hizkuntza Eskakizunen arteko baliokidetzaren inguruko azken orduko berriak.

Urtarrilaren 14an izan zuten Gasteizen gai horretaz arduratzen ari direnen batzorde-bilera (HPS, HABE, IVAP, Hezkuntza Saila).

Dekretuaren zirriborroa aztertu eta ontzat eman zuten, guztien adostasunez. Orain Jaurlaritza barruan dekretuek izaten duten tramitazioan dago; beraz, txosten juridikoak eta abar jasotzen.

Edukiei dagokienez, baliokidetuko ditu:

  • IVAPen 1 HE, Osakidetzaren 1. HE eta HABEren 1. maila (Europako Markoaren B1 maila)
  • IVAPen 2 HE, Osakidetzaren 2. HE, Ertzaintzaren 1. HE eta HABEren 2. maila (Europako Markoaren B2 maila)
  • IVAPen 3 HE, Osakidetzaren 3. HE, Ertzaintzaren 2. HE, HABEren 3. maila eta EGA (Europako Markoaren C1 maila)
  • IVAPen 4 HE, Osakidetzaren 4. HE, eta HABEren 4. maila (Europako Markoaren C2 maila).

Sei hilabeteko epea ezartzen da gainerako agiriak ere taula honetara ekartzeko (Hezkuntzako irakaspostuen 1. eta 2. HE-k, Irakaskuntzako Zerbitzu Pertsonalarena, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak).

Aurreikuspena da apirilaren lehenengo astean argitaratzea beranduena ere, euskaltegietako ikasleen matrikulazio hasterako.


Etiketak: agiriak | baliokidetza | hizkuntz-politika | tituluak |
Bidalitako artikuluak

Sukarra

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 25 - 22:05-(e)an bidalia.

Eskerrik asko informazioagatik Etxepel. Horren berri nondik edo handik denok izan dugu, baina konfirmazio (ofiziala ez dut esango) "serioa" behar izan dugu.

Galdera bat okurritzen zait hau guztia ikusita. Euskaltegietara halako tituluen sukarra etorriko ote da? (oraingoa baino handiagoa esan nahi dut).

 

Erabaki berriak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 27 - 09:55-(e)an bidalia.

Eta baliokidetzarena lortuta, ezin patxada onean gelditu. Erabaki batzuk hartu behar dira lehenbailehen.

1. Erakunde bakoitzak bere titulua luzatzen jarraitu ala titulazioak, ahal den neurrian, batu (ez guztiak baina bai batzuk, akaso).

2. Euskaltegiei ere tituluak luzatzeko ahalmena aitortu ala ez.

3. Egun azterketok euskaltegietan sortzen dituzten errutinen analisia egin ostekoak.

4. Aztertzaileen egungo akreditazio sistemaren egokitasunari buruzkoak.

5. Tituluek betetzen duten papera aztertu ondorengoak. Adibide gisa, erakunde bati eska dakiokeen euskararekiko ardura bertako langileen ezagutza tituluetan gauzatu behar den ala erabileraren neurketan.

Beno ba, Etxepel eta Benito, honek guztiak ere beharbada Arestikoen umorezko bideo labur-handi horietakoren bat beharko luke.

errutina horiek

etxepel (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 28 - 16:48-(e)an bidalia.

Ados, Plisti.
Hirugarren puntuan aipatzen dituzun "errutina" hitzarekin zer ulertzen duzu?
HABEren azterketaren ingurumarian euskaltegian egiten edo egin behar diren zereginez ari bazara (azterketara aurkezteko egin beharreko "filtroak" noiz eta, batez ere, NOLA egin behar diren; azterketa hauetan ikasleak lortzen dituen emaitzak eta euskaltegiko ibilbide akademikoan duten edo izan behar duten isla...) neuk ere uste dut nolabaiteko irizpide bertsuak edo bateratuak behar direla gaur egun, nik dakidala ezberdintasunak nabariak baitira euskaltegitik euskaltegira.

Errepikapen mekanikoa

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 04:16-(e)an bidalia.

Plistiren errutinaren atzetik, nire ustez, gauza bi daude. Bata bestearekin etortzen direnak baina elkartuta zelan etorri ere ez daukatenak. Azalduko dut.

Lehenagotik ere inoiz aipatu dugu probak hurbildu ahala, gure ikastaroak azterketa prestatzeko ikastaro bihurtzeko arriskua. Auto-eskoletako teoria klaseen antzera. Proben sistema berria ezarri zenetik barruntatu den arriskua da. Ez dut uste hala ere arriskua errealitate bihurtu den. Baina arriskua hor dago.

Tira. Ez nuke esango eskolak horretara bideratzea %100ean kalterako denik. Ikas-prozesuaren xedea desitxuratzea da alde batetik, egia, baina azterketa, eta hau bai konprobatu dudala sarri, ikasle motibatuarentzako akuilua ere izan daiteke.

Horrela bada, ikastaro baten antolaketan xede nagusiari ikututxo bat emango genioke. Ondo da. Baina ikastaroa ez da xedea, ikastaroa xede hori lortzeko egiten dena da. Eta eginbidea ikuspegi metodologiko baten arabera antolatu behar da.

Zer gertatzen da sarri (eta hau ere askotan daukat ikusita)? Ba, xedea aldatzearekin batera ikuspegi metodologikoa ere irauli egiten dela. Alegia, badirudi azterketa prestatzeko bide bakarra azterketakoen moduko proben errepikapen mekanikoa baino ezin dela izan.

Hau da, asoziazio moduko bat dabil: euskara ikastea = edozertariko aktibitateak, ludikoak ere bai. Azterketa = errepikapena eta "errutina" (idazlana, atariko proba, sinonimoak...). Klaro! Azterketa gauza serioa da eta!

Entzun ere egin dut: "Hori ez da didaktika".

Tira! Halako matrimonioak ez nuke pentsatu nahi betikoak direnik.

azterketa prebisibleak?

etxepel (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 10:41-(e)an bidalia.

Eskerrik asko azalpenengatik, Benito eta Plisti.
Dena den, planteatzen duzuen arazoa (ikasgelan egiten dena gehiegi makurraraztea azterketara) bere tamainan neurtu behar delakoan nago. Izan ere, orain arteko HABEren 1. eta 2. mailako azterketa idatziak ez dira hain prebisibleak izan, oso irekiak baizik (besterik esan genezake ahozkoez)Nire ustez, egokiak, aproposak izan dira ikaslearen benetako euskara maila neurtzeko; eginkizun errealekin lotutako probak planteatu dira. Beste muturrean leudeke Hizkuntza Eskakizunekin lotutako azterketak.

Edonola ere, diozuena oso kontuan hartzekoa iruditzen zait; are gehiago, 3. mailara (eta 4.era) hedatuko diren neurrian.

Horretaz aparte, nire aurreko mezuan errutinez nioena ere kontuan hartzekoa dela uste dut.

Ez ote?

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 11:43-(e)an bidalia.

 

Prebisibleegia esaten dudanean ez naiz, jakina, gaiaz ari, testu-mota eta eginkizunaz baizik.Oso irekiak iruditzen al zaizkizu honako hauek adibidez?

  • 2006

Tabakoaren aurkako legearekin ados zaude? Eman zure iritzia euskaltegiko aldizkari elektronikoan.

  • 2007

Badirudi, gaur egun, nahitaezkoa dela eskuko telefonoa erabiltzea. Zure iritziz: Nola erabiltzen dugu eskuko telefonoa? Erantzunak internet bidez bidali EITBra.

Baliteke ni oso oker ibiltzea baina beldur naiz hau ikusita ez ote garen 2. mailako idazmena gehiegi mugatzen ari (gaurkotasunezko gaiari buruzko galdera, iritzi eskakizuna). Zuzen ala oker zera esan nahi dut: azterketa horiek planteatuta ikusi egin beharko litzatekeela eskolak ematerakoan eta programatzerakoan izan duen inpaktoa, ea orain azterketan planteatutakoen antzeko eginkizun gehiago eskatzen diren eta horrek beste zenbait eginkizun eta testu-mota alboratzea ekarri duen ala ez.

Ez dut esaten horrela izan denik, baina bai aztertu beharrekoa dela, ez dagigun gerta EGArekin gertatutakoa, non ikasleek azalpena eta iritzia lantzen zuten eta bazirudien narrazioa edo testu erretoriko-poetikoak edo preskriptiboak lantzea denbora galtzea zela (azterketan sartzen ez zelako).

Badakit irakasleon eta ikasleen esku dagoela honelako aldrebeskeriei ihes egitea baina, halaber, badakit atzenean zer gertatzen den.

Portzierto, konturatuta al gaude nahiz eta tankera ezberdineko testuak izan, beti iritzia eta azalpena eskatzen ari garela (2.mailan, 3. mailan, 4. mailan)?

 

Historia errepikatzen ari ote gara?

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 09:35-(e)an bidalia.

Barkatu berandu banabil, Etxepel eta Benito.
Gauzak gehiegi ez errepikatze aldera, lehenago ere esandakoak ekarriko ditut hona: Plugin <em></em> Not Found.

Funtsean zera esan nahi dut:
Azterketek programazioan izan dezaketen eragina aztertu behar dela eta beronen araberako erabakiak hartu. Adibide zehatz bat jartzearren, azterketaren prebisibilitate mailaz arituko natzaizue. Hara: azterketak aurreikusgarria izan behar du (ezin da ebaluatu ikasgai izan ez dena) baina aurreikusgarriegia izateak (adib. idazmenean beti testu-mota bera eta antzeko eginkizuna eskatzeak) testu-mota eta eginkizun horren hiperprestaketa ekar lezake, beste testu-mota edo eginkizun batzuen kaltetan (eskatuko ez dutenez, ez da prestatzen). Nola konpondu, ordea?
Bada, azterketa prebisiblea eginez baina ez prebisibleegia (azterketan eska litezkeen eta eskatzen diren testu-mota eta eginkizunen esparrua zabalduz).

Batzuetan iruditzen zait EGArekin izandako esperientzia ez dugula behar beste hausnartu eta zenbait akatsek eta ajek hortxe dirautela (Historia errepikatzen ari ote gara?).

Badira beste zenbait gauza ere (irakurmenak eta entzumenak duten tratamendu eskasa), baremazioa... baina beste baterako utziko ditugu, ondo iruditzen bazaizue.

OHARRA: azkenaldian entrenatzaileekin tematuta nabil Toshack jarri nuen adibide lehengoan eta oraingoan Van Gaal ekarri dit gogora barruko deabrutxo barrabasak: ¡Tu siempre negatifo! ziostan. Hortaz, esan beharra daukat prozesu honetan baliokidetzak lortzearenak eta bi deialdi izatearenak meritua duela eta horretan aritu direnek zoriontzea merezi dutela.

Aurreikusgarritasuna (edo -keria)

otto (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 16:56-(e)an bidalia.

Atentzioa eman dit Plistik egindako iruzkin batek. Antza denez, azterketek aurreikusgarriak izan behar dute, ikas-prozesuari lotuta doazen neurrian, baina ez larregi prozesu hori berori ez baldintzatzeko.

Hizkuntza ikasteaz ari garela, nire ustea (demagogiko iritziko diozue, seguruenik) da azterketek izan behar dutela aurreikusgarriak eta, ondorioz, ikas-prozesuari lotuak, eta ikas-prozesua baldintzatuko dutenak.

Jakina, zertan gauzatzen da hau guztiau? Ba, gauza daiteke, esate baterako, EGA azterketa baten: gaurkotasuneko (edo) gaia, norberaren iritzia, konposizioa. Horrek eramango gaitu eskolak prestatzera horren izenean.

Baina, berriro diot, hizkuntza ikasteaz ari bagara, eta onartzen badugu 3. maila duenak nahikotasun maila bat duela hizkuntza horretan, zergatik ez ditugu bultzatzen hizkuntza eskola arruntak, non gaitasun komunikatiboaren garapena izango dugun helburu? Eta, hori horrela izanda, zergatik ez ditugu eskatzen ekintza komunikatibo arruntak, edozein herritarrek egin beharko lituzkeenak, ikasle horren maila zehazteko?

Horrela, azterketak prebisibleak izango dira, bai. Ikasleak pentsatu behar du ama hizkuntzan egiten duen edozer egin beharko duela bigarren hizkuntzan (gaia aldatuko dela; litekeena da urrunekoa izatea berarentzat).

Zazpi galdera

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 17:57-(e)an bidalia.

Nire ustetan azterketak konpetentzia neurtu behar du eta ez inola ere ikas-irakaskuntza baldintzatu (beti ere, ikas-irakaskuntza horren parametroak egokiak badira)... Baina, beno, sinestuiazue ez dela hau gehien inporta zaidan puntua. Zer iritzi duzue beste puntuez?

1. Titulazioak, ahal den neurrian, batu egin behar al dira?
2. Euskaltegiei titulua luzatzeko gaitasuna aitortu behar al zaie?
3.Egokia al da aztertzaileen akreditazio sistema?
4. Ados al zaudete baremazioarekin?
5.Konforme mintzamena neurtzeko frogekin?
6. Zer diozue entzumenari eta irakurmenari ematen zaien trataeraz?
7. Erakundeei eskatu ahal zaizkien ardurak titulutan ala erabileraren neurketan oinarritu behar dira?

Zazpi galdera, zazpi eta erdi ere bai akaso, planto egiteko ordua argiro.

5, 7, ..

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 19:21-(e)an bidalia.

Erantzuten hasiko naiz, ze, aurrekoan 5 izan ziren, oraingoan 7, eta erantzun ezik 9ra goaz.Tongue out

  1. Titulazioak batu. Honez gero batzen hasi direla dirudi. Zer esan nahi duzu dena dela? Parekidetu ez ezik, izenak ere batu?
  2. Euskaltegiak tituluak eman? Ez dakit, horrek homologazio sistema serioa ezartzea eskatuko luke batetik. Bestetik, dudan nago euskaltegietan jende asko erantzunkizun hori hartzeko prest egongo ote litzatekeen.
  3. Aztertzaileen akreditazioa. Akreditazioa ala prestakuntza, irizpideen bateratzea?
  4. Baremazioa. Ez nuke esango gustuko dudanik. Baina alternatibarik ere ez zait okurritzen.
  5. Mintzamen-probak. Probak eurak, sistema, ondo ikusten dut. Arazoa gehiago ikusten dut proben ingurukoetan: gaiak, dinamizazioa, tentsioa... eta gehien bat ebaluazio irizpideetan eta haien aplikazioan.
  6. Entzumena eta irakurmena. Ez zaie kasu askorik egiten alde batetik. Ni neu beti izan naiz trebetasun hartzaileen zalea. Baina hori pentsatuta ere, ez dut uste konponbidea irakurmen eta entzumen proba gehiago edo gogorragoak ipintzea denik.
  7. Tituluak eta erabilera. Normalizazioan hizkuntzaren erabilera sustatzea interesatzen zaigu, ezagutza soilak ez du ezer bermatzen, hartarako tresna baino ez da. Gure arazoaren 2.0 bertsioa agertuko da orduan. Nola ebaluatu erabilera?

Badakit erantzun batzuk apur bat galiziarren estilokoak direla, baina seguruenik besteok (ezer esan barik irakurtzen ari zaretenok ere bai) badauzkazuela ideia argiagoak. Animopueeeees!

Zazpi erantzun

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 29 - 20:52-(e)an bidalia.

Hauxe bakarrik falta nuen! Galderak bota eta neu erantzuten hastea. Baina zintzoa izateko gordin botako ditut neureak ea saltsa apur bat pizten den (pikutara politiko zuzenak!).

1. Titulazioena zoramena da (baita Catalunyan ere! erantzun dit morroi batek...mal de muchos...). Hainbeste Taifen erresuma izateko herri txikiegia dugu: Taifa HAEE, Taifa Hezkuntza, Taifa Osakidetza, Taifa Ertzantza, Taifa Hizkuntza Eskola, Taifa HABE... Ikasle batzuek ez dakit nik zenbat azterketa egiten dituzten urtean. Eta baliokideak izan arren, emaitzak zenbaitetan desberdinak dira... hau paradoxa! Ez al da hobe bizpahiru erakunderen eskuetan uztea titulazioaren erregulazioa?

2. Euskaltegiok tituluak luzatu nahi ditugu bai ala ez? Titulazio guztiak? Titulazio batzuk bakarrik? Nik neuk ere zalantzak ditut kontu honetan. Merkatuan ere jokatu beharra dugulako eta zenbaitek titulua errazegi luzatzeko tentazioa izan ahal duelako. Titulazioa erregulatzen duen erakundeak (HABEk, kasu) homologazio eta akreditazio sistema serioa eta sendoa ezarri beharko luke baina beldur naiz zenbait interesekin ez ote lukeen talka egingo.

3. Aztertzaileen aukeraketan irizpide kuantitatiboak erabili dira baina inola ere ez kualitatiboak. Nola liteke maila jakin batean esperientziarik ez duten irakasleak maila horretako aztertzaile izatea? Bateratze saioez ere luze hitz egin genezake... baina goazen hurrengo puntura.

4. Baremazioaz lehenago ere aritu ginen. Plugin <em></em> Not Found Baina hain zaila al da trebetasun guztietan gutxieneko bat eskatzea eta trebetasun guztiak gaindituz gero, maila aitortzea? ("Altek homologatu duela uste dut eta ingelesarekin ere horrela egiten da" diosta betiko morroi astun horrek!).

5.Mintzamen froga egokia iruditzen zaizula diozu, Benito. Bada, begira... ez nago ados. Ez dut ulertzen zergatik dituen hiru zati eta horietako bi ia ia berdinak diren lehenengo eta bigarren mailan. Ez dut ulertzen zergatik deskribapena (ia beti beste testu-mota baten azpian agertzen dena) izan behar den horietako bat, ez dut ulertzen hainbeste errutina...

6. Entzumena eta Irakurmena definizioz agertzen dira idazmenaren eta mintzamenaren morrontzan. Adibide bat jarriko dut. Entzumena gainditzen ez duen ikasle batek maila gaindi lezake baina idazmena gainditzen ez duenak ez. Nork demontre esan die azterketa diseinatzen dutenei lehenengo eta bigarren mailan idazmena entzumena baino garrantzitsuagoa dela? Hori bai, "maria" huts bihurtuta ditugu (deialdi guztietan izan naiz aztertzaile eta ez zait sekula tokatu entzumena edo irakurmena gainditzen ez zuen azterketaririk!!!). Galderen nolakotasunaz ere ez naiz berriketan hasiko baina luze hitz egin nezake.

7. Nola ebaluatu erabilera? Badugu pentsatzen hasteko garaia, teknikak baino gehiago borondateak egiten digula kale esango nuke. Erakunde batek duen euskara produkzioa neurtzea kalean zenbat euskara erabiltzen den neurtzea baino zailagoa al da, bada?

Ikusten duzunez Benito, zu Galizian eta ni Holandan (Van Gaal berriro gogoan) ibili gara. Kaña hau utzi eta bestelako kaña bat hartzera noa ;-D

Zazpia zenbaki magikoa dela eta

Otto (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 30 - 09:19-(e)an bidalia.

Batek galdetu, besteak erantzun, lehenengoak bere buruari erantzun, eta, nik, erantzunak komentatzera.

1.- Titulazioak batzearen alde nago ni. Erakunde bakar bat arduratu beharko litzateke biztanleen maila egiaztatzeaz, hizkuntzaren erabilera orokorrez ari bagara. Ikasleek hainbeste azterketa egiten badute urtean da, hain zuzen ere, hemendik lortzen ez dutena, bestetik lortzeko esperantzatan daudelako. Funtzionario batek, esate baterako, urtean sei deialdi izan ditzake nahikotasun maila frogatzeko: 3. HE, EGA, eta hizkuntza eskolakoa.
Beste bat da, akaso, esparru jakin baterako hizkuntzaren erabileran gaitasun espezifikoak ere frogatu behar izatea; eta ez nabil, derrigor, 4. mailaz ari.

2.- Euskaltegiaren esku utzi akreditazioa? Ui, ui, uiiiii. Gaur egun, 1. eta 2. mailan euskaltegiko irakasleak dira zuzentzaileak, eta gauza arraroak pasatu omen dira (me consta, esango nuke gazteleraz). Benitok aipatzen duen erantzukizunaz gain, heldutasunez ere egin beharko genuke. Eta Plistik dakarren merkatuaren eragina ez da, inola ere, bigarren mailako kontua.

3.- Aztertzaileak. Plistiri ez zaio ondo iruditzen maila baten irakasle aritu ez dena, oker ulertu ez badut, maila horretako aztertzaile izatea. Eta zergatik ez, ba? Ikasprozesuaren ebaluazioa irakasleari dagokio; baina, hemen, akreditazioaz ari gara, eta akreditatu behar duguna da ikasleak duen maila. Horretarako, formatuta badago, edozein irakasle (eta are edozein euskaldun) izan daiteke egokia.

4.- Baremazioaren inguruan bat nator Plistik esaten duenarekin. Aztertu beharko litzateke, edozelan ere, berdin baloratu beharko liratekeen trebetasun guztiak, edo gehiago eskatzerik ote dagoen trebetasunen baten.

5.- Ez da erraza mintzamen maila erakusteko proba egokiak sortzea. Normalean, azterketek eskatzen dizkigute normalean gauzatzen ez ditugun ekintza komunikatiboak. Baina, jakina, ezin gara txikiteora aztertzaile eta ikasle. Ez dakit...

6.- Trebetasun hartzaileak sortzaileen mendeko dira, egiaztatzeetan. Hori da uste zabaldua dagoelako ikaslea gai dela ulertzeko, entzunez edo irakurriz, azterketan sortzen duena; eta horrela da, jakina. Baina probaren bat egin behar dela, eta egin egiten da, beti ere, modurik ez adierazgarrienean. Horrela, entzumenean, oso garbi entzuten den irratsaio bat, oso garbi hitz egiten dutenen artean, eta isiltasuna besterik ez dagoen gela baten. Eta birritan. Arazoa egon daiteke idatzizko testuak ulertzean. Paradojikoa da baina, askotan, entzumen proba ez da ondo egiten irakurri duguna ez dugulako ondo ulertu.

7.- Egiaztatzen dena ezagutza da, bere hutsean.

Eskerrak zazpi baino ez ziren.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia