portfolioa

17
Urr
2009

Galileo Galilei

Plisti-Plasta | 2009, Urria 17 - 18:24

Imajina ezazue zeuen burua itsasontzi batean nabigatzen, aldaketa handirik gabeko abiaduran, itsaso barean. Eta gogora itzazue Galileoren hitzak:

Sar zaitezte lagun batekin kabina nagusian, itsasontzi handi baten bizkar azpian, eta eraman itzazue bertara euliak, tximeletak, eta beste animalia txiki hegalari batzuk… Azpian jarritako galdara handi batean tantaz tanta hustuko den botila eskegi… Itsasontzia nahi duzuen abiaduran jarri, betiere gorabehera handirik gabeko higidura uniformean… Tantak azpiko ontzian eroriko dira poparantz desbideratu gabe, nahiz eta tantak airean direla  itsasontziak aurrera egin… Tximeletek eta euliek hegaz jarraituko dute batera eta bestera, eta ez dira guztiak poparantz joango, itsasontziaren ibilerak nekatu balitu bezala.

Beraz, ontziaren bizkar azpian esperimentuak egiten ari den nornahik ezingo du jakin itsasontzia geldi ala mugimenduan dagoen.

Atera gaitezen, orain, itsasontziaren itzaletik, aska ditzagun gure euli, tximeleta eta buruko txoriak eta begira diezaiogun lehorreko talaiatik kaiari, ontziei,  mugimenduari eta urari.

Bi zamaontzi handi ikusten dira urrunean, geldi, astun ainguratuta. Port Folio deitzen da bata, Heok bestea. Teknologia berriek nabigazio moduak, neurri batean, aldatu aurretikoak dira. Ontzi handiak izaki, mugimendu geldokoak izan behar dute ezinbestez. Baina geldiegi daude, kulunka ere ez dute egiten. Oraindik herdoildu gabe dauden arren,dagoeneko nabari dute kresalaren erasoa eta azpiko ura ere usteltzen hasia da. Mota askotako edukiontziz beteta daude baina portuaren azpiegitura ez da edukiok garraiatzeko behar bezain sendoa. Marinel batzuk alai daude zubian tximeletei begira; beste batzuk, ordea, nahiko haserre, euliak astindu nahian. Eszena bitxia, alajaina!

Itsasadarreko uraren mugimendua ere harrigarria da, kontrako norabidean doala dirudi, baina beste baterako utziko ditugu mekanika eta Newtonen legeak.  Gaur Galileoren eguna da eta heldua da talaiako eskailerak jaisteko ordua.

Argazkia: Homeward Bound. Lizentzia. Egilea: Stevec77.

06
Uzt
2007

PRP

El blog de mr1b3len esteketan Maribel Gonzalez blogari-irakasleak beste blog bat egin duela ikusi dut: maribelele. Blog bi zertarako? Pentsatu dut. Baina bigarren hori ez da blog-bloga. Sigla batzuk dabiltza hor gora eta behera: PRP. Eta egilearen etengabeko gogoeta interesgarriak bere lanaz eta ikerketez.

Zer da PRP hori bada? Esteketan topatu dut klabea, beste blog batean: Portafolio Reflexivo del Profesor de E/LE.

Bartzelonan abenduan egin zen XV Encuentro Práctico de Profesores ELE-n hasi zen kontua dirudienez. Bertan Bartzelonako Unibertsitateko Vicenta Gonzalez eta J.Tomàs Pujolàk tailer batean landu zuten proposamena (hemen daukazue tailerraren aurkezpena, bideo eta guzti, eta hemen topaketen dossier osoa, kontuz, pdf 4.2mb!), eta arrakasta eduki duela dirudi.

Aurretik Pujolàk Aula de Innovacion Educativa aldizkarian plazaratu zuen artikulua: “El portfafolio: la reflexión explícita del proceso de aprendizaje en la formación de profesores de E/LE”, Aula de Innovación educativa, 146, 65-67. Barcelona: Graó.

Horrez gain, blogean diapo hauek ipini dizkigute PRPa zer den azaltzeko:

Tailer hari segida ematen hasi dira irakasle batzuk, eta euren PRPa norberaren kaxoian gorde beharrekoan blogen bidez agerian jarri digute guztioi. Hemen batzuk:

Proposamena eta erantzuna interesgarriak dira behinik behin, eta zer penstatua ematen dute:

  • Blogak formaziorako tresna dira duda barik, baina ez formazio ikastaroak emateko soilik (hori ere egin ahal da), norberaren gogoetak eta deskubrimenduak plazaratzeko eta konpartitzeko bide bezala ere aukera ugari ematen dituzte. Hori bai, Maribelek dioen modura, profil edo jarrera "komunikatiboa" behar da nonbait.
  • BBBn ikasmaterialak trukatzeko eta aberasteko erabileraz jardun genuen, bai, baina ikasmaterialekin batera gure jardueraren gainean hausnarketa globala plazaratzeko ere bai.
  • Beharbada, PRP horren estrukturazioari jarraitzea zaila egin ahal zaie askori. Hala ere, hainbesteko sistematizazio barik ere zerbait egin daitekeela uste dut.
  • ELEren munduan formazioaz eta hobekuntzaz jarduteko gogoa dagoela dirudi, ez dakit, hainbestetan gertatzen den bezala, blogosferako saltsa honek atzetik dagoenaren okerreko inpresioa ematen ote duen, baina, aurretik dabiltzanak behintzat, gogotsu dabiltza. Gurean berriz, bistan behintzat, gutxi. Eta ez diot blogosferako giroagatik bakarrik, Topaketa praktiko horiek bezalakorik ere ez da gurean askorik, edo hala iruditzen zait neuri behintzat. Ikastaroa-hitzaldia erroberatik harago joan beharko genuke beharbada.
Sindikatu edukia