web2.0

16
Aza
2006

Karrajuak urtebetea. Azkena: debaldeko klona

Karrajuaren instalazioa “liberatu” ondoren, horrelako bat egitea konplikatua eta guztion eskura ez dagoen gauza dela pentsatu daitekeela konturatu naiz. Ez dut uste bereziki zaila denik, baina egia da gutxieneko kontrola eta hari ekiteko gogoa behar dela.

Dena dela, “karraju” bat montatzeak gaur egun hain zaila ez du zertan izan. Ditxosozko Web2.0 horren ezaugarrietako bat zeure ordenagailuan edo zeure zerbitzarian egon behar ez duten aplikazioen abaniko itzela da. Mila gauza egin ditzakegu on-line aplikazio hauekin, debalde gainera.

Horrela bada, karrajuaren aurreinstalazioa ikusi eta inor ikaratu bada, saiatu naiz karraju moduko bat erraz eta debalde antolatzen sareko aplikazioekin.

05
Aza
2006

WEB 2.0 ikastaroaren ondoren

Uste dut, azkenean zerbait ulertzen hasi naizela ditxosozko WEB 2.0 horren inguruan. UEUk Eibarren antolatutako gai horren inguruko ikastaroari eman behar eskerrak. Ikastaroa oso interesgarria gertatu da, alde batetik emailea Gorka Julio oso aproposa delako, bai ikastaroa dinamizatzerakoan zein edukiak azaltzerakoan eta, bestetik, bertan jasotakoak asko eta gainera onak izan direlako.

Bost egunetako ikastaroan asko aritu gara Blogen eta haiek lantzeko tresnen inguruan, bide batez haien erabilpen posibleak zein ematen dizkiguten aukerak ezagutuz. Azkenean, uste dut ulertu dudala "jarioaren" kontua eta behingoagatik zentzua hartu dutela "sindikazio" eta antzeko terminoek. Wikien inguruan ere aritu ginen eta sekulako aukerak ematen dituen bidea da, orain arte saiakera trakets batzuk eginagatik ere kontu asko ez nituela kontuan hartzen uste dut. Azkenik, hainbat tresna erabilgarri ezagutu genuen; hori izen dantza! Technorati, Del.icio.us, etab....

Gauza asko eta denbora gutxi. Ikastaroaren interesgarritasunaren bi seinale:
1- Saio bakoitza hain laburra gertatzea. Hiru ordutako saioak ziren.
2- Saioa amaitutakoan buruan geratutako ideia zurrunbiloa. Informazio asko jaso izanaren seinale.

Dena dela eta hoberena, idatzi honen hasieran azaldu bezala, aste bete igaro ondoren, dantzan zebiltzan ideia guzti horiek halako zentzu globala hartu dutela elkarren ondoan jartzerakoan, eta horrela hasi naizela ulertzen zer den WEB 2.0 hori; sekulako interesa duten baliabide eta tresna jakin batzuk baino , gehienbat, tresna horiek ahalbidetzen duten jarrera aldaketa bezala irudikatzen dut gaur egun (badakit ez dudala ezer deskubritu, niretzat basamortuan saia topatzea bezalakoa izan da), baina, niri ideiak ordenatzeko eta, batik bat, hezkuntza praktikarekin uztartzeko beharrezkoa den ikuspegi orokorrago eta osatuagoa antzematen laguntzen dit.

Ideiak asentatzen doazen moduan, proba txikiak egiten hasi beharko, horretarako irrikitan bainago, eta ikusiko dugu zer ematen duten, denbora eta pazientzia, eta besteekin konpartitu eta kontrastatzea. Horregatik, blog hau erabili nahi dut esperientziak azaldu eta haien inguruan aritzeko. Asmoak asmo, ikusiko dugu noraino iritsiko garen.

03
Aza
2006

Agregatzailean feed berria: Euskaltzaindiaren arauak

Berriro Feed43 zerbitzua erabilita rss-ik ez dagoen lekutik zerbait ateratzea lortu dugu. Euskaltzaindiak orri honetan erakusten du onartu dituen arauen zerrenda osoa. Onartu dituen azkenak, berriz, zerrenda honetan agertzen dira. Azkenengo orri hori Feed43-era eroan, filtroak aplikatu eta Euskaltzaindiaren azkenengo arauen rss-jarioa daukagu. Listo, nahi dugun agregatzailean sartzeko moduan. Hemen behintzat badaukagu.




RSS, sindikazioa, jarioak... (honez gero ez dakit zelan karajo deitu azkenean) saretik datorren informazio txaparrada gobernatzeko gero eta ezinbestekoagoak direla konturatzen hasi nintzen aspaldian. Gaur egun informatuta eta adi egon nahi duenak, zoratu edo denbora alferrik galdu nahi ez badu, agregatzaile ona erabili beste erremediorik ez du, on-line edo ordenagailuan sartuta (ni GreatNewsekin nabil azkenotan, euskaratuta dago gainera).

Euskaltzaindiaren arauak eguneratuta egon behareko kontu horietako bat da, ezta? Beraz, Euskaltzaindia, Ikasbil eta enparauak rss-a sartzen ez duten bitartean, horra lagungarritxo bat.

Euskaltzaindiaren azken arauak jarraitzeko jarioa:


http://www.feed43.com/euskaltzaindia_arauak.xml

03
Aza
2006

del.cio.us-eko loturak

Del.icio.us zerbitzua erabiltzen dut aspaldian. Web2.0ren lehenengo agerraldietako bat izan zen, eta kontzeptuaren probokatzaileetarikoa ere seguraski. Lotura zerrenda modura ez ezik, gure interes komunak dauzkan jendeak topatzen duena ikustea ezagutza konpartitzeko eta norberak ikasteko bide sendoa ere bada nire ustez. Nik batzuen loturak jarraitzen ditut ordenagailuko agregatzailetik, eta gauza interesgarriak topatzeko modua eman didate, sarritan karrajura ekarri ditudanak.

Nireak karrajuko agregatzaileari gehitzea erabaki dut ondorioz, topatzen dudana zuekin guztiekin konpartitzeko. Beti ez dira izaten gure arloko kontuak, baina sekretuak ere ez direnez, kalterik behintzat ez dute ekarriko. Esteka interesgarriak atal berri baten sartu ditut.

Era berean, norbaitek bere del.cio.us-eko kontua hemen konpartitu nahi badu, esan eta agregatzailera gehituko dut. Baimenik gabe ez ditu publikatuko (publikoak diren arren). Inork ez dezan pentsatu kotileoan edo espioitza industrialean gabiltzanik, ze, web2.0 hau azaltzen saiatzean horrelako beldurrak irteten dira sarri.

17
Urr
2006

Mapak

Atzo mintzalagunen mapa egiten hasi ginen. Baina Tagzania tresna interesgarria da gure intereseko kontuak lokalizatzeko eta mapetan banatzeko, erabiltzaileen arabera edo etiketen arabera. Nik neuk hiruzpalau biderrez erabili dut joan behar izan dudan tokiren bat aurkitzeko. Horrez gain, norberaren webgunean sartzeko aukera ere ematen dutenez, eta karrajuan testuak izeneko atalean dokumentuak sailkatzeko aukera daukagunez, pentsatu dugu Tagzaniaren laguntzaz gure intereseko mapen bilduma egitean (karrajuko atlas-a, ez da izen txarra).

Horrela bada, honako "liburua" antolatzen hasi gara:

Hauek dira momentuz daudenak, baina Tagzaniaren laguntzaz errazagoa da mapa berriak sortzea. Horretarako dena dela kolaborazioa behar da. Lehenengo eta behin atlas horretan zeintzuk mapa gehiago jarri daitezkeen ideiak botatzeko (mezu honen komentarioetan berton), eta bigarrena eta inportanteena, Tagzanian mapetan puntuak markatzeko eta etiketatzeko. Tagzanian, orain sortu diren beste hainbat ekimenetan bezalaxe (wikipedia, del.icio.us,..) kontua ez da batek dena egin eta guztiek jaso, guztion artean dakiguna plazan jarrita informazio eta ezagutza iturri potenteak eraikitzea baino. Euskaltegien eta euskalduntzearen atlas-a adibidez.

mapak

22
Ira
2006

Nuvvo: LMS on-line

nuvvologoEz dakit LMS hitza jartzeagatik inor egile-eskubideak kobratzen etorriko zaidan, baina tira, sarean topatu dudan bitxikeria baten berri emateko baino ez da.

Sarean on-line ikastaroak, formazioa edo denetariko jarduera didaktikoan garatzeko hainbat tresna eta platafoma daude une honetan. Gehienak zerbitzariren batean instalatu behar dira. Ezagunena Moodle da seguruenik. HABE bera ere lehengo Kanpus-a baztertuta beronekin hasiko dela dirudi (egia esanda aurrekoa nahikotxo mugatuta zegoen).

Sarean saltseatzen, berriz, on-line ikastaroak sortzeko eta eskaintzeko aukera ematen duen zerbitzua aurkitu dut. Nuvvo dauka izena. Moodle eta halako LMSak bezalakoa baina zerbitzaria barik. Web2.0 ikutua dauka: etiketen sistema, rss-ak, blogak, erabiltzaileek eurek sortutak edukiak, eta gehien bat norberak zerbitzarian instalatu behar ez izatea.

Kontua zabaldu eta ikastaroak sortu daitezke segituan, ikasleak sartu,.... Hainbat ikastaro dauzka dagoeneko,  batzuk debalde, ingeles-ikastaro hau bezala.

Norbaitek on-line irakasteko grina badauka eta LMSa zerbitzarian instalatu eta  konfiguratzeko modurik ez badauka, hemen dauka aukeratxo bat. Aukera interesgarria izan daiteke era berean klaseko ikasgela birtual osagarri modura erabiltzeko, edo autoikaskuntza zentroetan, beste aukera teknikorik ez badago behintzat.

Nik hemen egin dut probatxoa. Ez dut asko saltseatu eta ezin dizuet deskribapen handirik egin zelan dabilen-eta, interesa badaukazue sartu eta probatu, debalde eta erraza da.

Hemen daukazue zerbitzu honi buruzko wikipediaren sarrera.

Espero izatekoa zen halako zerbitzuak ere etoritzea, harrigarriena orain arte gehiago agertu ez izana da.

15
Ira
2006

Euskaltegien "mapa"

Trankil, ez naiz zein euskaltegi non ipini behar den eta halakoetan hasiko. EH2.0 jardunaldiak direla eta, euskaltegietan mundu horretan hasteko egin daitezkeen gauzarik erraz eta entretenigarrietarikoa proposatzera baino.

Tagzania ezagutuko duzue askok, beste askok entzun ere ez seguruenik. Ez dakizuenontzat sinple-sinple azalduko dizuet. Arrazoi bat edo beste dela munduko mapan nahi ditugun puntuak markatzeko tresna da. Adibidez, Bilbora joan gara bisitan, taberna baten sartu, gustatu eta non dagoen gogoratzeko eta baten bati erakusteko, mapan markatu, eta tak! Hor daukagu nahi dugunean kontsultatzeko. Holango sinplea.

Niri AEKn sarritan gertatu zait euskaltegi batera joan behar izatea, eta non dagoen ez jakitea, eta inguruko inork ere ez, edo azaltzen zaila izatea. Tira, helbidea bilatu, Tagzanian sartu, euskaltegi hori dagoen herrira mapan zehar nabigatu, markatu eta gorde. 

Behar dudanean gordeta daukadan lekura joan baino ez dut egin behar. Horrela tontamentean AEKren euskaltegi asko lokalizatu ditut.

Sailkatzeko etiketen sistema erabiltzen da. Markatu duzun puntu bakoitzari etiketa batzuk jarri ahal zaizkio arinago bilatzeko edo taldekatzeko. Adibidez, Santutxuko AEK, etiketa hauekin idenfikatu ditut: Bilbo Bilbao Bizkaia Euskalerria Txurdinaga Mahatserria euskaltegia AEK santutxu. Etiketa horietako bakoitzean sakatuta, etiketa berdina dauzkaten puntu guztiak agertuko dira. AEK sakatzen badugu, AEK etiketarekin markatuta dauden puntu guztiak agertuko dira zerrendan eta mapan, Santutxu markatuz gero, Santutxu etiketarekin markatutako guztiak. Eta euskaltegia sakatuta, Tagzanian markatu diren euskaltegi eta euskaltegiekin lotutako puntuen mapa, euskaltegien mapa alegia.

Ondo, baina kontua ez da hemen amaitzen. Lokalizatu ditudan euskaltegi horiek ez ditut nik bakarrik ikusiko. Tagzanian sartzen den edonork ikusi ahal ditu, eta nik neuretzako batu dudan informazio hori tontamentean denon eskura dago. Areago, beste norbaitek ere gauza bera egin dezake. Ikasle honek egin du adibidez.

Zer gertatzen da? Ba ikasle hori eta bion artean euskaltegi gehiago batu ditugula neuk bakarrik batu ditudanak baino, beraz, guztientzako informazio gehiago. Eta jende gehiagok gauza bera egingo balu Euskal Herriko euskaltegi guztien mapa ti-ta baten eginda daukagu denon eskura. Hau da web2.0aren ezaugarri nagusietakoa: guztion artean eraiki eta zabaltzen den informazioa.

Animatuko gara euskaltegiak markatzen? Erraza eta debalde, Tagzanian erregistratu baino ez da egin behar.

Euskaltegi bat lokalizatzen duzuenean ipini "euskaltegia" etiketa mesedez, horrela mapa honetan agertuko dira:

euskaltegia tagged map - Tagzania

Bai, mapak norberaren blogean edo webgunean jarri daitezke. Txuloa, e? Eta argazkiak ere jarri daitezke,

Bale, dakizuenoi honek guztiak ez dizue ezer berririk esan, baina zuen euskaltegia markatu duzue?

Hurrengo baten argazkiak.

Sindikatu edukia