ikasmaterialak

06
Urr
2008

Euskarazko unibertsitate-liburuen erakusketa eta tailerrak

Ainhoa Ezeizak datorren astean egingo den ekimen honen berri bidali digu. Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak antolatu du eta ez dakit unibertsitateko jendeari mugatuta dagoen ala ez, edozelan ere, interesgarria iritzi diot, gehien bat ostegunean egingo diren tailerrak, eta norberari ere aplikatu beharreko kontu pare bat daude hor. Hona hemen Ainhoaren mezua:

Aurten ere, Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak (EIREk) Euskarazko Unibertsitate-Liburuen IV. Erakusketa antolatu du. Datorren astean izango da Gasteizeko EHUko campusean, urriaren 14tik 16ra.

Aurreko urteetan, paperezko liburuak aurkeztu izan dira ia soilik eta hitzaldi batzuk eskaini dira euskarazko argitalpenen inguruan. Aurten, ekitaldia dinamizatu nahi genuke eta unibertsitateko ikas-materialak eta liburuak formatu elektronikoan egitera bultzatu nahi genituzke egileak (irakasle, ikertzaile zein ikasleak).

Horretarako, tailer pare bat antolatu dugu argitalpen elektronikoaren eta horretarako dauden lan-tresnen inguruan, eta ostegunean, 11:00etan, mahai-inguru bat izango dugu web 2.0 eta argitalpen lizentzia libreen inguruan.

Bereziki kezkatuta gaude unibertsitatean euskarazko material asko ekoizten delako baina gehienetan irakasleak soilik erabiltzen du bere ikasleekin. Hori hedatzea lortuko bagenu, nabarmen areagotuko litzateke euskarazko material zientifikoen kopurua, baina horretarako irakasleak kontzientziatu behar ditugu eta formazioa eman pdf eta ppt-z haratagoko bizitza erakusteko.

Ongietorriak izango zarete denak. Programa webgunean duzue: www.eireka.org eta tailerrak ere doan izango dira baina aldez aurretik izena eman behar da (gontzal.garcia[abildua]ehu[puntua]es). Ea unibertsitatean ere eman eta (elektronikoki) zabaltzeko kultura hedatzea lortzen dugun!

10
Urt
2008

Baliabideak sarean

Patxo Landa lagunarekin ibili naiz gaur arrastian teknoendredoen gainean platikatzen. Bere asmo eta proiektu batzuk kontatu dizkit, gaztelania-irakasle diharduten hiru lagunen artean martxan ipini berri duten Tres Tizas gehien bat.


Oso proiektu interesgarria, hizkuntzaren irakaskuntzaren hiru arlo berezitan: HIPIn (Hizkuntza indartzeko programak eta ikasgelak), LHIn ( lanbide hastepenetarko ikastegiak) eta DBHn, hizkuntz-klaserako aktbitate errazak batu eta zabaltzea dute asmoa. Web2.0 tresnekin bloga eta wikia atondu dituzte horretarako. Wikian eskuragarri dauden aktibitateak zehatz azalduta eta baliabideekin ondo hornituta aurkeztu dizkigute. Guztion eskura dauden bitartekoekin eta -bereziki- gogo eta ilusioarekin gauza politak egitea ez da zaila, ez.


Tres Tizas hau ez da izan aste honetan ikasmaterialak eta aktibitateak sareratzeko aurkitu dudan adibide bakarra gainera. Egun batzuk lehenago Anibal de la Torre irakasle-blogari ezagunak sarean baliabideak konpartitzeko gune berria (berreskuratua hobeto esanda) aurkeztu zigun: Recursos Educativos en Red. Lehengo esperientzia bat berreskuratu eta Drupal softwarearekin (Karrajuan erabiltzen duguna), sarean dauden baliabide edukatiboen direktorio kolaboratiboa egin du, kategoria eta etiketekin sailkatua, eta baloratzeko puntuazio sistema batekin hornitua. Del.icio.us eta Zabaldu.com-en arteko zerbait. 600 baliabide baino gehiago ei dauzka karteran, eta gainera norberak aurkitzen duena bidaltzeko aukera ere ematen du.


Bestalde, OpenAcademic-en klaserako sortzen diren ideiak eta ikasgaiak eta berauek zabaltzeko eta antolatzeko bideen inguruko gogoeta egin dute, Thoughts on Sharing Lessons artikuluan. Beharrak eta interesak aztertuta, tresna hau proposatu dute. Funtsean sarean produzitzen diren "lekzioak" jasotzen dituen agregatzailea da, jaso ahala iturriaren arabera sailkatu eta aurkezten dituena. Ideia ona, eta ezaguna ere egiten zait. Tresna osatuago baten lehenengo pausoa izango litzateke hau, ikasmaterialak partekatzeko eta eskatzeko zerbitzuak ere beharko lirateke OpenAcademic-ekoen arabera.

Azken gune hau ere Drupal-ekin eginda dago, eta duela hilabete batzuk ikasmaterialak sareratu eta partekatzeko FreeTeach.com gunea gogoratu dut, Drupalekin eginda hura ere.

 

Tira ba, lehen esan dudan bezala, badira klasean zer egingo ote dut galderatxo horri erantzuten laguntzeko modu errazak, teknologiaren aldetik behintzat.

09
Abe
2007

Ikasmaterialen argitalpena

material zaharrak Leire Narbaizak lehengo eguneko artikuluan hau idatzi zuen:

Horren harira, logikoa denez, gure baliabideak urriak eta zaharrak dira askotan. Material espezifikoa irakasle bakoitzak sortzen du, edo zentroak. Argitaletxeek ez gaituzte kontua hartzen. Eurendako gu farmazeutikendako gaixotasun arraroak dauzkatenak bezalakoak gara: gutxi eta etekin ekonomikoa, berez, hutsaren hurrengoa.

Ez da hura izan irakurri edo entzun nuen lehenengo aldia, ezta azkena ere. Argitaletxeak ez dira gurekin akordatzen, material gutxi argitaratzen dela, eta ondorioz eduki ere gutxi daukagula, zahartuta...

Durangoren egunak izan dira hauek, argitalpenak eta azoka berriro hizpide. Aurtengo katalogoa sarean daukagu eta handik pasatu ez naizenez, saretik kontsultatu dut. Guretzat badago ezer?

Ez da erraza katalogoan gai edo arlo zehatz batekoak kokatzea (iradokizuna: katalogoan argitalpenak kategoria edo gaika sailkatzea), hitz klabe, argitaldaria edo egilearen izenaren arabera egin behar da. Helduen Euskalduntzerako material didaktiko modura zer daukagun peskizan, nobedade gutxi aurkitu ditut.

Eta oraingoz ez dut beste ezer aurkitu. Egongo da zerbait. Hala bada esan mesedez.

Materiala argitaratzearen kontu hau ez dut garbi ikusten hala ere.

  • HABE izan da azken urteotan material gehien sortu eta zabaldu duena. Hala ere, materialon ohiko banaketa bideak barik, internet izan da berauek eskuratzeko bide nagusia. Ikasbilen bitartez gehien bat.
  • Argitaletxeentzat ez ei gara negozio. Ez dakit euskarazko argitalpenetan negozioa izateko muga non dagoen, baina esango nuke euskaltegiak ez direla argitaletxeek baztertutako nitxoa.
  • Orain arte material gehien argitaratu dituztenak euskaltegiak eta euskaltegi-sareak izan dira. Baina azken urteotan oso gutxi argitaratu da (ohiko formatoetan behintzat). Hala ere, materialgintza lana egiten jarraitu da. AEKn, IKAn eta beste batzuetan behintzat badakit horretan ari(tu) direla. Ez dira kanporatzen baina. Edizio arazoak? Argitaratzeko eskubideekiko arazoak? Kosto ekonomikoa?
  • Paperezko edo multimedia materialak diseinatu, editatu eta argitaratzeak kosto handiak dauzka. Baten batek oraindik pentsatzen du inorentzako diru-iturri oparoa izan daitekeela, baina (dirulaguntzak jasota ere) parra eginda pozik egoteko motibo nahikoa dagoela esango nuke.
  • Gure sektorean komunikazio teknologia berrietarako errezeloak ei daude. Hala ere, badago gurean ondo baino hobeto erabiltzen jakiten dugun teknologia: erreprografia, fotokopiak alegia.
  • Didaktikaren munduan halako sasoi "kaotikoan" bizi gara. Plistik arrazoia emango lidake seguruenik. Testu-liburuaren filosofia atzean utzita daukagula dirudi, teorian behintzat. Bestelako zerbait beharko litzateke, baina ez dugu zer asmatzen. Eta honek dakarren noraezean zaila da inor argitalpen proiektu handi bati ekiten ausartzea. Egokia izango ez delakoan, berehala zahartuko delakoan... Ez geu, ezta argitaletxeak ere.

Bitartean, irakasleen artean material berri gutxi dagoelako sentsazioa zabaltzen da, baliabide falta. Pertzepzioa errealitatearekin bat dator? Erabat ez esango nuke, baina pertzpezio horrek arrazoi argiak dauzka eta gainera ez du batere laguntzen.

Eta zer egin daiteke? Gauzak nondik nora dabiltzan ikusita honako irtenbide batzuk zirriborratu daitezke:

  • Euskarri eta kanal berrietara jo. Ikasmaterialen edizio-banaketa sistema tradizionalek (papera, CD-DVDa....) une honetan gehiegi mugatzen gaituzte. Ikasbilen banaketa eredua neuri behintzat arina, erabilgarria eta egokia iruditzen zait, edukiak kalitate eta erabilgarritasun handiago eta txikiagokoak izango dira, baina denbora, kostoa eta eskuragarritasuna asko hobetu dira.
  • Norberak argitalpenekin bere negozioa bilatu beharrean, euskaltegien artean (eta bestelako eragileekin: administrazioa, argitaletxeak, hezkuntzaren mundua...) kolaborazioa eta aliantzak gehiago landu. Interes eta behar izan komunak dauzkagu, eta batuta bakarka baino gehiago egin daitekeela uste dut.
  • Ikasmaterialak banatzeko "liburu" formatoa ahaztu. Une honetan ezin da itxaron ez dakit zenbat orrialde bete arte ezer editatu eta zabaltzeko. Bizkortasun handiagoa behar da, eta pisu gutxiago. Pilulen etengabeko hornidura nonbait. Hedabideen munduan gertatzen den antzera.
  • Materialgileak espezializatu eta dedikatu. Edozein irakaslek jakin beharko luke materiala sortzen edo egokitzen, bai. Baina gure sektorean dagoen lan bolumenarekin materialgintza zerbitzuak ezinbestekoak dira. Eta espezializazio horrek etengabeko prestakuntza dakar, bi arlotan: didaktikoa eta teknikoa.
  • Baina -web2.0 eta partekatzearen sasoi honetan ezin ahaztu- erabiltzaileek (irakasleek hain zuzen ere) euren edukiak zabaltzeko aukera ere beharrezkoa da. Gure material-ideia iturri nagusietakoa dira egunean-egunean klasea prestatzen dihardutenak, sortzeko, egokitzeko eta hobetzeko. 1.500 pertsona baino gehiago ari dira, hor asko dago konpartitu eta zabaltzeko, dudarik ez. Hori egiteko bideak eta motibazioa ematea da gakoa.

Horraino ailegatu naiz ni, eta hor dago kontua, eztabaidatzeko edo, hobeto, irtenbideak proposatzen hasteko.

07
Aza
2007

Klaserakoak e-postaz

Karrajuak aspaldian dauzka spin-off pare bat: klaserako.karrajua.org eta karrajua.kom.

Lehenengoa sarean publikatzen diren materialen agregatzailea da (edo berri-emalea nahi baduzue), eta bigarrena taldeak egiteko gune baterako proba.

Ez dira "produkzio-guneak" alegia, esperimentu mailan daude biak eta orain arte gehiago erabili ditut probak egiteko eta jolasteko benetako gune edo zerbitzua egiteko baino.

Azkenotan berriz, Ikasbilen RSS jarioak eskaintzen hasi direnetik eta Scribd-n ikasmaterial batzuk gordetzen ditudanetik, konturatu naiz sarean badabilela ikasmaterialen jariotxo interesgarri bat, eta Klaserako hori norbaitentzat baliagarria izan daitekeela.

Klaserako.karrajua.org horretan RSSen bidez han eta hemen publikatzen diren gauzak jaso eta kronologikoki publikatzen ditu, berrienak lehenengo.

Beraz, interesgarria izan daiteke eskolak ematen dabiltzanentzat zer material edo dokumentu berri irten diren jakiteko.

Baina egunero kontsultatzeko astirik-ohiturarik jende askok edukiko ez duenez, eta RSSren misterioak oraindik askorentzat bastante misterio direnez, aukera berria gehitu diot. Feedburner zerbitzuaren bidez publikatzen diren materialak e-postaz jasotzeko aukera.

Zer egin behar da?

Erraza:

  1. Klaserako.karrajua.org helbidera joan
  2. Han, ezkerrean E-postaz harpidetu ipintzen duen koadrotxoa dago.
  3. Sartu zure e-posta helbidea eta "Harpidetu" klikatu. Leiho berria zabalduko da.
  4. Leiho horretan zure helbidea eta letra-zerrenda bat agertuko da. Letra horiek beheko koadroan tekleatu eta "Complete Subscription Request" ipintzen duen botoian klikatu.
  5. Orain mezu bat etorriko zaizu (ingelesez, ea itzultzen dudan) postara konfirmatzeko. Berton link bat ikusiko duzu, klikatu eta nabigatzailean leiho bat zabalduko da zure harpidetza eginda dagoela konfirmatuaz.

Zein berri jasoko duzu?

Orri honetan dauzkazu Klaserako.karrajua.org harpidetuta dagoen iturrien zerrenda. Baina labur esanda hauek dira:

Iturri berriak agertu daitezke (oxala!) eta jakin ahala (edo zuek abisatu ahala) horiek ere gehitzeko modua dago. Beti ere RSS jarioa badaukate.

Zer dago?

Egunero mezua jasoko duzue publikatu diren azkenengoekin. Jatorrizko lekuan publikatzen direnetik zuenera heldu arte bizpahiru egun pasa daitezke txarrenean.

Klaserako.karrajua.org-ek beste leku batzuetako mezuak jaso baino ez du egiten, iturriaren arabera informazio gehiago edo gutxiago edukiko duzue. Ikasbileko materialetan adibidez izenburua baino ez da heltzen.

Beraz, dokumentu originalak ikusteko jatorrizko lekura joan behar duzue. Horretarako interesatzen zaizuen artikulua Klaserakon zabaldu eta behean "irakurri originala" estekan sakatu behar duzue.

Klaserakon dena dela aukeratxo pare bat daukazue:

  • Materiala izartxo batzuekin baloratu. Zenbat izar ipini nahi duzuen gainean klikatu.
  • Materialen inguruko iruzkinak egin. Iritzia, klasean erabiltzeko ideiak, erabili osteko balorazioa... Nahi duzuena.

Hobetzekoak

  • Materialak sailkatzeko etiketak ipini ditut. Etiketatze sistema automatikoa da, ni ez naiz ibiliko etortzen diren guztiei etiketak ipintzen, zorionez asko dira eta. Batzuetan sistemak ondo jasotzen ditu etiketak, baina beste kasu batzuetan maila edo aurretik ipinita dauka baten bat baino ez. Sailkapen sistema ez da oso zehatza zoritxarrez. Saiatuko naiz hobetzen, baina iturriek ematen digunak markatzen du hori.
  • Zuek proposatzen eta abisatzen dituzuenak.

Zer ez da?

Klaserako.karrajua.org ez da norberaren materialak sarean jartzeko gunea. Ez dago idazteko edo fitxategiak igotzeko aukerarik alegia. Klaserako ideiak eta materialak egiten badituzue eta zabaltzeko eta konpartitu nahi badituzue, aukera hauek dauzkazue adibidez:

  • Testu fitxategiak badira, word edo pdf formatuan badaude Scribd-n kontua zabaldu eta Atazak eta ikasmaterialak taldera bidali ahal dituzue.
  • Ideiak badira bloga sortu eta bertan publikatu ahal dituzue. Ez badaukazue bloga egiteko adina ideia edo gogo, Karrajua.org-era bidaltzen badituzue arazo barik publikatuko ditugu Klaserako ideiak atalean.
  • Link-ak edo interneteko estekak badira. Bildu.net-en kontua zabaldu, gauza interesgarriak markatu eta "klaserako" etiketa ipini.
  • Audio edo bideo fitxategiak badira, podcast edo bideo-zerbitzu batera igo eta esteka bidali edo Bildu.net-en markatu klaserako etiketarekin.
  • Okurritu ez zaidan beste zerbait bada, galdetu eta saiatuko gara bidea topatzen.
  • Zuek ematen dituzuen alternatibak.

Hemen daukazue beraz.

29
Mar
2007

Atsotitzak lantzeko ariketak (IKTeroak)

Euskaljakintzan ariketa sorta berria paratu du Maite IKTeroak. Atsotitzak lantzekoa berau. Atsotitzak eta esamolde finkatuak esateko orduan erdarara sarri jotzen dugula ikusita 24 ariketa prestatu ditu Hot Potatoes erabilita. Eta ohi duen bezala, guztion eskura eta bistan jarri dizkigu. Ariketak eta klasean erabiltzeko prozedura, biak.

Estekak:

Karrajuko baliabideak atalean ere zenbait iturri dauzkagu markatuta, osagarri modura erabili nahi badituzue:

  • http://karrajua.org/esaerak
  • http://karrajua.org/esamoldeak

Eguneraketa:

Blogetan ere topatzen dira atsotitzen bildumatxoak, eta iruzkinak, adibidez:

22
Mar
2007

Korrika15: euskaltegietarako atazak

Korrika gora eta Korrika behera, klaseak aurrera jarraitzen du. Eta AEK-koek hori aintzat hartuta Korrika sasoian klasean erabiltzeko ataza sorta plazaratu dute.

Korrikaren webgunetik jaitsi daitezke pdf formatuan. Hauek dira:

Euskaltegietako Atazak

Hona hemen Korrika dela eta AEK-ko materialgintza lantaldeak sortu dituen atazak. Maila guztietarako lanak eskaini nahi dizkizuegu, eta horretarako aukeratu ditugun gaiak honako hauek dira:

  • Korrika 15en hasiera eta amaiera lekuak : "Karrantza aldean, 3. maila", "Iruñea, 1A maila" eta "Euskara Nafarroan, 2. maila".
  • Korrika 15en kanta eta omenduak : "Heldu Korrikari, 2. maila", "Euskararen transmisioa, 1B maila" eta "Sexismoa hizkuntzan, 2. maila".
  • Korrikari buruzko bestelako kontuak : "Korrika irudietan, 1A maila", "Zer da Korrika?, 1A maila", "Korrikaren alde ezkutua, 1B maila", "Euskaldun berriak, 1B maila", "Euskarari bai, 2. maila", "Korrika

Eskola mundukoek gogoratu zuentzako ere badaudela Korrikaren inguruko adin eta maila desberdinetarako unitate didaktikoak.

Estekak:

28
Ots
2007

HABEk NABOren esku jarri ditu 1A mailarako mintza saioak

HABEk NABOren esku jarri ditu 1A mailarako mintza saioak -

Euskal Etxe dezente dira AEBetan BOGA eskaintzen dutenak. Hori horrela, ikasleak etxetik aritzen dira euskara ikasten, baina, mintzamena lantzeko, aldiro-aldiro euskal klubetan elkartu behar izaten dute irakaslearekin.

Irakasle gehienak ez dira irakasle lanbidez, eta, zaila egiten zaie taldea bideratzea. Hori horrela, irakasle horiei mintza saioak bideratzen laguntzeko HABEk, Maizpide barnetegiarekin elkarlanean garatutako mintza saioen gida jarri du NABOren esku. Aipatu gida 1A mailarako da, eta, 30 mintza saiotik gora garatu dira, hau da, Euskal Etxeetako erritmo standarrean bi urtetarako materiala.

Irakurri gehiago-- Delivered by Feed43 service [Ikasbil: gogoan hartu]

Ez dut mintzasaioen gida hori ezagutzen, ez dakti AEBetako ikasleentzat berariaz egin den ala lehengo baten egokitzapena ote den, baina egingo nuke hemengo askok gustura egingo luketela kukutxo bat. 1A mailan mintza saioak zelan bideratu galdera orokorra izaten da, eta horretarako tresnak eskertu egingo lirateke, duda barik.

07
Ots
2007

Hizpide 62

hizpide62Hizpide 62 irten da. Hau da aurkibidea:

Ikerketak:

  • Joseba Ezeiza: Ikasle hasiberriei euskara irakasteko meterialak (I): Hiru mugarri gaitasun komunikatiboa jomuga.

0 mailatik abiatzen direnentzako ikasmaterialetan HEOKen printzipio kurrikular batzuk nola jasotzen diren aztertu nahi du Josebak lan horretan.

Bestelako lankidetzak

  • Agurne Azpitarte eta Natxo Guillén: Internet ikasgelan: wikiak.

Agurne eta Natxo sareak eskaintzen dituen baliabideei begirako seriea egiten ari direla dirudi. Webquest-ekin hasi ziren, blogekin jarraitu eta orain wikiekin datoz. Wikiak tresna interesagarriak direla uste dugunok ongi etorri baino ezin diogu esan..

  • Josu Perales: Ingurune naturala eta ingurune formala: gaia zertan den.

Tituluarekin argi geratzen ez bada, Josu Peralesek hizkuntza ikasgelan ikasi eta erabiltzen den lekuan ikasi horren artekoaz jardun nahi du. Askotan aipatzen den kontua baina horretaz irakurtzea zaila dena.

Euskararen kutxa

  • Pello Esnal: Hitz ordena lantzen.
  • Pello Esnal: Lexikoa lantzen.

Laugarren maila garatzeko lanetatik datoz Pello Esnalen bi hauek. Batean sintaxia eta bestean lexikoa ditu hizpide.

Irakurri barik ezin esan, baina gauza interesagarriak datozela dirudi, irakurri ostean esango dizuet. Eta jakina irakurri eta komentatu nahi badituzue, badakizue hemen kantxa daukagula.

Gauzatxo baten falta sumatu dut. Hemen Karrajuan Iñaki Muruak aipatu zigun partaidetzaren inguruko ikerketa hain zuzen ere. Hurrengorako izango da beharbada.

Sindikatu edukia