mapak

02
Mar
2007

Korrika tagzanian

Luistxo Fernandezek atzo jakinarazi zigun orain Tagzaniako mapetan 20 puntu baino gehiago erakutsi ahal direla. Ondo etorri da Korrika15aren lokalizazioa zelan dabilen ikusteko. Hemen daukazue 200 puntuko mapa:


korrika15 tagged map - Tagzania

Iparraldean ez dakit ibilbide osoa, baina kilometro gutxi faltako dira etiketatzeko. Lan izugarria egin dute.

Hegoaldean berriz, Bizkaiko Txorierrin eta Nafarroako Pirinioan hartu dute serioen.

Txorierri kilometroz kilometro dago etiketatuta, zehatz-zehatz. Nafarroako Pirinioan kilometro garrantzitsuak behintzat, herriak, lokalizatu dituzte.


Lan astuna izan daiteke Korrika guztia etiketatzea, bakar batek egin behar badu, baina bistan dago gauzak kolaborazioan egitea askoz errazago suertatzen direla. Hau da, bakoitzak bere inguruko hiruzpalau kilometro markatuz gero, berehala daukagu Korrikaren mapa osoa.

Korrika erronka modura sortu zen ekimena da. Baietz egin EH osoa zeharkatzen duen lasterketa, lekukoa eskurik esku, gau eta egun gelditu gabe!

Eta behin ez, 15 biderrez lortu da. Mapa batean puntutxoak markatzea goizeko 5etan kilometro bat aldatz gora korritzea baino zailagoa ote da?

Nik neure ingurukoak egin ditut dagoeneko, eta konturatu barik Artxandan Txorierrikoekin egin dut "lotunea".

Ezetz berdina egin!

17
Urr
2006

Mapak

Atzo mintzalagunen mapa egiten hasi ginen. Baina Tagzania tresna interesgarria da gure intereseko kontuak lokalizatzeko eta mapetan banatzeko, erabiltzaileen arabera edo etiketen arabera. Nik neuk hiruzpalau biderrez erabili dut joan behar izan dudan tokiren bat aurkitzeko. Horrez gain, norberaren webgunean sartzeko aukera ere ematen dutenez, eta karrajuan testuak izeneko atalean dokumentuak sailkatzeko aukera daukagunez, pentsatu dugu Tagzaniaren laguntzaz gure intereseko mapen bilduma egitean (karrajuko atlas-a, ez da izen txarra).

Horrela bada, honako "liburua" antolatzen hasi gara:

Hauek dira momentuz daudenak, baina Tagzaniaren laguntzaz errazagoa da mapa berriak sortzea. Horretarako dena dela kolaborazioa behar da. Lehenengo eta behin atlas horretan zeintzuk mapa gehiago jarri daitezkeen ideiak botatzeko (mezu honen komentarioetan berton), eta bigarrena eta inportanteena, Tagzanian mapetan puntuak markatzeko eta etiketatzeko. Tagzanian, orain sortu diren beste hainbat ekimenetan bezalaxe (wikipedia, del.icio.us,..) kontua ez da batek dena egin eta guztiek jaso, guztion artean dakiguna plazan jarrita informazio eta ezagutza iturri potenteak eraikitzea baino. Euskaltegien eta euskalduntzearen atlas-a adibidez.

mapak

17
Urr
2006

Mintzalagun fever

Atzo RSSen gainean nenbilela gaur agregatzailea dantzan ipini didate mintzalagunek. Hiru kontu aipatzekoak:

Lea-Artibaiko berbalaguna "Alarma gorrian" ei dago. Euren blogean zabaldu zuten aspaldian eta gaur sustatura heldu da. Polemikatxo eta guzti. "Euskaldun zaharrak" lortzeko kanpainaren leloa deigarria da duda barik. Aspaldiko eztabaida dabil mundu honetan egitasmoetako partaideei honela ala horrela deitu ez deitu: euskaldun zaharrak, euskaldun osoak, laguntzaileak, ikasleak, mintzalagunak, .... Ez dakit ba, aingeruen sexuaren gainekoa begitantzen zait niri eztabaida hau. Akaso eztabaida serioagoa eta arazo benetakoagoa izan daiteke hainbat egitasmok "euskaldun zaharrak" lortzeko daukaten arazoa. Euskararen aldeko konpromisoak, laguntza, sustengua... jai erraldoi eta makroekitaldietan lortzeko hain zaila ez denean (edo ez dirudienean behintzat), zergatik halako arazoak aparteko ahaleginik eskatu ez eta satisfakzioa ere eman dezaketen jarduerotan? Komunikazio-marketing arazoak? Arazo sakonagoak? Nik neuk honekin nekatuko nuke burua gehiago.

Berriketan eta Zaharberriren blogetan mezu berdina topatu dugu bestalde, ez gara bakarrak. Lea-Artibaiko berbalagunen berri ematen dute berton. Komunikazio arazoak badaude interesgarria da bi egitasmo hauetan blogaren bidez egin dutena, beste proiektuen berri eman eta zabaldu. Egitea nahikoa ez da izaten sarritan, lantzean behin egiten dena zabaldu ere egin behar da. Ondo beraz.

Bitartean, aurton onddoak basoan legez, egitasmo berriak han eta hemen. Gaur hau iragarri dute Artziniegako blog honetan. Arabara ere heldu da sukarra.

Tira ba, hau ospatzeko Tagzania hartu eta mintzalagunen mapa egiten hasi naiz:


mintzalaguna tagged map - Tagzania

Ez daudela denak? Zer uste izan duzue ba? Denak ipiniko nituela? Mintzalagunetako jendea orain arte nahikotxo abila izan da webdosazeroko kontuetan. Beraz,  Tagzanian sartu eta hasi mintzalaguna etiketa zabaltzen (mintza)laguntxuok!

Nik bitartean abarketa prestatzen jarraituko dut.

15
Ira
2006

Euskaltegien "mapa"

Trankil, ez naiz zein euskaltegi non ipini behar den eta halakoetan hasiko. EH2.0 jardunaldiak direla eta, euskaltegietan mundu horretan hasteko egin daitezkeen gauzarik erraz eta entretenigarrietarikoa proposatzera baino.

Tagzania ezagutuko duzue askok, beste askok entzun ere ez seguruenik. Ez dakizuenontzat sinple-sinple azalduko dizuet. Arrazoi bat edo beste dela munduko mapan nahi ditugun puntuak markatzeko tresna da. Adibidez, Bilbora joan gara bisitan, taberna baten sartu, gustatu eta non dagoen gogoratzeko eta baten bati erakusteko, mapan markatu, eta tak! Hor daukagu nahi dugunean kontsultatzeko. Holango sinplea.

Niri AEKn sarritan gertatu zait euskaltegi batera joan behar izatea, eta non dagoen ez jakitea, eta inguruko inork ere ez, edo azaltzen zaila izatea. Tira, helbidea bilatu, Tagzanian sartu, euskaltegi hori dagoen herrira mapan zehar nabigatu, markatu eta gorde. 

Behar dudanean gordeta daukadan lekura joan baino ez dut egin behar. Horrela tontamentean AEKren euskaltegi asko lokalizatu ditut.

Sailkatzeko etiketen sistema erabiltzen da. Markatu duzun puntu bakoitzari etiketa batzuk jarri ahal zaizkio arinago bilatzeko edo taldekatzeko. Adibidez, Santutxuko AEK, etiketa hauekin idenfikatu ditut: Bilbo Bilbao Bizkaia Euskalerria Txurdinaga Mahatserria euskaltegia AEK santutxu. Etiketa horietako bakoitzean sakatuta, etiketa berdina dauzkaten puntu guztiak agertuko dira. AEK sakatzen badugu, AEK etiketarekin markatuta dauden puntu guztiak agertuko dira zerrendan eta mapan, Santutxu markatuz gero, Santutxu etiketarekin markatutako guztiak. Eta euskaltegia sakatuta, Tagzanian markatu diren euskaltegi eta euskaltegiekin lotutako puntuen mapa, euskaltegien mapa alegia.

Ondo, baina kontua ez da hemen amaitzen. Lokalizatu ditudan euskaltegi horiek ez ditut nik bakarrik ikusiko. Tagzanian sartzen den edonork ikusi ahal ditu, eta nik neuretzako batu dudan informazio hori tontamentean denon eskura dago. Areago, beste norbaitek ere gauza bera egin dezake. Ikasle honek egin du adibidez.

Zer gertatzen da? Ba ikasle hori eta bion artean euskaltegi gehiago batu ditugula neuk bakarrik batu ditudanak baino, beraz, guztientzako informazio gehiago. Eta jende gehiagok gauza bera egingo balu Euskal Herriko euskaltegi guztien mapa ti-ta baten eginda daukagu denon eskura. Hau da web2.0aren ezaugarri nagusietakoa: guztion artean eraiki eta zabaltzen den informazioa.

Animatuko gara euskaltegiak markatzen? Erraza eta debalde, Tagzanian erregistratu baino ez da egin behar.

Euskaltegi bat lokalizatzen duzuenean ipini "euskaltegia" etiketa mesedez, horrela mapa honetan agertuko dira:

euskaltegia tagged map - Tagzania

Bai, mapak norberaren blogean edo webgunean jarri daitezke. Txuloa, e? Eta argazkiak ere jarri daitezke,

Bale, dakizuenoi honek guztiak ez dizue ezer berririk esan, baina zuen euskaltegia markatu duzue?

Hurrengo baten argazkiak.

Sindikatu edukia