04
Uzt
2007

Irakasleak: ikerketa

Congreso Virtual ELEren markoan planteatu ziren ponentzia eta lanen berri eman genuen duela hilabete inguru. Haien artean gaztelania irakasleen egoera soziolaboralaren gaineko ikerketa bat.

Inkesta itxi egin da, eta lanaren ondorioak plazaratzeko eta lantzeko bloga zabaldu dute egileek: Situación ELE.

Emaitzei eta ondorioei egin diet kuku. Ez dira behin betikoak eta ez dakit ikerketak zer fidagarritasun daukan. Hala ere, helduen euskara irakasleen egoerarekin konparatzeko tentazioa etorri da segituan.

Antton Iñurritegik Bat aldizkarian eman zituen datu batzuk eduki ditut eskura, hemen ere kontsultatu daitezke batzuk. Ez dute kointziditzen, baina tira.

2005-06 ikasturterako datu hauek eman zituen adibidez:

Irakasleak: 1.523

Batez besteko adina: 38

Adin-taldeak

  • <30: 25,48%
  • 31-35: 17,27%
  • 36-40: 25,48%
  • 41-45: 19,04%
  • 46-50: 8,67%
  • >51: 4,86%

Ikasketak

  • Litzentziadunak: 57.61 %
  • Maisutzadunak: 18.19%
  • beste diplomatuak: 13.62%
  • gaituak: 10.58%
  • Bestelakorik: 0%

Esperientzia:

  • Aurrez emandako ikasturteak (batez beste): 10,27
  • Aurrez emandako eskola-orduak (batez beste): 7.033

Gaztelania irakasleak baino zaharragoak garela dirudi, erdiak baino gehiago 35 urteko mugatik gora gabiltza. Inkestan berriz hortik behera dabiltza gehienak. Iñurrategik oraindik gazteak garela dio, piropotzat hartuko dugu.Wink

Formazioa, edo hobeto esanda, ikasketak da konparatu daitekeen hurrengo eta azkenengo puntua. ELE irakasleak filologoak direla diote, gurean litzentziadunak erdia baino apur bat gehiago, filologo asko ibiliko dira gurean ere, ez dakit proportzioa baina.

Bestelakoetan ez daukagu konparatzeko daturik. Interesantea iruditu zait motibazioaren galdera, ELE irakasle horien erdiak bokazioz aukeratu dutela aitortu dute. Gurean helduen euskara irakaslea izateko bokazioa hainbesterainokoa izan daiteke? Zenbatek daukate bokazioa HEAn jarrita?

ELE irakasle horien artean %80k egoera laborala kezkagarria edo oso kezkagarria dela diote. Soldata baxuak dabiltza mundu horretan, 1.000 eurotik behera asko. Gurean alde nabarmenak egon daitezke administrazio langilearen estatusa daukatenen eta bestelakoen artean. Baina oro har ez dut uste hortik oso urrun gabiltzanik.

Inestabilitate handia aipatzen dute, gurean euskaltegi homologatuetan gerta daitekeen kasua izan daiteke, baina Udal Euskaltegietan ere zenbat jende dabil behin-behineko lanpostuetan?

Ondorioetan hiru arazo nagusi nabarmendu dituzte:

  1. Soldata duinaren beharra.
  2. Egonkortasun falta.
  3. Sektorearen erregulazio falta.

Irakasleak gero eta prestatuago eta interesatuago dabiltzala diote, baina lan-baldintzak ez ei daude horren neurrian. Gaztetasuna gainera ezegonkortasunaren seinaletzat hartzen dute, adinarekin hartu behar diren erantzunkizun ekonomikoei eusteko oztopoen ondoriotzat hain zuzen ere.

Egitekoen artean elkargo profesionala eta konbenioa sortzea proposatu dute.

Antzekotasunak bai, baina aldeak ere badaudela begitandu zait. Horrek ez du esan nahi HEAko irakasleen egoera soziolaborala ideala denik inondik ere. Egonkortasuna gurean apur bat handiagoa izan daiteke, baina irakaslearen lanaren erregularizaziorako hemen ere zerbaiten faltan gaudela uste dut, alderdi sozial, laboral eta profesionaletik.

Zer diozue zuek?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia