web2.0

14
Api
2007

Balantzei tiraka

Aizu!ko elkarrizketa dela eta blogorreari eman nion kantxa eta Karrajuaren sasi-balantzea egin nuen lehengoan. Handik gutxira, berriz, sarean hausnarketa horretan jarraitzeko motiboa eman didaten hiru mezu irakurri ditut. Hona hemen mezuon aipua norberarenak gehituta:

Komunitate izpiritua

IKTeroen blogean bigarren urteurrena ospatzearekin batera balantze gazi-geza egin zuten Bi urte betetzen ditugu gaur mezuan. Kezkatuta egoteko motibo pare bat aipatu dituzte, eta gurera ekarri nahi nuke gogoeta, pasarte honetan esandakoak gehien bat:

Halere, eta Sareko Argia saria jaso genuen egunean esan nuen bezala, faltan botatzen dut komunitate ispiritua. Faltan botatzen ditut hausnarketa sakonak (aurrean ditugun erronkei aurre egiteko ideiak, proposamenak…), faltan botatzen ditut eztabaidak (nork ezagutzen ditu hiruzpalau iruzkin baino gehiago dituen irakaskuntzari buruzko artikulurik?), faltan botatzen ditut komunitatearen mesedean sorturiko proiektuak (HeziTop bezalakoak, adibidez), faltan botatzen dut… Euskal Herriko hezkuntza sistemarekiko identifikazioa eta atxikimendua. Zoritxarrez, interneten ere, oraindik hezkuntza sistema zatikatua bizi dugula iruditzen zait. Sare publikoak alde batetik, ikastolok bestetik, kristau eskolak euren aldetik, Lanbide Heziketakoek ere berdin… Nork ezagutzen ditu irakaskuntza mundutik bertatik, komunitatearen mesedean (komunitatea esaten dudanean, komunitate osoaz ari naiz, berezitasunik gabe) aurrera eramandako proiektuak? HeziTop-en atzean dagoen filosofia bultzatzen duen besterik ba ote dago? Mila aldiz esandako gauzak direla badakit eta, agian, norbaitek inozokeriak direla pentsa dezake, ez dakit. Internet, gaur egun bizi dugun fragmentazio hau gainditzeko tresna paregabea dela sinesten dut; gurea baino handiagoak diren beste komunitateetan aspaldi jabetu ziren honetaz, euren mesederako, noski.

Euskal Herrian hezkuntzaren mundua eta euskaltegien mundua bat ez diren arren, eta haien artean harreman handirik ez dagoen arren, IKTeroen sensatzio hori berori daukat neuk ere, hausnarketa, kohesioa eta komunikazioa ez dira asko ikusten gurean, publikoan behintzat. Atomizazioa eta zatiketa guk ere ohikoak ditugula uste dut. Han eskola sareak, hemen euskaltegien sareak, euskaltegiak eurak, administrazioa,... Horri gehituko nioke konpententzia eta mesfidantza ikutua.

Hezkuntza sistemarekiko atxikimendua eta identifikazioa dioten lekuan berriz, berdin esango nuke helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, entusiasmo falta, helduen hizkuntza-irakasleen status laboral-sozialak areagotuta.

Ondorioak, komunikazio gutxi, ideia berriak ez dira martxan jartzen edo ez dira garatzen, "elite" bati egiten zaio kasu maila teorikoan, baina komunikazio eta hartu-eman gutxi egonda, sektorearen garapena geldoa eta astuna da, honek ere, jakina, ez du irakaslea asko motibatzen.

Patenteak eta eliteak

Bigarren gogoeta-iturria Julen Iturbe-Ormaetxeren Consultoria artesana en red blogeko mezu honetatik hartu dut: ¿Es posible una wikipedia de empresa?. Julen enpresa munduan dabilen kontsultorea da, blogari ekina, eta mezu honetan bezala beste edozeinetatik hartu daitezke ideiak eta hausnarketarako abiapuntuak. Gurean azkenengo urteotan enpresa munduari begira jarri gara kudeaketa kontuetan: kalitatea, prozesuak,... Ez zaigu gustatzen enpresak garela aitortzea, seguruenik enpresaren ideia klasikoak uxatuta, baina onartu egin beharko da profesional batzuek zerbitzua eskaintzen duten erakundeak enpresatik uste baino gehiago daukala. Julenen baieztapen (ironiko) pare bati buelta:

La empresa sufre de patentitis, quiere hacer negocio con lo que considera su conocimiento explícito.

Gure euskaltegietan ezagutza handia dago, pertsonengan gehien bat, baina ez dakit zergatik, uste izaten dugu erakundearen balioa saldu ahal dituen dokumentuetan dagoela: materialak, programak,... Patentepean eduki, edo bestela gordeta, inork ikusi ez dezan. Oraindik uste dugu geure balioa materialetan dagoela, eta digitalizazioaren era honetan dokumentatuta dagoenaren ibilia ia kontrolaezina da, "konpetentziaren" eskuetara erraz asko heldu daiteke alegia, baina ez dirudi horretan konturatu nahi dugunik. Software librearen mundutik etorri zen aspaldi edukien ikuspegi berria, zabalduz gero, egiten duguna ezagutarazi eta hobetzeko aukera ematen dugu, eta norberak daukan altxorrik handiena ez da eduki hori, eduki hori kudeatzen eta egokitzen duten pertsonak baino, eta pertsonak garatzeko tresnetariko bat komunikazioa da, ez giltzapeko karpetak.

La empresa ha endiosado el saber experto frente al saber profano. Su wikipedia carecería del 80% de lo que sus personas saben, simplemente porque cree que no es relevante.

Jolausek lehengo mezuari egin zion komentarioan agertzen zituen kezketako bati erantzuteko klabea dago hemen nire ustez. "Elitea" dago alde batetik (teknikariak-didaktikariak-adituak), "tropa" bestetik. Eta tropa hori ez da ziur sentitzen bere ekarpenak egiteko orduan, norbaiten bedeinkapena barik. Elite hori, bestalde, ez da erraz plazara agertzen, eta agertzen denean formalitate handiarekin (ahoz edo idatziz), kanal gutxi eta zailak. Norberaren ekarpenekin osatutako ezagutzak zaila dauka horrela aurrera egitea.

Auzoko lapikoa

Hirugarrena ELEren mundu paralelotik dator, gaztelania helduei irakasten dietenen mundutik. Mundu horretan blogosfera interesgarria dabilela aitortu dut behin baino gehiagotan, eta harritu egin naiz Makel.ele blogean irakurri dudan honekin: La botella medio vacía. Blogosfera horrek espero zena ez duela betetzen sentitzen hasi dira batzuk, guretik ikusita inbidia emateko motibo gehiago, baina tira. Balantze horretan arrazoi bat:

una cosa que me llama particularmente la atención es lo poco que los profesores y jefes de estudios que trabajan en el Instituto Cervantes hacen uso de las herramientas 2.0..

Eliteen asuntu horrekin berriro. Ez dut parekatze erraza egingo eta ez dut esango HABEko jendeak web2.0 zer gutxi erabiltzen duen (egia bada ere), oro har, gure sektoreko aditu-didaktikari-teknikariok zer gutxi erabiltzen dugun baino. Tropak erabiltzea nahi genuke, baina honetan lidergoa erakutsi beharko luketenak (aurrekoan aipatu duguna egia bada) ez dira komunikazioan aitzindariak izaten. Akademizismo gehiegi? Ez dakigu maila jaisten? Ala botatzen duguna ez zaio inori interesatzen? Edo ez dakigu interesgarri egiten?

Mezu horretako iruzkin bateko aipuarekin amaituko dut:

Quizá es que faltan herramientas comunes, plataformas que agrupen, “webrings” los llamaría Francisco Herrera (es una palabra que me encanta, tan retro…). Supongo que si la gente se mete como loca en cosas tan casposas1.0 como las listas de distribución es porque se siente en compañía…

Web2.0 honetan itxurarekin geratu gara sarri, ondo mamitu barik atzetik teknologia kontuak baino gehiago daudela. Denok blogari jartzeak ez digu ezer konponduko blog edo dena delako horien artean hartu-eman minimoa bermatzen ez bada, Jolausek aipatzen duen komunitate-izpiritu hori eraikitzen ez bada alegia. Sare sozial kontzeptua da nire ustez giltzarria, ez blog, wiki, tag, LMS eta enparauen parafernalia terminologikoa. Gune kolaboratiboak eta motibagarriak eraikitzeko ahalegina egin beharko genuke, zerbait aportatzen dutenak eta besteekiko harremana erraza egiten dutenak. Aukerak: blog kolektiboak, metablogak,..akaso. Edozelan ere, saltsa dabilen edozer.

08
Api
2007

Karrajua Aizu!n

Aizu! aldizkariko lankideek elkarrizketa egin didate karrajua dela eta ez dela, eta azken alean daukazue irakurgai.

Testigantzak atalean Blogen gaineko errepasoa egin dute, nitaz gainera Joxe Aranzabal (Faroa) eta Katixa Agirre (Gauez eta azpikeriaz) ere ekarri dituzte. Niri (eta zuei) mesedea egin didate eta (interneteko edizioan behintzat) ez dute nire argazkia publikatu Tongue out.

Halako titularra ipini didate:

"Egiten duguna zabaldu egin behar da, baten batek ikusi eta hobetzeko"

Ez dakit blogen inguruan dena esanda ote dagoen, baina esan gura ditugun guztiak esatea zaila egiten da. Aste pare batean, elkarrizketa bi egin dizkidate, ez dakit sarean saltseatzen ibiltzea hainbesterainoko motiboa ote den, baina dagoena baino gehiago dagoela inork pentsatu dezakeela uste izaten dut horrelakoekin. Dena dela, oraingoan gauza pare bat argi geratu direla uste dut.

  • Nire ustez blogak ez dira pontifikatzeko dorreak, norberak dakiena eta uste duena plazara botatzeko leihoak baino, bi aldeetaranzko norabidean: barrutik kanpora eta kanpotik barrura. Ideiak eta informazioa osatu, landu, biribildu, ikasi,... horretan gabiltza.
  • Beti esaten dut, baina Karrajua ez da blog hutsa, eta are gutxiago blog pertsonala. Sareak ematen dituen aukerak esploratzeko eta erabiltzeko gune irekia da, kolaborazioaren printzipio webdosazero horietatik abiatuta tresna desberdinak lantzen dituena. Bloga tresna horietako bat da, baina blog kolektiboa izateko jaioa da. mundu honetako partaide anitzek osatutako komunikazio-gunea.

Karrajuak zer erantzun eduki duen ere galdetu zidaten. Erdi-broman honetaz jarduteko lagun pare bat behintzat topatu ditudala esan nien. Beharbada, balantzea egiteko sasoia heldu da, ez da erraza, ahalegintxoa egingo dugu.

  • Kolaborazioaren aldetik partaide bi gara une honetan blogean publikatzen dugunak. Biak AEK-koak. Ondo egongo litzateke publikatzeko jende gehiagoren partaidetza lortzea, maiztasun gutxirekin bada ere. Karrajuaren ideia hurbilago dago Sustatu edo Erabili.com-etik blog pertsonaletatik baino.
  • Teknikoki Drupal ondo portatu dela esan daiteke. Software fidagarria eta malgua da, eta orain arte bururatu zaizkigunak gauzatzeko ondo erantzuten izan du. Arazotxo batzuk eman dizkidate modulu batzuek, baina ez dira desastrerako motibo izan.
  • "Arrakasta" publikoa neurtu behar badugu, ez da erraza zeri erreparatu erabakitzea. Bisita kopurua egunean 50-100 bitartean dabil. Ez dakit horietatik zeintzuk diren "benetako" bisitak eta zeintzuk pasadakoak eta robotenak. Jarioak Bloglines-en 40 harpidedun inguru dauzka, beste zerbitzu batzuetatik ere etortzen dira bisitak (aurki.com adibidez). Technoratik 500 estekatik gora adierazten ditu, baina gehien-gehienak karrajuaren barruko estekak dira (pozik egon behar dute gurekin).
  • Datu teknikoetatik harago esango nuke teknologian eta euskal blogosferan dabilen jendeak jarraitzen duela karrajua euskaltegietako jendeak baino gehiago. Inpresioa da, beste barik, euskalduntzearen partaideen aldetik erantzun eta oihartzun gutxiago sumatzen dut, ez dakit arrazoia zein izan litekeen: teknologiarekiko arazoak, publikoan jarduteko ohitura falta, edo, beste barik, karrajuak eta karrajukoek ez dute euskalduntzeko hainbat jenderen interesa piztu, denerik egon liteke hemen. Beste kontu bat erantzunak eta eztabaida dira, azkenotan sano jaitsi da kopurua. Ez dakit azken hau blogosferaren arazo orokorra ez ote den, blogen ugaltzearekin batera gertatutakoa.
  • Lana. Orduak egiten dira honekin, baina publikatzen baino gehiago kontu teknikoetan, probak edo moldaketak egiten. Nik neuk behintzat ez dut nekerik sumatzen, publikatzeko abilidade apur bat hartuta gero eta errazago egiten da (errazegi ote?).

Tira, Aizu!ko lagunek balantzea egiteko bide eman digute tontamentean. Ez dakit Karrajuaren jarraitzaileok balorazio horrekin ados zaudeten, edozelan ere, badakizue web2.0 honek zelan funtzionatzen duen, informazioaren eraikuntza soziala.

Lagundu eiguzue baloratzen,.... edo egiten.

04
Api
2007

Drupal modulua, Service links: Bildu.net eta Zabaldu.com

Karrajuko mezuak deli.cio.us, bildu.net eta zabaldu.com-era zuzenean bidaltzeko aukera jarri dugu. Mezu bakoitzaren amaieran ikusiko dituzue ikonotxoak eta estekak.

Drupalen Service Links modulua erabili dugu horretarako, baina Drupal komunitatean euskarazko zerbitzuok (oraindik) oso ezagunak ez direnez, kodearen lerrotxo pare bat aldatuta bildu.neten markatzeko edo zabaldu.comera bidaltzeko aukerak gehitu ditugu. Oso erraza da egia esanda, ez da programatzailea izan behar (hemen ez daukagu halakorik).

Baten bat Drupalekin badabil eta modulua erabili nahi badu, hemen behean dauka 4.7. bertsiorako egokitzapena.

01
Api
2007

Lynksee: klona egiteko zerbitzu konpletoa

Badakizue aspaldian sortu genuela beste blog bat Karrajuaren debaldeko klonak egiteko topatzen ditugun aukeren berri emateko: Karrajua Bi.

Gaur zerbitzu oso interesgarria aurkitu dugu: Lynksee. Han daukazue mezua. Ez dugu birritan idatziko, ezta?

Lynksee: atari konpletoa

31
Mar
2007

Korrika.org: argazkiak igo

Korrikako argazkiak Flickr-era igotzeko eta etiketatzeko proposamena egin genuen aurrekoan. Hasi da jendea argazkiak igotzen eta korrika15 etiketa zein taldean hango eta hemengo argazkiak hasi dira pilatzen. Jendeak berak ateratakoak. Korrika2.0 horretan murgildu gara batzuk gero! Korrika2.0 saria eman behar izanez gero Txorierrikoak dabiltza gogor.

Edonola ere, ez ahaztu argazki ofizialak (furgonetatik egindakoak) Korrika.org gunean daudela, eta gainera aukera ematen digutela guztioi geure argazkiak igotzeko. Arazo tekniko batzuk gaindituta, erabiltzaile modura erregistratu eta argazkiak igotzen hasi daiteke.

Gainera, argazkiak dagoeneko Flickr edo halako zerbitzuren batean ipini badituzue, ez arduratu, argazkiak ordenagailutik ez ezik, web helbide batetik ere igo daitezke. Nik,adibidez, Flickr-en dauzkadan argazki batzuk jarri ditut zuzenean. Zeuen bilduma egin dezakezue, edo honez gero eginda dagoen bilduma batean sartu.

Flickr-en edo Korrika.org-en ez dauden argazkiak batzeko, sistema interesgarria topatu nuen lehengoan. Pixrat dauka izena, eta irudien markatzaile soziala da, argazkien del.icio.us bat alegia. Etiketak eta albumak ere egin daitezke, hemen daukazue egin dudan Korrikaren albuma. Bilduma polita egin daiteke, zerbitzua hala ere apur bat geldo dabil, lastima. Alboko barran daukazue pixrat-en widgeta

Bestalde, Korrika2.0 hau beste arlo batzuetan ere potente dabil. Bideoak ere ugari agertu dira, begiratu Google-en bestela.

22
Mar
2007

Twitter

Luistxo Fernandezek zabaldu du Twitter modako web2.0 zerbitzua probatzeko gonbitea.

Twitter halako blog intentsiboa dela esan daiteke, oso mezu laburrak plazaratzen dira "what are you doing?" (zertan ari zara?) galderari erantzunez. Arrakasta itzela eduki ei du, batzuentzat estresagarria, beste batzuentzat adiktiboa, beste batzuentzat alferrikakoa,.... Arrakastaren beraren ajeak. Web2.0 aplikazio askorekin bezala, erabilerak topatzea izan daiteke gakoa.

Probatu barik kritikatzea gustatzen ez zaigunez, Korrika gaur hasiko dela-ta, saiatu gara lehenengo aplikazio praktikoa ematen. AEKren bulegotik Korrikaren inguruan jasotzen ditugun albisteak Twitter-era bidaliko ditugu, eta han ematen duten zerbitzuari esker, Karrajuko orri nagusiko eskuin aldeko blokean ere joango dira agertzen.

Ea ba! Proposamen edo ideia gehiago badauzkazue bota beldur barik.

22
Mar
2007

Korrika2.0, Flickr

Hasteko eguna dugu gaur. Aspaldian egin genuen Korrika web 2.0ra ekartzeko proposamena, Tagzaniako mapekin gehien bat, eta arrakastatxoa eduki duela esan dezakegu, ibilibide oso-osoa ez dugu osatu, baina inguru batzuk (Iparraldea, Nafarroako iparraldea, Txorierri, Debagoiena, Bilbo,..) zehatz-zehatz markatu ditugu.

Korrika gaurtik aurrera EH osoan zehar ibiliko zaigu, eta argazki kamera digitalen biktima nagusietako bat izango da datozen egunotan duda barik (zenbatek daukazue bateria kargatzen dagoeneko?).

Korrikaren webgunean ekipo ofizialak batzen dituen argazkiak erakutsiko dituzte, igotzeko aukera ere emango dute, beraz badakizue non erakutsi. Hala ere, hemen beste proposamen bat egingo dugu.

Flickr askok ezagutuko duzue honez gero, argazkiak gordetzeko, konpartitzeko eta erakusteko gunea, une honetan zerbitzu ezagunena seguru asko.

Proposamena hortik doa, Korrikan ateratzen ditugun argazkiak Flickr-era igotzea eta hau egitea:

  • "Korrika15" etiketarekin markatzea. Tagzanian egin dugun bezala. Etiketa gehiago ere erabil daitezke: herria, kilometroa, eguna, herrialdea, lekukoaren eramalea,... baina guztietan "korrika15" hori ziurtatu. Hau errazena eta Flickr-en kontua zabalduta edonork egin dezake. Honela, hemen joango dira argazkiiak agertzen, eta rss-ren bidez ere jarraipena egin daiteke.
  • Flickr-ek argazkilari desberdinen artean taldeak sortzeko aukera ere ematen du. Korrika15 izeneko taldea sortu dugu, talde horretara edonor batu daiteke, eta argazkiak bidali ere bai. Behin taldean izena emanda, argazki bakoitzaren orrian, argazkiaren gainean "send to group" horretan sakatu eta taldera bidali baino ez duzue egin behar. Argazki onenak gordetzeko eta komentatzeko ere erabil daiteke.
  • Azkena, ez da hain erraza, baina emaitza oso polita izan daiteke. Argazkiak "geolokalizatzea", hau da, mapa batean kokatu. Honetarako Flickr edo Tagzania erabili dezakegu:
    • Flickr-en argazki bakoitza mapan kokatu. Argazkiaren orrian, eskuman "place this phot on a map" esteka ikusiko duzue, klikatu eta mapa batera joango zarete. Mapa horretan bilatu egin duzuen lekua eta argazkia bertara eraman. Listo! Argazkiak "korrika15" etiketarekin etiketatuta badaude mapa honetan agertuko dira, eta Korrika15 taldera eramaten badituzue beste honetan.
    • Tagzanian argazkia egin duzuen puntua markatu edo dagoeneko markatuta dauzkazuen puntuak erabili ditzakezue. Puntua markatzen duzuenenean loturak kutxan argazkia dagoen helbidea jarri behar duzue. Flickr-en badaukazue argazkiaren helbidea, beste leku batean badago hangoa (Korrikaren wegbunera igotzen dituzuenak ere berton kokatu daitezke). Hemen daukazue adibidea. Hori bai, Korrika15 etiketa jarri, eta "argazkia" etiketa ere ipintzen baduzue mapa honetan agertuko dira.

Tira ba, hemen daukazue gero argazkiekin egin daitekeenaren adibide bat:

12
Mar
2007

Karrajua.kom

Gaur Joxe Arantzabalen blogean interneten sare sozial deitzen direnen inguruko mezua irakurri dut. Ning izeneko baten berri ematen digu hain zuzen ere.

Interneteko sare sozialak azken baten gune bateko erabiltzaileak interesen, gustuen, beharren edo gaien arabera batzen da. Talde horietako bakoitzari komunikaziorako baliabide desberdinak ematen zaizkio: blogak, foroak, fitxategien direktoriak, multimedia biltegiak, wikiak, eta abar. Foruen kontzeptu tradizionala osatuago nonbait. Gauza askotarako baliagarria izan daitezke: iritziak trukatzeko eta eztabaidatzeko, proiektuak bideratzeko eta jarraitzeko, fitxategiak eta dokumentuak konpartitzeko edo osatzeko, jarduerak eta ekimenak antolatzeko, edo beste barik, gai baten inguruan jarduteko.

Ning horrezaz gainera sare sozialak sortzeko eta antolatzeko hainbat eta hainbat tresna daude, eta inoiz hemen egin diegu erreferentzia batzuei: Orkut, Goingon, Elgg,... beste asko eta asko gehiago daude. Batzuk edozelako sareak sortzekoak izaten dira, eta beste batzuk gai edo interes batzuen ingurukoak. Hemen daukazue wwwhat´s new webgunearen zerrenda adibidez. Hor abaniko handia aurkituko duzue.

Aspaldian esan nuenez, karrajua.com domeinua daukat hartuta probak egiteko. Azkenengo proba Drupal 5 instalatzea izan da, eta instalazioarekin teknoendredatzen zer egin pentsatzen nenbilela Groups.Drupal ezagutu nuen, Drupal komunitateko kideak proiektu desberdinen arabera antolatzeko sare soziala. Gainera berton azaltzen dute zelan dagoen konfiguratuta.

Horrela bada, antzeko zerbait imitatzen saiatu naiz. Eta karrajua.com-en "com" horretatik tiratuta komunitatea edo sare soziala antolatzeko gunea sortzea okurritu zait. Euskalduntzean dabilen jendeari interesen araberako taldeak antolatzeko aukera ematea. Proiektuak talde-lanean garatzeko edo ikastaroak emateko ere balio dezake, Moodle-ek baino baliabide gutxiagorekin, baina malgutasun handiagoarekin aldi berean.

Kontua da alde batetik interesgarria iruditzen zaidala horrelako zerbait, baina ez dakit euskalduntzearen mundu honetan zerbaitetarako balioko lukeen. Patxitraperok aspaldian bota zuen sare sozial moduko zerbait sortzeko proposamena, eta erantzun gutxi eta baten bat eszeptikoa ere eduki zituen.

Beraz, eskertuko genizueke karrajua.com horri bisitatxoa egin eta iritzia ematea. Sartu eta saltseatu beldur barik.

Erabiltzeko sortu kontu berria ipintzen duen lekuan klikatu eta kontua sortuko duzue. Behin barruan dagoen talde batera batu, edo talde berria sortzeko aukera edukiko duzue. Talde bakoitzean momentuz hiru motako edukiak sortu ahal dira: istorioak edo mezu arruntak (blog baten antzera), liburuak edo testuak (wikia izatera heldu gabe, testu egituratuak sortu daitezke) eta inkesta sinpleak. Baliabide gehiago ipini daitezke, ideiaren bat badago, edo Drupal.org-en modulu interesgarriren bat ikusten baduzue, esan eta saiatuko gara probatzen.

Esan dudan bezala, proba baino ez da, hutsune asko dauzka oraindino (itzulpena, diseinua, antolaketa,..). Alpha bertsioan barik, alfalfa bertsioaren demoa edo jolasa baino ez dela esan daiteke, baina ideia nondik nora doan igarri daiteke.

Zer deritzozue? Merezi du horrelako zerbait antolatzea?

Esteka:

Sindikatu edukia