web2.0

03
Ira
2007

Euskaltube

Bideoak zabaltzeko euskarazko zerbitzua iragarri da gaur, Euskaltube. Bueltatxo bat eman dugu eta itxura ona dauka. Youtube-ren sistema berdintsua darabil funtsean. Hona hemen erreferentzia batzuk:

Hango bideo bat "enbotatzen" saiatu naiz, baina kodea itsatsita hemen behintzat ez dut lortu. Tira, oraindik azken doiketa teknikoak egiten ibiliko dira.

Zorionak eta zorte ona bada!

Eguneraketa.

Dagoneko piperrak enbotatu ahal direla ematen du. Trukutxuren bat erabili behar da baina...

20
Uzt
2007

Ekfrasia

Jaietan gabiltza auzoan, lanetik eta Karrajuko kontuetatik deskonektatuta nabil egunotan, hala ere, lehengo egunean bertotik hasi ginen hitzordua ipintzen Patxo Landa auzokidea eta biok trago batzuk egin eta sarea, webdosazero eta teknoendredoen gainean ere zeozer botatzeko, eta Santutxutarrok sasoi honetan Basarrate inguruan jarduteko ohi baino erraztasun handiagoa edukitzen dugunez, hantxe suertatu ginen biok (eta beste hainbat ere bai).

Patxok Getxo Ikasblogak-erako idatzi zuen mezuan bota zuen ideia bati bueltak ematen nenbilen aspaldian, hitz baten ingurukoa: écfrasis, eta haren galdera egin nion, baita hark azaldu ere. Ortuellako instututuan dabil Patxo, handik BerrIKetan bloga ehuntzen dabiltza aspaldion, zarata handiegi barik esperientzia politak erakutsi dizkigute handik, baita Patxok berak kontatu ere.

Total, écfrasis horren bueltan (ekfrasia euskaraz?) berbetan hasi, eta, zer nahi duzue esatea? Helduei hizkuntzak irakasten gabiltzanontzat Patxoren proposamena buelta bat baino gehiago emateko modukoa iruditu zitzaidan. Hona hemen haren hitzak.

Empecemos pidiéndoles modernas écfrasis (descripciones y comentarios de obras visuales) de vídeos, fotos y  presentaciones de cualquier tipo. Se evitará con ello que la Red se llene de repositorios mudos de fotografías personales, de vídeos favoritos sin comentario alguno, de presentaciones ñoñas de PowerPoint virales, de chats vacíos y engañosos…Posteriormente, podremos  pedirles cualquier  ejercicio lingüístico o literario.

Zer ondorio atera duzue zuek?

10
Uzt
2007

Tailerrak 2.0

Euskal Herria 2.0 jardunaldietatik sortuta, ekimen interesgarria plazaratu da, Tailerrak 2.0. Formazio teknologikorako aukera polita uztailean.

Hemen daukazue programa:

  • Wikipedia. uztailak 16. Arrasaten.
  • Ubuntu/software librea. uztailak 18. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.
  • Podcasting/irratigintza. uztailak 19. Bilboko Kafe Antzokian.
  • Blogak/web 2.0 Uztailak 21. Gasteizko Saregunen.
  • Bideogintza. Irailean. Iruñean.

Honez gain, tailer gehiago proposatzeko edo eskaintzeko aukera ere ematen dute wikian. Formatu irekia eta partehartzailea garatu nahi da. Bidea oso interesgarria eta jendea interesgarriagoa.

Niri parte hartzeko gogoa eman didate. Lastima, oraingo datak!Cry

05
Uzt
2007

Facebook

Interneteko tendentzia markatzaileak azkenengoa zabaltzen hasi zaizkigu, Facebook sare soziala. Gurera ere heldu da, Sustatun ikusi dugu gaur, baina aurretik abisu pare bat egon dira.

Gari Araolaza apur bat eszeptiko agertzen da sare sozialak direla eta ez direla, baina Facebook honi berrikuntza interesgarriak aitortu dizkio. Luistxo Fernandezek entusiasmo gehiagorekin hartu du kontua berriz.

Gogoratu dut aspaldian Patxitraperok proposamena bota zuela sare sozialen inguruan. Hantxe geratu zen kontua.

Twitter-ekin bezala, neuri ere, Gariri legez, kostatu zait hasiera batean liluratik haragoko erabilgarritasuna aurkitzea. Baina gureari dagokionez hain zuzen ere zerbait barruntatzen da.

Jendea sare sozialak hizkuntzak ikasi eta praktikatzeko erabiltzen hasi da. Horretarako sare batzuk sortu dira berariaz, eta arrakastatxoa daukatela dirudi. Baina kontua ez da hor amaitzen. Gomendioari jarraituta, Facebook probatzen hasi naiz neu ere. Eta kontu interesgarri bi deskubritu ditut.

Bateko, Facebook-eko aplikazioen artean Language Exchange izeneko bat aurkitu dut. Facebook-en interesatzen zaizkizun hizkuntzak ezagutzen dituztenak topatu eta haiekin trukea egiteko sareak edo harremanak antolatzekoa. Hemen daukazue haren orri nagusia, 200 lagunetik gora hor.

Besteko "network"etan kuxkuxeatzen, sare erregionaletan Spain sarean sartu naiz, eta, bat, hizkuntza praktikatzeko eskari eta ekimen askotxo ikusi ditut, eta bi, gaztelania ama-hizkuntza ez daukaten asko dabiltza, ez dakit beren-beregi hizkuntza praktikatzen ala saltsan beste barik, edozelan ere hizkuntza praktikatu eta ikasi egingo dute.

Tira ba, hortxe daukagu erabilpen bat, jendeak berak erakutsi digu. Euskara ere ikasi eta praktikatzeko balioko ote diguten aztertu beharko da. BBBn komentatu genuen bezala, asmatzea da kontua. Edo jendeak berak erakutsi arte itxaron.

Probatu nahi baduzue, hemen daukazue nire profila (baina lagun gutxi dauzkat oraindino... buaaaaaa!).Cry

04
Uzt
2007

ETBren bideoak zeure blogean

ETBkoek webgunean berrikuntza batzuk egin dituztela dirudi, haien artean hainbat programatako bideoak ikusteaz gainera, Youtube eta halakoen antzera, norberaren webgunean edo blogean txertatzeko kodea ere ematen dute. Hemen daukazue Wazemankeko bat adibidez:

Bideoak flv formatoan jaisteko aukera ere ematen dute. Hemendik jaitsi ahal duzue goiko hori.

Fonoteka ere antolatu dute, eta hainbat grabazio jarri dituzte entzungai. Top Gaztearen errepaso honen modura.

28
Eka
2007

Bideoa, sare sozialak

Aurrekoan Common Crafts-eko Lee LeFever-ek wikien izaera erabilera azaltzeko prestatu zuen bideo didaktiko dibertigarria aipatu eta Dotsub-en azpitutulak euskaratu ere egin genituen.

Gerora Mutilmediako Arkaitzek RSS in Plain English euskaratu zuen.

Hirugarren bat egin dute, Social Networking in Plain English (Sare sozialak ingeles errazean). Hemen daukazue:


Ingelesezko jatorrizko bertsioari "Basque" izan da azpitutuluak ipintzen lehena, gure atzetik Thaira itzultzen hasi dira. (DotSub-ek itzulpena zuzentzeko aukera ere ematen duWink)

Sare sozialen kontu hau indarra hartzen hasi da AEBetan dirudienez, gurean ez hainbeste.

Beharbada, lehengo egunean BBOn komentatu ziren kezketakoren baterako irtenbideren bat zirriborratu digu honek.

27
Eka
2007

Moodle Moot

Moodle Moot hasi da. Berriro geratu naiz joan barik, baina bada jarraipena egiteko modua. Josi Sierra Komunikazioaren ikasle nekaezina blogetik komunikazio eta ponentziak bideoan zabaltzen hasi da. Hemen daukazue lehenengoa, Daniel Gutierrez software libreaz:

27
Eka
2007

BBOren haritik, ideiak

Lehengo astekoan ideia batzuk bota ziren han eta hemen. Funtsean, Josuk ederto laburtu duen legez, adar bi: Ikasleei begira zer? Eta irakasleoi begira zer?

Ideien bila hasita, saiatuko naiz inspirazio iturri batzuk zerrendatzen: aukerak, ereduak, tresnak....Zeuek osatzeko edo borobiltzeko.

Ikasleek zer behar/nahi lezakete?

Bi gauza posible: ikasteko baliabideak eta praktika.

Ikasteko baliabide iturri oparoa daukagu Ikasbilen adibidez. Ikasleak zer gehiago, edo beste zer behar luke? Ez dakit galdera honi argi erantzuten. Ikasleren bat badabil hemen inguruan berak pistak ematea eskertuko genuke. Interneten zeren bila ibiltzen zarete?

Pista modura edo, Karrajuan berton klaserako baliabideak atalean EGA eta ariketak dira gehien bilatzen direnak. Ez dakit bilatzaileak ikasleak ala irakasleak diren hala ere.

Praktika bideratzeko sare sozial moduko batzuek funtzionatzen dute beste hizkuntza batzuk praktikatzeko. Hemen dauzkazue nik orain arte del.icio.us-en batu ditudanak. Euskara praktikatzeko ere balio dezakete? Nire ustez hortik pista asko hartu daitezke, eta praktika eta hobeto dakienarekiko komunikazioa izan daitezke ikasleen eskakizunak.

Irakasleak

Irakasleok "klasean zer egin?" galdera hori sozializatzeko bideak aurkitu behar ditugula, eta lehengoan formatoei eta behar izanei buruz bota zirenak aintzat hartuta.

Norberaren materialak zabaltzeko bideak

Testuak. Bota dezagun gehienok testuen edizio eta maketazio programak erabiltzen ditugula: Word, Open Office edo, ausartenen kasuan QuarkXpress edo Freehand-en moduko maketazio eta diseinu programak. Sortzen diren artxiboak ez dira sarean argitaratzen errazak, html-ra ekartzea konplexua izan daitekeelako, edo artxibo handiak sortzen direlako. Horrezaz gainera, paperean inprimatu behar izaten dugu gehienetan. Bide posibleak:

  • Testu horiek PDFra ekarri. Gehien bat maketazio programa konplexuekin egindakoak. Horrela formatu bateragarritasuna ziurtatuko genuke. Hala ere, editatzeko aukera asko ere galtzen dira. Honetarako baina, oso soluzio interesgarria Scribd izan daiteke. PDF fitxategiak gorde, erakutsi eta .doc formatuan jaisteko aukera ematen du. Hau editatzeko edo moldatzeko moduak izan daiteke, egia da konbertsioan irudiak galtzen direla, baina testuak nahikoa ondo eskuratu daitezke horrela. Scribd-en aukera interesgarria bestalde, fitxategiak blog edo webgune batean txertatzearena da. Eta, zer esanik ez, word dokumentuak ere konpartitu daitezke han.
  • Dokumentuok sarean eskura ipintzeko, bestalde, disko gogor birtualak ditugu ugari han eta hemen. Ale pare bat botatzearren: box.net, xdrive, fabrik... Askoz gehiago daude, eta guztiek ematen dute aukera fitxategiak konpartitzeko. Beraz, ez dut uste, zabaldu nahi izanez gero, geure testuak (materialak, ideiak...) zabaltzeko oztopo handirik dagoenik.

Media fitxategiak. Audio eta bideo fitxategiekin egiten dugu lan gero eta sarriago. Kasu honetan, beharbada, arazo larriena ez da izaten sarean nola konpartitu, disko gogor birtualek honetarako aukera ere ematen digute adibidez, edo P2P sareek ere bai, zer esanik ez podcast-ak egiteko zerbitzuak. Hori fitxategiok dagoeneko nonbait gordeta ez daudenean (Ikasbilen adibidez).

Hala ere, kontuan hartuta, gaur egun oraindino teknologiaren bidezko ikas-ereduak (autoikaskuntzaren ingurukoak adibidez) ez direla ohikoena izaten, arazoa eskola presentzialean erabiltzeko orduan etortzen da. Audio fitxategiekin egia esanda, ez da arazo handirik izaten, mp3 formatua zabaldu denetik sarritan kopiatu baino ez da egin behar izaten. Bideoa izaten da konplexuagoa. Youtube-ren moduko guneetatik bideoak jaistea, oraindik orain, ez da samurra izaten, eta klaseratzea gatxagoa, kalitate minimo batekin behintzat. Konponbide posibleak:

  • Ordenagailu eramangarriak erabiltzea. Edukiz gero errazena, baina badakit hau oraindik ez dagoela guztion eskura. Gainera, ordenagailu eramangarrien pantailak ez dira izaten hamabost lagunek batera ikustekoak. Eta bideo-proiektorea ez dago oraindik euskaltegi guztien horniduran sartuta.
  • DVDak erabiltzea. Edizio lana egin behar da, eta, denboran baino ez bada ere, luze jotzen du eta, gainera, abilidade tekniko apur bat behar izaten da. Egin ahal da, baina konplexu samarra suertatu daiteke.

Ez zait soluzio errazagorik bururatzen bideoak zabaltzeko. Ez da arazo samurra, baina, egia esanda, beharbada, hain larria ere ez da, jakinda, adibidez, dagoeneko badabiltzala bideo bildumak euskaltegietan (Ikasbilena kasu). Beharbada bideoak ikusteko modua aldatuta ere aukera berriak zabaldu daitezke, hau da, taldekide guztiek ikusi behar dute bideoa elkarrekin eta aldi berean derrigor? Ez dakit ba, beste aukerarik?

Laburbilduz, irakasleok konpartitzeko uste dut baditugula aukerak eta tresnak sarean. Akaso arazo handiena gure ideiei eta jarduerei forma emateko eta zabaltzeko lana hartzearena izan daiteke. Motibazio hori emateko seguruenik, sareak (irakaslearena, ez sare informatikoak) zerbait aportatu behar dio norberari: tresnak, baliabideak, egin duena hobetzeko ideiak, talde-sentimendua, edo, besterik gabe, bere lanagatiko eskerrak.

Sindikatu edukia