irakasleak

25
Uzt
2007

Hasiberrientzako aholkuak

El suplemento ocasional blogean hari interesgarria hasi da. Irakasle hasi berriei hiru aholku ematekotan zer esan? Honakoak bota dira besteak beste:

  • Umorea erabili. Lagungarria eta osasuntsua da.
  • Zerbait ez badakizu, kontsultatu. Ez daukagu dena zertan jakin.
  • Elkarreragina sustatu, zeu eta ikasleen artean, eta beraien artean ere bai
  • Erreparatu inguruan dauzkazun baliabideei, uste duzun baino gehiago dira.
  • Erabili inguruko baliabideak, teknologikoak bereziki, ikasteko era berria sortzen ari dira eta.
  • Sortu baliabide berriak, eta konpartitu.
  • Ez etsi egun batean klaseak ez badu irteten espero duzun bezala. Erabili hobetzeko, hausnartu klasean gertatu denaz.
  • Ibili zaitez adi klasean geratzen denari eta ikasleei, haren gainean hausnartu gero.
  • Egizu ikasleak ezagutzeko ahalegina
  • Planifikatu klaseak. Horrek klasearen eta helburuen ikuspegi zabalagoa emango dizu.

Sasoi txarra izan daiteke oporretako hau gurean aholkuak emateko, baina irail-urrirako beharko dira halakoak. Beraz hemen (wiki power!) apuntatzen hasi nahi baduzue, batek baino gehiagok eskertuko digu.

Eguneraketa: Ikasbilen dokutekan mezua sartu eta 2. mailarako sekuentzia egin dute. Ikasle ona izateko zerrenda egin eta hartaz jardutea du eginkizun nagusi.

Ikasleengandik, zuzenean edo zeharka, aholku interesgarriak jaso ahal ditugu. Edozelan ere, jardun didaktikoaz hausnartzea ez da ez irakaslearen ez ikaslearen kalterako izaten, ez ba!

06
Uzt
2007

PRP

El blog de mr1b3len esteketan Maribel Gonzalez blogari-irakasleak beste blog bat egin duela ikusi dut: maribelele. Blog bi zertarako? Pentsatu dut. Baina bigarren hori ez da blog-bloga. Sigla batzuk dabiltza hor gora eta behera: PRP. Eta egilearen etengabeko gogoeta interesgarriak bere lanaz eta ikerketez.

Zer da PRP hori bada? Esteketan topatu dut klabea, beste blog batean: Portafolio Reflexivo del Profesor de E/LE.

Bartzelonan abenduan egin zen XV Encuentro Práctico de Profesores ELE-n hasi zen kontua dirudienez. Bertan Bartzelonako Unibertsitateko Vicenta Gonzalez eta J.Tomàs Pujolàk tailer batean landu zuten proposamena (hemen daukazue tailerraren aurkezpena, bideo eta guzti, eta hemen topaketen dossier osoa, kontuz, pdf 4.2mb!), eta arrakasta eduki duela dirudi.

Aurretik Pujolàk Aula de Innovacion Educativa aldizkarian plazaratu zuen artikulua: “El portfafolio: la reflexión explícita del proceso de aprendizaje en la formación de profesores de E/LE”, Aula de Innovación educativa, 146, 65-67. Barcelona: Graó.

Horrez gain, blogean diapo hauek ipini dizkigute PRPa zer den azaltzeko:

Tailer hari segida ematen hasi dira irakasle batzuk, eta euren PRPa norberaren kaxoian gorde beharrekoan blogen bidez agerian jarri digute guztioi. Hemen batzuk:

Proposamena eta erantzuna interesgarriak dira behinik behin, eta zer penstatua ematen dute:

  • Blogak formaziorako tresna dira duda barik, baina ez formazio ikastaroak emateko soilik (hori ere egin ahal da), norberaren gogoetak eta deskubrimenduak plazaratzeko eta konpartitzeko bide bezala ere aukera ugari ematen dituzte. Hori bai, Maribelek dioen modura, profil edo jarrera "komunikatiboa" behar da nonbait.
  • BBBn ikasmaterialak trukatzeko eta aberasteko erabileraz jardun genuen, bai, baina ikasmaterialekin batera gure jardueraren gainean hausnarketa globala plazaratzeko ere bai.
  • Beharbada, PRP horren estrukturazioari jarraitzea zaila egin ahal zaie askori. Hala ere, hainbesteko sistematizazio barik ere zerbait egin daitekeela uste dut.
  • ELEren munduan formazioaz eta hobekuntzaz jarduteko gogoa dagoela dirudi, ez dakit, hainbestetan gertatzen den bezala, blogosferako saltsa honek atzetik dagoenaren okerreko inpresioa ematen ote duen, baina, aurretik dabiltzanak behintzat, gogotsu dabiltza. Gurean berriz, bistan behintzat, gutxi. Eta ez diot blogosferako giroagatik bakarrik, Topaketa praktiko horiek bezalakorik ere ez da gurean askorik, edo hala iruditzen zait neuri behintzat. Ikastaroa-hitzaldia erroberatik harago joan beharko genuke beharbada.
04
Uzt
2007

Irakasleak: ikerketa

Congreso Virtual ELEren markoan planteatu ziren ponentzia eta lanen berri eman genuen duela hilabete inguru. Haien artean gaztelania irakasleen egoera soziolaboralaren gaineko ikerketa bat.

Inkesta itxi egin da, eta lanaren ondorioak plazaratzeko eta lantzeko bloga zabaldu dute egileek: Situación ELE.

Emaitzei eta ondorioei egin diet kuku. Ez dira behin betikoak eta ez dakit ikerketak zer fidagarritasun daukan. Hala ere, helduen euskara irakasleen egoerarekin konparatzeko tentazioa etorri da segituan.

Antton Iñurritegik Bat aldizkarian eman zituen datu batzuk eduki ditut eskura, hemen ere kontsultatu daitezke batzuk. Ez dute kointziditzen, baina tira.

2005-06 ikasturterako datu hauek eman zituen adibidez:

Irakasleak: 1.523

Batez besteko adina: 38

Adin-taldeak

  • <30: 25,48%
  • 31-35: 17,27%
  • 36-40: 25,48%
  • 41-45: 19,04%
  • 46-50: 8,67%
  • >51: 4,86%

Ikasketak

  • Litzentziadunak: 57.61 %
  • Maisutzadunak: 18.19%
  • beste diplomatuak: 13.62%
  • gaituak: 10.58%
  • Bestelakorik: 0%

Esperientzia:

  • Aurrez emandako ikasturteak (batez beste): 10,27
  • Aurrez emandako eskola-orduak (batez beste): 7.033

Gaztelania irakasleak baino zaharragoak garela dirudi, erdiak baino gehiago 35 urteko mugatik gora gabiltza. Inkestan berriz hortik behera dabiltza gehienak. Iñurrategik oraindik gazteak garela dio, piropotzat hartuko dugu.Wink

Formazioa, edo hobeto esanda, ikasketak da konparatu daitekeen hurrengo eta azkenengo puntua. ELE irakasleak filologoak direla diote, gurean litzentziadunak erdia baino apur bat gehiago, filologo asko ibiliko dira gurean ere, ez dakit proportzioa baina.

Bestelakoetan ez daukagu konparatzeko daturik. Interesantea iruditu zait motibazioaren galdera, ELE irakasle horien erdiak bokazioz aukeratu dutela aitortu dute. Gurean helduen euskara irakaslea izateko bokazioa hainbesterainokoa izan daiteke? Zenbatek daukate bokazioa HEAn jarrita?

ELE irakasle horien artean %80k egoera laborala kezkagarria edo oso kezkagarria dela diote. Soldata baxuak dabiltza mundu horretan, 1.000 eurotik behera asko. Gurean alde nabarmenak egon daitezke administrazio langilearen estatusa daukatenen eta bestelakoen artean. Baina oro har ez dut uste hortik oso urrun gabiltzanik.

Inestabilitate handia aipatzen dute, gurean euskaltegi homologatuetan gerta daitekeen kasua izan daiteke, baina Udal Euskaltegietan ere zenbat jende dabil behin-behineko lanpostuetan?

Ondorioetan hiru arazo nagusi nabarmendu dituzte:

  1. Soldata duinaren beharra.
  2. Egonkortasun falta.
  3. Sektorearen erregulazio falta.

Irakasleak gero eta prestatuago eta interesatuago dabiltzala diote, baina lan-baldintzak ez ei daude horren neurrian. Gaztetasuna gainera ezegonkortasunaren seinaletzat hartzen dute, adinarekin hartu behar diren erantzunkizun ekonomikoei eusteko oztopoen ondoriotzat hain zuzen ere.

Egitekoen artean elkargo profesionala eta konbenioa sortzea proposatu dute.

Antzekotasunak bai, baina aldeak ere badaudela begitandu zait. Horrek ez du esan nahi HEAko irakasleen egoera soziolaborala ideala denik inondik ere. Egonkortasuna gurean apur bat handiagoa izan daiteke, baina irakaslearen lanaren erregularizaziorako hemen ere zerbaiten faltan gaudela uste dut, alderdi sozial, laboral eta profesionaletik.

Zer diozue zuek?

27
Eka
2007

BBOren haritik, ideiak

Lehengo astekoan ideia batzuk bota ziren han eta hemen. Funtsean, Josuk ederto laburtu duen legez, adar bi: Ikasleei begira zer? Eta irakasleoi begira zer?

Ideien bila hasita, saiatuko naiz inspirazio iturri batzuk zerrendatzen: aukerak, ereduak, tresnak....Zeuek osatzeko edo borobiltzeko.

Ikasleek zer behar/nahi lezakete?

Bi gauza posible: ikasteko baliabideak eta praktika.

Ikasteko baliabide iturri oparoa daukagu Ikasbilen adibidez. Ikasleak zer gehiago, edo beste zer behar luke? Ez dakit galdera honi argi erantzuten. Ikasleren bat badabil hemen inguruan berak pistak ematea eskertuko genuke. Interneten zeren bila ibiltzen zarete?

Pista modura edo, Karrajuan berton klaserako baliabideak atalean EGA eta ariketak dira gehien bilatzen direnak. Ez dakit bilatzaileak ikasleak ala irakasleak diren hala ere.

Praktika bideratzeko sare sozial moduko batzuek funtzionatzen dute beste hizkuntza batzuk praktikatzeko. Hemen dauzkazue nik orain arte del.icio.us-en batu ditudanak. Euskara praktikatzeko ere balio dezakete? Nire ustez hortik pista asko hartu daitezke, eta praktika eta hobeto dakienarekiko komunikazioa izan daitezke ikasleen eskakizunak.

Irakasleak

Irakasleok "klasean zer egin?" galdera hori sozializatzeko bideak aurkitu behar ditugula, eta lehengoan formatoei eta behar izanei buruz bota zirenak aintzat hartuta.

Norberaren materialak zabaltzeko bideak

Testuak. Bota dezagun gehienok testuen edizio eta maketazio programak erabiltzen ditugula: Word, Open Office edo, ausartenen kasuan QuarkXpress edo Freehand-en moduko maketazio eta diseinu programak. Sortzen diren artxiboak ez dira sarean argitaratzen errazak, html-ra ekartzea konplexua izan daitekeelako, edo artxibo handiak sortzen direlako. Horrezaz gainera, paperean inprimatu behar izaten dugu gehienetan. Bide posibleak:

  • Testu horiek PDFra ekarri. Gehien bat maketazio programa konplexuekin egindakoak. Horrela formatu bateragarritasuna ziurtatuko genuke. Hala ere, editatzeko aukera asko ere galtzen dira. Honetarako baina, oso soluzio interesgarria Scribd izan daiteke. PDF fitxategiak gorde, erakutsi eta .doc formatuan jaisteko aukera ematen du. Hau editatzeko edo moldatzeko moduak izan daiteke, egia da konbertsioan irudiak galtzen direla, baina testuak nahikoa ondo eskuratu daitezke horrela. Scribd-en aukera interesgarria bestalde, fitxategiak blog edo webgune batean txertatzearena da. Eta, zer esanik ez, word dokumentuak ere konpartitu daitezke han.
  • Dokumentuok sarean eskura ipintzeko, bestalde, disko gogor birtualak ditugu ugari han eta hemen. Ale pare bat botatzearren: box.net, xdrive, fabrik... Askoz gehiago daude, eta guztiek ematen dute aukera fitxategiak konpartitzeko. Beraz, ez dut uste, zabaldu nahi izanez gero, geure testuak (materialak, ideiak...) zabaltzeko oztopo handirik dagoenik.

Media fitxategiak. Audio eta bideo fitxategiekin egiten dugu lan gero eta sarriago. Kasu honetan, beharbada, arazo larriena ez da izaten sarean nola konpartitu, disko gogor birtualek honetarako aukera ere ematen digute adibidez, edo P2P sareek ere bai, zer esanik ez podcast-ak egiteko zerbitzuak. Hori fitxategiok dagoeneko nonbait gordeta ez daudenean (Ikasbilen adibidez).

Hala ere, kontuan hartuta, gaur egun oraindino teknologiaren bidezko ikas-ereduak (autoikaskuntzaren ingurukoak adibidez) ez direla ohikoena izaten, arazoa eskola presentzialean erabiltzeko orduan etortzen da. Audio fitxategiekin egia esanda, ez da arazo handirik izaten, mp3 formatua zabaldu denetik sarritan kopiatu baino ez da egin behar izaten. Bideoa izaten da konplexuagoa. Youtube-ren moduko guneetatik bideoak jaistea, oraindik orain, ez da samurra izaten, eta klaseratzea gatxagoa, kalitate minimo batekin behintzat. Konponbide posibleak:

  • Ordenagailu eramangarriak erabiltzea. Edukiz gero errazena, baina badakit hau oraindik ez dagoela guztion eskura. Gainera, ordenagailu eramangarrien pantailak ez dira izaten hamabost lagunek batera ikustekoak. Eta bideo-proiektorea ez dago oraindik euskaltegi guztien horniduran sartuta.
  • DVDak erabiltzea. Edizio lana egin behar da, eta, denboran baino ez bada ere, luze jotzen du eta, gainera, abilidade tekniko apur bat behar izaten da. Egin ahal da, baina konplexu samarra suertatu daiteke.

Ez zait soluzio errazagorik bururatzen bideoak zabaltzeko. Ez da arazo samurra, baina, egia esanda, beharbada, hain larria ere ez da, jakinda, adibidez, dagoeneko badabiltzala bideo bildumak euskaltegietan (Ikasbilena kasu). Beharbada bideoak ikusteko modua aldatuta ere aukera berriak zabaldu daitezke, hau da, taldekide guztiek ikusi behar dute bideoa elkarrekin eta aldi berean derrigor? Ez dakit ba, beste aukerarik?

Laburbilduz, irakasleok konpartitzeko uste dut baditugula aukerak eta tresnak sarean. Akaso arazo handiena gure ideiei eta jarduerei forma emateko eta zabaltzeko lana hartzearena izan daiteke. Motibazio hori emateko seguruenik, sareak (irakaslearena, ez sare informatikoak) zerbait aportatu behar dio norberari: tresnak, baliabideak, egin duena hobetzeko ideiak, talde-sentimendua, edo, besterik gabe, bere lanagatiko eskerrak.

22
Mai
2007

CVE/LEko berriak

II Congreso Virtual sobre Enseñanza de Español como Lengua Extranjera, duela aste batzuk iragarri genuen bezala, hasita dago honez gero, eta http://congresoele.com webgunean foro eta partaide desberdinen berri ematen hasi dira. Ezagunen bat ere dabilkigu hor.

Proposamen interesgarriak daude berton. Baten bat aipatzearren formaziorako bide berriak jorratzen dituzte hemen. Formazioa korse estuetatik atera eta irakaslearen pratikara hurbildu beharra sumatzen da, hura irakurrita atzo Gabinete de informatican irakurri nituen BarCamp-ei buruzkoak etorri zaizkit gogora, Desconferencias por estos lugares…. artikuluan hain zuzen ere. Teknologia alde batetik garapen profesionalerako bide berriak eskaintzen hasi da, baina horrekin batera, eta ez dut uste erlazio zuzen-zuzenean, kongreso, jardunaldi, ikastaro formula klasikoetatik harago egin beharra sumatzen hasi da hezkuntza eta irakaskuntza munduetan. Kongreso hau horren adierazlea izan daiteke neurri batean.

Izan ere, kongresan teoria didaktikotik harago joateko asmoa dagoela dirudi. Irakasleak, haien formazioa eta egoeraz ere mintzo dira besteak beste. Gaur, adibidez, El blog de Lolan kongresoko partaide batzuk espainiera irakaslearen egoera soziolaboralaz garatzen ari diren azkterketa-eztabaidaren markotik inkesta publiko interesgarria aurkeztu dute. Inkesta horretako galdera asko gurera ekarriko nituzke lasai asko. Hauek adibidez:

17. ¿Suele participar en actividades (cursos, talleres, encuentros, congresos, etc.) para la formación de profesorado español?
18. Si no suele participar, indique la razón principal:

  • Porque no necesito más formación
  • Porque no las conozco
  • Porque donde estoy no hay actividades de este tipo
  • Porque no sirven para mejorar profesionalmente
  • Porque son demasiado caras
  • Porque no me interesan
  • Por motivos que no están en esta lista

37. Señale los aspectos que más le preocupan de su profesión:

  • La falta de reconocimiento social
  • La inestabilidad del empleo
  • La escasez de empleo
  • El salario
  • Las escasas perspectivas de futuro
  • La carencia de una normativa laboral específica para los docentes de español
  • El intrusismo profesional
  • Otro (Por favor especifique)

Bistan dago ELEren munduan dabilen jendea pertsonengatik hasi dela kezkatzen, eta arazoei ekiten. Gurean noiz ekingo diogu halako gogoeta kolektibo konpartituari?

23
Api
2007

Sagrario Aleman euskaltzain oso izateko hautagai

Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain oso izateko hautagaiak. [Sareko Argia]

Euskaltzaindian hutsarte pare bat daudela, haiek betetzeko bi hautagai proposatu dira: Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra. Bakoitzaren merezimenduez ez dugu jardungo, baina aipagarria iruditu zait Sagrariori aitortu zaizkion merituen artean hau aurkitzea:

Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze mugimenduan ezinbesteko erreferentzia da. 1972an hasi zen helduen euskalduntzean. 1981-82 ikasturtetik aurrera Arturo Campion euskaltegian dihardu; zuzendari da 1982. urtez geroztik. Bestalde, mintegi ugaritan ibili da irakasle, besteak beste soziolinguistika, didaktika eta gramatikari buruzkoetan.

Euskaltzain asko ibili dira irakasle helduen euskalduntze-alfabetatzean, AEK bera ere, Euskaltzaindiaren magalean sortu zen. Hala ere, ez dakit orain arte merituen zerrendan hainbesteko pisurik eman zaion langintza honetan egindakoari.

11
Api
2007

Klase-cross

ELEren munduan (Enseñanza de/Español como Lengua Extranjera) aspaldian komentatu dut blogosfera interesgarria dabilela. Gaur El blog de mr1b3l izenekoan klasea tabernan ematen duen irakaslearen mezu hau irakurri dut: Extraños lugares donde impartir clase... Un bar. Komentarioetan ere halako esperientziaren baten berri eman da.

Tabernako bazter batean, ikasleak joan eta etorri, asistentzia desberdina, berbaroa, halamoduzko arbela eta mahaia,... Pentsatzen hasita, ez zaizkit hain bitxiak egiten haietariko kontu batzuk, norbera ere halako klase-crossa eginda:

  • Eskola aurreko ikasgela batean, aulki eta mahai liliputiarrekin.
  • Lantegi bateko erretzaileen gelan, smoking room horietako batean.
  • Txoko (gastronomiko) batean.
  • Museoa izan zitekeen bulego batean (laupabost koadro orijinal horman, eta ez edonorenak)
  • Kalean bertan, erreibindikazioa edo, beste barik, eguraldia medio. Halakoetan igartzen da bereziki ingurunearen eragina: hurreratzen den kuriosoa/kaparra, arreta galtzeko motiboen eraso etengabea, ...eta, jakina, ondotik pasatzen direnen begiraden aurreko lotsa.

Ez ditut barnetegietakoak edo klasetik kanpoko "ekintzetakoak" zerrendatuko. Horrek soka luzeagoa ekarriko luke. Galdera bi plazaratu nahi nituzke beste barik:

  • Eskola emateko ingurune perfektua behar da ezinbestean, ala ingurune horretara egokitzeko abilidadea eduki behar dugu? Hau da, eskola bere kontestu fisiko idealetik kanpo bideraezina da? Ala etekina atera dakioke?
  • Zeuek ere edukiko duzue halako esperientziaren bat, ezta? Konta ezazue mesedez, seguru gurean ere zer kontatu asko daukagula, elkarrekin barre apur bat egitearren sikieran. Animoa!

Eguneraketa:

Aipatu dugun mezuaren iruzkinen artean ikasteko era berria eskaintzen duen enpresaren berri eman du batek: Languages out there dauka izena, eta halako zerbait proposatzen du:

Saio bakoitzean gramatika eta hiztegi nozio batzuk ikasi eta gelan praktikatzen dituzu. Ondoren hirira joango zara irakaslearekin ikasi duzun hori benetako bizimoduan eta benetako egoeretan erabiltzera.

 Ez dakit zergatik, baina guretik ikusita ez nuke esango hain berritzailea denik, ezta?

04
Api
2007

Euskaltegiblogak: aurrera goaz

Karrajuarekin hasi ginenean euskaltegietako irakasle gutxi genbiltzan blogosferan. Panorama aldatzen hasi da azkenotan, HABEk antolatu dituen ikastaroek eduki dute zer ikusia nonbait, eta blogari plataforman blog berriak agertu dira urritik hona. Gehienak ikastarorako proba izatetik ez dira pasatu oraindik, baina gauza interesgarriak ere hasi dira ikusten. Aipatzeko moduko batzuk:

  • Zizka-mizkak: nahikoa landuta dagoeneko. Klaserako testuak eta jarduerak proposatzen eta zabaltzen hasi da. Sagardoaren inguruko hau adibidez. Lan polita.
  • Segarri: Klaserako jarduera nahikotxo zabaldu ditu dagoeneko. Elikaduraren ingurukoak asko. Ikasleekin erabiltzen hasi dela dirudi.
  • Camile Fauque: denetariko edukiak zabaltzeko asmoa dauka, ez du klaserako gauza askorik zabaldu oraindik, kontu pertsonalak ere badaude, baina nahikoa landuta dago. Bide batez, berau izan da bere aurkezpen pertsonala egin duen bakarra. Gauza gehiago prometitzen du, jarraitu egin beharko zaio.

Gehiago ere badira, zaila da HABEren ikastaroko blogak zeintzuk diren jakitea, euren arteko esteken eta komentarioen bidez deskubritzen dira beste batzuk. Ea laster baten HEAn blogosfera polita osatzen dugun. Eta blogarien arteko "elkarrizketa" gehiago. Izan ere, ikasleei eta ikasgelara oso enfokatuta ikusten ditut gehienak, irakasleon zer esanak ere gustura irakurriko genituzke gehiago.

Sindikatu edukia