11
Api
2007

Klase-cross

ELEren munduan (Enseñanza de/Español como Lengua Extranjera) aspaldian komentatu dut blogosfera interesgarria dabilela. Gaur El blog de mr1b3l izenekoan klasea tabernan ematen duen irakaslearen mezu hau irakurri dut: Extraños lugares donde impartir clase... Un bar. Komentarioetan ere halako esperientziaren baten berri eman da.

Tabernako bazter batean, ikasleak joan eta etorri, asistentzia desberdina, berbaroa, halamoduzko arbela eta mahaia,... Pentsatzen hasita, ez zaizkit hain bitxiak egiten haietariko kontu batzuk, norbera ere halako klase-crossa eginda:

  • Eskola aurreko ikasgela batean, aulki eta mahai liliputiarrekin.
  • Lantegi bateko erretzaileen gelan, smoking room horietako batean.
  • Txoko (gastronomiko) batean.
  • Museoa izan zitekeen bulego batean (laupabost koadro orijinal horman, eta ez edonorenak)
  • Kalean bertan, erreibindikazioa edo, beste barik, eguraldia medio. Halakoetan igartzen da bereziki ingurunearen eragina: hurreratzen den kuriosoa/kaparra, arreta galtzeko motiboen eraso etengabea, ...eta, jakina, ondotik pasatzen direnen begiraden aurreko lotsa.

Ez ditut barnetegietakoak edo klasetik kanpoko "ekintzetakoak" zerrendatuko. Horrek soka luzeagoa ekarriko luke. Galdera bi plazaratu nahi nituzke beste barik:

  • Eskola emateko ingurune perfektua behar da ezinbestean, ala ingurune horretara egokitzeko abilidadea eduki behar dugu? Hau da, eskola bere kontestu fisiko idealetik kanpo bideraezina da? Ala etekina atera dakioke?
  • Zeuek ere edukiko duzue halako esperientziaren bat, ezta? Konta ezazue mesedez, seguru gurean ere zer kontatu asko daukagula, elkarrekin barre apur bat egitearren sikieran. Animoa!

Eguneraketa:

Aipatu dugun mezuaren iruzkinen artean ikasteko era berria eskaintzen duen enpresaren berri eman du batek: Languages out there dauka izena, eta halako zerbait proposatzen du:

Saio bakoitzean gramatika eta hiztegi nozio batzuk ikasi eta gelan praktikatzen dituzu. Ondoren hirira joango zara irakaslearekin ikasi duzun hori benetako bizimoduan eta benetako egoeretan erabiltzera.

 Ez dakit zergatik, baina guretik ikusita ez nuke esango hain berritzailea denik, ezta?

klaseak emateko lekuak

ana (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Apirila 11 - 09:02-(e)an bidalia.

Nik ere taberna batean eman ditut. Normalean erabiltzen genuen gelak ez zuen berogailurik eta neguan,hotz handiarekin batera herriko tabernan ematen genituen klase batzuk. Arazorik ez, gustura eta emankorra "espontaneoak" gurekin eseritzen baitziren eta ikasle berriren bat lortu genuen. Horretaz aparte eskualdeko Osasun Etxean ere eman ditut, liburutegi batean eta jendea agertzen zenean denak irakurtzera eta bakarrik gelditzen ginenean klasearekin jarraitu (hau izan zen gure gela konpontzen zuten bitartean), nire etxean, ikasle baten etxean, eskolan, eta duela urte asko sakristia batean.A! eta jatetxe baten sukaldean. Leku aldaketa egun pare baterako izan denean kontuan izan dut, beti lekua klaseak prestatzeko ordua: dagoena erabiltzeko,leku bakoitzean eman daitezkeen egoerak aprobetxatzeko...ikasleek beti eskertu egin dituzte holako aldaketak, errutinatik ateratzea da alde batetik eta bestetik, askotan, egoera errealak ezagutzeko aukera ezin hobea.
Eta ahaztu gabe udaberrian herriko plazan emandakoak: asistentzia ezin hobea, puntualitate hobea, arreta...
Niretzat Osasun etxekoa izan zen zailena, taldean eskualdeko erizain eta mediku gehienak baitziren eta urgentziekin batera, askotan ikasle gehienak desagertzen ziren, dei guztiak ere atenditu behar zituzten eta klasea sarritan mozten zen,jendea atean jotzen zuenean...eta bizi izandako herrikoen etxeko istripuak, edo kotxekoak...haurrak negarrez, gurasoak kezkaturik, enfin...ikasturte oso bat "con el alma en vilo"

Beste leku batzuk .........

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Apirila 11 - 10:52-(e)an bidalia.

Nik ez dut horietan klaserik eman, baina badakit eman eman direla: Bakioko turismo bulegoan, Larrabetzuko gaztetxean (hotza, hezetasuna, jendearen sartu-irtenak, pankartak egiten besteak klasean zeuden bitartean, ...), Mungiko enpresa baten zuzendariaren bulegoan, ...

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia