urtebetea

16
Aza
2006

Karrajuak urtebetea. Azkena: debaldeko klona

Karrajuaren instalazioa “liberatu” ondoren, horrelako bat egitea konplikatua eta guztion eskura ez dagoen gauza dela pentsatu daitekeela konturatu naiz. Ez dut uste bereziki zaila denik, baina egia da gutxieneko kontrola eta hari ekiteko gogoa behar dela.

Dena dela, “karraju” bat montatzeak gaur egun hain zaila ez du zertan izan. Ditxosozko Web2.0 horren ezaugarrietako bat zeure ordenagailuan edo zeure zerbitzarian egon behar ez duten aplikazioen abaniko itzela da. Mila gauza egin ditzakegu on-line aplikazio hauekin, debalde gainera.

Horrela bada, karrajuaren aurreinstalazioa ikusi eta inor ikaratu bada, saiatu naiz karraju moduko bat erraz eta debalde antolatzen sareko aplikazioekin.

12
Aza
2006

Karrajuak urtebete (IV-instalazioa)

Duela bi aste agindu nuen modura, karrajuaren tripak erakutsiko ditut. Karrajua.org-eko instalazioa hartu, garbitu eta norberak ordenadorean instalatzeko moduan prestatu dut.. Zerbitzariaren banda-zabaleraren murrizketa ez gainditzearren box.net-n ipini dut. Hemen daukazue jaisteko fitxategia:

30
Urr
2006

Karrajuak urtebete (III-blogak)

Novas Tecnoloxías e profesorado-n ikasblogen inguruko hausnarketatxoa egin dute. Karrajua blog modura zabaldu zen blogger-en eta hasierako asmoen artean teknologiaren bidez euskaltegien mundu honetan gure arteko komunikazioa eta gardentasuna sustatzea zen. Zer gertatu da duela urtebetetik hona euskaltegiblogen munduan? Artikulu horretan 4 ataleko sailkapena egin dute, eta baliagarria iruditu zait:

  1. Garapen profesionalari begirako blogak. Irakasle edo profesionalen blogak, han diote, eta erabat ados nago, ezagutza zabaltzeko eta informazioa elkartrukatzeko bide baliotsua dela. Zer daukagu? Hiruzpalau blog: Plisti-plasta, Zertzeladak eta Karrajua bera. Ez dut gehiago ezagutzen geure arloan kategoria honetan argi sartzeko modukorik. Hala ere, urte honetan kategoria honetakoek publikazio erritmoa eta erregulartasuna hobetoen mantendu dutenak dira. Gure artean harremana eta saretxua eratu da tontamentean gainera. Lastima sektore honetan kontatzeko gauza interesgarriak (guk bainoago ziurrenik) dauzkaten hainbat ere ez animatzea. Pentsatzen dut gauzak publikatzeko orduan oraindik klitxeak eta konplexuak dabiltzala gurean: ondo-ondo mamitutako eta hornitutako gauzak baino ezin direla publikatu, norberak uste/egiten duena agerian jartzeko beldurra, erakunde desberdinen arteko komunikazio zaila eta sekretismoa, mesfidantza azken baten. Gureak irakurrita batzuek igual publikatze hutsagatik jainkotu egingo gaituzte (horiek intelektualak!) eta beste batzuek "Zelan ausartzen dira horrelakoak publikoan esatera?" pentsatuko dute. Ez bata, ez bestea, seguruenik kontu bakarra konpartitzeko eta komunikatzeko gogoa baino ez da, ez pontifikatu, ez inor engainatu barik, kortse akademizistatik-formaletatik honago elkarrizketa birtual jarraian.
  2. Euskaltegi edo ikasguen blogak. Webgune klasiko baten ordezkoak izan daitezke hauek. Esango nuke gurean arrakasta gutxien izan dutenak direla. Kasu pare bat eta biak AEKtik etorrita. Garraldako AEKren Izena duen oro (aspaldian eguneratu gabe), eta Garazi-Baigorriko AEKrena (duela hilabete inguru sortua). Kasu hauetan funtzioen nahastetxua egon dela uste dut: ikasleekiko harremana, publizitatea, erakundea/euskaltegiaren berri-iturria,... webgune klasikoaren funtzioarekin nahastu, eta horrelako bat mantentzeko beste eduki, informazio, animo, baliabideak eta teknika edukiko dugun kalkulu txarra. Bestalde, blog kontzeptuaren inguruan dabilen nahaste horretan bertan, ez dezagun ahaztu blogen kategorian sartzen ez diren erakunde batzuen webguneek blog baten modura publikatzen dituztela albisteak, adibidez: AEK, Ilazki, Udal Euskaltegiak, SUE,.. Ikasbil bera akaso. Weblog edo blog kontzeptua sortu zenean albisteak kronologikoki berrienetik zaharrenera ordenatzen dituzten guneei aplikatzen zitzaien.
  3. Irakasleek ikasleei begira atontzen dituzten blogak. Hemen duela urtebete inguru halako eklosioa gertatu zen, autoikaskuntzaren inguruan gehien bat, baina baita komunikazioa eta praktika errazteko ere. Blog interesgarriak sortu ziren:  Zibergela, Barakaldoko Egalariak, Xabiren bloga, bErBeT@n. Baina uda buelta honetan ez ditut arrankatzen ikusi. Motorra berotzen? Desilusioa? Nekea? Helbidea aldatu? Ahaztu?... Lan politak egin dira eta norberak gustura ikusiko lituzke berriro martxan.
  4. Ikasleen blogak. Gutxi ikusi dira. Badira bloga egiten duten ikasleak -aipamen berezia Usaiarentzat, Karrajuko lehenengo irakurlea- baina ikasle-blogak gutxi. Aipagarriena Itsaspepinoak duda barik, ibili badabiltza behintzat. Ez da erraza izango hala ere euskaltegi bateko ikasleak euskara ikastearen ingurumarian blogeatzen jartzea.

Urte honetan euskaltegi-blog hitz konposatuaren bilakaera norberaren talaiatik. Ondorio modura: 1) Bloga etxeko abereen modukoa dela, asko eman dezake baina jaten emateko moduan egon behar da. 2) Inor endredatu aurretik hobeto norberagandik hasi. 3) Blogen hizkera eta protokoloa ez dira tabernako txikiteoarenak, baina Akademia gorenaren irekitze-ekitaldiarena ere ez.

Lehengo egunean Santutxuko lankide batzuk topatu nituen HABEk antolatu duen ikastaroko "debereak" egiten (irakasle, Moodle-ekin fidatzen ez bazara, ni lekuko). Gogotsu topatu ere. Hemen kontatutakoak gogoan daukazuena hobeto plantzeatzeko balio badizue ondo, bestela esan (iruzkinen ikasgaira heldu zarete?;-)). Neu behintzat, gustura nabil blogeatzen, gero eta gehiago (gehiegi igual).

25
Urr
2006

Karrajuak urtebete (II-asmoak)

Urtebetea joanda, atzera begira paratzeko tentazioan eduki liteke, beste baten igual. Orain nahiago dut Karrajurako zer egosten nabilen kontatzea.

Ez dira gauza asko, teknikoak gehien bat.

  • Funnymonkey-ko jendeak eskola mundurako Drupalekin aurrekonfiguratutako bi instalazio eskaintzen ditu: ikastaldeentzako gunea eta blog gunea. Drupalek, zabaltzen ari diren beste sistemen aldean, malgutasuna du abantaila nagusi. Karrajua antolatzeko orduan horixe baloratu dut gehien bat, eta zerotik hasita aukera pila zabaltzen dituen arren, ez da Moodle edo Wordpress bezain erraza toreatzen hasteko. Horregatik Karrajuko instalazioa liberatu nahi dut, nola egin dudan erakusteko eta norbaitek Drupal ezagutzen hasi nahi badu zer miatu eduki dezan. Une honetan instalazioa edukietatik garbitzen nabil eta espero dut datorren astean zabaltzeko moduan edukitzea.
  • Oraingo karraju hau drupal 4.6.6 bertsioarekin dago eginda. 4.7.x bertsioak hala ere itzelezko berrikuntzak ekarri ditu eta eguneratzeko desiatzen nago. Views eta CCK moduluek esate baterako malgutasun hori ikaragarri zabaldu dute. Zerbitzari aldaketa egin behar dut horretarako eta eduki eta modulu guztiak bertsio berrira ekarri, honekin apur baterako daukat oraindino.
  • Karrajutik aparte lanerako eta esperimentazio hutsagatik hiru gune lantzen ibili naiz. Lankideen ekarpenak jasotzeko eta komentatzeko gune bat (hau oraintxe jarri dugu martxan intraneteko zerbitzarian), materialak sailkatzeko direktorio-podcast antzeko bat (hau ekainean ibili ginen probatzen). Hirugarrenez, Groups.Drupal-en ereduan inspiratuta, eta Elgg-en ideiara ere hurbildu nahian, komunitateentzako gunea atondu nahian ibili naiz. Oraindik alpha-alpha (horixe ba, alfalfa) fasean dago, baina kukutxua egin nahi badiozue hemen daukazue (gune esperimental totala da, ez ikaratu). Denbora apur bat hartzen dudanean hauek ere zabaltzeko asmoa daukat.

Tira ba, ikusten duzuenez Drupal honekin nabil jo ta ke, Moodle eta bestez ari gara asko azkenotan, ez dira txarrak haiek ere, ez,  baina baten batek umorea eta ausardia badauka, Drupal-en aukerak probatzera animatuko nuke, burua nekatzen ematen den denbora malgutasunak eta irekitasunak konpentsatzen dute soberan, engantxatu ere bai. Hori bai, tresna batekin edo bestearekin itsutu barik.

22
Urr
2006

Karrajuak urtebete (I estatistikak)

Orain konturatu naiz tontamentean urtebetea pasatu dela Blogger-en Karrajuko atea zabaldu nuenetik. Orain ez daukat balantzeetan eta ospakizunetan hasteko gogorik, baina kapituluka egingo dut zerbait datozen egunotan.

Momentuz, eta dena airean uztea modan ipintzen hasi dela, hemen ez daukagu Moodle ikastaro gehiagorik erakusteko, baina modari norberaren ikutua ematearren Karrajuaren estatistikak utziko ditugu bistan. Sikieran hasierako asmo haiek noraino heldu diren ikus dezazuen.

Statcounter zerbitzua erabiltzen hasi naiz duela hilabete ingurutik hona. Ez dakit norainoko fidagarritasuna daukan, baina entretenigarria behintzat bada, kuxkuxeroentzat gehien bat.

Hona hemen estatistikak.

Sindikatu edukia