09
Aza
2007

Leire Narbaiza: Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak


Leire Narbaiza eibartarra euskal blogosferan aspaldian enpadronatu zen biztanlea dugu. Eibar.org komunitatean Kalamuatik Txargainera blogetik jarduten du honetaz eta hartaz. Blogaria ez ezik euskaltegiko irakaslea ere bada Leire, eta blogean gaur hausnarketa landua eta sentitua plazaratu du euskaltegiko irakasleon bizimodua eta sentipenez.

Plisti-plastak eman digu lehen Leireren artikuluaren berri. Gero Leirek berak jakinarazi digu, buelta asko eman dizkio buruari eta ahalik eta lankide gehienekin konpartitu nahi lukeela esan digu.

Irakurtzea eta komentatzea merezi duelakoan hemen dauzkazue pasarte batzuk:

Prestigioa: gai honen gainean asko hitz egin dut lankideokin Karrajua-n ere agertu da honen inguruko artikuluren bat Vaya semanita-n ere txisterik egin dute. Baina guk hori igarri, kalean igartzen dugu ezagunek askotan galdetzen digutenean: Oraindik zabiltza euskaltegian? Gure lana gaztaroan egiten den lanbidea balitz bezala, astialdiko begiraleak bagina moduan. Ia berrogei urte eta euskaltegian lanean? Arraroa.

Nire kontratuan “irakasle” dio, baita “erdi mailako teknikaria” baina nire soldata ez da teknikariarena, eta delegazioko zerrendetan gure esperientziak ez dauka punturik, euren aurrean gu ez gara eta irakasleak. Nire ia hamazortzi urteek 0 (zero) puntu daukate.

Soldatarekin jarraituta, ez naiz kexatuko; jakinda Aek-ko lankideak gure erdia inguru kobratzen dutela lan gehiago eginda. Horrek ere Udal Euskaltegietako irakasleok isildu gaitu askotan, eurekin inork ez zezan agrabio konparatiborik egin. Baina aipatu dudan moduan, ez bagara irakasle hezkuntza sailaren aurrean, zer edo zer izan beharko gara.

Pena hauek guztiauek bota arren, nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan. Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken baten, floreroa baino ez da. Polit egiten du programa eta paperean. Baina eguneroko jardunean, enbarazuan dago. Hori, kontatu dudan honetan garbi asko ikusten da. Guk egunero ikusten dugu

Leirek zer esanak eduki ditu eta ahalegina egin du plazaratzeko, aukera ona izan daiteke denok inoiz esan nahi baina gorde ditugunak botatzeko.

Bere blogean daukazue artikulua osorik eta berak nahi lukeen modura gure lanbide/bizimoduaz jarduteko aukera.

Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

Oharra: Karrajuan artikulu honi buruzko iruzkinak itxi egin ditut, Leireren blogera bideratzeko.