irakasleak

27
Aza
2007

Irakaslea eta makina

Lehengo ostiralean Topagunearen jardunaldiarekin batera, Elgoibarren IMHk antolatuta Lanbide heziketa, irakatsi-ikasi prozesua eraberritzen jardunaldia egin zen.

Lanbide heziketaren inguruan antolatu arren, hezkuntza eta irakaskuntzarako oro har programa interesgarria egon zen.

Han egon zen lankide batek motibazioaren inguruko hitzaldian Carles Monereo irakasleari entzundako hau ekarri digu:

" Todo profesor que pueda ser sustituido por una maquina merece ser sustituido" (Makina batek ordeztu ahal duen irakasleak makinak ordeztea merezi du)

Hanka biko makina sentitu zara inoiz?

25
Aza
2007

Irakasle parrapleroak

Eztabaida interesgarria Francisco Herreraren blogean.
TTT eta STT siglak ekarri dizkigu Herrerak An ELT Notebook blogetik: Teacher Talk Time (irakaslearen mintza-denbora) eta Student Talk Time (ikaslearen mintza-denbora).

Eskola denbora gehiena berbetan ematen duten irakasleak kritikatu ditu. Ikasleek behar duten denbora eta buru-lanen kalterako delakoan.

Emilio Quintanak argudio interesgarriak kontrajarri dizkio. Irakurri eztabaida, mamitsua eta interesgarria.

Eta gero galde diezaiogun geure buruari:

  • Zenbat denbora ematen dugu klasean berbaz? Ikasleek baino gehiago?
  • Berriketa, hartu-emana sortzen dugu ikasleekin?
  • Esaten duguna esanguratsua da? Input egokia da?
  • Zelan eskuratzen du ikasleak jarioa?

Mintzapraktikaren kontzeptua aspaldi agertu zen gurean. Klasean praktikatzera eta mihia entrenatzera dedikatzen den denbora. Ikasleak hitz egin behar ei du horrelakoetan... eta irakasleak?

Berbetan mihia astintzen baino ez da ikasten?

Irakasle parrapleroak kaltegarriak dira?

Isildu nadin...

Analízate el TTT por si las moscas (Francisco Herrera)

Argazkia: The Egyptian Parrot God (oskay)

20
Aza
2007

Euskararen eguneko agurra

Euskararen Nazioarteko eguna laster dator, abenduaren 3an hain zuzen.

Bitartean, Argentina eta Uruguaiko euskara ikasle eta irakasleen Gu euskaldunak gara... Argentinakooak bloga aurkitu dut egunotan.

Han ipuinak, istorioak eta testuen artean, egun handia dela eta, hango euskaldunen agurra daukagu.

Biba zuek!

Argentina eta Uruguaiko euskaldunen agurrak.

10
Aza
2007

Bideo-klasea


polimedia

Migrazioa amaitu dela dirudi eta berriro gabiltza martxan. Berrikuntza teknologiko bitxia gaur, ez dakit noraino heldu daitekeen, baina aspaldiko zientzia-fikzioko filmeetan ikusten ziren etorkizuneko irakasleak gogoratu ditut.

Microsiervos-en bidez UPVren (Universitat Politècnica de València, ez EHU) Polimedia inbentoaren berri jaso dugu.

Polimedia atari honetan sartuz gero, ikusiko dituzue klase edo saioen zerrenda. Bakoitzaren gainean sakatuta, bideoa ikusteko aukera emango zaizue. Bideoetan bertako irakasle batek gai bati buruzko saioa ematen du. Alde batean irakaslea ikusten dugu, eta pantailaren erdian saioaren inguruko jakingarriak, grafikoak edo gidoia. Halako klase birtuala edo.

UPVn diotenez, asmoa ez da eskolak ordezkatzea, ikasleari material eta baliabide osagarri gehiago eskaintzea baino, eta gehituz joateko asmoa daukate.

Ez dakit noraino izango den baliagarria, baina lehenengo batean inpaktantea behintzat bada.

Hemen daukazue adibide bat: Diseño de materiales educativos con el uso de las tecnologías de información y comunicaciones. 

09
Aza
2007

Leire Narbaiza: Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak


Leire Narbaiza eibartarra euskal blogosferan aspaldian enpadronatu zen biztanlea dugu. Eibar.org komunitatean Kalamuatik Txargainera blogetik jarduten du honetaz eta hartaz. Blogaria ez ezik euskaltegiko irakaslea ere bada Leire, eta blogean gaur hausnarketa landua eta sentitua plazaratu du euskaltegiko irakasleon bizimodua eta sentipenez.

Plisti-plastak eman digu lehen Leireren artikuluaren berri. Gero Leirek berak jakinarazi digu, buelta asko eman dizkio buruari eta ahalik eta lankide gehienekin konpartitu nahi lukeela esan digu.

Irakurtzea eta komentatzea merezi duelakoan hemen dauzkazue pasarte batzuk:

Prestigioa: gai honen gainean asko hitz egin dut lankideokin Karrajua-n ere agertu da honen inguruko artikuluren bat Vaya semanita-n ere txisterik egin dute. Baina guk hori igarri, kalean igartzen dugu ezagunek askotan galdetzen digutenean: Oraindik zabiltza euskaltegian? Gure lana gaztaroan egiten den lanbidea balitz bezala, astialdiko begiraleak bagina moduan. Ia berrogei urte eta euskaltegian lanean? Arraroa.

Nire kontratuan “irakasle” dio, baita “erdi mailako teknikaria” baina nire soldata ez da teknikariarena, eta delegazioko zerrendetan gure esperientziak ez dauka punturik, euren aurrean gu ez gara eta irakasleak. Nire ia hamazortzi urteek 0 (zero) puntu daukate.

Soldatarekin jarraituta, ez naiz kexatuko; jakinda Aek-ko lankideak gure erdia inguru kobratzen dutela lan gehiago eginda. Horrek ere Udal Euskaltegietako irakasleok isildu gaitu askotan, eurekin inork ez zezan agrabio konparatiborik egin. Baina aipatu dudan moduan, ez bagara irakasle hezkuntza sailaren aurrean, zer edo zer izan beharko gara.

Pena hauek guztiauek bota arren, nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan. Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken baten, floreroa baino ez da. Polit egiten du programa eta paperean. Baina eguneroko jardunean, enbarazuan dago. Hori, kontatu dudan honetan garbi asko ikusten da. Guk egunero ikusten dugu

Leirek zer esanak eduki ditu eta ahalegina egin du plazaratzeko, aukera ona izan daiteke denok inoiz esan nahi baina gorde ditugunak botatzeko.

Bere blogean daukazue artikulua osorik eta berak nahi lukeen modura gure lanbide/bizimoduaz jarduteko aukera.

Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

Oharra: Karrajuan artikulu honi buruzko iruzkinak itxi egin ditut, Leireren blogera bideratzeko.

05
Aza
2007

Irakasleak behar dira

Lizarrako AEKn irakasleak behar dira. Hala jakinarazi digute hango ikasle-irakasleek sarean agertu den bideo honetan.

Diario de Noticiasen ere agertu da albistea: El euskaltegi busca 'irakasles'. Jende asko ikasi guran, alternatiba bakarra eta irakasle gutxi.

Irakasleen joan-etorria leku guztietan arazo bada, euskaltegi txikietan eta hiriburuetatik urrun zailago suertatzen da askotan eskaria asetzea. Arazo estrukturala izan daiteke nonbait eskatzen den unean eta lekuan euskara ikasi nahi duenari beti bidea ematea. Eta zaila era berean horretarako irakasle guztiei lanean iraunkortasuna eta prestakuntza ziurtatzea.

Irtenbide errazik ez dago, ez. Eskaintzan eta modulazioan berregituraketa sakona akaso.

Kontuak kontu, ikasteko animoa bizi-bizirik dabil Lizarra inguru horretan. Lastima izango litzateke lagun horiek ikasteko aukera galtzea. Ezta?

19
Urr
2007

Inbertsioa

I. kolegak inspirazioa ekarri dit gaur. Berbalagunekiko kontuetara bueltatzeko parada hain zuzen ere. Haiek euskara gora eta behera jardun zuten lehengo egunean. Guk euskara ikasteaz gaur.

Bi lagunekin ibili naiz gaur. Bi kontu: irakasleak eta dirua.

Pozarren etorri zaigu bat euskaltegitik. Irakaslearentzat loreak baino ez dauka. Inoizko onena. Euskaraz pentsatzen irteten ei da klasetik. Gustura dago, bistan da. Irakaslea ezagututa ez naiz harritu, ez. ;-)

Krashenek aspaldian bota zuen iragazki afektiboarena, eta irakasleak parte handia dauka horretan. Egiten duena sinestu, nahi eta sentitzen duen irakasleak arrakastarako puntu asko dauzka, teknika eta teknologia gutxiago edo gehiagorekin.

Halaxe nabarmendu du beste berbalagunak ere. Komunikatzen duen irakaslea baloratu izan du gehien ikasle ibilibidean, konektatzen duen irakaslea. Irakasleak lotu ditu bere ikas-prozesuaren gorabeherekin.

Teknologiaz-eta hainbeste dihardugun honetan, komunikazioa eta enpatiaren balioa hor dago beti. Ez ahaztu.

Ikasteko ibilibidea dela eta ez dela, atzera egin dugu.

Denbora eman dute biek euskara ikasten. Lau urte batak, hamar besteak, etenak tartean. Baita dirua gastatu ere. 6.000 euro inguru kalkulatu du batek. HABEren azterketak gaindituz gero erdia ere ez luke bueltan hartuko. Langileak dira biak, ez funtzionarioak, euren enpresetan ez dago euskara planik edo ikasteko laguntzarik. Gurasoak ere ez dira, eta Bilbon bizi dira. Hala izanda, HABErena dute dirulaguntza jasotzeko aukera bakarra. Defizita eurentzat, duda barik. Ez da oztopo izan orain arte, baina atsegina ere ez.

Irakasleak bezala, ikasleak ere gogoa eta ilusioa behar izaten ditu, eta honetarako saria lantzean behin botatzen diren loreak baino ez dira izaten.

14
Urr
2007

Zubi gorriak

Egutegia daukat bistan. Urriak 14 gaur. Hispanitatea gorabehera, gure egutegietan hiru egun gorri izan dira. Hamazazpi egun barru Domu Santu eguna, osteguna, lau egun gorri. Egutegian aurrera abenduaren 6-8koa, lau jai egun segidan (aurten Sortzez Garbiaren eguna larunbata da. Laaaastimaaaa!). Handik aste pare batera Eguberrietako oporrak, bi aste. Nafarroan Xabierrekoaren eguna ere hor dabil bueltan.

Ondo datoz udazkeneko jaiok, dudarik ez! Perretxikozaleentzat, mendizaleentzat, eskizaleentzat... eta zaletasun ezagunik ez daukatenentzat ere bai, neuk ere oraindik daukat birikietan Gaztelako paramoetako airea.

Baina Hegoaldean darabilgun egutegi hori ikusita, zubi deitzen ditugun horiek, zubi baino mendate iruditzen zaizkit gehiago udaren ostean euskara i(ra)kasteko erritmoa hartu nahi duenarentzat. Hiruhileko honi hankak hausteko halako etapa baten traza hartzen diot batzuetan alegia. Karreristok freskoen gauden unean hain zuzen ere.

Tira! Utz ditzadan kontuok. Ostiralean batu genituen perretxikoak jatera noa.... Onak badaude, GPSan daukat lekua markatuta... Domu Santurako.

Argazkia: Lisboa: Vasco da Gama zubia (Garaigoikoa)

Sindikatu edukia