irakasleak

23
Ira
2006

Partikularrak

Technorati-n euskaltegien inguruan bilatzeko jarioak jarraitzen du fruituak ematen. Gaurkoan eskola partikularrak ematen dituen neska baten bloga edo space-a topatu dut. Windows live spaces-en barruan.

Bide batez, blog plataforma klasikoetan (blogger, blogsome, blogak.com, blogari.net, mundua.com...) topatzen den jendearen aldean oso bestelakoa izaten da hemen dabilena: gaztea, informalagoa,...biziagoa ere bai. Ez dira blogari klasikoak baina jeneroa egon badago, eta gauza interesgarriak topatzen dira, edo entretenigarriak, freskoak,... behintzat (Ubuntu eta Firefox erabiltzen ari naiz, zin dagizuet).

Harira joanda, eskola partikularrak ematen ditu neska honek eta bere ikasleen arazoa kontatu du post honetan. Ez da gauza berria, hemen eta beste leku batzuetan inoiz jardun dugu horretaz. Langile jende askorentzat euskara ikasteak dakarren ahalegina, titulazioa lortu beharraren presioa eta horretarako ze erraztasun gutxi ematen zaizkien. Ez diot horri buelta gehiago emango dena dela, ez zait ezer berririk okurritzen eta.

Irakasle partikularrekin akordatu naiz berriz. Ez dugu inoiz haien gainean berba egin egia esanda. Inoiz gerrilariak aipatu ditugu, baina partikularrak ez.

Zenbat jende dabil euskara-klase partikularrak ematen? Ez dut uste jakiteko modu errazik dagoenik, baina ez direla gutxi barruntatzen dut. Euskara gainditzeko arazoak dauzkaten umeak eta gaztetxoak, titulua behar duten funtzionarientzako eskola estrak, ... Era berean, partikularrak deitu dakieke hainbat karguri (politikariak, enpresariak, exekutiboak....) eskola indibidualizatuak ematen dizkietenak ere (ez dut uste Ibarretxe, adibidez, euskaltegi bateko talde arrunt baten ibili denik). Hauek ere Partikular izenpean ere sartzen dira, baina ez dut uste kategoria berean daudenik ezta?

Irakasle partikularren beharrak pentsatu liteke euskaltegion (edo eskolaren) hutsuneak uzten dituela agerian: eskaerari erantzuteko gaitasuna, emaitzak lortzeko zailtasuna,... Egia esanda ez dirudi euskaltegiok eta gure inguruko erakunde ofizialak horregatik lar arduratuta gabiltzanik.

Bestalde, irakasle partikular hauen dedikazioa eta egoera laborala zein den ere ez da erraza asmatzen. Honetatik bizi direnik badagoela dakit, ez dira gehienak izango hala ere, gehienentzako ikasi edo bestelako lana (euskaltegi baten askotan) aurkitu bitartean dirutxua lortzeko modua besterik ez da izango segurutik.

Neska honek dioenetik gauza bat igartzen da hala ere, euskalduntzearekin ardura daukate batzuek behintzat. Ez dakit zer prestakuntza pedagogiko izango duten, ezta eskolak zelan planteatzen dituzten edo zer material erabiltzen duten ere, baina sikieran errespetoa eta laguntza mereziko dute askok. Eta euskaltegion eta erakundeen partetik hutsune horietaz hausnartzea.

30
Abu
2006

Bueltan eta etorrian

Hemen gatoz bueltan. Amaitu dira kardaberen erretratuak. Gaur bueltako lehenengo eguna eta ospatzeko... posting.
Ez dakit besteok zelan ibiltzen zareten oporren ostean, gurean opor luzeak izaten dira eta ni neu behintzat honako lehenengo egunak orsay-n pasatzen ditut. Zertan genbiltzan? Zer eduki dugu egiteko? Hau, mahai gainean dagoen oharra zeozertako zen baina zertako? Bueltan zeozer inportantea egin behar zen atoan, baina zer zen hain inportantea? Hain inportantea zen? Zeozer inportanterik bazen benetan? Tira, izanaren azken muinerainoko buelta guztiak huts perfektuan amaitzeko.
Burutazio filoestupefazienteok derrenpentean amaitu dira baina. Abuztuan guardian eduki dugun lankideak iraileko glotodidaktikako zerrenda pasatu didanean. Overbooking-a daukagu bata! Jeseeeuuus! ikastaroa hasteko astebete faltan topea gainditurik eta ez dakit zenbat itxaron-zerrendan. Gure koadrilakoa izateko halako bokazioak! Ordutegi txarrak, seguritate gutxi, soldata ere ez da haziendari izkutatzeko modukoa... etorri datoz berriak hala ere.
Inoiz komentatu dugu helduen hizkuntza irakasleen label soziala. Euskara irakasleoi ere sarritan misiolariei legez begiratzen zaigu. Meritu makala zuena! Ondo neska-mutilok! Beharleku hau (berriro) hartuko ez lukeenaren ahotik jeneralean. Meritu handia eta iritzi ona baina balio erantsi gutxi.
Eta misiolarien modura helduen euskalduntzean jarduteko fedea eta bedeinkapena (EGArena eta unibertsitarearena) nahikoa dira nonbait. Urteak egin ditugunok aspaldi konturatuta gaude langintza hau konplexua dela, ez dela borondate eta bokazio kontu hutsa. Etengabe burua nekatzen ibiltzea derrigorrezkoa da gauzak ondo egingo badira, eta hasteko orduan askoz gehiago.
Hasierako formazio beharrik ez izatea eta gure prestigioa bat eginda datoz seguruenik. Honetan hasteko inolako formaziorik eskatzen ez bada, edo eskatzen dena arautu, batu eta antolatu gabe badago, jendartera zabaltzen duguna (ia) edonork egin dezakeen lanarena da. Gogo eta umore handia behar dira, baina ez prestakuntza berezirik dirudienez.
Helduen euskalduntzeak arrakasta eta segida izan dezan irakasle berrien formazioa hobeto antolatu behar dugulakoan nago, eta erakunde publikoei eta unibertsitateari begiratuko nieke, baina guk geuk ere ardura handia dugu horretan.
Zati baterako lana dago oraindino gurean, irakasleak jubilatzen hasi dira eta berriak beharko dira. Eman diezaiegun berrioi hasteko behar dutena: formazioa eta gure esperientziatik datozenak, kolaborazioa eta komunikazioa, tresnak eta baliabideak. Eta eman diezaiegun era berean lan honetan jarraitzeko bidea ere: errekonozimendua, sustengua,... eta ahal denik eta balio erantsietarik gehien (finantzieroa eta finantzieroa ez dena).

Sindikatu edukia