karrajua.org

30
Urt
2007

Bloglines-eko erabiltzaileei

Gutunaren bidez posta zerbitzua ez dabilela bezalako abisua eman behar dut, hau da, hartzaileari jaso ezin duen mezuan ezin duela jaso esan. Baina informazioa sarritan uste ez den lekutik joaten da eta horra:

Karrajua bloglines-etik jarraitzen duzuenok (40 inguru), jakin ezazue zerbitzari aldaketa egin dugunetik karrajuaren bloglines-eko jarioak ez direla eguneratu. Baten batek jarraituko du pentsatzen karrajua obretan dagoela oraindino. Bloglines-ek horrelakoak sarri egiten dituela dirudi.

Alternatibak:

  1. Beste agregatzaile bat erabili: Alesti, Google Reader,... baina hau karrajuagatik solik ez dugu egingo, ezta?
  2. Karrajuaren jario "zuzenaren" ordez, Feedburner-eko jarioa erabili. Edo Xfruits-eko metajarioa.
  3. Bloglines bere onera etorri arte itxaron.
27
Urt
2007

Martxan berriro

Zerbitzari aldaketan arrakasta eduki dugula dirudi. Beraz, karrajuari anestesia kendu eta hemen gatoz atzera.

Borobila.com ostatze zerbitzu berriko jendea ez aipatzea bekatua izango litzateke, instalazioa zerbitzari batetik bestera eroaten eta arazoak konpontzen egundoko laguntza eman digute. Zerbitzuak euskaraz funtzionatzen du erabat, kontrol panelak eta atentzio zuzena. Zerbitzariaren bila bazabiltzate, momentuz gomendatu baino ezin dizuegu egin.

Eskerrik asko Aitor eta besteoi.

  

12
Aza
2006

Karrajuak urtebete (IV-instalazioa)

Duela bi aste agindu nuen modura, karrajuaren tripak erakutsiko ditut. Karrajua.org-eko instalazioa hartu, garbitu eta norberak ordenadorean instalatzeko moduan prestatu dut.. Zerbitzariaren banda-zabaleraren murrizketa ez gainditzearren box.net-n ipini dut. Hemen daukazue jaisteko fitxategia:

03
Aza
2006

del.cio.us-eko loturak

Del.icio.us zerbitzua erabiltzen dut aspaldian. Web2.0ren lehenengo agerraldietako bat izan zen, eta kontzeptuaren probokatzaileetarikoa ere seguraski. Lotura zerrenda modura ez ezik, gure interes komunak dauzkan jendeak topatzen duena ikustea ezagutza konpartitzeko eta norberak ikasteko bide sendoa ere bada nire ustez. Nik batzuen loturak jarraitzen ditut ordenagailuko agregatzailetik, eta gauza interesgarriak topatzeko modua eman didate, sarritan karrajura ekarri ditudanak.

Nireak karrajuko agregatzaileari gehitzea erabaki dut ondorioz, topatzen dudana zuekin guztiekin konpartitzeko. Beti ez dira izaten gure arloko kontuak, baina sekretuak ere ez direnez, kalterik behintzat ez dute ekarriko. Esteka interesgarriak atal berri baten sartu ditut.

Era berean, norbaitek bere del.cio.us-eko kontua hemen konpartitu nahi badu, esan eta agregatzailera gehituko dut. Baimenik gabe ez ditu publikatuko (publikoak diren arren). Inork ez dezan pentsatu kotileoan edo espioitza industrialean gabiltzanik, ze, web2.0 hau azaltzen saiatzean horrelako beldurrak irteten dira sarri.

25
Urr
2006

Karrajuak urtebete (II-asmoak)

Urtebetea joanda, atzera begira paratzeko tentazioan eduki liteke, beste baten igual. Orain nahiago dut Karrajurako zer egosten nabilen kontatzea.

Ez dira gauza asko, teknikoak gehien bat.

  • Funnymonkey-ko jendeak eskola mundurako Drupalekin aurrekonfiguratutako bi instalazio eskaintzen ditu: ikastaldeentzako gunea eta blog gunea. Drupalek, zabaltzen ari diren beste sistemen aldean, malgutasuna du abantaila nagusi. Karrajua antolatzeko orduan horixe baloratu dut gehien bat, eta zerotik hasita aukera pila zabaltzen dituen arren, ez da Moodle edo Wordpress bezain erraza toreatzen hasteko. Horregatik Karrajuko instalazioa liberatu nahi dut, nola egin dudan erakusteko eta norbaitek Drupal ezagutzen hasi nahi badu zer miatu eduki dezan. Une honetan instalazioa edukietatik garbitzen nabil eta espero dut datorren astean zabaltzeko moduan edukitzea.
  • Oraingo karraju hau drupal 4.6.6 bertsioarekin dago eginda. 4.7.x bertsioak hala ere itzelezko berrikuntzak ekarri ditu eta eguneratzeko desiatzen nago. Views eta CCK moduluek esate baterako malgutasun hori ikaragarri zabaldu dute. Zerbitzari aldaketa egin behar dut horretarako eta eduki eta modulu guztiak bertsio berrira ekarri, honekin apur baterako daukat oraindino.
  • Karrajutik aparte lanerako eta esperimentazio hutsagatik hiru gune lantzen ibili naiz. Lankideen ekarpenak jasotzeko eta komentatzeko gune bat (hau oraintxe jarri dugu martxan intraneteko zerbitzarian), materialak sailkatzeko direktorio-podcast antzeko bat (hau ekainean ibili ginen probatzen). Hirugarrenez, Groups.Drupal-en ereduan inspiratuta, eta Elgg-en ideiara ere hurbildu nahian, komunitateentzako gunea atondu nahian ibili naiz. Oraindik alpha-alpha (horixe ba, alfalfa) fasean dago, baina kukutxua egin nahi badiozue hemen daukazue (gune esperimental totala da, ez ikaratu). Denbora apur bat hartzen dudanean hauek ere zabaltzeko asmoa daukat.

Tira ba, ikusten duzuenez Drupal honekin nabil jo ta ke, Moodle eta bestez ari gara asko azkenotan, ez dira txarrak haiek ere, ez,  baina baten batek umorea eta ausardia badauka, Drupal-en aukerak probatzera animatuko nuke, burua nekatzen ematen den denbora malgutasunak eta irekitasunak konpentsatzen dute soberan, engantxatu ere bai. Hori bai, tresna batekin edo bestearekin itsutu barik.

22
Urr
2006

Karrajuak urtebete (I estatistikak)

Orain konturatu naiz tontamentean urtebetea pasatu dela Blogger-en Karrajuko atea zabaldu nuenetik. Orain ez daukat balantzeetan eta ospakizunetan hasteko gogorik, baina kapituluka egingo dut zerbait datozen egunotan.

Momentuz, eta dena airean uztea modan ipintzen hasi dela, hemen ez daukagu Moodle ikastaro gehiagorik erakusteko, baina modari norberaren ikutua ematearren Karrajuaren estatistikak utziko ditugu bistan. Sikieran hasierako asmo haiek noraino heldu diren ikus dezazuen.

Statcounter zerbitzua erabiltzen hasi naiz duela hilabete ingurutik hona. Ez dakit norainoko fidagarritasuna daukan, baina entretenigarria behintzat bada, kuxkuxeroentzat gehien bat.

Hona hemen estatistikak.

15
Urr
2006

Harpidetzak e-postaz eta RSS gabeko webguneak

Feedwhip tresna deskubritu dut gaur, ondo etor daiteke gure intereseko webgune batzuk jarraitzeko, gehien bat  rss edo sindikazioa eman ez eta agregatzaileen bidez jarraitu ezin direnak. Ikasbil eta HABEren webguneak adibidez.

Zerbitzu honek zehaztutako webguneak lantzean behin arakatzen ditu eta aldaketa dagoenean bi aukera ematen ditu: rss jario baten bitartez jarraitztea edo e-posta mezua bidaltzea. Lehenengoa, esan bezala, ondo dator rss gabeko webgune batzuk jarraitzeko, bigarrenak, berriz, horretaz gainera rss daukaten beste batzuen berri e-postaz izateko modua ere ematen du. Karraju hau adibidez. Honela bada, ezkerreko zutabean link berria daukazue karrajuko aldaketetara harpidetzeko, beraz, baten batek bertoko mezuen berri e-postaz jaso nahi badu hemen dauka aukera.

Hala ere, zerbitzua probatzen nabil oraindik. Ez da erraza webgune baten aldaketen berri jario agregatzaile baten modura ematea. Aspaldi dauzkaten hemen instalatuta feed43-en bitartez egindako feed batzuk, eta horiek ere arazoak ematen dituzte: albiste berdina behin eta berriz jaso, .... Ea oraingo honekin.

Nik, dena dela, jario-agregatzailea erabiltzea gomendatuko nizueke: on-line (bloglines. Alesti,..), ordenagailuan instalatuta (GreatNews, Feed Reader,..), edo e-postan edo nabigatzailean sartuta (thunderbird, firefox,..). Egia esanda milaka tresna daude.

Sindikazioak ate berri ugari zabaltzen ditu informazioa gero eta eguneratutago eduki behar den sasoi honetan. Ni neu behintzat enamoratuta nago feedekin. Karrajuko agregatzailea duzue adibide. Bide batez, lehengo egunean batek galdetu zidan nondik ateratzen dudan astia berri horiek guztiak webgunean sartzeko. Azaltzen joan nintzen, baina sigla arraroak eta ingelesezko berba pare bat botata ihes egin zidan. Hurrengoan hobeto azalduko al dugu! Bitartean hemen daukazue euskarazko wikipediaren sarrera hasteko.

Era berean, sindikazioa ematen ez duten webguneei ere eskatuko nieke jarioa lehenbailehen atontzea, areago denon intereseko informazioa edo informazio ofiziala ematen dutenei. Ez dut ulertzen zelan duela gutxi eta software berriarekin sortutako webgune batzuek ez duten jarioa eskaintzen, gaur egun edukia maiztasunekin eguneratzen duen edozeinek (blogak, webguneak, albistegiak,...) aparteko ahaleginik gabe bere ikonotxoa rss daukanean. Habe.org eta Ikasbilengatik nabil, bai. Beste batzuek, berriz, euren jarioa errebisatu eta egokitu behar dutela uste dut, adibidez AEK eta Udal euskaltegiak (biek arazoak ematen dituzte agregatzaile batzuekin, ez daude ondo egituratuta antza denez).

feed 

28
Ira
2006

Albiste aukeratuak

Berrikuntza txikia sartuko dugu karrajuan. Orain arte gure interesekoak izan daitezkeen albisteak jarraitzeko eta erakusteko jario edo rss agregatzailea daukagu. Iturri desberdinetako albisteak eta mezuak jarraitu daitezke bertotik, euskaltegitan gabiltzanontzat (gure iritziz eta ezagutzen ditugun neurrian) interesgarriak izan daitezkeen iturriak.

Albiste asko etortzen dira hala ere, eta lantzean behin baten bat hartu eta blogean komentatzen dugu. Baina interesgarriak diren guztiak ezin ditugu jorratu, eta beharbada norbaitek guk ezer esan ez dugun baten baten gainean zerbait esango luke.

Horrela bada, hemendik aurrera albiste interesgarrienak bereiztearren eta komentatzeko aukera zabaltzearren orri nagusira ekarriko ditugu agregatzailetik, gure iruzkinarekin edo hura barik edonork komentatu ditzan. Baten bat irakurri eta zerbait esan beharra badaukazue, "gehitu iruzkin berria" sakatu eta bota.

Gure ustez azalera ekartzea merezi dutenei "albisteak" etiketa ipiniko diegu, horrela, eurak bakarrik ikusi nahi izanez gero hemen agertuko dira eta hemen daukate jarioa. Hona lehenengo alea.

Ez da gauza handia baina beste inbento bat daukagu martxan tontamentean.

Sindikatu edukia