16
Aza
2006

Karrajuak urtebetea. Azkena: debaldeko klona

Karrajuaren instalazioa “liberatu” ondoren, horrelako bat egitea konplikatua eta guztion eskura ez dagoen gauza dela pentsatu daitekeela konturatu naiz. Ez dut uste bereziki zaila denik, baina egia da gutxieneko kontrola eta hari ekiteko gogoa behar dela.

Dena dela, “karraju” bat montatzeak gaur egun hain zaila ez du zertan izan. Ditxosozko Web2.0 horren ezaugarrietako bat zeure ordenagailuan edo zeure zerbitzarian egon behar ez duten aplikazioen abaniko itzela da. Mila gauza egin ditzakegu on-line aplikazio hauekin, debalde gainera.

Horrela bada, karrajuaren aurreinstalazioa ikusi eta inor ikaratu bada, saiatu naiz karraju moduko bat erraz eta debalde antolatzen sareko aplikazioekin.

Arauak 

Honako arauak ipini ditut horretarako:

  • Karrajua.org-en dauden eduki-mota eta funtzio guztiak interneteko zerbitzuekin antolatu behar dira. Norberaren zerbitzaririk erabili gabe.

  • Ahalik denik eta errazen eta arinen antolatu behar da (azpiegitura, ez edukiak jakina).

  • Doaneko zerbitzuak baino ezin dira erabili. Ez dugu ezer ordainduko.

  • Euskarazko zerbitzuak lehenetsi behar dira.

Zerbitzuak 

Ea ba. Karrajua.org-en funtzioak banan-banan hartuta hau izan da emaitza:

  • Blogak. Karrajuaren atea da une honetan. Gure karraju birtual honetarako ere bloga izango da ardatza, haren inguruan antolatuko dugu dena. Bloga antolatzeko zerbitzuak ugari dira, euskarazkoak ere bai. Karrajua blog bakarra eta pertsonala baino blog kolektiboa izatea du xede. Auzoan berton topatu dut soluzioa. Mahats Orriak blog komunitate berriak ematen digu aukera hori, erabiltzaile bat baino gehigoren artean editatu daitekeen bloga. Nik neuk bloga izateko baldintzak betetzen ditudanez berton sortu dut (eta auzoko komunitateari publizitate apur bat egitearren ere bai, je, je,..). Hemen dago: http://www.asapala.org/mahatsorriak/karrajubi. Egia esanda ez dakit euskarazko beste zerbitzuek ere blog bat erabiltzaile anitzen artean editatzeko aukera hori ematen duten. Blogari.net-eko software bera erabili dute hauek, baina ez dakit Blogari zerbitzuan aukera hori ematen duten. Blogak.com eta Mundua.com-en ez dut begiratu. Blogger-en eta Blogsome-en bai dirudienez.

Bloga badaukagu, gure karrajuko sarrera listo dago. Orain sarrera horretan beste geletako ateak jarri behar dira. Ez da zaila. Alboko barran blogaren aurkezpena editatzeko lekua daukagu, hor erabiliko ditugun beste zerbitzuetarako estekak jarri baino ez da egin behar. Hala egin dut. Zerbitzuaren esteka eta (edukiz gero) haren jarioa ere jarriko dugu. Heme beste funtzioak:

  • Agregatzailea edo RSS jarioak. Gure jarioak erakusten utziko duen zerbitzua behar dugu. Asko daude, euskarazkoa nahi dugula-eta bakarra aurkitu dugu, Alesti. Listo, karrajua.org-k ematen duen opml-a hartu, inportatu eta hemen dago: http://www.alesti.org/?public=karrajua. Gainera, konpartitzen hasita opml-a (jario guztiak biltzen dituen artxiboa) ere konpartitu daiteke. Opml-a ezin izan dut bertotik estekatu eta karrajua.org-ekoa jarri dut (tranpa egin dut, kasonlaaa!), baina ez dago arazorik beste zerbitzuren baten jartzeko (Bloglines adibidez).

  • Testuak. Karrajua.org-en Drupal-en book modulua erabili dut. Hala ere, kontzeptu sinplea da: norberak edo kolaboratzaileen artean testuak sortu eta sareratu. Apur bat dabilenak berehala lotuko du modako kontzeptu batekin, wikia. Wikia egiteko zerbitzua behar dugu beraz. Aukera ugari daude hemen. Euskarazkorik ez dut aurkitu hala ere (sareko enprendedoreentzat ideia-proposamena: sarean testu kolaboratiboak sortzeko wiki zerbitzua euskaraz). Wetpaint aukeratu dut, aurkitu dudan lehenengoa. Hemen erakutsiko ditugu gure testuak: http://tinyurl.com/u6uv7

  • Klaserako ideiak. Aurrekoren kasu berdinean gaude, testuak sarean jartzeko zerbitzua behar dugu. Kasu honetan berriz, gaikako ordenan baino hurrenkera kronologikoan agertzea nahi genuke (blogen antzera), eta gainera etiketekin sailkatu. Aurreko zerbitzu bera erabil genezake, baina lehendik ere badaukagu zerbait. Karrajuko lehenengo “inbentoetara” jo eta orduan bota genuen ideia berriro ekarri baino ez, Schtuff zerbitzua: http://karrajua.schtuff.com

  • Klaserako baliabideak. Sarean aurkitzen ditugun baliabide interesgarriak ekarri, etiketekin sailkatu eta komentatzeko aukera ematen digun zerbitzua behar dugu. Errazena, aspaldian asmatu zen eta web2.0ren ikurri bihurtu denaren modukoa erabiltzea: del.icio.us-en moduko markatzaile soziala. Asko dauzkagu hemen, eta euskaraz ere agertu zaigu bat, bildu.net. Hara beraz: http://www.bildu.net/bookmarks/bontxi/klaserako. Bestelako aukera blogak berak ematen digu. B2evolution-ek blog post arruntak ez ezik halako linkblog-a egiteko aukera ere ematen digu, blog beraren barruan edo beste blog baten. Euskaltegiblogen mundu honetan Zertzeladak-en sarri erabili dute aukera hori adibidez. Baina, tira, Mahats Orriak-ekoei ez diet kaparrada gehiago emango momentuz.

  • Foroak. Trabatu egin naiz honekin. Kontzeptua sinplea da, gune irekia non edonork mahaigaineratu edo eztabadaitu dezakeen zerbait gai nagusiaren inguruan (euskalduntze-alfabetatzea gure kasuan) blogeatzeko konpromisoa hartu barik. Aukerak badaude, Melodysoft bezalako klasikoetara jo daiteke, e-posta zerrenda sortu, edo sare sozialak antolatzeko zerbitzu berriak erabil daitezke (elgg, orkut, goingon,..). Foroaren kontzeptua azkenotan apur bat baztertuta dagoela uste dut, eta ez dakit zergatik, nire iritziz blogak edo wikiak bezain 2.0 izan daiteke. Ez dakit zelan antolatu egia esanda. Blog baten horretarako post bat uztea edo e-postaz bidali eta gero pubikatu edo blog baten klabea konpartitzea apur bat txapuza iruditzen zaizkit. Sare soziala sortzea gehiegi igual,... Alternatiba erraz eta ganorazkorik?

  • Albiste aukeratuak. Karrajua.org-en blogaren etiketa baino ez da, blogaren atala alegia. Hemen ere horrela utziko dut:http://www.asapala.org/mahatsorriak/karrajubi?cat=77. Bere jario propioa egiteko aukera galdu dut hala ere. Alternatibak badaude: makadore sozialak erabili (azken baten link baten komentarioa baino ez da), beste linkblog bat sortu,...

  • Harremanetarako formularioa. Norberaren e-posta helbidea erakutsi gabe mezu pribatuak bidaltzeko aukera ematea da kontua. Hau ere ez da zaila, zeuren neurriko formularioak egiteko zerbitzuak badaude. Guk wufoo aukeratu dugu: http://karrajua.wufoo.com/forms/idatzi-eiguzu

  • Etiketak. B2evolution-en bertsion honetan ez daukagu etiketa libreak egiteko aukerarik. Atalen sailkapena sortu eta erabili behar da. Baina Technorati-ren etiketak sartu ditzakagu post-etan horretarako tresnen bidez. Etiketa lainoak egitea zailagoa da. Badaude zerbitzu batzuk baina ez dut probatzeko astirik izan. Ez da hil ala biziko kontua gainera.

  • Dagoneko erabiltzen ditugun zerbitzuak. Karrajua.org-en berton lantzean behin halako zerbitzuak erabili dira orain arte, beraz, horiekin jarraitu baino ez da egin behar: irudiak eta argazkiak (flickr, zooomr,..), fitxategiak (box.net), bilaketa (google), mapak (tagzania), pantaila-kapturak (websnapr),....

Hau izan da ordu batzuetako emaitza. Laginerako eduki batzuk baino ez ditut sartu, horixe baita benetako lana, lan teknikoa baino areago. Erraz egin nahi bagenuen, denboraz behintzat ez da luzea izan. Web2.0 honen zirrikituak apur bat ezagutu behar dira bakarrik.

Ondorio gisa:

  • Norberaren ezagutza, gogoeta, tresnak, ideiak eta abar sarearen bidez konpartitzeko eta zabaltzeko tresnak eta integratzeko sistematxoa antolatzea ez da bereziki zaila eta gehien-gehienon eskura dago, debalde gainera. Tresna faltagatik ez da izango behintzat.

  • Euskara erabili nahi badugu, badira aukerak, denerako ez baina. Wiki zerbitzua izan daiteke orain nire ustez jorratzeko interesgarriena, tresna batzuk itzulita daude: mediawiki, dokuwiki,.. . Bestalde, sare sozialak antolatzeko zerbait ere aztertzekoa izan daiteke. Nire iradokizunak baino ez dira, dena dela inor animatzen bada eta kolaboraziotxoa nahi badu, hemen nauka.

  • Horrelako tresnei sarritan abizena ipintzen zaie, kolaboratiboa. Kontzeptu honen ñabardurak gora-behera, ez dezagun ahaztu honek guztiak ez duela zertan izan pertsona baten txiringito esklusiboa, talde-lanerako eta sozializatzeko pentsatuta dago. Lehengo egunean drupal-en inguruan irakurri nuenari tiraka, mundu anglosaxoian ez bezala, Espainia inguruan blog kolektiko eta komunitate birtual gutxi ikusten direla alegia, hemen ere antzeko zerbait gertatzen delakoa daukat. Blogaren kontzeptua adibidez, blog pertsonalarekin gehiegi lotzen ari garela iruditzen zait batzuetan. Ez dakit ba, eztabaidarako gaia izan liteke.

  • Batek baino gehiagok galdetuko du: eta orduan zertako montatu duzu karrajua zerbitzari baten? Neuk ere neure buruari egiten diot galdera bera, halako denda handi baten publizitatean bezala: Tontoa zara? Erantzuna ere publizitatetik atera dut, kreditu-txartel baten iragarkikoa. Zerbitzarian eta Drupal-ekin trasteatzen gozatzen dudanak ez dauka preziorik.

Chapeau!

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Azaroa 17 - 09:58-(e)an bidalia.

Harrituta gauzkazu! Oraintxe egon gara komentatzen lankide bat eta biok zein eskertzekoa den zure lana (klonarena, chapeau!). Ez gara bakarrak gainera, nahiz eta idatziz parte hartu ez eta  gure erreakzioak gutxi azaleratu (euskaldunak gara,aizu), asko dira karrajuaren jarraitzaileak.Mila esker, Benito.

bai horixe

patxitrapero (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Azaroa 17 - 11:34-(e)an bidalia.

Ez da ahalegin makala zurea. Zerua irabazita daukazu

Eskerrik asko lagunok,

Karrajua-(e)k 2006, Azaroa 17 - 13:39-(e)an bidalia.

Eskerrik asko lagunok, benetan, baina hain zuzen ere mezu hauek bota dituzuenok nire besteko Chapeau merezi duzue asuntu honetan. Barakaldokook eta Patxitrapero izan zarete-eta web2.0 "debaldeko" aplikazioekin jolasten posibilitateak aurkitzen ideia majoenak eduki dituzunetariko batzuk. Azken baten ideia hau sarean guztion artean eraikitzen ari garenaren beste fruitu bat baino ez dela uste dut, komunikazioaren bidez lortu duguna alegia.

Ohartxo bat gainera, inork gure inbentoekin eta elkarri botatzen dizkiogun loreekin santuen parean ipini baino lehenago. Karrajuaren klonarena bizpahiru orduan egindako kontua da. Etxean erdi-gaixorik nagoela gainera. Zer esan nahi dut? Kriston meritua daukadala? Ez, alderantziz, oso erraza dela eta edonork aparteko abilidade barik egin dezakeela. Arazoa tresna horiei erabilera ematea da, hau da, edukiak plazaratzea. Eta nire ustez, ez da eduki faltagatik. Gure arazoa Plisti-plastaren blogean lehengo baten apuntatu nuen lekuan (ez oso argi egia esanda) hasten dela uste dut: egiten duguna besteei ondo azaltzeko ohitura-kapazitate-gogoa. Euskaldunak izateagatik ote da?

Lan ederra txo, eta bai

Teketen (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Azaroa 19 - 23:35-(e)an bidalia.

Lan ederra txo, eta bai blogari.net-en ere hainbat pertsonek blog berdina eduki dezakete. Edota pertsona batek erabiltzaile bakar batekin hainbat blog ezberdinetan editatu ere.

Lan ederra egiten ari zara :P

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia