internet

07
Mar
2008

Bozka(rioa)

Badakizue Karrajuan teknoendredo zaleak garela eta aspaldian dauzkagula hortik spin off batzuk. Azkenotan adibidez Atoan-en sukaldean nabil gehiago karraju nagusian baino. Baina bada bat aspaldiko ideia dena, eta apurka-apurka garatzen joan dena klaserako.karrajua.org gunean amaitu arte.

Ez da hemengo izarra, eta beti mantentzen du ikutu esperimentala. Baina inbento guztien artean interes berezia piztu dit beti: irakasleren lanerako baliabideen agregatzailea. Badakizue, web2.0 total estilora.

Horregatik hain zuzen, kontzeptu "modernoegia" delako akaso, beti pentsatu dut ez duela arrakasta handirik izango oraindik orain, eta inorentzako ideia edo eredua izatearekin konformatzen naiz. Izan ere, bisitak gutxi ditu, eta iruzkinik bat ere ez. Hori dela eta, lasaitasun handiagoarekin egiten ditut han esperimentu teknikoak.

Esperimentu horietako bat jasotzen diren materialak baloratzeko bozketa sistema sinplea ezartzea izan zen. Eman puntu positiboa edo negatiboa, gora edo behera. Erabiltzaile anonimoei ere aukera emanda, beldur barik!

Eta hara sorpresa! Bisitari gutxi, iruzkinik ez, baina sistematikoki bozkatzen duen jendea dago. Ez dakit nortzuk diren, anonimoak denak. Bozketa sistemak D'Hondt-en legea baino fidagarritasun gutxiago ;-), eta jendeak bozkatu. Egun batzuetan, matematika lagun, ia handik pasatu diren guztiek eman dutela botoa kalkulatzen dut.

Iñaki Muruaren mezu hau gogoratu dut. Lurker-ak lurker ez izateko bide sinplea: gezi baten gainean klik egiteko modua eman. Blogariok negar egiten dugu (bakarka noski) iruzkinik ez daukagunean, baina beste aldean bada bizitzarik, bai.

Hori bai, materialak egiten dituzuenok ez desanimatu hango emaitzak txarrak badira (onak direnean txapaina atera ere ez), hura ez da sufragio unibertsala eta.

11
Ots
2008

Lan-eskaintza AEKn

AEK-k lan-eskaintza zabaldu du bere webgune berrituan. Irakasleen, mintza-praktika dinamizatzaileen eta hizkuntz-teknikarien lan-poltsak osatu nahi dira.

Hau da eskaintza:

:: GUREKIN LAN EGIN NAHI DUZU? ::

LANPOSTU NAGUSIAK

  • Irakasle.
  • Dinamizatzaile mintza praktika egitasmoetan (berbalagun, mintzakide,...).
  • Teknikari normalkuntza planen diseinuan (AHIZE).

ZER ESKATZEN DUGU?

  • Euskaltzaletasuna.
  • Lanerako gogoa.
  • Erdi mailako titulazioa.
  • EGA edo baliokidea.
  • Arloaren araberako oinarrizko formazioa edota formazio hori jasotzeko gogoa eta disponibilitatea.

ZER ESKAINTZEN DUGU?

  • Lanaren arabera, jardun osoz edo partzialez aritzeko aukera.
  • Norberaren disponibilitatearen araberako lan ordutegiak.
  • Lan giro atsegina.
  • Euskal Herri osoan ari den erakunde baten partaide izatea.
  • Beharren araberako punta-puntako barne formazio ekimenetan parte hartzeko aukera.
  • Egun osoko jardunaren kasuan, 20.000 €-tik gorako urteko soldata gordina.

Pertsonal-falta aipatzen da azkenotan HEAren sektorean. Aho txikiarekin akaso, ez da erraz aitortzen den kontua eta. AEK-koek publikoan eskatzea erabaki dute. Baliagarria izango al da!

04
Ots
2008

EuskalIRC

EuskalIRC | 2008, Otsaila 4 - 14:10

Euskal Herriko komunikazio sare berria aurkeztea gustatuko litzaiguke,non posible duzun zure auzo propioa sortzea.

EuskalIRCren berrirekitzea dela eta, honetaz arduratzen den taldeak ilusio guztiz sortu dugun proiektu honetan parte hartzera gonbidatzen zaitu.

Gure helburuen artean erabiltzaileei IRC eta web bidez erabil ditzaketen txat pertsonalizatuak eskaintzea da. Honetaz gain, zerbitzu gehigarri gisa erabiltzaileei http://erabiltzailea.euskalirc.com motako berbideraketak eskaintzen dizkiegu, edo honekin batera, irrati librearen erabilera hauek nahi dutena zabaltzeko. Irrati hau edozein momentutan, edozein pertsonak entzuteko prestatuta dago.

Jakina denez, zuen laguntza ezinbestekoa egiten zaigu sare indartsuago bat sortzeko, horregatik web gunea eta txatera sartzera gonbidatzen zaitugu. Solasgunera sartzeko, web bidez edo zuzenean egin dezakezue, erabiltzaile gehienek erabiltzen duten bezala IRC bezero bat erabiliz eta zerbitzariaren
helbide gisa irc.euskalirc.com jarriaz.

Honetaz gain, zuen zalantza eta iradokizun guztiak gustura jasoko ditugu. Horretarako, orokorra@euskalirc.com bidez gurekin harremanetan jartzea besterik ez duzue, aurretik aipatu bezala, zuen laguntza ezinbestekoa baita. Horrela, zuen arazo teknikoei #laguntza auzoan irtenbidea emango diegu.

Gogorarazi nahi dizuegu zerbitzu hauek ez dutela kosturik erabiltzailearentzat, hortaz zuen gustokoa izango delakoan agurtzen gara. Begirunez: EuskalIRC taldea

27
Urt
2008

Atoan, spin off-ak eta teknoendredoak

Atzo topatu nuen kalean Karrajuaren irakurle bat, eta blogean erritmoa jaitsi dudala esan zidan. Egia da, publikatu barik tripetan teknoendredatzen ibili naiz, eta, gainera, Karrajuan azkenotan luxuzko kolaboratzaileak ibili zaikigula, haien ekarpenekin Karrajua ondo baino hobeto beteta egon dela begitandu zait (mila esker Plisti, Otto, Etxepel eta Arkaitzi berriro, neure partez, eta seguruenik beste irakurle guztien partez ere bai).

Esan bezala, teknoendredoetan ibili naiz gehien bat, duela egun batzuk iragarri nuen Atoan tumblelog-en inguruan hain zuzen ere. Hona hemen emaitza: Atoan.karrajua.org.

Tumblr zerbitzuan ibili naiz asteotan oharrak, linkak, bideoak eta abarrak batzen, eta gustatu egin zait. Esan nuen era berean, bi akats aurkitu ditudala zerbitzu horretan, iruzkinak ez onartzea eta indibiduala izatea, hau da, erabiltzaile bakar batentzako izatea. Tumblr-en funtzionamenduari erreparatuta konturatu naiz ez dela teknikoki lar zaila halako bat egitea, eta Karrajuaren zerbitzaria erabilita halako tumblelog kolektibo komentatua prestatu dut, izen berekoa: Atoan. Eta Karrajuaren azpidomeintu batean ipini: atoan.karrajua.org.

Hemendik aurrera beraz, Tumblr-en egin dudana Atoan.karrajua.org-en egingo dut. Hau da, estekak, aipamenak, bideoak, ideia laburrak, oharrak eta abar labur batu eta erakutsi. Zertarako?

  • Karrajuan txikia izanda kabitzen ez dena (hau paradoxa!) zabaltzeko.
  • Norberak topatzen duena konpartitzeko.
  • Zuekin komentatu ahal izateko.
  • Karrajua.org-en garatzekoen zerrenda modura.
  • Zuetako norbaiti beste nonbait garatzeko aukera emateko.

Zer dago han? Mezu laburrak (luzera mugatuta daukate), mota hauetakoak:

  • Estekak. Sarean aurkitu dudan zerbait interesgarria apuntatu, eta iruzkin txikitxoa gehitu. Adibidea.
  • Aipamenak. Norbaitek esandako zerbait jaso eta aipamen modura erakutsi. Iturriarekin jakina. Adibidea.
  • Mezu laburrak. Buruan darabiltzazun ideiatxoa, galdera, okurrentzia ta! txinpartaren modura bota. Adibidea.
  • Bideoak. Sarean "enbotatzeko" kodea ematen duten bideo interesgarria ikusi eta horixe, "enbotatu" (Haritz Euskaltzaindiara! Wink) eta erakutsi. Adibidea.

Oraingoz lau eduki mota hauekin ondo ibili daitekeela uste dut. Gauza gehiago probatu daitezke (irudiak, audio fitxategiak, galderak...), baina oraingoz hauekin nahikoa daukagu nire ustez.

Bestalde, esan dudan bezala, Atoan hori antolatzearen arrazoietako bat batek baino gehiagok publikatu ahal izatea ere bada. Beraz, zuetako inork Euskalduntze-Alfabetatzearen ingurumari zabal guztiaren gaineko ohar laburrak zabaldu nahi baditu, probara batzeko arazorik ez dago batere. Nirekin jarri harremanetan eta azalduko dizuet.

Hori bai, Atoan hau funtzionala egon daiteke, baina oraindik seguruenik diseinua zein funtzionamenduaren aldetik findu beharreko asko edukiko ditu. Eta hain zuzen ere, jende gehiagok erabilita konpondu, hobetu eta gehitu beharrekoak lehenago ikusiko dira. Beraz, erabili nahi duenak testatzaile papera onartu beharko du neurritxo batean (erronka polita, ezta?).

Honek ez du esan nahi Karrajua.org alde batera utziko dudanik, ez horixe! Hain zuzen ere Atoan hori Karrajuaren osagarria baino ez da. Karrajurako egosten direnak erakusteko lekua esate baterako (karrajua eta sukaldea, gustatu zait irudia). Karrajuaren spin off-en zerrendara batzeko beste bat azken batean:

  • Klaserako.karrajua.org. Sarean zabaltzen diren ikasmaterialak eta klaserako ideien jarraipena egiteko agregatzailea. Azken asteotan hau ere ibili naiz apur bat egokitzen. (Ikasbilen jarioekin eduki dudan borrokak blog bat betetzeko beste emango duela uste dut)
  • Karrajua.kom. Taldeak eta sare-sozial antzerako zerbait egiteko proba teknikoa. Ez du bide luzerik egin, baina ideia tekniko batzuk behintzat eman dizkit beste aplikazio batzuetarako.
  • Ple.karrejua.org. Elgg software-aren proba. Egun batean daukat honen inguruan esperimentu bat proposatzeko asmoa. Esango dizuet. Momentuz beta fasean ere ez, alfa2 (alfalfa) fasean dago.
  • Wikia. Hau ez dago zerbitzarian, baina tontamentean gauzatxo batzuk batu dira Wikiespaces-eko espazio horretan.

Tira ba, honaino deskargua. Esango didazua Atoan-ena zer iruditu zaizuen.

17
Urt
2008

Atoan

Karrajuan sartu nahi nukeen guztia  ez da beti kabitzen. Paradoxa da, baina kontu laburrenak dira arazo gehien ematen dutenak: aipuak, interneten ikusitako zerbait, bideoren bat...  Askotan iruzkintxo bat ere egiteko modurik aurkitu ez eta aipamen hutsarekin Karrajuko mezu kopurua gehiegi puztuko ote den beldurrez han geratzen dira.

Mezu laburrak maiztasun handiarekin publikatzea da nonbait. Microblogging deitu izan dena. Neureak botatzeko alternatibaren bila Twitter, Jaiku eta "what are you doing?" estilokoei erreparatu diet lehenago. Laburregiak baina, arinegiak. Sare modura funtzionatzeko ondo, baina publikazio irekirako ez naute konbentzitzen. Ezta Facebook bezalako sare sozial itxiek ere.

Tumblelog kontzeptua gogoratu dut gero. Blog moduko bat, baina arina, eduki mota asko batu ahal dituena: estekak, media fitxategiak, aipamenak... Ekilikua! Horrelako zerbait behar dut ba! Eta eduki ere eduki dugu aspaldian. Tumblr zerbitzuan hain zuzen ere. Zergatik ez hori erabili ba? Hara! 

Atoan izena ipini diot, hau da, okurritu edo ikusi eta atoan apuntatzen dira horrelakoak. Eduki mota desberdinak formato desberdinean erakusteko modua ematen du: estekak, bideoak, aipamenak, elkarrizketak, entzungaiak, jarioak... Itxura dotore eta erakargarriarekin gainera. Adibide modura, Joxe Aranzabalen Farozaina daukazue.

Hemen daukazue beraz:


Esteka jarri dut Karrajua.org-eko goiko menuan bestela.

Behin-behineko kontua da dena dela. Tumblr-en gauza pare bat falta direla uste dut. Iruzkinak egin ahal izatea eta erabiltzaile bat baino gehiagok editatzea. Alternatiba pare bat dauzkat eta saiatuko naiz jorratzen.

  • Gelato softwarea. Zeure zerbitzarian Tumblr-en moduko tumblelog bat egiteko modua ematen dizu, baina iruzkinekin eta erabiltzaile bat baino gehiagok editatuta. Dena dela, oraindik garapen fasean dago eta funtzionalitate batzuk nahikoa mugatuta daude. Oso interesgarria da egiten ari diren lana dena dela.
  • Norberak eraiki halako gune bat. Drupal edo Wordpressekin adibidez ez da zaila. Hain zuzen ere Drupalekin egin ditut proba batzuk. Hau izango da alternatiba seguruenik.
18
Abe
2007

IKAren webgune berria

IKAk egindako bideo batzuk lokalizatu genituen sarean hilabete pare bat. Norako ziren eta misterioa argitu egin da. IKAk www.ikanet.net helbidean webgune berria atondu eta, beste hainbat edukirekin batera, berton jarri dizkigu ikusgai.

Lehengo helbidean (www.ikastari.net) betiko webgunea daukate oraindik hala ere.

Albistegi edo blog itxura eman diote webgune berriari. Fondo zuriaren gainean txukun eta argi azaltzen dituzte IKAren zerbitzuak, kokapenak eta informazioa. Albistegia ere jarri dute. Agregatzailearentzako alpiste apur bat falta zaio akaso.


IKAnet.net

19
Aza
2007

Euskaltegien webguneak

Lehengoan deskubritu nuen Webslides jostailuarekin euskaltegien webguneen aurkezpena egitea pentsatu dut. Erraza, Diigon lastermarken zerrenda egin eta automatikoki sortu du aurkezpena, hemen daukazue: Euskaltegien webguneak. (bide batez, baten bat falta bada esan, mesedez.)

Aurkezpenari begira geratu naiz. Zer daukagun ikusten. Hain zuzen ere, ikasturtearen hasieran euskaltegien webguneek interneten zer pisu daukaten jardun genuen, ez webguneei eurei buruz hala ere.

Alde handiak daude batetik bestera: estetika, antolaketa, edukiak, zerbitzuak, informazioa, lantze-maila, eguneratzea, irisgarritasuna, funtzionamendua... Oro har hala ere, denak ikusita inpresio gazi-geza hartu dut.

Gaur egun webgunea edukitzeak berez ez du ezer adierazten, ez bada interneten egon behar dela munduan bazarela adierazteko akaso. Funtzio desberdinak bete ahal ditu webguneak: nor-zer-non zaren esan, marketing eta publizitaterako tresna, zerbitzuak emateko bide, baliabide-iturri, komunikazio-gune, albistegi...

Hori guztia nahi izaten da sarritan, eta horrek mantenu eta eguneratze-lana eskatzen du. Inpresioa daukat gurean internet oraindik urrun ikusten dela eta, salbuespenak salbuespen, ez dela egiten webguneak antolatzeko eta eguneratzeko ahalegin berezirik. Eta gauzak aldatzen ari dira.

Ez naiz jarri diseinu hutsuneak detektatzen. Baten batek (auto)ebaluazioa egin nahi badu hor dauzka webguneen ohiko 43 akatsen zerrenda hau (ingelesez, hemen gaztelaniaz) edo Jakob Nielsen guruaren aholkuak.

Ez da diseinu kontua soilik hala ere, beharbada lehenengo galderak honakoak izan daitezke: Zertarako nahi dugu webgunea? Zertarako behar dezake jendeak? Zer irudi-mezu-eduki zabaldu nahi ditugu sarean? eta... Hori da gaur egun zabaltzen duguna?

Hemen daukazue aurkezpena. Zuei zer iruditzen zaizkizue?

Euskaltegien webguneak

16
Urr
2007

mintzapraktika.org

Mintzapraktika.org atari berria aurkeztu dute gaur Bilbon Topaguneak eta AEK-k. Mintzapraktika proiektuen erreferentzia-ataria izan nahi du Mintzapraktika-org honek.

Kukutxua eginda hauek aurkitu ditugu:

Jarraipena egin beharko zaio MP ume jaio berriari.

Eguneraketa:

Topagunearen webgunean eta Sustatun informazio gehiago zabaldu da gaur arratsaldean. 

Sindikatu edukia