irakasleak

11
Urr
2007

(des)espezializazioa

Plisti-Plastak gogoeta landuak bota zizkigun lehengoan espezializazioaz. Hantxe jardun genuen, eta gaia bueltak emateko dela uste dut, hausnarketan zein praktikan. Gaur, berriz, web2.0 zerbitzu berria topatu dut, hizkuntzen ikaskuntzarekin lotua: Livemocha, eta espezializazioaren kontua egosten jarraitzeko parada eman didate..

Livemochak hizkuntza batzuk ikasteko eta praktikatzeko zerbitzua eskaintzen du. Alde batetik hizkuntza batzuk ikasteko lekzio sortak eskaintzen ditu (lehengoan txinera ikasten jarri nintzen, pikatu egiten zara ba!). Bestalde, web2.0ren estilora erabiltzaileen euren esku uzten ditu beste zerbitzu bi: praktikatzea eta, interegarriena nire ustez, ikasten ari direnek bidaltzen dituzten testuak (ahozkoak nahiz idatziak) zuzentzea eta komentatzea.

Azken honetan zuzenketak edo iruzkinak egiten dituztenek ez dute zertan irakasle profesionalak izan, edonork komentatu eta zuzendu ditzake testua, blog baten komentarioen antzera.

Hizkuntzak ikasteko sare sozialez behin baino gehiagotan egin dugu berba hemen. Halako loraldia dabilela esan daiteke. Web2.0 guztian bezala, erabiltzaileen esku dago edukia, eta, kasu honetan, ezagutza zabaltzea.

Irakasleak espeizializatzea hartu dugu gogoetagai. Desespezializazio antzeko baten aurrean gaudela dirudi honekin bestalde. Ez dut uste kontrajarritako ideiak direnik, aitzitik, hizkuntzaren ikaskuntzaren bideak dibersifikatzearen aurrean gaudela susmatzen dut. Plisti-plastari ulertu (nahi) izan diodan ikas-prozesuaren banatzea, edo zatitzea akaso.

Alde batetik hiztuna irakasle (Nork aldarrikatzen zuen "Herria irakasle" hura?), beste batetik arlo batean zentratutako irakaslea-trebatzailea-tutorea-instruktorea, eta beste batetik hau dena gobernatzen duena, ikaslea (?) laguntzarekin (edo). Ze, kaosean ibiltzen jakin egin behar da eta.

P.D. Plisti, ez dakit hau amets gozoa, lokamutsa, bisioa ala déjà vu izan den.

Argazkia: Old Skool, Tinker*Tailor

30
Ira
2007

Espezializazioa

Plisti-plasta | 2007, Iraila 30 - 10:41

Oraingo honetan ere galdera pare batekin hasiko naiz: ez al zaizue iruditzen euskalduntzearen munduan oso jeneralistak garela, hau da, espezializazioaren bidea ez dugula behar beste jorratu?

Argi dago eskola tradizionalaren eredua imitatu dugula, baina ez al gaude kontu honetan pausutxo bat atzerago?

Begira diezaiogun eskolari. Bertan noizbait birplanteatu beharko den ereduari jarraitzen diote: lau hormadun gela nahiko itxiak, ikas-irakaskuntza norabide bakarrekoa neurri handi batean, pertsonalizazio urria... (badute/badugu honi guztiari buelta emateko zer pentsatua) baina euskaltegietan baino espezializazio handiagoa ematen da, zalantzarik gabe.

Lehen Hezkuntzan tutoreaz gain, irakasle espezializatuak (musika, ingelera,soinketa), aholkularia, hezitzailea, laguntza gela, berritzegunea... Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan espezializazioa areagotu egiten da: departamendu eta irakasle espezializatuak ikasgai guztietan...

Euskaltegi gehienetan, berriz, dela lehenengo maila, dela bigarrena edo hirugarrena, taldeko irakasle bakarra izateko joera dago. Joera honek egokitzapen kurrikularra zailtzeaz gain, ez dio behar beste laguntzen ez ikasleari ez irakasleari.

Irakasleoi ez digu laguntzen, ezen denetik jakin behar baitugu eta sarritan ito egiten baikara. Ezinean ibiltzen gara, denetik dakigu apurtxo bat baina nekez sakon genezake ezertan. Ikasleari ere ez dio gehiegi laguntzen. Nire ustetan 3. mailan diharduen batek laguntza handiagoa izango luke tutoreaz gain, koordinazio egoki batekin, irakasle espezializatuekin (trebetasunka adibidez) lan egingo balu.

Administrazioak ere badu zeresana honetan, zurrunegi jokatu du ikastorduen kontu horrekin eta honek euskaltegien egituraketa okerra ekarri digu. Euskaltegiek ez diote bide egin espezializazioari (beste erremediorik izan ez dutenean baino: autoikaskuntza deiturikoaren kasuan, adibidez) baina administrazioak ere diru-laguntzetatik kanpo utzi ditu zenbaitetan espezializaziorako bideak.

Imajinatzen al dituzue euskaltegietan Tailerrak, Idazmen/Entzumen irakaslea, Laguntza gelak, Eskualdeko Berritzeguneak... Hain utopikoa al da?

24
Ira
2007

Irakaslea izateko probak

Duela egun batzuk mezu hau irakurri nuen erabili.com-en Gurien atalean: Irakasle lan poltsarako hautapen proben egutegia zehaztuta.

Ikasturte hasieran publizitatearekin batera leiv motiv bietako bat, lana. Azpetiko Udal Euskalegiko irakasle lan poltsa osatzeko hautapen probaren iragarkia da berau. 

Ea ondo ulertu dudan:

  • Azpeitiko Udal euskaltegian irakasle postua eskuratzeko 4. hizkuntz eskakizuna behar da. Beste udal euskaltegietan ere bai?
  •  Helduen euskara irakaslea izateko glotodidaktika jakintza frogatu behar da. Zer jakintza? Zein da HEAko irakasle baten gutxieneko profila?
  • Non ikasten da hori guztia? 4. HE eta glotodidaktika.
  • Euskaltegi ez publikoetan dihardugun guztioi eskatuko zaizkigu baldintza horiek? Noiz? Zeintzuk zehazki?
  • Hori guztia frogatzen duenak lana edukiko du, edo lan-poltsa batean geratu beharko du zain?
  • Zer karajo esan nahi du honek guztiak? Proba probatzeko proba da?

Kezkagarria iruditu zait. Ez egin beharreko probengatik. Probak eurak eta probok egiteko moduarengatik baino.

Kasu honetan behin-behineko funtzionari postua betetzeko baldintzak zehaztu nahi direla dirudi. Inoiz definituko ote da HEAko irakaslearen profila? Eta horretarako formazio plana eta baliabideak zehaztuko dira?

Alde batetik, euskaraz jakin eta dagokion unibertsitate agiria daukan edonor izan daiteke euskara irakaslea. Bestetik, halako 4 HEa eta glotodidaktika ezagupena bezalako eskakizun lausoak ditugu.

Azterketitisa gure artera ere helduko ote da?

Hainbeste irakasle ote dago galbahea pasatzen ibiltzeko?

14
Ira
2007

Curriculum ez kurrikularrak

Ikasturte berriaren atarian ez da publizitatea dantzan dabilen bakarra. Karrajura curriculumak ere heldu dira egunotan.

Detaile batekin akordatu naiz lehenengo, Arkaitz Karrajuko kolaboratzaileak zelan sinatu zuen lehengo egunean erabili.com-en argitaratu zuen artikulua.

Gero, lanean egunotan behin baino gehiagotan entzun dudan galdera: Zenbat jende daukagu glotodidaktikan?. Irakasleen egoeraren inguruan irakurri dudan zerbait ondoren.

Helduen euskara irakasleen egoera azken batean. Eta berriak ez diren gogoetak parrastaka:

  • Irakasleen egoera (laborala, soziala, profesionala...) ez nuke esango ona izaten denik, baina ez dakit zergatik, gutxi egiten da berba honetaz. Tabua ote da?
  • Irakasleak lortzeko arazoak daudela dirudi. Leku askotan behintzat. Joan-etorri handia-edo, egonkortasun gutxi... Prekarietateaz hitz egin ahal dugu? Plantilak egonkortzen dira?
  • Argi dago, egoera desberdinak daude, funtzionarioetatik ordu gutxiko ordukakoetara. Makroeuskaltegi ondo hornituetatik euskaltegi txikietara. Orekatuta dago sektorea?
  • Gure lanak prestigioa daukala pentsa daiteke. Euskararen zabaltzaileak, jende majoa, jatorra ei gara. Baina kostatzen da jende berria erakartzea. Oraindino zabiltza euskaltegian? galdera behin baino sarriago entzunda nago ni neu behintzat. Ez da lanbide serioa? Inor ez da ezetz esatera ausartuko. Baina pentsatu?
  • Kohesiorik badago gure sektorean? Irakasle berria komunitate baten partaide sentitzen da? Sektore batekoa?
  • Pozik gaude gure lanarekin? Zerk ekartzen digu damua edo frustrazioa? Bizi ahal da honetatik eta honela?
  • Prestatuta sentitzen gara? Seguritatea, animoa, konfidantza... daukagu?

Haritik tiratzen jarraitu daiteke, ariketa osasuntsua izan daiteke nire ustez. Curriculuma idazten hastea baino nahiago nuke.

12
Ira
2007

Idiomato: hizkuntz irakaskuntzaren Zabaldu


Honez gero gehienok ezagutuko duzue Zabaldu.com. Badakizue, erabiltzaileek sarean aurkitu dituzten gauza aipagarriak bidaltzen dituzte eta beste erabiltzaileen balorazioekin gehiago edo gutxiago zabaltzen dira. Sistema hau ingelesezko Digg-ek ipini zuen martxan, eta kasu gehienetan arrakastatsu suertatu da.

Hizkuntza desberdinetan egin dira bertsioak, Zabaldu.com daukagu euskaraz, eta inguruan hauek besteak beste: Scoopeo (frantsesez), Meneame (gaztelaniaz), La tafanera (katalanez), Chuza (galizieraz)...

Digg tematikoak ere eratu dira, adibidez gaztelaniazko Docencia.es, hezkuntzaren inguruko gunea.

Lehengo egunean nodos_ele blog kolektibo berriaren bidez halako digg tematiko berriaren albistea heldu zitzaidan, Idiomato.

ESL (English as second language, Ingelesa bigarren hizkuntza bezala) ikasleentzako direktorio soziala izateko jaio da, baina ingelesa ez ezik hizkuntza hauetarako ere egin dituzte atalak: gaztelania, alemanera, portugesa, frantsesa eta txinera. Other languages atala dago gainera, bestelakoak sartzeko.

Abian hasi da gunea eta momentuz gutxi baina denerik aurkitzen da: ikasmaterialak, podcast-ak, ariketak, blogak, eta artikuluak markatu dituzte erabiltzaileek.

Hemen berton aspaldian egin dugu berba euskara ikastearen inguruan baliabideak zabaldu eta sozializatzeko plazen beharraz, Karrajuan esperimentu pare bat ere egin dugu. Ekaineko BBB hartan ere honetaz jardun genuen (bide batez, hurrengoa noizko?).

Digg estiloko gune hauek normalean nahiko aktiboak izaten dira. Interesgarria dirudi euskara ikastearen inguruko halako gune bat. Ezta? Sarean markatzeko eta komentatzeko generoa egon badago.

11
Ira
2007

Nor-nori-nork-en jaiotza?

Aste honetako Argian (2101 zbkia.) Gontzal Fontaneda euskara irakasle beteranoari egin diote elkarrizketa.

Euskal aditzaren gaineko teoria heterodoxoa garatu du, eta teoria haren gainean aditza lantzeko metodoa egina dauka: Euskal euskara. Liburuan argitaratuko ei diote laster, baina aspaldian jarri zuen sarean.

Teoriaren eta Gontzalen irakasle-esperientziaren gorabeheren artean, pasarte batean kontatutakoa egin zait deigarria:

Nola ikasi zenuen euskara?
Araban bazen Araiako Urrestarazu [Andoni Urrestarazu, Umandi, 1902-1993]. Euskaltzale fina zen eta gramatika bat egin zuen, nolako gramatika! Oraciones objetivo-pronominales, alegia, lehen ez zegoela nor-nori-nork. Urrestarazuren hiruzpalau ikasle Gasteizen zortzi bat ikasleri irakasten hasi ziren. Horrela hasi nintzen ni.
Urrestarazuren gramatikarekin hasi zinen orduan.
Gero azaldu zen nor-nori-nork, Elvira Zipitriaren bidez. Estibalizko priorea bere ikaslea zen, nire adiskidea eta liburuxka bat idatzi zuen: Nor-nori-nork el secreto del verbo vasco.

Ez dut inoiz pentsatu edo kontsultatu izan ohiko egin zaigun terminologia hori -nor-nori-nork, nor-nork eta enparauak- nork-noiz sortu zuen. Ez da garrantzi handiko kontua izango, baina eduki duen arrakasta ikusita jakin mina pizten da.

Orduan sortu ote zen euskal aditzaren mitoa ere?

21
Abu
2007

HABE: prestakuntzarako jarduera berriak

Abuztuko hirugarren astea ez da gurean iragarpenak egiteko ohikoena izaten, baina Ikasbilen irailetik aurrerako prestakuntzarako egutegia plazaratu da. Norberaren neurriko sei ekitaldi eta sei ekitaldi ireki.

Egia esanda, orain irailean egingo direnak norberaren neurrikoak dira gehienak, hau da, euskaltegi edo erakunderen batek aurretiaz eskatutakoak, eta ekitaldi irekiak urritik aurrerakoak, beraz, inork interesa edukiz gero jakiteko eta izena emateko astia edukiko duela pentsatu daiteke. Esteka honetan daukazue zerrenda (pdf).

Aurretiaz egin diren ekitaldiak dira gehienak, baina badago berrikuntzaren bat, Wikia, elkarlanean idazteko Interneteko tresna: funtzionalitateak eta erabilera didaktikoak adibidez. Aurreko Hizpide batean idatzi zuten artikulua ikastaroaren emaleek, orain ikastaro batera ekarriko dute gaia.

Beste berrikuntza bat Ikaskuntzaren eraketa: on-line eta aurrez aurreko lana uztartuz izenekoa izan daiteke. Teknologia eta on-line bideak zabaldu ditzakeen aukerez jardun nahi da honetan.

Ea zer ematen duten. Gauza ba argi hala ere, bai edukietan bai bideetan (Moodle-en bidez egingo dira denak) teknologia dugu protagonista nagusia.

Formazioaren kontu honetan aurrerapauso teknologikoak ematen dabiltza HABEkoak duda barik, baina formazioa antolatzeko sisteman ez da berrikuntza handirik sumatzen. Pentsatzeko kontu pare bat.

  • Norberaren neurriko ikastaroak / ikastaro irekiak sistema honek sektorean interesa eduki dezakeen jende guztiarengana heltzeko modua ematen du? Bale, baten batek esango du: Eta interesik badago gurean prestakuntzarekin? Beste galdera bat ipini daiteke mahai gainean hala ere: Interesa pizteko zer egiten dugu?
  • Euskara irakasleen prestakuntzarako behar izanak aztertzeko eta formazioa antolatzeko zer bide jarraitzen dugu? Eskatzen denari kasu egitea da bide bakarra? Irakasle guztien beharrak berdinak dira? Aurten lan-taldea eratu da honi erantzuna emateko. Ikasturte honetan ikusiko dugu zer ematen duen.
  • Bestalde, esperientziagatik, formazioa antolatzeko gure sektorean arazo bi agertzen dira nagusiki, irakasleen disponibilitatea edo denbora batetik (teknologiak konponbide egokia emango ote dio?), eta formazio "praktiko" baten beharra bestetik. Azken puntu hau ez da argia izaten, irakasle askok errepikatzen duten leloa da hala ere. Praktikotasun hori zer den esatea ez da erraza, seguruenik gauza asko daude horren atzetik, baina lantzen dena aplikatzeko bada -eta formazioaren emaitzak serio ebaluatu nahi badira- ez ikastaroak bakarrik, formazioak irakasleen lanean hobekuntza bilatu behar da, ez soilik lantzean behin ikastaro-jarduera sortak gauzatu, eta ez diot HABEgatik bakarrik.

Pentsatzeko kontuak dira, oporrak amaitu ostean buelta pare bat emateko, mezu hau irailean hemen egongo da oraindik...

01
Abu
2007

Eklektizismoa

Jose Luis Cabelloren Laboratorio de idiomas en secundaria blogean artikulu berria: El acercamiento ecléctico.

Blog honetan hizkuntzen irakaskuntza eta didaktikaren teoriaz artikulu laburrak publikatzen dira. Hasiberrientzako aholkuekin ibili ginen aurrekoan, eta aholkuen artean blog hau botako nuke, eskuliburu modura erabil daiteke gaur egun "teoria" zertan den eta "didaktikaren" errepide mapatxoa buruan egiteko.

Eklektizismoaz entzun dugu azkenotan, baten batek beste "metodo" bat dela pentsatu du akaso, Cabelloren artikulua irakurrita berriz, definizio hau botako nuke:

Ikaslearen helburuak betetzeko uneoro biderik eraginkorrena bilatu, orain arte egin diren ekarpen eta ikuspegiak bat ere baztertu barik.

Ikusten denez, "teoria" berria barik, lan-ikuspegia da gehiago, funtzionala oso. Horrela esanda konforme egon naiteke, eta jarraibide modura gomendatu ere egingo  nuke, baina arrisku pare bat barruntatu ditut..

  • Ikasle, ikas-prozesuaren unea, ingurunea, baliabideak... horiek dira estrategia egokiena bilatzeko abiapuntuak. Ez dadila erabili irakaslearen inmobilismoa edo erosotasuna justifikatzeko
  • Eklektizismoa hetereogeneitatea da neurri baten. Eta heteroegoneitatea ikasle ezberdinen artean ere badago, hau da eklektizismoarekin denboran zehar jokatu ahal da, baina ikasleen artean ere bai.
  • Ez dezagun ez berrikuntza datorrenean aurreko guztia bertan behera bota, ez berrikuntzari begiak itxi lehenagoari itsu-itsu eutsita. Eklektizismoaz jokatzeak oreka (eta zentzuna) eskatzen du gehien bat, eta aipatutako bi jokaera horiek zelako kalteak ekarri dituzten denok daukagu eskarmentua (ezta?).
  • Honela bada, ez dezagun eklektizismoa erabili kontserbadurismoa justifikatzeko. Jokaera eklektikoak, berrikuntzek egin ahal diguten ekarpenei adi egotea eskatzen du besteak beste.

Ufa! Abuztuko lehenengo egunerako kontu potoloarekin nator...

Sindikatu edukia