karrajua.org

27
Urt
2008

Atoan, spin off-ak eta teknoendredoak

Atzo topatu nuen kalean Karrajuaren irakurle bat, eta blogean erritmoa jaitsi dudala esan zidan. Egia da, publikatu barik tripetan teknoendredatzen ibili naiz, eta, gainera, Karrajuan azkenotan luxuzko kolaboratzaileak ibili zaikigula, haien ekarpenekin Karrajua ondo baino hobeto beteta egon dela begitandu zait (mila esker Plisti, Otto, Etxepel eta Arkaitzi berriro, neure partez, eta seguruenik beste irakurle guztien partez ere bai).

Esan bezala, teknoendredoetan ibili naiz gehien bat, duela egun batzuk iragarri nuen Atoan tumblelog-en inguruan hain zuzen ere. Hona hemen emaitza: Atoan.karrajua.org.

Tumblr zerbitzuan ibili naiz asteotan oharrak, linkak, bideoak eta abarrak batzen, eta gustatu egin zait. Esan nuen era berean, bi akats aurkitu ditudala zerbitzu horretan, iruzkinak ez onartzea eta indibiduala izatea, hau da, erabiltzaile bakar batentzako izatea. Tumblr-en funtzionamenduari erreparatuta konturatu naiz ez dela teknikoki lar zaila halako bat egitea, eta Karrajuaren zerbitzaria erabilita halako tumblelog kolektibo komentatua prestatu dut, izen berekoa: Atoan. Eta Karrajuaren azpidomeintu batean ipini: atoan.karrajua.org.

Hemendik aurrera beraz, Tumblr-en egin dudana Atoan.karrajua.org-en egingo dut. Hau da, estekak, aipamenak, bideoak, ideia laburrak, oharrak eta abar labur batu eta erakutsi. Zertarako?

  • Karrajuan txikia izanda kabitzen ez dena (hau paradoxa!) zabaltzeko.
  • Norberak topatzen duena konpartitzeko.
  • Zuekin komentatu ahal izateko.
  • Karrajua.org-en garatzekoen zerrenda modura.
  • Zuetako norbaiti beste nonbait garatzeko aukera emateko.

Zer dago han? Mezu laburrak (luzera mugatuta daukate), mota hauetakoak:

  • Estekak. Sarean aurkitu dudan zerbait interesgarria apuntatu, eta iruzkin txikitxoa gehitu. Adibidea.
  • Aipamenak. Norbaitek esandako zerbait jaso eta aipamen modura erakutsi. Iturriarekin jakina. Adibidea.
  • Mezu laburrak. Buruan darabiltzazun ideiatxoa, galdera, okurrentzia ta! txinpartaren modura bota. Adibidea.
  • Bideoak. Sarean "enbotatzeko" kodea ematen duten bideo interesgarria ikusi eta horixe, "enbotatu" (Haritz Euskaltzaindiara! Wink) eta erakutsi. Adibidea.

Oraingoz lau eduki mota hauekin ondo ibili daitekeela uste dut. Gauza gehiago probatu daitezke (irudiak, audio fitxategiak, galderak...), baina oraingoz hauekin nahikoa daukagu nire ustez.

Bestalde, esan dudan bezala, Atoan hori antolatzearen arrazoietako bat batek baino gehiagok publikatu ahal izatea ere bada. Beraz, zuetako inork Euskalduntze-Alfabetatzearen ingurumari zabal guztiaren gaineko ohar laburrak zabaldu nahi baditu, probara batzeko arazorik ez dago batere. Nirekin jarri harremanetan eta azalduko dizuet.

Hori bai, Atoan hau funtzionala egon daiteke, baina oraindik seguruenik diseinua zein funtzionamenduaren aldetik findu beharreko asko edukiko ditu. Eta hain zuzen ere, jende gehiagok erabilita konpondu, hobetu eta gehitu beharrekoak lehenago ikusiko dira. Beraz, erabili nahi duenak testatzaile papera onartu beharko du neurritxo batean (erronka polita, ezta?).

Honek ez du esan nahi Karrajua.org alde batera utziko dudanik, ez horixe! Hain zuzen ere Atoan hori Karrajuaren osagarria baino ez da. Karrajurako egosten direnak erakusteko lekua esate baterako (karrajua eta sukaldea, gustatu zait irudia). Karrajuaren spin off-en zerrendara batzeko beste bat azken batean:

  • Klaserako.karrajua.org. Sarean zabaltzen diren ikasmaterialak eta klaserako ideien jarraipena egiteko agregatzailea. Azken asteotan hau ere ibili naiz apur bat egokitzen. (Ikasbilen jarioekin eduki dudan borrokak blog bat betetzeko beste emango duela uste dut)
  • Karrajua.kom. Taldeak eta sare-sozial antzerako zerbait egiteko proba teknikoa. Ez du bide luzerik egin, baina ideia tekniko batzuk behintzat eman dizkit beste aplikazio batzuetarako.
  • Ple.karrejua.org. Elgg software-aren proba. Egun batean daukat honen inguruan esperimentu bat proposatzeko asmoa. Esango dizuet. Momentuz beta fasean ere ez, alfa2 (alfalfa) fasean dago.
  • Wikia. Hau ez dago zerbitzarian, baina tontamentean gauzatxo batzuk batu dira Wikiespaces-eko espazio horretan.

Tira ba, honaino deskargua. Esango didazua Atoan-ena zer iruditu zaizuen.

11
Aza
2007

Artxiboak


Archive.org edo Internet Archive
interneten artxibategi erraldoia sortzeko irabazteko asmorik gabeko egitasmoa da. Martxan dago aspaldi, artxibategiak adar nagusi bi ditu oraingoz: webguneen historialak eta multimedia fitxategien (filmak, audioa, testuak...) biltegi libre eta irekia. 

Eta bietan dagoeneko hainbat eta hainbat fitxategi gordeta eta milioka webgune dauzkate indexatuta. Azken honetan maiztasun batekin webguneari "argazkia" hartu eta bertan gordetzen dute etxean daukagun norberaren argazki-albumaren antzera.

Ez pentsa webgune handiei egiten dietela soilik. Karrajuari ere egin diote jarraipena adibidez, eta seguru web edo bloga daukazuenok zeuen helbidea sartzen baduzue han aurkituko duzuela historiala.

Karrajuari urte biotako errepasoa egiteko ondo dago, eta Archive.org-en gordetakoei "argazkiak" hartu, Flickr-en gorde eta irudiok Animotora bidaltzen badituzu, honako spot-a eduki dezakezu di-da batean.

Horrelakoekin norbera Google-en besteko inportantea sentitzen da hamabost minutuan ;-)

09
Aza
2007

Egokitzapen teknikoak Karrajuan

Gure web-ostatze zerbitzuan egokitzapen teknikoak egin behar dira zerbitzua hobetzearren, eta zerbitzariaren migrazioa egingo digute gaur

Ondorioz, baliteke gaur Karrajuan artikulu edo iruzkinen bat publikatuz gero hurrengo egunetan ikusteko arazoak edukitzea.

Beraz, ahal den neurrian, gaur (azaroak 9, ostirala) iruzkinik ez egitea eskatuko dizuegu. Edozelan ere, baten bat argitaratuko balitz, gorde eta datozen egunotan arazoren bat balego berriro ekartzen saiatuko gara.

Eskerrik asko, zuei eta Borobilako lagunei.

07
Aza
2007

Klaserakoak e-postaz

Karrajuak aspaldian dauzka spin-off pare bat: klaserako.karrajua.org eta karrajua.kom.

Lehenengoa sarean publikatzen diren materialen agregatzailea da (edo berri-emalea nahi baduzue), eta bigarrena taldeak egiteko gune baterako proba.

Ez dira "produkzio-guneak" alegia, esperimentu mailan daude biak eta orain arte gehiago erabili ditut probak egiteko eta jolasteko benetako gune edo zerbitzua egiteko baino.

Azkenotan berriz, Ikasbilen RSS jarioak eskaintzen hasi direnetik eta Scribd-n ikasmaterial batzuk gordetzen ditudanetik, konturatu naiz sarean badabilela ikasmaterialen jariotxo interesgarri bat, eta Klaserako hori norbaitentzat baliagarria izan daitekeela.

Klaserako.karrajua.org horretan RSSen bidez han eta hemen publikatzen diren gauzak jaso eta kronologikoki publikatzen ditu, berrienak lehenengo.

Beraz, interesgarria izan daiteke eskolak ematen dabiltzanentzat zer material edo dokumentu berri irten diren jakiteko.

Baina egunero kontsultatzeko astirik-ohiturarik jende askok edukiko ez duenez, eta RSSren misterioak oraindik askorentzat bastante misterio direnez, aukera berria gehitu diot. Feedburner zerbitzuaren bidez publikatzen diren materialak e-postaz jasotzeko aukera.

Zer egin behar da?

Erraza:

  1. Klaserako.karrajua.org helbidera joan
  2. Han, ezkerrean E-postaz harpidetu ipintzen duen koadrotxoa dago.
  3. Sartu zure e-posta helbidea eta "Harpidetu" klikatu. Leiho berria zabalduko da.
  4. Leiho horretan zure helbidea eta letra-zerrenda bat agertuko da. Letra horiek beheko koadroan tekleatu eta "Complete Subscription Request" ipintzen duen botoian klikatu.
  5. Orain mezu bat etorriko zaizu (ingelesez, ea itzultzen dudan) postara konfirmatzeko. Berton link bat ikusiko duzu, klikatu eta nabigatzailean leiho bat zabalduko da zure harpidetza eginda dagoela konfirmatuaz.

Zein berri jasoko duzu?

Orri honetan dauzkazu Klaserako.karrajua.org harpidetuta dagoen iturrien zerrenda. Baina labur esanda hauek dira:

Iturri berriak agertu daitezke (oxala!) eta jakin ahala (edo zuek abisatu ahala) horiek ere gehitzeko modua dago. Beti ere RSS jarioa badaukate.

Zer dago?

Egunero mezua jasoko duzue publikatu diren azkenengoekin. Jatorrizko lekuan publikatzen direnetik zuenera heldu arte bizpahiru egun pasa daitezke txarrenean.

Klaserako.karrajua.org-ek beste leku batzuetako mezuak jaso baino ez du egiten, iturriaren arabera informazio gehiago edo gutxiago edukiko duzue. Ikasbileko materialetan adibidez izenburua baino ez da heltzen.

Beraz, dokumentu originalak ikusteko jatorrizko lekura joan behar duzue. Horretarako interesatzen zaizuen artikulua Klaserakon zabaldu eta behean "irakurri originala" estekan sakatu behar duzue.

Klaserakon dena dela aukeratxo pare bat daukazue:

  • Materiala izartxo batzuekin baloratu. Zenbat izar ipini nahi duzuen gainean klikatu.
  • Materialen inguruko iruzkinak egin. Iritzia, klasean erabiltzeko ideiak, erabili osteko balorazioa... Nahi duzuena.

Hobetzekoak

  • Materialak sailkatzeko etiketak ipini ditut. Etiketatze sistema automatikoa da, ni ez naiz ibiliko etortzen diren guztiei etiketak ipintzen, zorionez asko dira eta. Batzuetan sistemak ondo jasotzen ditu etiketak, baina beste kasu batzuetan maila edo aurretik ipinita dauka baten bat baino ez. Sailkapen sistema ez da oso zehatza zoritxarrez. Saiatuko naiz hobetzen, baina iturriek ematen digunak markatzen du hori.
  • Zuek proposatzen eta abisatzen dituzuenak.

Zer ez da?

Klaserako.karrajua.org ez da norberaren materialak sarean jartzeko gunea. Ez dago idazteko edo fitxategiak igotzeko aukerarik alegia. Klaserako ideiak eta materialak egiten badituzue eta zabaltzeko eta konpartitu nahi badituzue, aukera hauek dauzkazue adibidez:

  • Testu fitxategiak badira, word edo pdf formatuan badaude Scribd-n kontua zabaldu eta Atazak eta ikasmaterialak taldera bidali ahal dituzue.
  • Ideiak badira bloga sortu eta bertan publikatu ahal dituzue. Ez badaukazue bloga egiteko adina ideia edo gogo, Karrajua.org-era bidaltzen badituzue arazo barik publikatuko ditugu Klaserako ideiak atalean.
  • Link-ak edo interneteko estekak badira. Bildu.net-en kontua zabaldu, gauza interesgarriak markatu eta "klaserako" etiketa ipini.
  • Audio edo bideo fitxategiak badira, podcast edo bideo-zerbitzu batera igo eta esteka bidali edo Bildu.net-en markatu klaserako etiketarekin.
  • Okurritu ez zaidan beste zerbait bada, galdetu eta saiatuko gara bidea topatzen.
  • Zuek ematen dituzuen alternatibak.

Hemen daukazue beraz.

09
Uzt
2007

Mobile

karrajua pdanDuela gutxi PDA erosi dut, norberaren renta per capitak ez du ematen portatila edo smartphonerako, eta gutxiagorekin konformatu behar izaten da, eta egia esanda, ez da askoz gutxiago gaurko PDA hauek eskaintzen dutena: pantaila taktila, wifi-a, audio grabazioa, bideoak, GPSa... 300 euro baino gutxiagotan ez daukazu patrikeran trasto makala.

Wifi sareak erabilita interneten nabigatzeko aukera ematen du besteak beste, hori bai, pantaila txikian eta "mobile" nabigatzaileen murriztapen guztiekin. Hala ere, gero eta gehiago dira mobile bertsioa eskaintzen duten guneak, hemen daukazue nik erabiltzen ditudan batzuen zerrendatxoa:

Askoz gehiago daude, sarean bilatu eta erraz asko aurkituko dituzue.

Interesgarriena poltsikoan daroazun gailu horrekin hainbat gauza kontsultatu ahal izatea: e-posta, rss-ak, agenda, oharrak...

Euskaraz erabiltzen ditugun zerbitzu eta webguneetan mobile bertsio gutxi aurkitu ditut hala ere. Sustatu, Zabaldu edo Eitb24 adibidez interesgarriak dira gailu mugikor batetik irakurtzeko.

Karrajuaren mobile bertsioa ere egin daiteke. Drupal-en tresna batzuk daude horretarako, baina sistema errazagoa aurkitu dut, aspaldian erabiltzen dugun Xfruits zerbitzua, RSS jarioak konbinatu eta formatu desberdinetara pasatzeko konpletoenetako bat. RSS to mobile tresna erabilita bertsio pare bat atondu ditut:

  • Karrajua.org-ena: http://xfruits.com/bontxi/mkar. Karrajuan publikatzen dena.
  • Klaserakoak: http://xfruits.com/bontxi/mklase. Klaserako.karrajua.org-eko agregatzaileak publikatzen duena. Honen bidez mugikorretik Ikasbilen azkenak kontsultatu daitezke.

Ez dira gogoratzeko moduko helbide erraz-errazak, baina PDA edo sakeleko batetik irakurtzeko grina badaukazue, hor daude.

Dena dela, gogoratu wifia erabiltzeko aukera badaukazu wi-fia aurkitu behar duzula, eta mugikorrarekin bazabiltza WAP, GPRS edo 3G erabilita konektatu behar da sarera (kontuz mugikorren konexio tarifekin!!!).

Eta zeuen blog edo webgunearen mobile bertsioa egin nahi baduzue, hor daukazue modu erraza.

12
Mai
2007

Atal berria Karrajuan: testuak sarean

Atal berria atondu dugu, testuak sarean. Orain arte Karrajuaren egituran honakoak eduki ditugu:

  • Blogak.
  • Albistegia edo RSS agregatzailea
  • Foroak: Edonork eztabaidatzeko bota ditzakeen gaiak.
  • Klaserako ideiak. Klaseko aktibitateak egiteko ideiak saiatzen gara hemen batzen.
  • Klaserako baliabideak. Irakasle eta ikasleentzat sarean dauden gauza interesgarrien zerrenda egiten saiatzen gara hor.
  • Testuak: Idazten ditugun artikuluak, esperimentuak eta abarrak, liburu modura sailkatuta.
  • Artikuluak. Karrajuko erabiltzaileak ez direnei eurena artikuluak edo mezuak publikatzeo aukera emateko.

Hala ere, sarean sarritan artikulu eta testu interesgarriak aurkitzen ditugu, gure lanarekin lotutakoak eta blogean den-denak aipatzeko eta komentatzeko modurik ez dugu edukitzen, eta beste ataletan ez dira erraz sartzen. Normalean del.icio.us-en edo bildu.net-en markatzen ditugu, baina Karrajuan haiekin zerrendatxoa egiten hastea ere interesgarria izan daiteke. Beraz aurkitu eta zerbaitengatik azpimarragarriak deritzegun horiekin atala osatu dugu.

Hemen daukazue zerrenda, eta orri nagusian eskumako barran agertu dira behean gehitzen ditugun azkenak.

Ez da zerrenda zehatza eta izango, interesgarriak iruditu zaizkugunen aipamena baino. Dena dela, badakizue, irakurri eta haien inguruan jardun nahi baduzue, komentarioak erabili.

01
Mai
2007

Aukera berria Karrajuan: zeuk ere idatzi!

Proba berria egingo dugu Karrajuan. Askotan esan dugu hau ez dela jaio blog pertsonala izateko bakarrik, helduen euskalduntze-alfabetatzeko plazatxoa izateko baino. Horrela bada, hasieratik partizipazio-guneak antolatzen saiatu gara, blogeatzeko aukera emanez eta foroen bidez. Baina, egia esanda, ez dugu blogean idazteko eskaera askorik jaso, eta foroak aspaldian daude geldirik.

Honek pentsarazi ahal digu gure mundutxo honetan ez dagoela zer esan handirik, ez dugu sinestu nahi hala ere. Pentsatu nahi dugu, aldiz, bloga mantentzeko edo foroetan ibiltzeko ohitura, trebezia edo ausardia direla arazo nagusia. Teknofobia baino, akaso errespetu gehiegi sareari eta ingurukoei.

Horrela bada, aukera errazagoa emango dugu, Karrajua.org-en erregistratu gabe, zuzenean bidali ahal duzu zeure artikulua, mezua, eztabaidagaia edo testua. Hain zuzen ere, beste gune batzuetan funtzionatzen duen antzera, sustatun adibidez. Zeure mezua bidaltzeko aukera!

Artikulua bidali

Horretarako formulario bat prestatu dugu nahi duenak bere artikulua bidaltzeko. Hemen daukazue (klikatu). Zerbait idatzi nahi baduzu, joan formulario horretara eta bertan azaltzen dena egin, funtsean zure datu pertsonalak eman (izen-abizenak eta e-posta) eta artikulua bidali. Instrukzio grafiko sinple batzuk prestatu ditugu badaezpada. Hemen behean daukazue:

Edo aurkezpena jaitsi, nahi baduzu

Eta zer bidali ahal dugu ba? Aukera zabal-zabala dago. Ez pentsatu artikulu luzeak eta landu-landuak izan behar dutenik, ez horixe! Horretarako Hizpide daukazu gainera. Hemen gauza biziagoak plazaratu ahal dira: lanaren inguruko gogoetak, proposamenak, albisteak, klaseko esperientziak, proiektuak, zalantzak, salaketak,... eta oro har plazara bota eta jendearekin konpartitu nahi zenukeen edozer. Hori bai, beti ere helduen euskalduntze-alfabetatzea eta hizkuntzaren ikaskuntzaren inguruan.

Dena dela, aukera hau, bistan denez, ez dago pentsatuta dagoeneko bloga edo publikatzeko beste modu bat erabiltzen dutenentzat, haiek badaukate-eta plaza eta plazaratzeko abilidadea eta modua. Mundu honetan ibili eta inoiz zerbait esan nahi dutenei ate berria zabaldu nahi diegu besterik gabe.

Ez dakigu asko ala gutxi emango duen, baina komunikaziorako aukerak zabaldu ahal diren bitartean probatu egin beharko da, ezta? Behintzat, aukera faltagatik ez dadila ezer kaxoian geratu.

Azkenengoz, eta hau ere konplikatua iruditzen bazaizu, jarri kontaktuan gurekin e-postaz (klikatu honen gainean), eta oraindik errazago ipiniko dizugu.

01
Mai
2007

Blogetik "liburura"

Blogetan gauza asko botatzen dira, hurrenkera kronologikoan, eta halaxe agertzen dira jeneralean, berrienetik hasita atzerantz. Batzuetan berriz, etiketak, kategoriak eta guzti, kostatzen da aspaldian botatako artikuluak aurkitzea. Nik neuk ere, Karrajuan berton artikulu zahar baten bila nabilenean buelta bat baino gehiago eman behar izaten ditut. Azkenean Google-era jotzea izaten da efektiboena.

Blogetan era askotako mezuak idazten dira, batzuk oso lotuta daude sasoian-saoiko kontuekin, eta publikatzen diren momentutik aurrera balioa galtzen dute. Beste batzuk, berriz, intenporalagoak dira, dela gaiagatik, dela inguruan sortu den hausnarketa kolektiboagatik (ez zait eztabaida terminoa gustatzen), eta lantzean behin osteratxoa egiteko modukoak izaten dira.

Azken baten, bloga idaztea liburua idaztea bezalakoa izan daiteke, baina orden kronologikoa ez da logikoena izaten beti. Karrajuan ere badira beste era batera sailkatu ahal diren artikuluak (aparteko merezimendurik ez badaukate ere), eta Drupal-ek aukera ona ematen du "liburu" modura sailkatzeko, book modulua.

Fijatu bazarete Karrajuan hasieratik daukagu atal bat testuak izenekoa. Hasiera baten asmoa gai zehatz bati buruz idazten diren testuak eta artikuluak (blogetik kanpo) berton batzea zen, eta halaxe sortu ziren batzuk (zirriborroak gehienetan). Book moduluak aukera hori ematen du, wiki baten antzeratsu. Eskuliburuak eta how-to-ak idazteko pentsatuta zegoen, baina edozelako testuak antolatzeko balio du.

Horrez gain, beste aukera bat ere badago, beste era bateko edukiak (bloga, orri estatikoak edo norberak sortutako eduki-motak) "liburu" batean antolatu daitezke, orri nagusiak eta menpekoak kategorietan eta ataletan antolatuta.

Horrela, blogeko mezu batzuk antolatzen hasi naiz. Adibidez M-learning-i buruzko azken mezua teleikaskuntza izeneko liburuan sartu dut, edo egiten ditugun esperimentu tekniko batzuk teknoendredoak liburuan kokatu ditut, edo Hizpide bat agertzen denean egiten ditugun komentarioak Testuak eta liburuak izeneko liburuko azpiatal baten daude. Gainera liburu guztiak daukate inprimatzeko bertsioa (adibidea) non liburu osoa (artikulu guztiak) inprimatu daitezkeen.

Mezuek blogean jarraitzen dute, eta, aldi berean, liburua osatzen dute. Blogeatzen duguna antolatzeko beste era bat. Kolaboratiboa gainera.

Sindikatu edukia