wikiak

20
Aza
2007

Esaidazu euskaraz!

es_wikibooks_org_wiki_EuskeraAspaldian ez dut eduki Alan R. King hizkuntzalariaren berri. Duela 20 urteko Atalase Maila hartatik apenas. Webgunea eduki zuen luzaro, eta han euskara eta beste hizkuntza batzuen inguruko informazioa eta ikasteko metodoak ere plazaratu zituen, hizkuntza txikiak eta minorizatuak gehien bat.

Ikteroek ekarri digute haren berri gaur atzera. Esaidazu euskaraz! ikastaroa plazaratu du Wikibooks-en.

Gaztelaniaz dago idatzita ikastaroa. Hizkuntza horretatik euskara abiatu behar dutenentzat. King-ek ikastaroaren helburuak definitzean gehienbat hau azpimarratu du:

  • Euskara bere kasa ikasi nahi duenarentzat "metodo" gutxi ei dago sarean.
  • Estilo horretako ikastaroetarako eredua finkatzen hasi nahi honekin.

Ikastaroaren diseinuan jarraibide "modernoenak" ez ditu erabili, asmo nagusia hizkuntzak ikasteko materialak eta ikastaroak guztien esku jartzea eta garatzen joatea omen du. "Metodo" erraz eta eraginkorrak.

Wikian egitean pentsatzekoa da ekarpenak eta kolaboraziorako zabalik egongo dela gainera.

Tira ba, sarean eskura daukagun ikastaro bat gehiago.

03
Urr
2007

Wikipedia

Iñaki Muruak bota du ideia bere blogean. Zergatik ez erabili Wikipedia euskaltegietan?

Kasu ezaguna aipatu du. Andaluziako Niebla herriko eskola batean bertako umeek idatzi zuten Nieblari buruzko sarrera, eta esperientzia hori nahikoa ezaguna egin da hezkuntzan wikiak eta Wikipediaren aplikazioaren eredu modura. Eta geurean ere halakorik ezin dugu egin?

Euskaraz ere badaukagu geure wikipedia, hainbat lagun dabiltza artikuluak idazten eta apurka-apurka osatzen. Euskarazko informazio iturri oparoena egin daiteke horrela interneten. Baina kolaborazioa behar da.

Gure ikasleen artean denetik dakien jendea daukagu. Inguruaz nahiz norberaren espezialitateaz. Ikasleek, goi mailetan gehien bat, euskaraz idazteko gaitasuna eta praktikatu beharra daukate. Benetako gauzak idaztea, publikatuko direnak eta inorentzat baliagarriak izan daitezkeenak, jokabide didaktiko interesgarria eta eragingarria izan daiteke. Kolaboratzeko arrazoi faltan ez gaude behintzat.

Iñakik polita izan daitekeela esan du, nik gehiago esango nuke, baliagarria, motibagarria eta praktikoa.

Ideia batzuk motorra berotzen hasteko:

  • Wikipediaren edo wikien inguruko atazak edo ikasmaterialak sortu, girotzeko, trebatzeko eta informatzeko.
  • Zirriborroak egiteko wikiak sortu debaldeko wiki-zerbitzuren batean (wikispaces, webpaint), ohitura hartu, idazten dena atontzeko, eta publikatu aurretik feedback-a jasotzeko.
  • Norberari interesatzen zaion informazioa bilatu, eta hutsuneak apuntatu. "Zer falta da?" "Idatziko dugu?".
  • (Euskal) Wikipediaren inguruko hitzaldiak edo aurkezpenak egin euskaltegian. Batek baino gehiagok gustura emango lukeela egingo nuke.
  • Norberaren euskaltegiaren sarrera egin.
  • Euskaltegi sarrera osatu. (Bai, hobe genuke inor endredatu baino lehen guk geuk egitea, bai).
  • ...Gehiago?
Sindikatu edukia