karrajua.org

13
Ira
2006

Karrajua.com

Zerbitzari berria ezagutu dut mundua.com-en bidez (bide batez, blogak egiteko plataforma berria wordpress-en oinarrituta): Guebs.com. Azpiegitura ona eta prezio politak eskaintzen dituela ikusita kontua zabaldu dut bertan.

Oraingo zerbitzariak baino aukera gehiago ematen ditu (azpidomeinuak, php bertsioa,..) eta hobeto dabil. Oraingo ostalari honekin eduki ditudan arazo batzuk saihesteko modukoak, Drupal 4.7 eta beste programa batzuk instalatzea, adibidez.

Laster baten hara pasatuko dut karrajua seguruenik.

Karrajua.org domeinua hemen alojatuta daukadanez karrajua.com eta karrajua.net domeinuak hartu ditut.

Joaten bazarete momentuz instalazio gordin bi baino ez dituzue topatuko: oinarrizko direktorioan drupalen instalazioa eta wikia.karrajua.com domeinuan Dokuwikiren instalazioa. Ez dago edukirik oraindik baina laster okurrituko zait zeozer.

Lehenengo domeinuaren trasladoa egin behar dut.

21
Eka
2006

Spam-a iruzkinetan: captcha

Lehenago edo geroago heldu behar zen spam-a, eta gaur izan da eguna. Orain arte karrajuan asko ez zutela salduko eta hau aurkitzea kostatuko zitzaielakoan ez dut iragazkirik jarri. Bi mezu heldu dira eta horrek esan nahi du baten baten agendan gaudela eta gehiago bidaliko dituela.

Eskatu gabeko publizitate eta post-en kontra arma batzuk daude. Karrajuko arsenalean hasieratik eduki dugu bat, kargatu barik baina posizioan: captcha. Captchak komentarioa edo zerbait bidaltzeko orduan letren konbinazioekin agertzen diren irudi txikiak dira. Letren konbinazioa tekleatu behar da bidaltzen duena orria ikusten ari dela egiaztatzeko. Ez du aparteko ahaleginik eskatzen, eta erregistratu gabe iruzkinak bidaltzen uzten du.

Beraz, hemendik aurrera komentarioa bidali nahi duzuenean iruditxo horretan agertzen diren letrak irudiaren azpian dagoen koadroan tekleatu behar dituzue. Ez da zaila eta karrajua saltzaile eta spameroetatik libratzeko tresna ona izaten da. Espero dut horregatik ezer interesgarria publikatu gabe ez geratzea. Arazoren bat badago harreman-formularioaren bidez esan.

20
Mai
2006

Blog komunitatea

Karrajua-org honetan sartzean blog bat ikusten duzue. Karrajuaren bloga izena daukana. Hala ere plataforma telematiko honek (drupal) blog bat baino gehiago egiteko aukera eskaintzen du, erabiltzaile baimendu bakoitzak bere bloga egin dezake hain zuzen ere. Eta hasierako orri honetan ikusten dena blog baten post-ak barik, blog komunitate baten mezuak dira, blog planeta edo deitzen dena.

Oraingoz blogari bakarra dago (karrajua, ni neu azken baten) eta blog bakarra agertzen da ondorioz.

Karrajua.org-en asmoetariko bat teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak esploratzea eta probatzea da, eta aukera horien artean euskalduntzean dabilen jendearen halako blog komunitatea izan daitekeena ere badago, azaleko orri honek erakutsiko lukeena hain zuzen ere. Hemen dauzkazue Txileko atari baten egin dutena eta beste hau adibide gisa.

Hemendik aurrera argiago ikusteko blogari bi agertuko dira hemen, pertsona bera (ni neu) baina banatuta:

  • Karrajuaren bloga. Honen bidez webgunearen inguruko kontuak plazaratuko ditut: aldaketak, arazoak, oharrak, berrikuntzak, kontu teknikoak,...
  • Benitoren bloga. Hemen euskalduntzearen ingurukoak botako ditut: iritzia, komentarioak, albisteak,... karrajuan hasieratik botatzen nabilenak azken baten.

Esan dudan bezala, hau blog komunitatea izateko asmoarekin sortu da, beraz, beste inork euskalduntzea eta euskaltegien inguruan blogeatzeko gogoa badauka, hau da, maiztasun batekin iritzia, albisteak, kontakizunak, penak, pozak, kezkak edo okurritzen zaiona plazaratu,  bloga egiteko gainerako aukerez gainera (blogak.com, blogari.net,...) bere bloga karraju honetan ere egitea dauka.

Jarri harremanetan nirekin eta bideratzen saiatuko gara.

14
Mai
2006

Foroak eta tituluak

Aldaketak egin ditut karrajua.org-eko foroetan. Hasiera baten forora eztabaidagaiak libre bidaltzeko aukera utzi nahi nuen, baina erabiltzaile anonimoei eztabaidagai berriak publikatzen utziz gero ez dago modurik identifikazio minimoa eskatzeko (izena eta e-posta behintzat), eta aurkitu dudan konponbide bakarra erregistratzea eskatzea izan da.

Beraz, hemendik aurrera foroetan eztabaidagai berria publikatzeko erregistratu egin behar da. Jendeari animatzea kostatzen zaion honetan badakit ez dela animatzeko modurik onena, baina dabilen spam eta trolleria guztiarekin nahiago dut horrela egitea.

Erregistratzea erraza da, erabiltzaile izena eta e-posta baino ez da eman behar, eta sistemak berak bidaliko dizu pasahitza e-postara.

Erregistratzen diren erabiltzaileek foroetan euskalduntzearen inguruan plazaratu nahi dutena botatzeko aukera izango dute. Horrela bloga egiten ausartzen ez direnei, edo hainbeste zer esan ez daukatenei lekua eman nahi diet botatzeko daukatena plazaratzeko.

Aurreko baten ere esan nuen eta berriro ekarriko dut hona. Blogen loraldi honetan foroak apur bat ahaztuta geratzen ari dira, eta, nire ustez, tresna baliagarriak dira iritzi trukaketa, eztabaida eta harremana zabaltzearren.

Zer esana eduki eta zabaltzeko ez da bloga derrigor egin behar. Blogatzeak ahalegina eskatzen du eta blog asko daude post pare batekin geratu direnak. Foroak horretarako soluzio ona direla uste dut.

Hain zuzen ere, asteburu honetan CACA zertifikatuaren eztabaida piztu egin da ekarpen pare batekin.

Tituluek eta agiriek zer esana ematen dute bada. Plisti-plastak ere heldu dio kontuari. Igartzen da garaia. Animoa ba, seguru asko zaudetela tituluen edo beste hainbat gairen inguruan zerbait zabaltzeko deseatzen. Eztabaidagai berriak botatzeko erregistratu egin behar da, baina komentarioak egiteko ez. Egurra ba!

27
Api
2006

Beste bi

Gaur eraso mediatiko konbinatua jaso du karrajuak, bi flankotatik: hemendik eta hemendik. Webguneak promozionatzea ondo dago, baina gure herri honetan honako gauzokin hamalauko zarata egitea erraza suertatzen denez, gogoratu baino ez dut egingo hau gune esperimentala dela eta hastapenetan baino ez dagoela, beraz inor ez dadila gehiegi liluratu bricolage informatikoarekin. Hori bai, ekarpenek eta ideiek ateak zabal-zabalik.

Hain zuzen ere, iktak.net-en eman duten albistean orain arte promozio handirik egin ez eta lan fina egiten dabiltzan irakasle biren blogak deskubritu ditut, biak Santurtziko Udal euskaltegikoak: Manu eta Xabi. Bloga klasean erabiltzen ari direla dirudi, ez dakit autoikaskuntzan ala aurrez aurreko taldeekin dabiltzan, baina ikasleen feedback-a daukagu berton. Gure munduan blogei zer erabilera pedagogiko eman pentsatzen dabilenarentzat eredu interesgarriak duda barik. Ongi etorri beraz bioi ere, eta aurreko baten komentatu nuen legez, interesgarria izango litzateke hirugarren blog batetik irakasle horien asmoak, gogoetak, emaitzak  eta kontatekoak irakurtzea,..

Tira ba euskaltegiblogen kopurua gora doa.  Pelotilla proposatuko dut: Zenbat denbora beharko dugu baten batek Euskaltegia 2.0 kontzeptua asmatu arte? (nik ez dut asmatuko, zin dagizuet).

21
Api
2006

Karrajutik hona

Tira ba, Blogger-etik honako jauzia egin dut. Aurrerantzean hau izango da "baten bat pasatzen bada-edo"-ko karrajua.Blogger-eko artxiboan bertan egongo dira edo wordpress-en egin dudan kopia honetan ere (hona ere ekarri nahi ditut, baina oraindik ez dut landu Drupal-era ekartzeko modua).

Blogger-en aspaldian iragarri nuen gune hau, bitartean atontzen eta antolatzen ibili naiz. CMSen diseinuan eta prestaketan piloa ikasi dut, ikasteko daukadanaren aldean ezer gutxi hala ere, hutsak, okerrak eta zer hobetu ugari topatuko dituzue seguruenik. Aldaketak ere egongo dira hemendik aurrera, izan ere, hasieran ohartarazi nuen legez, gune honek esperimentoa izateko asmoa du gehien bat.

Bloga egitea ere halako esperimentua zen, baina blog batek eskaintzen duena baino gehiago probatu nahi izan dut eta atari honek edukiak eta gehien bat komunikaziorako tresna gehiago  probatzeko era ematen du. Honez gero gauza batzuk atondu ditut, hemen daukazue azalpen laburra. Aukera asko dauzkagu, hala ere muga batzuk ere badaude:

  1. Zerbitzariaren banda-zabalera, lekua eta software-a: ez dut espero aparteko trafikorik, baina gauza batzuk hemen hobeto ikutzen ez baditugu (txat-ak, podcastak, artxibo handien deskarga,..), izan ere hosting merkea hartu dut (ekonomiak ez du gehiago ematen, hala ere donatiboren bat eskainiz gero pentsatuko nuke) eta banda mugatua daukat batetik eta zerbitzariak petatu egin dezake bestetik. Gauza batzuk instalatzeko arazo teknikoak ere izan ditut, zerbitzariaren php bertsioa ez da azken-azkenengoa presisamentean. Beste aukera horietarako dena dela web 2.0. honek zerbitzuak eskaintzen ditu, eta horiekin uztartuta gauza eleganteak egin daitezke.
  2. Ezagupen teknikoak. Ez naiz informatikaria, programatzailea edo web-diseinatzailea. Egia esanda gaur egun honako gauzak antolatzeko ez da derrigorrezkoa aparteko ezagutza teknikorik, baina batzuetan horrek mugak jartzen ditu posibilitateak esploratzeko orduan. Beraz, ez etorri atarien diseinua enkargatzen, horretarako profesionalak dauzkagu onak.
  3. Norberak daukan denbora, dedikazioa, inspirazioa eta alegrantzia.

Horixe ba, ea hau zelan dabilen hemendik aurrera. Portzierto, berriro esango dut, hau ez da jaio webgune pertsonala izateko, norbait kolaboratzen animatzen bada ongi etorria eman eta Agur Jaunak kantatu ere egingo diot.

17
Api
2006

Itxura aldaketa

Aspaldian aparteko nobedade barik. Aste Santuko tartetxua aprobetxatuta itxura aldatu diot guneari. Blogger-eko karrajuaren koloreak gustatu eta haren imitazioa-edo egin dut. Ez dakit inoren izena aipatu behar den, edo egile eskubideen mundu labanean sartu ote naizen, horrela bada pekatuaren penitentziari eutsi beharko zaio.

Bestalde, Klaserakoetan Pello Zubiriaren artikulu baten gaineko gogoeta egiten hasi naiz. Aspaldian aipatu nuen Argiako Net Hurbil  sail hau, eta artikuluok zer esana ematen duten neurrian buelta pare bat emango dizkiet. Hasi baino ez naiz egin hala ere, eta ez da hastapenean darabildan bakarra.

26
Mar
2006

Usaiaren ekarpena eta wikien aplikazio bat

Usaia egin zaigu esperimentu honen partaide. Haren eskaera bati erantzunez hizkuntzaren inguruko zalantzak argitzeko foroa zabaldu dut. Badira sarean hizkuntzaren inguruko zalantzak argitzeko leku batzuk: Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta-zerbitzutik hasita, AEKren Kitto zalantzak forora. Bestalde "Euskaltegiblogak" deitu diegun horietan ere aukera emango dute ikasleen zalantzak argitzeko ziur aski.

Sindikatu edukia