07
Aza
2007

Klaserakoak e-postaz

Karrajuak aspaldian dauzka spin-off pare bat: klaserako.karrajua.org eta karrajua.kom.

Lehenengoa sarean publikatzen diren materialen agregatzailea da (edo berri-emalea nahi baduzue), eta bigarrena taldeak egiteko gune baterako proba.

Ez dira "produkzio-guneak" alegia, esperimentu mailan daude biak eta orain arte gehiago erabili ditut probak egiteko eta jolasteko benetako gune edo zerbitzua egiteko baino.

Azkenotan berriz, Ikasbilen RSS jarioak eskaintzen hasi direnetik eta Scribd-n ikasmaterial batzuk gordetzen ditudanetik, konturatu naiz sarean badabilela ikasmaterialen jariotxo interesgarri bat, eta Klaserako hori norbaitentzat baliagarria izan daitekeela.

Klaserako.karrajua.org horretan RSSen bidez han eta hemen publikatzen diren gauzak jaso eta kronologikoki publikatzen ditu, berrienak lehenengo.

Beraz, interesgarria izan daiteke eskolak ematen dabiltzanentzat zer material edo dokumentu berri irten diren jakiteko.

Baina egunero kontsultatzeko astirik-ohiturarik jende askok edukiko ez duenez, eta RSSren misterioak oraindik askorentzat bastante misterio direnez, aukera berria gehitu diot. Feedburner zerbitzuaren bidez publikatzen diren materialak e-postaz jasotzeko aukera.

Zer egin behar da?

Erraza:

  1. Klaserako.karrajua.org helbidera joan
  2. Han, ezkerrean E-postaz harpidetu ipintzen duen koadrotxoa dago.
  3. Sartu zure e-posta helbidea eta "Harpidetu" klikatu. Leiho berria zabalduko da.
  4. Leiho horretan zure helbidea eta letra-zerrenda bat agertuko da. Letra horiek beheko koadroan tekleatu eta "Complete Subscription Request" ipintzen duen botoian klikatu.
  5. Orain mezu bat etorriko zaizu (ingelesez, ea itzultzen dudan) postara konfirmatzeko. Berton link bat ikusiko duzu, klikatu eta nabigatzailean leiho bat zabalduko da zure harpidetza eginda dagoela konfirmatuaz.

Zein berri jasoko duzu?

Orri honetan dauzkazu Klaserako.karrajua.org harpidetuta dagoen iturrien zerrenda. Baina labur esanda hauek dira:

Iturri berriak agertu daitezke (oxala!) eta jakin ahala (edo zuek abisatu ahala) horiek ere gehitzeko modua dago. Beti ere RSS jarioa badaukate.

Zer dago?

Egunero mezua jasoko duzue publikatu diren azkenengoekin. Jatorrizko lekuan publikatzen direnetik zuenera heldu arte bizpahiru egun pasa daitezke txarrenean.

Klaserako.karrajua.org-ek beste leku batzuetako mezuak jaso baino ez du egiten, iturriaren arabera informazio gehiago edo gutxiago edukiko duzue. Ikasbileko materialetan adibidez izenburua baino ez da heltzen.

Beraz, dokumentu originalak ikusteko jatorrizko lekura joan behar duzue. Horretarako interesatzen zaizuen artikulua Klaserakon zabaldu eta behean "irakurri originala" estekan sakatu behar duzue.

Klaserakon dena dela aukeratxo pare bat daukazue:

  • Materiala izartxo batzuekin baloratu. Zenbat izar ipini nahi duzuen gainean klikatu.
  • Materialen inguruko iruzkinak egin. Iritzia, klasean erabiltzeko ideiak, erabili osteko balorazioa... Nahi duzuena.

Hobetzekoak

  • Materialak sailkatzeko etiketak ipini ditut. Etiketatze sistema automatikoa da, ni ez naiz ibiliko etortzen diren guztiei etiketak ipintzen, zorionez asko dira eta. Batzuetan sistemak ondo jasotzen ditu etiketak, baina beste kasu batzuetan maila edo aurretik ipinita dauka baten bat baino ez. Sailkapen sistema ez da oso zehatza zoritxarrez. Saiatuko naiz hobetzen, baina iturriek ematen digunak markatzen du hori.
  • Zuek proposatzen eta abisatzen dituzuenak.

Zer ez da?

Klaserako.karrajua.org ez da norberaren materialak sarean jartzeko gunea. Ez dago idazteko edo fitxategiak igotzeko aukerarik alegia. Klaserako ideiak eta materialak egiten badituzue eta zabaltzeko eta konpartitu nahi badituzue, aukera hauek dauzkazue adibidez:

  • Testu fitxategiak badira, word edo pdf formatuan badaude Scribd-n kontua zabaldu eta Atazak eta ikasmaterialak taldera bidali ahal dituzue.
  • Ideiak badira bloga sortu eta bertan publikatu ahal dituzue. Ez badaukazue bloga egiteko adina ideia edo gogo, Karrajua.org-era bidaltzen badituzue arazo barik publikatuko ditugu Klaserako ideiak atalean.
  • Link-ak edo interneteko estekak badira. Bildu.net-en kontua zabaldu, gauza interesgarriak markatu eta "klaserako" etiketa ipini.
  • Audio edo bideo fitxategiak badira, podcast edo bideo-zerbitzu batera igo eta esteka bidali edo Bildu.net-en markatu klaserako etiketarekin.
  • Okurritu ez zaidan beste zerbait bada, galdetu eta saiatuko gara bidea topatzen.
  • Zuek ematen dituzuen alternatibak.

Hemen daukazue beraz.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia