27
Eka
2007

BBOren haritik, ideiak

Lehengo astekoan ideia batzuk bota ziren han eta hemen. Funtsean, Josuk ederto laburtu duen legez, adar bi: Ikasleei begira zer? Eta irakasleoi begira zer?

Ideien bila hasita, saiatuko naiz inspirazio iturri batzuk zerrendatzen: aukerak, ereduak, tresnak....Zeuek osatzeko edo borobiltzeko.

Ikasleek zer behar/nahi lezakete?

Bi gauza posible: ikasteko baliabideak eta praktika.

Ikasteko baliabide iturri oparoa daukagu Ikasbilen adibidez. Ikasleak zer gehiago, edo beste zer behar luke? Ez dakit galdera honi argi erantzuten. Ikasleren bat badabil hemen inguruan berak pistak ematea eskertuko genuke. Interneten zeren bila ibiltzen zarete?

Pista modura edo, Karrajuan berton klaserako baliabideak atalean EGA eta ariketak dira gehien bilatzen direnak. Ez dakit bilatzaileak ikasleak ala irakasleak diren hala ere.

Praktika bideratzeko sare sozial moduko batzuek funtzionatzen dute beste hizkuntza batzuk praktikatzeko. Hemen dauzkazue nik orain arte del.icio.us-en batu ditudanak. Euskara praktikatzeko ere balio dezakete? Nire ustez hortik pista asko hartu daitezke, eta praktika eta hobeto dakienarekiko komunikazioa izan daitezke ikasleen eskakizunak.

Irakasleak

Irakasleok "klasean zer egin?" galdera hori sozializatzeko bideak aurkitu behar ditugula, eta lehengoan formatoei eta behar izanei buruz bota zirenak aintzat hartuta.

Norberaren materialak zabaltzeko bideak

Testuak. Bota dezagun gehienok testuen edizio eta maketazio programak erabiltzen ditugula: Word, Open Office edo, ausartenen kasuan QuarkXpress edo Freehand-en moduko maketazio eta diseinu programak. Sortzen diren artxiboak ez dira sarean argitaratzen errazak, html-ra ekartzea konplexua izan daitekeelako, edo artxibo handiak sortzen direlako. Horrezaz gainera, paperean inprimatu behar izaten dugu gehienetan. Bide posibleak:

  • Testu horiek PDFra ekarri. Gehien bat maketazio programa konplexuekin egindakoak. Horrela formatu bateragarritasuna ziurtatuko genuke. Hala ere, editatzeko aukera asko ere galtzen dira. Honetarako baina, oso soluzio interesgarria Scribd izan daiteke. PDF fitxategiak gorde, erakutsi eta .doc formatuan jaisteko aukera ematen du. Hau editatzeko edo moldatzeko moduak izan daiteke, egia da konbertsioan irudiak galtzen direla, baina testuak nahikoa ondo eskuratu daitezke horrela. Scribd-en aukera interesgarria bestalde, fitxategiak blog edo webgune batean txertatzearena da. Eta, zer esanik ez, word dokumentuak ere konpartitu daitezke han.
  • Dokumentuok sarean eskura ipintzeko, bestalde, disko gogor birtualak ditugu ugari han eta hemen. Ale pare bat botatzearren: box.net, xdrive, fabrik... Askoz gehiago daude, eta guztiek ematen dute aukera fitxategiak konpartitzeko. Beraz, ez dut uste, zabaldu nahi izanez gero, geure testuak (materialak, ideiak...) zabaltzeko oztopo handirik dagoenik.

Media fitxategiak. Audio eta bideo fitxategiekin egiten dugu lan gero eta sarriago. Kasu honetan, beharbada, arazo larriena ez da izaten sarean nola konpartitu, disko gogor birtualek honetarako aukera ere ematen digute adibidez, edo P2P sareek ere bai, zer esanik ez podcast-ak egiteko zerbitzuak. Hori fitxategiok dagoeneko nonbait gordeta ez daudenean (Ikasbilen adibidez).

Hala ere, kontuan hartuta, gaur egun oraindino teknologiaren bidezko ikas-ereduak (autoikaskuntzaren ingurukoak adibidez) ez direla ohikoena izaten, arazoa eskola presentzialean erabiltzeko orduan etortzen da. Audio fitxategiekin egia esanda, ez da arazo handirik izaten, mp3 formatua zabaldu denetik sarritan kopiatu baino ez da egin behar izaten. Bideoa izaten da konplexuagoa. Youtube-ren moduko guneetatik bideoak jaistea, oraindik orain, ez da samurra izaten, eta klaseratzea gatxagoa, kalitate minimo batekin behintzat. Konponbide posibleak:

  • Ordenagailu eramangarriak erabiltzea. Edukiz gero errazena, baina badakit hau oraindik ez dagoela guztion eskura. Gainera, ordenagailu eramangarrien pantailak ez dira izaten hamabost lagunek batera ikustekoak. Eta bideo-proiektorea ez dago oraindik euskaltegi guztien horniduran sartuta.
  • DVDak erabiltzea. Edizio lana egin behar da, eta, denboran baino ez bada ere, luze jotzen du eta, gainera, abilidade tekniko apur bat behar izaten da. Egin ahal da, baina konplexu samarra suertatu daiteke.

Ez zait soluzio errazagorik bururatzen bideoak zabaltzeko. Ez da arazo samurra, baina, egia esanda, beharbada, hain larria ere ez da, jakinda, adibidez, dagoeneko badabiltzala bideo bildumak euskaltegietan (Ikasbilena kasu). Beharbada bideoak ikusteko modua aldatuta ere aukera berriak zabaldu daitezke, hau da, taldekide guztiek ikusi behar dute bideoa elkarrekin eta aldi berean derrigor? Ez dakit ba, beste aukerarik?

Laburbilduz, irakasleok konpartitzeko uste dut baditugula aukerak eta tresnak sarean. Akaso arazo handiena gure ideiei eta jarduerei forma emateko eta zabaltzeko lana hartzearena izan daiteke. Motibazio hori emateko seguruenik, sareak (irakaslearena, ez sare informatikoak) zerbait aportatu behar dio norberari: tresnak, baliabideak, egin duena hobetzeko ideiak, talde-sentimendua, edo, besterik gabe, bere lanagatiko eskerrak.

Ideiak

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 28 - 12:53-(e)an bidalia.

Maite IKTeroak Espiral sarien bueltako kronikan:

* Ikasleek txikitatik hasi eta ikasle ibilbide osoan blog bat mantentzea. Imajinatu zein aberasgarria litzatekeen ikasle bakoitzaren garapena ikusteko! Buelta gehiago eman beharko zaio ideia honi baina niri asko gustatu zitzaidan.

* Gure ikasleei euren eskura dauden baliabide guztiak modu arduratsuan erabiltzen erakustea (ikasleek ikastetxea uzten dutenean, jakin dezatela zein tresna erabil dezaketen jakintza kolektiboki eta arduraz eraikitzeko).

* Blogaren erabilera alfabetizazio digitala lortzeko (blogaren bitartez, beste eduki eta gai batzuk lantzen ari garen bitartean, zeharka gure ikasleen alfabetizazio digitala lor dezakegu).

* Ikasle zein irakasleei erantzukizun morala eskatu eta edukien lizentziari buruz kontzientziatu (saretik zerbait jasotzen duzunean, sortzailearen aipamen egokia egin beharra eta jasotakoaren truke zuk ere zerbait ematea…)

* Second life esperientziari etekina ateratzea ikasleengana hurbiltzeko.

 

Ideia asko eta probetxugarriak geurera ekarriz gero, ezta? (letra lodiak nireak dira)

ideiei lehenengo buelta

Benito-(e)k 2007, Ekaina 30 - 01:40-(e)an bidalia.

Letra beltzean ipini dituzunei erreparatuta, burura datozkidan batzuk:

  • Ibilbide osoko bloga mantentzea aspaldion erabili den beste kontzeptu batekin erlazionatu dut: portfolio elektronikoa. Ideia interesgarria da, baina ondo garatu beharrekoa. Konektibismoaren ikurretako bat da nonbait. Galdera pare bat okurritzen zaizkit. Gure ikasleek une honetan prozesua ezagutzeko eta ebaluatzeko portofolio digitala egiteko ahaleginari ekiteko besteko interes-gogorik ote daukate? Geu ere prest gaude horrek eskatzen digun ahaleginari ekiteko?
  • Bloga ekintzak-proiektuak garatzeko tresna, alfabetizazio digitala. Guk AEKn aspaldi erabili genuen kulturgintzaren kontzeptuaren oinarrian zeuden kontu bi etorri zaizkit gogora: alfabetizazioa bera (Paulo Freireren ideiekin oso lotua), eta kultur produkzioa, hau da, norberak komunitatean eragiteko gauzak plazaratzea eta publikatzea. Blogak eta IKTek ate asko ireki dituzte horretarako, publikazioa ez da duela hogeita urte bezain konplexua, baina, aldi berean, orduko arazo batzuk ere hor daude: ikaslea publikatzeko motibatzea, horretarako hizkuntza lantzea, gai-kontestu-zer eginak horretarako topatzea. Kulturgintzaren kontzeptuari berriro nonbait heltzea komeni litekeela esan nuen Bat-eko artikuluan, nola heldu da kontua.
  • Edukiak eta eskubideak. Hor dago giltzarrietako bat nire ustez. Bi kontu. Alde batetik askok pentsatzen dute ikasmaterialak paperean publikatu, saldu eta dirua egiteko modua dela, gurea bezalako kontestu batean utopiatik urrun ez dagoena, eta beste batzuek eurek egiten dutena ez duela publikatzea merezi ere egiten, horretarako aditu, teknikari, materialgile profesionala-edo izan behar dela.  Software librea eraldatzen hasi den ikuspegia gurera ere zabaldu beharra dago, azken baten, lehengo eguneko "tertulian" horixe izan zen ideia nagusietako bat. Guztiok ari gara egunero galdera berari erantzun guran, komunikazio eta kolaborazio barik, gauzak zabalduz gero, ez litzateke errazago izango?
  • Second Life-ekin Twitter-en antzera gertatzen zait, hor dabil, gero eta handiagoa da kontua, eta kostatzen da aplikaziorik ikustea, baina egon, egon egin behar dira hainbeste erabiltzen badira.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia